Azalpenak

Azalpenak

AzalpenakHarategira sartu eta berehala ikusi dut kartela, espainolez: “Hay orejas y manos en salmuera”; badira, alegia, belarriak eta eskuak –momentuz itzulpen literala eginen dugu– gatzunetan. Kartelaren azpian eta inguruan ikusten ahal dira dudarik gabe zerri batzuenak diren hainbat belarri eta hanka, eta, horrela, testuingurua lagun –harategi batean gaude– eta mutil bizkorra naizelako ulertu dut salgai dutena zerri belarriak eta zerri hankak direla, gatzunetan biak ala biak; baina zinema mota jakin baten zale ere banaizelako pentsatu dut –une labur-labur batez izan bada ere– harakinaren broma makabro bat ere izaten ahalko litzatekeela. Hau da, pentsatu dut –bi segundoz; ez, segundo eta erdiz baizik izan ez bada ere– akaso gure harakinak bertzelako belarriak eta eskuak izaten ahalko lituzkeela dendaren barne aldeko izozkailu sekreturen batean altxatuak, testuinguruari eta kartelaren inguruan dauden zerri belarriei eta zerri hankei muzin eginez, kartela zuzen –hots, haren egiazko erranahian– ulertuko luketen bezero kanibalendako esperoan. Eta gero pentsatu dut –denbora luzexeagoa eman dut hondar pentsamendu horretan, bezero bat bunker atomiko bat betetzeko adina haragi ari baitzen erosten– ez ote litzatekeen komeniko kartel haren egileak zehaztea zerrikiaz ari zela –hay orejas y manos de cerdo en salmuera–; baina fitekara nire pentsamendu horri buelta eman eta nire buruari galdegin diot zerk uzten nauen lasaiago, zerk ematen didan konfiantza handiagoa, belarriak eta hankak paratzea aski dela uste duen harakin batek –hau da, belarri eta hanka horiek zerri batenak direla baizik ezin imajinatu duen harakin batek–, edo belarri eta hanka horiek zerri batenak direla zehaztera eta azpimarratzera behartua sentitzen den harakin batek –hau da, beharbada bertzelako belarri eta hankak gatzunetan paratzen ahal direla pentsatzeko adinako irudimena duen harakin batek–.

Azalpenek egoera zalantzagarriak argitu beharko lituzkete, betiere beharrezkoak direnean ematen badira. Behin, telebistako saio batean, kontzertu bat jo ondotik musikari guziak –denak gizonak– oholtzara atera ziren txaloak jasotzera; irudiak aski ez, eta telebistako esatariak egoera deskribatu zigun: “Orain, musikariak agertokira atera dira berriz, tresna eskuan daramatela”, eta berehala gaineratu zuen: “tresna musikala, jakina” –ez dakigu zer bertze tresna eramaten ahal zuten eskuan–.

Azalpenek, bertzalde, ez lituzkete gauzak are gehiago korapilatu behar. Egun hauetan, adibidez, Espainian, horixe egin du Felix de Azua akademikoak Ada Colau Bartzelonako alkatearen gaineko bere adierazpen klasista eta matxistekin: elkarrizketa batean ahoa irekitzen duen aldioro, haren azalpenek gauzak okertu bertzerik ez dute egiten. Euskal Herrian ere izan ditugu azalpen bitxiak, bertze maila batean bada ere: duela urte batzuk, kazetari euskaldun batek goi mailako politikari euskaldun bati elkarrizketa luzea egin zion, erdaraz, gero liburu gisa publikatu zena. Hizkuntza hautu horrek kalapita sortu zuen, eta egunkari ezagun bateko zuzendariak erran zuen, justifikazio gisa, politikari hark erdaraz duen zehaztasuna falta duela euskaraz. Erraten ahal zuen espainolez egin zutela, publiko zabalago batengana ailegatzeko asmoz, lehenik erdaraz publikatu nahi zutelako; erraten ahal zuen politikari erdaldunek liburu hura irakurtzea helburu ezibertzekotzat jotzen zutela; baina erran zuen politikari euskaldun hark ez zuela behar adinako mailarik nahi zituen kontzeptu guziak behar bezain fin euskaraz adierazteko.

Maiz, testu kritikoetan, jendeari buruz gauza politik erraten ez dugularik, uzten ditugu –edo batzuek uzten dituzte– bazter behar diren azalpenak. Norendako diren erran gabe botatzen dituzte zenbaitek geziak. Aitzineko paragrafoan neronek egin dudana, errate baterako, nahiko itsusia da –nahiz eta ez den gezia, aspaldiko kontua baita, eta nahiz eta ez den zaila asmatzea nor diren protagonistak: Arnaldo Otegi da politikaria; Fermin Munarriz, elkarrizketatzailea; El tiempo de las luces, liburua; Gara, egunkaria; eta, beraz, Iñaki Soto, azalpen emailea–. Den-dena ez da esplikatu behar, eta adibideetan eta xehetasunetan galdu ez gaitezen, abstrakzio maila bat beharrezkoa da naski, baina kritikak Olinpotik egitea ez dago ongi. Kartel batean jartzen badugu belarriak eta hankak gatzunetan ditugula, zerrienak direla zehaztu gabe ere, jar ditzagun kartel ondoan zenbait belarri eta hanka, irakurleak jakin dezan zertaz ari garen. Bertzenaz, baten batek pentsa lezake gauza arraroak ditugula sotoan gordeak. Gainera, kritikaren helburu direnek zailtasun handia izaten ahal dute bere burua identifikatzen, eta, ondorioz, kritikari erantzuten.

Testu batean, Antonio Machadok –aste sainduan Baezan ibili naiz– kontatzen zuen irakasle batek idazlan bat eskatu ziela bere ikasleei. Batek gai hau landu zuen: “Omenezko otorduen kontra”, hau da, norbaiten omenez ematen diren otorduen kontra. Ikasleak omenezko otorduak ematen zituztenak kritikatzen zituen, koipe-emaileak zirelakoan, bai eta omenezko otordurik ematen ez zutenak ere, inbidiatsuak zirelakoan; orobat, omenezko otorduak onartzen zituztenak kritikatzen zituen, egolatrak zirelakoan, bai eta omenezko otordurik onartzen ez zutenak ere, harroputzak eta apaltasun faltsukoak zirelakoan. Irakasleak txalotu zion idazlana ikasleari, baina titulua aldatzea proposatu zion: “Gizateriaren kontra, omenezko otorduak direla eta”.

Kritika anonimoetan antzeko dilema aurkitzen dugu maiz: hartzen dugun jarrera hartzen dugula, gaizki ari gara. Errate baterako, izenik aipatzen ez duen kritika batean –alegiazko adibide bat ematearren– norbaiti egolatra edo erdipurdikoa –edo mediokrea, hobeki ulertzen baduzue– izatea leporatuko balitzaio, zer egin behar luke balizko helburua den horrek? Erantzun –eta horrela erakutsi baietz, bere izenik inon agertu ez bada ere bere burua ezagutzen duela izenondo horietan–, edo ez ikusiarena egin –eta horrela erakutsi irakurle kaskarra dela–?

Nire uste egolatran –lehen nire uste harroan idazten nuen, baina amildegi emozional batetik iragan ondotik, maila bat igan dut nire ustea–, orokorkerian oinarritzen diren kritikek debatea pobretzea bertzerik ez dakarte; kritika batean nik norbait buruan banu, haren izena aipatuko nuke edo, bertzenaz, pista aski utziko nituzke testuan kritikaren helburua denak bere burua ezagut dezan. Izan ere, zintzoago iduritzen zait horrela.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Azalpenak / Azalpenak

Azalpenak
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude