Obispo tarta, Teresarena (sukaldean.com)

Obispo tarta, Teresarena –

Obispo tarta

Egun hauetan zein opil edo gozoki egin erabaki ezinda bazabiltza, ez zara damutuko kasu egiten badiguzu. Batere zalantzarik gabe, Obispo deitzen diogun tarta gomendatzen dizugu, biziki gainera. Hartu pataxadaz, hala ere, ez da eta erraz-errazetakoa, bai, ordea, apartekoa. Komeni da, gainera, egun pare aurretiaz egitea, horregatik argitaratzen dugu gaur errezeta.

Teresa Naparranekoa esaten genion gure lagun batzuen amamari. Argarate zuten abizena, baina oraindik ere Naparranekoak dira haiek guretzat.

Sukaldari handia izan zen Teresa, Altzolako bainuetxeko sukaldean aritutakoa. Berak erakutsita iritsi zaigu eta guk dakigula, Elgoibarko etxe bakan batzuetan baizik ez da egiten. Gurean bederen bai.

arrautza joa - Obispo tarta, TeresarenaOsagaiak:

  • 250gr. arbendol edo almendra xehatu
  • 100 g. arbendol osorik
  • 250 g. azukre
  • 8 arrautza-gorringo
  • 8 arrautza-zuringo
  • 125gr. gurin
  • 30×30 cm-ko ontzi karratu bat (gaileta kaxa metalezko baten tapa edo)

Errezeta:

Zuringoak jo eta jaso ahala, azukrea gehituko dugu apurka, lau koilarakada bota gabe utziz. Ondoren arbendol xehatua gehitu eta dena nahasiko dugu. Moldean jarriko dugu guztia. Honek karratua behar du izan eta altuera handirik gabekoa, 3cm-ko ertzak nahikoa dira. Labe epelean jarriko dugu, su motelean, 100ºra ordu erdiz, egin dugun orea lehor geratu gabe gogortu artean.

Bitartean, bainu marian jarritako katilu edo gopor batean, gorringoak joko ditugu lau koilarakada azukrerekin batera. Poliki-poliki, gurina gehitzen joango gara, baina kasu!, oso garrantzizkoa lan hau ondo egitea. Gurina urtu egingo dugu lehenbizi eta hozten denean bakarrik gehituko dugu apurka gorringoetara, dena nahasiz.

Labean egindako orea atera eta erditik ebakiko dugu labanaz. Erdietako bat zerbitzatzeko erabiliko dugun azpilean jarri eta gainean jarriko diogu gorringo-gurinez lortutako siropa edo jarabe lodiaren erdia. Kolore laranja ilun ederrekoa izango da berau. Ondoren, beste erdia jarriko diogu gainean.

Osorik dauzkagun arbendolei, beroaldi bat emango diegu labe bizian, apur bat txigor daitezen eta ondoren zapi baten barnean jarri eta jo egingo ditugu, zati zaztarrak lortzeko. Kontuz, ez birrindu gehiegi. Ez da komeni arbendola oso hondartsua geratzea. Zati txikiak bai, baina zatiak behar ditugu, azken finean. Tartaren gainetik eta alboetatik erortzen dela gehituko dugu gorringoen oretik geratzen zaiguna eta, azkenez, arbendol txigortu eta zatituaz zipriztinduko dugu guztia. Prest dago, utzi hozkailua ez den leku fresko batean, zapi batez estalirik. Jakingo duzue ederki Obispoek zein ongi ezagutzen zuten zerua.

cc-by-sa Sukaldean.

Obispo tarta, Teresarena

Gehienetan janedan kontuez aritzen naiz, baina inor ez badago begira, lokatzatan etzaten naiz gustura

2 pentsamendu “Obispo tarta, Teresarena (sukaldean.com)”-ri buruz

  • Errezeta bikaina. Egin berritan hala ere, 100ºC-ena gutxiegi gertatu zaidala esan behar dut. Alegia, bizkotxa ez dela gatzatu, mamitu eta trinkotu. Orearen egitura geratu zaidanez, beste hamarren bat minutuz berotu dut 200ºC-tan eta erraza izan ez bada ere lortu dut erdibitutako bi pastiza zatiak moldetik ateratzea.
    Errezetak ez zezakeen erakargarriagoa izan eta behin egin ondoren (tarteko dastatze saioen arabera), ikaragarri gozoa atera zaigu.
    Gabon zaharretan urtea zapore horrekin amaitzeko irrikitan denok, bejondeizula.