Itsasoa lekuz aldatzen
Itsasoa lekuz aldatzen –
Elkar Fundazioak Siadeco enpresari manatu inkestaren ondorioen analisiak irakurtzen ari nintzela gaurko Berrian, hemen eta hor, gogora etorri zait gure haurrek etengabe burutzen duten jokoa: itsasoa lekuz aldatzearena.
Haurrek beti ukaiten dute sasoia zeinetan aritu behar duten “itsasoa lekuz aldatzen”, berdin dio zein belaunaldi den, elkarren artean hitzartua duten ala ez, guziek sendi dute noizbait gogo hori, baldetaraka itsasoa hustu eta egin duten zilo batera ekartzeko, itsaso berri baten sortzeko.
Egiten dute ziloa, feirosa, arean ahalik eta barnena joanez eta ahalik eta bazter sendoenak eraikiz, eta badoaz zegoa eskutan. Har eta huts. Huts eta har. Gu bezala, euskalgintzan gabiltzanon antzera; zeren guk ere gurea egin nahi badugu, nahi ala ez, behar diogu goizean goiz ekin, oldean datorkigunari ez utzi gaina hartzen eta, bistan dena, hari hartu, hari kendu gurera ekartzeko, uhinei aurre egin eta beti ur xorta bat gehiago berreskuratu guk nahi dugun lekuan ezartzeko.
Haur guziek dute adore hori, tirria hori, dagoena kanbiatzeari lotzeko. Belaunaldiz belaunaldi asmatzen dute berriz joko bera, ez dena arras jolasa funtsean. Batzuetan bi balde erabiltzen dituzte, edo, hobeki, bina balde. Eta txandak antolatzen dituzte gehiagoren artean, lasterragoak. Ingurukoak irribarretsu begiratzen die ardura, inozenteei so egin ohi zaien bezala, sinisturik debaldekoa dela, haurren jarraikitasunari samurki begiratuz.
Bukaera ia beti da dramatikoa. Uhinek beti arrazoi ukaiten dutelako. Itsasoa ez delako sekulan lekuz aldatzen. Ziloa beti doalako husten. Okerrena da, zilotxoa husten denean, nehork ez dakiela nondik, ura itzultzen dela, nora eta itsasora berriro.
Heltzen da momentua, eguzkiak goragotik jo eta marea hantzen doan ber, haurrak jolasean erretzen direla. Orduan jokoz aldatzen dute, haien oinak patetikoki hondarretan gatibatzen uztera jostatzeko, bagen bortxaz, ur gaziek zangoak xurgatzen dizkiela.
– Badakizu zer ama? Hori gertatu da gure ziloa ez zelako aski handia! Eta ez dugulako aski fite egin. Behar bada goizago beharko genuke jin.
Tira, pausatu ondoan, indarberriturik itzuliko gara bihar, goizago eta zilo oraindik handiagoaren egiteko.
.