Izaskun Arandia: “Websail honekin jendeak nik ikasi dudanaren laurdena ikasten badu, oso pozik egongo naiz”
‘Lau urte, bi hilabete eta egun bat‘ eta ‘Non dago Mikel?‘ filmekin lortutako arrakasten ostean, Izaskun Arandia gidoilari eta ekoizleak ‘Ni naiz naizena‘ bere azken lana aurkeztu zuen Zinegoak jaialdian. Berarekin hitz egin dugu websail honi eta etorkizunerako dituen planei buruz.
Zinegoak jaialdian aurkeztu zenuten ‘Ni naiz naizena’ lana. Zertan datza?
Hamar pertsona trans-en esperientziak kontatzen dituen websail dokumentala da. Hamar minutu inguruko hamar atal dira, pertsona bakoitzeko bana. Pertsonaiak oso ezberdinak dira, baita beren bizipenak ere.
Nola sortu zen lan hau egiteko aukera?
Proiektu honekin urte asko daramatzagu. Hasieran, Yogurinha Borova eta ni proiektu ezberdin bat egiten hasi ginen, feminitatearen gaia lantzen, baina dokumentaletan askotan gertatzen den moduan, dokumentazio lana egiterakoan eta garapen prozesuan gauza asko aldatu ziren. Pertsona ezberdinak ezagutzen zoaz, gai desberdinak ikusten eta ikasten dituzu… eta ‘Ni naiz naizena’ proiektu handi horren adar bilakatu genuen orduan egindako lana. Zergatik? Grabatutakoa oso interesgarria eta garrantzitsua iruditu zitzaigulako. Ez genuen material hori guztia bota nahi eta, zorionez, orain dela urte batzuetatik hona, Gehitu Elkartea bidelagun izan dugu eta elkarlan horri esker egin ahal izan dugu proiektua. Hasierako lau kapitulu horiei sei gehiago gehitu dizkiogu eta horrela sortu da websaila.
Non ikus daiteke?
Zinegoak jaialdian aurkeztu genuen, eta ondoren Donostiako Antzoki Zaharrean, Zinegoak-en Hedapenak ziklo zoragarriaren barruan. Bestalde, apirilaren 23an www.trans.eus webgunean argitaratu genuen lehen atala, eta astero kapitulu bat estreinatuko da bertan. Aitzole Araneta dugu lehen ataleko protagonista.
Gaia, zorionez, geroz eta gehiago normalizatzen ari da. Eragozpen edo zailtasun handiak izan al dituzue lana egiterako orduan?
Kontuan izan behar dugu duela ia hamar urte hasi ginela proiektu honekin, eta izan dugun zailtasun handienetariko bat izan da gai guztiz berria zela niretzat, ez nuen trans pertsona bakar bat ere ezagutzen eta beraien esperientziak oso arrotzak ziren niretzat. Bestalde, ez dakit gaiagatik zen, edo beste edozein arrazoirengatik, baina finantziazioa lortzea ia ezinezkoa izan da. Autofinantzatu behar izan gara dezente; hasiera batean bai proiektu handian bai websailean berebizikoa izan zen crowdfunding-a. Horren bidez lortutako diruarekin grabaketak hasi ahal izan genituen. Nik uste zailtasun handiena hori izan zela. Horrez gain, pertsona askorekin hitz egin dugu, eta batzuk hasieran parte hartzeko prest agertu ziren, baina azkeneko momentuan ezezkoa eman zuten… Nik uste dut kasu askotan beldurra dagoela. Partaideen aldetik izugarrizko eskuzabaltasuna egon da, gauza oso pertsonalak kontatzen baitituzte, baina oraindik errezeloa dago, ezjakintasun handia baitago gizartean. Zorionez, geroz eta ikusgarritasun gehiago dauka gaiak, baina bide luzea dugu aurretik; alde pedagogikoa oraindik egiteke dago.
Zer ikasi duzu proiektu honekin?
Oso garrantzitsua da ikasitako guztia. Pertsona zisgeneroa izateak ematen didan pribilegioaz jabetu naiz. Eta horrekin espazio bat sortu nahi izan dut pribilegio hori ez daukaten pertsonak ikusgai egiteko. Websail honetan garrantzitsuena zen beraiek kontatzea beren istorioa; eta horregatik ez dago off ahotsik ez ezer. Egia esan, jendeak nik ikasi dudanaren laurdena ikasten badu, oso pozik egongo naiz.
Egiten duzuen bigarren websaila da hau. Nola erabaki zenuten formatu honen alde apustu egitea?
Beste proiektuak, ‘Puntu Koma’ izenekoa, izugarrizko arrakasta izan zuen eta esperientzia ona izan zen. Pixka bat harritu ninduen, zeren eta nik ordura arte ez nuen formatua ulertzen, ezezaguna zen niretzat. Proiektuaren berri izan nuen, Jokin Etxeberriak hura ekoizteko proposatu zidan eta horrela sartu nintzen. Hor ikusi nuen formatuaren potentziala. Gaur egun, sarean asko jarduten gara, askotan ez dugu ikus-entzunezkoak kontsumitzeko astirik eta, batez ere, jende gaztearentzat nahiko formatu polita da. Hamar minutuko pilulak dira, trama interesgarriak… Saiatu ginen nahiko inklusiboak izaten, aniztasun handiko lanak egiten… eta nik uste dut horregatik duela horrenbesteko arrakasta.
Zein abantaila eta desabantaila ditu formatuak?
Desabantaila garrantzitsuena finantzazio aldetik dator, ez baita sartzen finantzazio publikoaren barruan. Badaude filmentzako baita film laburrentzako laguntzak, baina formatu honi bideratutakorik ez dago. Abantaila da gutxiago kostatzen dela egitea, aurrekontuak txikiagoak direla, eta produkzio aldetik ere askoz ere eramangarriagoak dira. Orokorrean faltan botatzen dudana da EiTBren inplikazio gehiago formatu honekin. Nahieran plataforman eskaintzen diren produktu pila horren artean, websailen alde ere apustu egitea eskertuko litzateke. Adibidez, ‘Puntu Koma’-ren bigarren denboraldia idatzita dago eta ez dugu finantzazioa aurkitu. Denon elkarlanik gabe gauzak zaildu egiten dira.
Websail baten ibilbide naturala zein da?
Adibidez, ‘Ni naiz naizena’-ren kasuan nazioarteko salmenta-agente batek interesa adierazi digu, baina oraindik ez dugu ezer itxi. Nik uste dut nazioartean erraz saldu daitekeen produktua dela. Esfortzu hori egiten saiatuko gara, eta gero jaialdi ezberdinetan parte hartzeko asmoa daukat. Oso argi daukagu lana bere webgune propioan egongo dela; horregatik, banaketa ziurtatuta dago.
‘Ni naiz naizena’ lanaren grabaketan gertatutako pasadizorik baduzue?
Bigarren kapituluaren protagonista Victor Viruta da, Madrilgo musikari bat, eta bere istorioa telebistan zaping-ean nenbilela ezagutu nuen. Talent show batean kontatu zuen bere bizipena, justu ‘Ni naiz naizena’ proiektuari forma ematen ari nintzenean, eta pentsatu nuen: ‘hau niretzat’. Ez nuen ezagutzen, Facebook-en topatu nuen, idatzi nion, eta horrela lortu nuen bera gure protagonistetako bat izatea.
Zein beste proiektu dituzue esku artean?
Azken bi urteak oso eroak izan dira, oso lanpetuta ibili gara. ‘Bi urte, lau hilabete eta egun bat’ filma estreinatu genuen iaz, pandemiaren erdian. Aurten ‘Non dago Mikel?’ estreinatu dugu, eta ‘Mi pequeño Samurai’ ere banaketa prozesuan izan dugu. Orain, websail hau baino lehen genuen proiektu handi hori (‘My Way Out’ dokumentala) bukatzeko asmoa daukat. Gero, produkzioa lasaitzen joan nahi dut, batez ere idatzi nahi dudalako. Ni gidoigilea naiz eta ekoizten nabilen bitartean ezin dut idatzi, eta faltan botatzen dut. Gauza txikiak egiten arituko naiz.
Oso harrera ona izan dute azken bi filmek, ezta?
Bai, oso pozik gaude. ‘Bi urte, lau hilabete eta egun bat’ pelikulak izugarrizko harrera ona izan zuen. Nik uste dut jendeak bazuela gogoa garai hura birbizitzeko. Intsumisio mugimenduari inoiz egin ez zaion aitortza egiten dio dokumentalak, eta jendeak oso gustura hartu du. Egia esan, Landerrek oso lan ona egin zuen.
‘Non dago Mikel?’ proiektuan nahiko berandu sartu nintzen; grabaketak eginda zeuden. Lehenengo muntaia ikusi nuen eta, nahiz eta azken emaitzarekin zerikusirik ez izan, nabaritzen zen materialak izugarrizko potentziala zuela pelikula bezala. Istorioa bera oso indartsua da, eta oso beharrezkoa zen hura kontatzea. Egia esan, asko harritu nau Estatuan izan duen arrakastak; ez nuen espero. Pelikula Madrilen ikusi da, eta baita Katalunian eta Galizian ere; oso harrituta gaude. Aste asko egon da karteldegian.
Izaskun Arandia: “Websail honekin jendeak nik ikasi dudanaren laurdena ikasten badu, oso pozik egongo naiz” Izaskun Arandia: “Websail honekin jendeak nik ikasi dudanaren laurdena ikasten badu, oso pozik egongo naiz”