“Italian egiten dira trikitixa esku soinu gehien gehienak, baina Italian ez dute jotzen Tapiak jotzen duen moduan”
Associazione Culturale Euskara (ACE) elkartea eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak gonbidatuta, Erromako Euskal Astean izan ziren abendu hasieran hainbat euskal musikari eta artista: Anari, Tapia eta Leturia, Maialen Lujanbio bertsolaria, Xabier Erkizia… Settimana-k euskal eta italiar kulturen arteko harremanak sustatzea lortu zuen eta une gogoangarriak bizi izan ziren, Tapia eta Leturiaren kontzertua, kasu.
Settimana Basca-ren aurtengo edizioa oso arrakastatsua izan da, antolatzaileek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez. Ekitaldiak abenduaren 1an hasi ziren, Tapia eta Leturia trikitilariek eta PATRES Vitiorum Otiorum Que talde italiarrak CIP izeneko zentro sozialean eman zuten kontzertuarekin.
Emanaldiaren aurretik euskal dantza ikastaro bat eta afaritxo bat egin ziren. Giroa oso ona izan zen eta trikitixaren soinuak bertara joan ziren italiarrak liluratu egin zituen, ACE-ko Alex Mendizabalek azaldu duenez: “Italian egiten dira trikitixa esku soinu gehien gehienak, baina Italian ez dute jotzen Tapiak jotzen duen moduan!”.
[Tapia eta Leturia trikitilariek kontzertuko giroaz gozatu zuten (argazkia Renato Achille)]
[
[Trikitilariak dantza ikastaroan parte hartu zuten gazteekin (argazkia Renato Achille)]
Kontzertuan izan zirenen artean musikari italiarrak ere izan ziren, Tapia eta Leturiaren lagunak, horien artean Davide Conte perkusiolari napolitarra. “Arrakasta itzela izan zen. Kantu anarkista bat italianoz kantatu zuten Tapia ta Leturiak! Ea datorren diskoan italianoz zeozer egiten duten…”, esan du Mendizabalek.
[Tapia eta Leturia PATRES Vitiorum Otiorum Que talde italiarrarenkin jotzera ere animatu ziren (argazkia renato Achille)]
[Entzuleak dantzan jarri zituzten euskal eta italiar musikariek (argazkia Renato Achille)]
Italiako Radio 3-en
Abenduaren 3an “Euskaradiodramma – Radiodramma in euskara” ikastaroko emaitza aurkeztu zen, 9 partehartzailekin. “Haietatik gehienek hitz bakar bat ez dakite euskaraz baina euskaraz egin dute irrati drama saioa!”. Emasnaldiaren arrakastak oihartzuna izan zuen eta aste honetan Radio 3 italiar irrati ezagunean elkarrizketa eta saio berezia egin berri dute ikastaroko kideek eta irakasleek. “Izugarri gustatu zaie; italianoz osorik emango dute eta euskaraz zatitxo batzuk”, esan du Mendizabalek. Datorren astean sarean jarriko dute saioa.
Beste ekitaldi interesgarri batzuk politika izan zuten hari nagusia. Batetik, Adriano Cirulliren “L’ascia e il serpente” (Aizkora eta sugea) eta Marco Laurenzanoren “Paese Basco e libertà” (Euskal herria eta askatasuna) liburuak aurkeztu ziren. “Adriano Cirulli UPTER Euskal Saileko zuzendaria da gaur egun. Zientzia politikotan doktore eta unibertsitate irakaslea. Hauxe da bere azken liburua. Marco Laurenzanok asko ezagutzen du Euskal Herria eta zenbait liburu idatzi ditu gaiari buruz. 12 urte darama Radio Euskadi izeneko irrati programa bat egiten astero, Radio Onda Rossa irratian”, azaldu du Mendizabalek.
Abenduaren 7an La Strada zentro sozialean Lander Fernandez euskal hiritarraren atxiloketari eta Espainiak eskatutako estradiziari buruzko eztabaida izan zen. Ekitaldian abokatuek, Europako torturaren aurkako adituek eta abar parte hartu zuten.
Txoriak, italieraz
Abenduaren 8an Maialen Lujanbio bertsolariak eta Xabier Erkizia musikaria “Txori Mugariak” proiektuaren saio berezia eskaini zuten. “Puntu ederra jarri genien! Ea Txori Mugariak italianoz egiten saituko ziren. Eta haiek baietz erantzun!”, azaldu du Mendizabalek. Emanaldia “ederra baino ederragoa” izan zen, aretoa jendez beteta.
[Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbio “Txori Mugariak” saioan, alboan Alex Mendizabal aurkezpen lanetan (argazkia euskara.it)]
Settimana Bascaren itxiera jaia abenduaren 9an egin zen. Festa Mikamale teatro taldearen “Aspettando Godrò” emankizunarekin hasi zen eta gauean Anari kantariak kontzertua eman zuen HulaHoop lokalean. “Gau oso ederra eta alaia izan genuen, jendez lepo lepo. Antzerkia, komikilaria, DJ set eta Anari! Anariren kontzertua, hunkigarria. Hor ere, bere azken disko osoa italianora itzuli genuen eta kantuak kantatzen zituen bitartean, atzekaldean italierazko bertsioak irakur zitezkeen”.
Antolatzaileek Settimanaren arrakasta dela eta poza agertu dute, azpimarratuz ACEk 2012 urtean ez duela Euskal Etxea bezala inongo laguntzarik jaso, HABEk euskara ikastaroetarako ematen duenaz aparte.
@zuzeu Aginagako angulak bezala, auskalo non jaten diren!
Errusian ete trikitixa antzeko zerbait dute; “Talianotxka” deitzen dute
Eroma R batekin idazten da!
Entzuna nengoen erromatarrak burutik jota zeudela. Horregatik Eroma? 😉 Bestela, ez diot zentzurik aurkitzen.