Izarrekin hasi eta egunabarrarekin bat bukatu, Getxo Folk

Izarrekin hasi eta egunabarrarekin bat bukatu, Getxo Folk

Jazz doinuekin heltzen da uda Getxora, eta bluesaren ondotik, folk airez joan. Hiriko hiru jaialdietan azkena datorren ostegunetik igandera izango da, irailaren 3tik 6ra, Getxo Folk.

Jaialdiak, eguneko izar nagusia ez eze, talde berriak aurkezteko ohitura ere badu iluntze partean (argazkiko Moxie taldea, esaterako). Jarraian egitarauari bistadizo bizkor bat botako diogu, eta egun bakoitzeko lagin bat eman, bideo bana aurkeztuta.

 

Lagin bat eguneko

Herri musikak gurean, nahiz eta folk talde ugari egon, gero eta arreta gutxiago duela ere esan izan da, gure begitantzen ez zaigun arren. Paradoxikoki, pop eta rock doinuetara lerratuak diren jaialditzar arrakastatsuetan, Bilbao Live esaterako, sonoritatez bederen folk musika jorratzen duten talde atzerritarrez josita izan dira azken urteetan: Mumford & Sons, The Lumineers, Of Monsters & Men… Crystal Fighters?

 

Goran Bregovic & Wedding and Funeral Band Mahalageasca” (ostirala)

Getxon izango diren talde nagusiak itzal handikoak dira guztiak ere, lehen eguneko Estrella Morente -Enrique maisu zenduaren alaba- gazteenetik hasita despedidearen hasiera izango duten Oskorri geurietaraino. Tartean Gwendal -zenbat aldiz dantzatu duzue erromerietan jada 40 urte bete dituen “Irish Jig”?- eta Goran Bregovic, guk artistak berak egindako nahasketa xelebrean bideoan ekarri dizueguna.

Festa handia izaten dira Kusturika zinemagilearen lagun musikariak ematen dituen zuzenekoak. Azken lana 2012ko “Champagne for Gypsies” du.

 

Vrienden “Oyese la paz” (osteguna)

Bizkaian, Sopuertako Mendebala desagertua dela, Getxo Folk eta Ermuako Folkez Blai dira hitzordu nagusiak folk zalearentzat. Azken festibal hau irabazita lortu zuen Vrienden asturiar taldeak Getxon egoteko aukera.

Bablez kantatzen duen Navako boskoteak Fausto Salvent, Xixon-en bizi den kubatar saxofoi jolea, du taldera batu berria den musikaria -azken kantua dute “Oyese la paz” ere.

 

Raúl Rodríguez “Razón de son” (larunbata)

Raúl Rodríguez Sevillako antropologoak Santiago Auserón, Martirio eta Kiko Veneno-rekin jo izan du bere tres flamenkoa. “Razón de son” bakarkako lehen lana du, Andaluziako herri musika ikertzen 20 urte eman ondoren argitaratua. Sevilla eta Cadiz-ek itsasoaz bestaldeko portu karibearrekin izan zuten harreman kulturala dakar musikariak; itsasoaren konpasera emandako flamenkoa.

Ez dugu uste Getxora bideoan ikusten den musikari eta dantzari saldoarekin agertuko denik.

 

Mikel Markez eta Aire ahizpak “Konplize ditut eta” (igandea)

Euskal Herriko folkaren ikur izan den Oskorri talde bizkaitarrak zazpi kontzerturekin itxiko du 45 urteko ibilbide oparoa; Getxokoa izango dute lehena.

Aurretik baina, Mikel Markez eta Aire Ahizpak izango dira arrastian kantari, sekulakoa espero den jaiaren sarrera bezala. Eskarmentu handiko musikaria da gipuzkoarra, Ipar Euskal Herriko musikagintzarekin harreman estua duena –“Indar bat dabil hor” azken lanean ere hartzen dute parte Aire Ahizpek-. Emakume ahots hirukoteak ere makina bat plaza egin ditu kantari, baina iazko “Bidexka” du lehen lana (Erroak).

 

 

Egitaraua

Arratsaldekoak

Arrastiko saioak Areetako Geltokia plazako aparkalekuan izaten dira (19.00etan, ordu bete lehenago hasiko den igandekoa izan ezik), doan.

Irailak 3, osteguna: Vrienden (Asturies)
Irailak 4, ostirala: Andrés Penabad (Galiza)
Irailak 5, larunbata: Salao (Països Catalans)
Irailak 6, igandea: Mikel Markez eta Aire Ahizpak (Euskal Herria)

 

Nagusiak

Areetako Geltokia plazan (21.00etan ordu bete lehenago hasiko den igandekoa izan ezik).

Irailak 3, osteguna: Estrella Morente (Andaluzia) 20 euro
Irailak 4, ostirala: Goran Bregovic & Wedding and Funeral Band (Bosnia) 25 euro
Irailak 5, larunbata: Gwendal (Bretainia) 15 euro
Irailak 6, igandea: Oskorri (Euskal Herria) 10 euro

 

Munduko Terrazak

Arratsaldeko zuzenekoen oholtza berean baina gauez (23.00etan), doan hauek ere.

Irailak 4, ostirala: Moxie (Irlanda)
Irailak 5, larunbata: Raúl Rodríguez (Andaluzia)

 

Haurrentzako saioa

Areetako Geltokia plazako aparkalekuan eta eguerdi partean (12.30ean), umeek eta gurasoek parte hartzeko saio didaktikoa; doan.

Irailak 5, larunbata: Abeltxuriak (Euskal Herria)

 

Banden desfileak

Erromoko eta Areetako kaleetan zehar banden desfileak izango dira jaialdiak dirauen lau egunetan, eta desfile handia irailaren 5ean (19.30ean) Bizkaia Zubiko plazatik:

The Royal Burgh of Stirling (Eskozia)
Escola de Gaitas de Santa Marta de Ortigueira (Galiza)
La Fanfare des Goulamas (Frantzia)
Batukada Mamiki (Bizkaia)
Agurra Dantza Taldea (Getxo)

Gainera, Elkartasun Gunea (GKE-ak eta Bidezko Merkataritza) eta Munduko Terraza (eskulanen azoka, gastronomia…) ere bertan izango dira, urtero legez.

 

Izarrekin hasi eta egunabarrarekin bat bukatu, Getxo Folk

ZUZEUko erredakzio kide