Telebistan euskaraz lan egitearen menturaz

Oker ez banaiz, 84an hasi nintzen lanean Euskal Telebistan, otsailaren batean izango zen seguru, joan zen mendean, prefosta. Dakidana da Maite Iturbe eta biok, hango atean lehenengoz sartzean egin genuela elkarren ezaguera bi txito jaioberri baizik ez ginela. Hark numerozaleen oposizioak bezala, nik “artisten” oposizioak nituen gainditu. Kultura programak egiteko gidoigile gisa ninduten kontratatu, gezurra badirudi ere.

Telebistan euskaraz lan egitearen menturaz

Handik hona gertatutako guztia neuri ere egiten zait harrigarri eta ez sinesteko modukoa. Blogeko sarrera hau baino eremu apurtxo bat zabalagoa beharko nuke dena kontatzeko eta gauza bera nire gainetik egon direnek sortu didaten iritzia plazaratzeko ere. Pentsa: Gorordo, Zarraoa, Amatiño, Anasagasti, Lejarza, Iriondo, Otermin,  Surio, Ortuzar, Zupiria, Otamendi, Idigoras, Iturbe, Barinaga, Sarasola zena… Eta beste dozena bat izen potolo gutxienez. Zenbat agintari eta buruargi ez ote dugun gaurgero etxe bedeinkatu honetan ezagutu!

Aingerutxoren bat edo beste tartean egokitu izan bada ere, junglako Frank delako horrek aski piztia luke bere saio berri baten denboraldi osoa egiteko, Amazonia edo Afrika urrunetara joaten ibili gabe: krokodiloak, hienak, katamotzak, tigreak, sugegorriak, pirañak, tximu eta arkakusoren bat edo beste ere bai, jakina. Eta marmokak, batez ere marmokak. Hau guztia umorez esanda, jakina. (Barkatzeko balioko ahal dit  komikietako kar, kar, kar, hemen jartzeak).

Hainbeste urtetako historian, ehunka gertaera dira beti, ez baldin badira mila. Betor bakarra: niretzakoa ez zen kazetari-lekuan lan egitera zigortu ninduen behin buruzagi horietako batek, eta halaxe egin nintzen kazetari, baldin eta hori bada ofizioa ganoraz ikasteko modua. Ondorioz, gaztelaniaz  idazten eta, batez ere, mintzatzen ere ikasi behar izan nuen halako batean (ahoskera hobetu, generoen konkordantziak aintzako hartu,  aditzak ondo jokatu, polizon eta polizonte bereiztu, zetak ceta bihurtu…). Nik lanpostua atera nuenean ez zegoen erdarazko batere katerik gurean, baina ez zidan aitzakia horrek balio izan. Akabo euskaraz lan egiteko aurkituta neukan mauka. Jakin nahiko nuke zergatik ez zaien gauza berdina eskatu eta eskatzen euskaraz ez zekiten eta ez dakiten lankideei oraino. C’est la vie de la diglosie, seguru aski. Izorradi, Euskalmari.

Alabaina,  iraganaz baino, gaurko egunaz nahi nuke mintzatu, egin berri dugun EUSKALDUNAK saioaren karietara. Bereziki.

Egia esan behar bada, ni eta gu, SAUTRELA literatur saioak bizi gaitu, batez ere. Horixe dugu geure egiteko behinena Beñat Sarasolak, Koldo Gutierrezek, Yolanda Mendiolak, Joxemari Gabiriak eta Idoia Gainberri produkziokoak. Bekadun batek edo bestek ere bai tarteka. Ez dakizue zenbatean gainditzen duen saio honen minoritarismoak bestelako saio handiagoen atsegin estandarra: txikiak eta gutxi izatea bezalakorik ez dago, jendaurrean onak bagina bezala agertzeko joan deneko 16 urtetan.

Eta sasia aipatu dudan bezala, aitor dezadan lehenbailehen urrea, ETB honi esker ukan baitut bestelako lan eder askoak egiteko aukera ere. Dela sukaldari handiekin, artista plastikoekin, euskararen inguruko lanekin eta maite dudan beste hamaika gairekin. ETB izan ez balitz, en nukeen beste aukerarik ediren. Esker ona ere bai, beraz, Zesarri Zesarrena emanez.

Baina lausenguak alde batera utzita, noan iritsi nahi dudan lekura, EUSKALDUNAK saiora, alegia.

Bada denboratxo bat telebista frantziarreko saio bati erreparatu geniola eta haren ezpaleko beste bat egitea proposatu geniela oraingo gure agintariei. Frantsesekiko tartekoak tarteko (diruak, lantaldeak eta abildadeak, besteak beste), iruditzen zaigu halako zerbait behar duela gaur Euskal Telebistak, euskarazko bere katean, jakina. Alegia, euskaldun seinalatuek, euren bizitzaz, lanaz eta pentsakeraz behar dutela jardun, lasai ederrean biltzen dituen leku  eta paraje gozo batean. Areago, pentsatzen dugu, gaztelaniaz azpidatzi eta erdarazko katean ematea ere komenigarria litzatekeela, erdal komunitateak izan dezan euskaldun apurron albiste.

Eta egin, egin ditugu halako saio batzuk, iraileko igandeetan zehar emitituko direnak. Gurekin izan dira, gauza bategatik edo bestegatik, azpimarratzeko modukoak diren euskal jende jator askoak. Baina nik ez dakit izango den ez dugulako asmatu, ez garelako horretarako jaioak edo euskaldunok okapiak baino arraroagoak garelako telebista kontsumitzeko orduan, gauza da ez dugula  hautsik harrotu ez eta ere olaturik sortu bazterretan. Joan den igandean eskaini genuen saioak apenas gainditu zituen katearen datu kaxkarrak.

Bai, beti bada hitz gozoekin hurbiltzen denik egindako lana eskertzera, baina hori baino gehiagoren bila abiatuak ginen egitasmo honekin. Esperantza handia zen gurea. Hala ere, ematen du ez dela amestutako lurrikararik izan. Ez dakigu egindako atalez gain, besterik izango ote den. Geroak esan beza eta, batez ere,  datozen hiru igandeetan emitituko ditugun saioetako audientziek esan bezate.

Badakizu, beraz, lagunen baldin baduzu audimetrodun horietakoa, edo lehengusu edo urrutiko izebaren bat, Jainkoaren izenean, afari bat edo zerbait ordain iezaiozu, datozen hiru igande arratsetan gure saioa sintoniza dezan.  Bestela akabo EUSKALDUNAK.

Telebistan euskaraz lan egitearen menturaz

etb, euskaldunak
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude