Iruña-Veleiaren I. Nazioarteko Biltzarrean urrats sendoak emango dira
Datorren azaroaren 24an, Gasteizko Europa Jauregian, Euskal Herrian azken urteotan izan dugun polemika hau argitzen laguntzeko urrats sendoak emango ditugu. Besteak beste, zientziak eskaintzen dituen eta orain arte jorratu ez diren hiru alderdi goitik behera aztertuko ditugulako: datazioak, kata kontrolatuak eta indusketa lanen auditoriak, eta, horiez gain, eztabaida ahalik eta zabalena.
Zientziari esker orain urte batzuk argitzea ezinezko ziren milaka gauza argitzen ari dira. Arkeometriak, hondakin arkeologikoak datatzeaz arduratzen den ikerketa alorra, etengabe albiste garrantzitsuak ematen dizkigu: Italiako k.a. VII. mendeko prenestina gerrikoaren idazkuna, Galesen aurkitutako XVI. mendeko ontzia, Estatu Batuetako orain dela 10.000 urte egindako mamutaren marrazkia, Alemaniako brontze garaiko Nebra ezkutua, Kantauriko kobetako orain dela 42.000 urteetako margoak…
Arkeometriari esker, alferrikako polemikak eta usteak alboratu dira, esaterako, prenestina gerrikoaren idazkunak egiazkoak ziren ala ez 60 urtez eztabaidatzen egon ziren eta laborategi lanari esker latinez idatzitako lehenengo idazkunak direla frogatu ahal izan da. Edo Gales zein Bretainia Handiko itsasontzirik zaharrena hemengoa dela jakin ahal izan dugu.
Edo Alemaniako Nebra ezkutua ere 13 urtez faltsutzat hartu eta gero, ondoren egindako indusketa bati esker gaia argitu dela, eguzkia eta ilargia marraztuta dituen konposizio zoragarri hau dagokion lekuan jarriz. Eta Altamira ere ez dezagun ahaztu. 18 urtez faltsutzat hartu ziren hango margoak eta tarte horretan deskubrimendua egin zuen Marcelino Sanz de Santuola hil zen, gizarteak zor zion esker ona jaso gabe.
Hemen ere, azaroan lau urte beteko dira Arabako Foru Aldundiak ostrakak faltsutzat hartu zituenetik eta ez genuke nahi beste urte bete luzatzea gai hau behingoz argitu gabe, zientziak gai hau argitzeko 3 bide baino gehiago eskaintzen dituenean: datazioak, katak eta auditoriak.
Horregatik, azaroaren 24ko Egitarua osatzen duten hizlariek argitasun handia emango digute gai honetan. Batetik, Edward Harris arkeologoa izango dugu hizlari. Izen handiko arkeologo hau gaur egun mundu mailan gehien erabiltzen den Harris Matrix indusketa sistemaren sortzailea da, bere zehaztasun mailagatik eta, batez ere, egindako indusketa lan bat auditatzeko aukera ematen duelako. Harris Bermudaseko Itsas Museoko zuzendaria da eta Eliseo Gilek Iruña-Veleian bere indusketa sistema erabili zuenez, lan hori auditagarria dela azalduko digu.
Ondoren, Santiago Compostelako Unibertsitateko Antzinako Historiako katedratiko emeritu, epigrafista eta arkeologoa den Antonio Rodriguez Colmenerok grafitoez eta kata kontrolatuen beharraz jardungo du bere hitzaldian. Bere iritziz, faltsutzat hartu baino lehen katak egitea ezinbestekoa zen eta oraindik egiteko garaiz gaudela azpimarratuko du.
Arkeometria ondo ordezkatuta egongo da Biltzarrean eta, horretarako, Sevillako Centro Nacional de Aceleradoreseko kimikan doktorea den eta datazioetan eskarmentu handia duen Francisco Javier Santos etorriko da. Javierrek Azeleragiluen bidezko Masen Espektometria izeneko teknikan aditua da (AMS) eta hainbat datazio egiten dituzten haien zentroan, batez ere C14an.
Biltzarrean oraindik askoren belarrietara heldu ez den albistea ere emango dugu: Gasteizko Instrukzioko I. Epaitegiak Eliseo Gilek egindako datazio eskaera onartu ondoren, uztail honetan Madrileko laborategi batean egitea agindu duela. Beraz, hilabete batzuetan gai hau argitzeko bidean albisteak izango ditugu.
Zenbait hezurretan agertutako idazkunak ere faltsutzat hartu izan direnez, material horretan egindako ebakidurez zehaztasun handiz hitz egingo du Joaquin Baxariasek, Kataluniako Arkeologia Museoko Paleopatologia Saileko arduradunak. Teknikari honen ustez, grafito horiek benetakoak dirudite, hezur freskoetan orain egin daitezkeen ebakidurenen antza dutelako, baina, hezur zaharretan ebakidura horien berdinak egitekotan, laserren bidez baino ezin direlako egin.
Arratsaldean arkeologian doktorea eta Valentziako Kulturako Erret Akademiako Ikerketa Iberikoen Saileko kidea den Luis Silgok Iruñako grafitoei esker euskararen ikerketan eman dezakegun jauzi kualitatiboa izango du hizpide. Luisek Jean-Baptiste Orpustan euskaltzainarekin batera gai honi buruzko bi txoten egin ditu eta, Akitaniako hilarrietan oraindik dezifratu gabe dauden euskal hitzak, Iruña-Okako grafitoek erakusten duten hizkuntz egonkortasunari esker deszifratu ditzakegula uste du, euskara historikoaren ikerketari bide berriak zabalduz.
Ondoren, Madrilgo Complutenseko irakaslea den Antonio Arnaizek grafitoetan agertutako grafia iberiarreko zeinuez arituko da. Antonioren ustez zeinu batzuk idazki iberiarretan aurkitutakoak bezalakoak dira eta harremana ikusten du garai hartako beste testuekin. Zeinu horietako bat, gainera, Nafarroako Iruñeko Gaztelu plazan arinegi egin zen aparkalekuaren eremuan aurkitu zen baten berdina da.
Biltzarraren helburua polemika honetan dauden bi alderdiek parte hartzea zen, noski. Horregatik, grafitoak faltsuak direnen ahotsa entzuteko, Joaquin Gorrochategui, Joseba Lakarra eta Julio Nuñezi eskatu genien Biltzarrean parte hartzea, haien argudio eta arrazoiak ondo azaltzeko. Zoritxarrez gonbitea ez dute onartu eta, hala ere, hasierako helburuari muzin ez egiteko, ikerle hauen txostenen laburpenak emango dira.
Biltzarra erabat irekita dago herritarren eta adituen parte hartzeari eta, horregatik, hiru bide jorratuko dira. Batetik, hizlariek ez dute teknizismo handirik erabiliko haien hitzaldietan, arkeologia, arkeometria edo hizkuntzalaritzan aditua izan gabe hitzaldien azalpenak ulertzeko modukoak izango direlako, dibulgatiboak alegia. Horrez gain, goizean eta arratsaldean mahai inguru bana egongo dira, partaideek galderak egiteko eta zalantzak argitzeko.
Bestetik, grafitoei buruz iritzi edo ekarpenik egin nahi dutenek parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, ahozko komunikazioak eginez gero, arratsaldeko saioan horiek azaltzeko aukera egongo da eta, idatzizko komunikazioak eginez gero, horiek ikusgai jarriko dira bertan.
Biltzarraren aurreko egunean, ostiralean, Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan, indusketa bat jarriko dugu arratsaldez herritarrei gai honi buruzko informazioa zabaltzeko: nola egiten diren indusketak, nola datazioak, Epailearen erabakia, etab.
Amaitzeko, 2013. urtea arabarrentzat eta gainerako euskal herritarrentzat ospatzekoa izango dela uste dugu, Garoña ixteaz gain, Arabako Iruñako grafitoen polemika hau, zientzia zehatzak erabili izan balira gertatuko ez zena, argituko dugulako.
Arabako Iruña Argitzeko Batzordea
Euskal Telebista ere Iruña-Veleiako aurkikuntza ezohikoen inguruko eztabaida gaua prestatzen ari da, Abenduaren 5erako. ETBk eginiko dokumental bat eta lau aditu izanen dira bertan eztabaidan: Joseba Lakarra hizkuntzalaria, Mertxe Urteaga arkeologoa, Juan Martin Elexpuru filologoa eta Pello Eizagirre erlijioetan eta historian aditua.
Dokumentalean, ostera, honakoak agertzen dira, besteak beste: Joakin Gorrotxategi hizkuntzalaria, Julio Nuñez arkeologoa, Rozalyn Frank hizkuntzalaria, Konrad Van de Driessche geologoa eta Idoia Filloy eta Eliseo Gil arkeologoak.
Interesa duenari ahalik eta informazio eta argi gehien eskura jartzea du xede saioak, eta gauzak bere bidean, esan bezala, prest izanen da Abenduaren 5erako bi ordu inguruko saio hau.
Edward Harris Euskal Herrian! Ze ona! Harris matrizea asmatu zuena ekartzea, arkeologo batentzat, musikazale batentzat Bob Dylan edo Rollings stone ekartzea bezela da.
Iruña-Veleia lokatzez estaltzea ematen zuen helburu. Julio Nuñezek eskabadora. Eliseo Gil arkeologoaren kontrako kerella. Lanik gabe errepresaliatua. Epailea, Guardia Zibila eta Ertzantzaren laguntza bila. Argitzeko Brian Currin bat behar genuen… eta badator antza.
Oso txarra konparazioa, zeure abestiak bezala.
Benetan gozatu dugu bisita. Gure Bob Dylanek txapela erosi zuen Bilboko zazpi kaleetan, pozik. Larunbatean aterako duen artikuluaren zai gaude.
Hasier, barkatu zuzenketa bat egitea, agian nire erretxinkeriagatik da baina…
Errespetu osoz, Elexpuru ez da filologoa. Filologia ikasketak ditu, bai; eta bai, doktoretza atera zuen, Filologiarekin (eta zer esanik ez Iruña-Veleiako auziak gehien ukitzen duen Hizkuntzalaritza Historikoarekin eta aitzineuskararen berreraiketarekin) zerikusirik ez duen tesi batekin (ez dut honekin lan hura gutxietsi nahi inolaz ere, baizik eta “Euskal Filologian Doktore” gisa aurkezten d(ut)enaren ikerketa zertan den agerian utzi. Bide batez, egingo nuke ez dela Elexpururen halako erreferentziarik inon aurkitzen kontu honetan sartu aurretik.
Oker nabil beharbada, baina, zuzenbidea ikasi duen oro ote da abokatu, edo epaile, edo… Nik badakit nire etxean erratza pasatzen, baina ez naiz “barrenderoa”, horretarako ere zerbait jakin behar baita.
Aditua izan beharrik ez da, baina bai aritua.
Borja, zergatik aiherkunde hori? Ba al dira Lakarra eta Gorrotxategi bakarrik hitz egin dezaketenak, aditu bakarrak, ikerlari bakarrak, eta gainerakoak gaitzetsi behar ote dira??? Bakarrik bi pertsona planeta osoan gai honi buruz zuzenki mintzatzeko gai ote dira? Bakarrik bakarrik bakarrik bi horiek? Eta bidenabar, ez al duzu ezer entzun akats medikoei buruz? Unibertsitateak astoez beterik daude, bai hemen bai beste lurralde batzuetan. Eta ubertsitatearen ohore guztiak edukitzeak ez du ziurtatzen perkektua izatea. Infaliblea bakarrik Aita Santua da, eta gainera hau gezur handi bat izan da betidanik. Inor ez da infaliblea.
Inoiz ebakuntza bat egin behar badizute, Hegoa, utziko al didazu niri egiten? Ala zure zirujaua da balizko ebakuntza hori egiteko gai den bakar-bakar-bakarra? Azken batean, medikuak unibertsitatetik ateratzen dira, eta unibertsitatean curriculum bikaina izateak ez du ezer ziurtatzen.
Joakin, goi-mailako medikuek abandonaturiko pertsona batekin mintzatzen ari zara. Infekzio larria eduki nuen zenbait urtetan zehar, eta antibiotikoek ezin zuten ezer egin. Zenbait unetan oso gaizki egon nintzen. Baina orain erabat sendoturik nago tratamendu alternatibo bati esker, medikua ez den norbaitek emanda. Ene aitonak ez zuen hain zorte handia eduki. Kirofanoan sarturik, minutu gutxitan hil zen akats madarikatu bategatik. Ebakuntza egin ziotenak guzti-guztiak unibertsitatean forjaturiko ziraujauak ziren, baina gauza garrantzitsu bat ahaztu zuten: anestesiaren probak egitea. Eta nire bizitzan honelako kasu asko ikusi ditut. Sarritan ez dira irakasle jakintsuenak problema konpondu ahal dutenak…
Badiotsut: hurrengoan jozazu nigana.
Antton,
1) nik ez dut sekula esan (ez ditut aipatu ere egin) Lakarra eta Gorrotxategi direnik gai honi buruz hitz egin dezaketen bakarrak (dena den, uste dut gai honi buruz hitz egiteko gai edo gaien direnak badirela, baina hori beste gauza bat da).
2) planeta osoan hizkuntzalaritza historikoari eta berreraiketari buruz jarduteko gai diren asko dira, baina uste dut Veleiazaleek ez dutela bakar bat ere irakurri. Baina, jakina, euskararen historia bera ondo ezagutzen duten hizkuntzalariak aise gutxiago direla esango nuke (Trask bazen, de Rijk bazen,…).
3) bai, unibertsitateetan ere astoak egongo dira, eta bai, entzun izan dut mediku akatsez, jakina, baina mediku batek kale egiteak ez dio sasimediku bati arrazoi gehiago ematen. Eta lehenik mediku hark kale egin duela demostratu beharko da, eta hori ez du sasimediku batek egingo, ez liokete entzun ere egingo, zergatik guk egin behar diogu kasu halakori?
Borja, alda ditzagun eztabaidaren terminoak. Hauxe da esan nahi dudana: gai honetan eta besteetan edozeinek hitz egin dezake. Eta bere sinesgarritasuna ez datza bere tituluetan, esaten duenaren logikan eta koherentzian baino. Gai honi buruz Lakarrak, Elexpuruk, Gorrotxategik eta guztiok esan dezakegu nahi dugun adina. Gauza okerrak esaten baditugu, aurki ikusiko da. Dialektikan, autoritarearen errekurtsoak ez dauka baliorik. Errekurtso hori normalean besterik ez daukazunean erabiltzen da. Zoritxarrez, Lakarraren eta Gorrotxategiren argudioak gailendurik daude, eta haien ustezko prestigio akademikoa geratzen zaie bakarrik. Noski, Elexpuru, Roslyn Frank eta besteak ez dira perfektuak nire ikuspuntutik. Baina hemen egia argitzeko aukera soila datu hotzetan datza. Ez tituluetan.
Parkatu, “gailendurik” ordez, gainditurik esan nahi nuen.
Baina, Hegoa, hau ez da dialektika kontua, hau ez datza inor konbentzitzean, ados? Denok esan dezakegu nahi duguna noski (baina ez nahasi adierazpen askatasun berdintzailea sinesgarritasun maila berbera izatearekin! ezagutzarako sarbideak unibertsala behar luke, baina erabakiak ezin dira “demokratikoak” izan, hori erabakirik hartu nahi bada, ze batzuetan badirudi nahikoa dela nork bere “pajeoa” botatzea, eta aurrera bolie!); hala ere, sinesgarritasuna tituluetan ez datzan bezala (nahiz eta nahiago dudan gaiarekiko “kontaktua” froga dezakeen inor), ez datza ere “logikan” edo “koherentzian” besterik gabe, baizik eta hizkuntzalaritza historiko-konparatu eta berreraikitzailearen oinarri teoriko, praktiko eta tipologikoetan (dagokigun gaiaz ari naiz, of course), inori guztiz “ilogikoak” edo “sinesgaitzak” iruditu arren handik ateratakoak.
Azalpenak modu ustez “desegokian” emateak ez dakar berekin gezurra esatea edo ondorioetan oker egotea, nahiz eta garrantzitsua den, ene ustez ere, ezagutza modu egokian transmititzea. Alabaina, esango nuke “logika” eta “koherentzia” kontzeptuak lausoegiak gerta daitezkeela, zuk darabiltzazun gisan behintzat: oso litekeena da aditu ez aritu ez den batek ez ulertzea (beharrik ere ez!) aritu eta aditu baten azalpenak, beste aritu eta aditu batentzat “logiko” eta “koherenteak” izan arren.
Autoritatearen errekurtsoa aipatzen duzu, baina hori ere ez dut nik erabili. Ez dut esan Lakarrak eta Gorrotxategik den-denean arrazoi dutenik, ezta hori haien “autoritate” mailagatik litzatekeenik. Nik, dakidantxoaz baliaturik, batzuen eta besteen “argudioak eta “frogak” irakurri eta ondorioak atera ditut. Areago, azken bi hitz horietan komillatxoak merezi dituztenak zuzen egon daitezke puntutxoren batean, baina, hartan ere, ez da haiek diotenarengatik, ez haiek dioten moduan, eta ez haiek nahi duten bezala zuzentzeko izango; txiripaz asmatu lezakete eta orduan ere ez lirateke konturatuko.
Kabenzotz, “epaiketa” hau herri-epaimahai batek ebatz dezan eskatzea, besterik ez zaigu falta… faborez ¬¬’
Eta gogoz ikusiko nituzke Elexpururen eta Roslynen “datu hotz” horiek, agian Filologia Falkultate Nazi-Masonikoko kideek baino kontaktu hobeak izango dituzte eta. Nik behintzat aitzineuskarazko datu gutxi daukat (zehazkiago, batere ez, definizioz), eta datu historikoak nahiko ongi ezagutzen ditudala esango nuke, nahikoa besteren ezjakintasunari antzemateko.
Bide batez, eta hau ez da broma, ba al du izen berezirik “zergatik ez?” argudioak? Ez baitzait oso dotorea iruditzen nik darabildan etiketa…
Bai, noski, edozeinek eman dezake iritzia gaiari buruz. Luis Silgo jakintsuak esana du, esate baterako, Aresti-Linschmann legea ez dela Refranes y Sentencias bilduman agertzen, ergatiboaren lehenengo agerraldiak XVI. mendeaz geroztikoak direla eta euskara oso poliki aldatzen den “hizkuntza horietakoa” dela; hori bai, ea egungo zein hiztun ikasigabek uler ditzakeen “Neurez ez dot, balinde banikezu” edo “Takok deroat dodana etxerean zejara” bezaakoak, XVI-XV. mendeetakoak izan arren.
Barkatu, aurreko mezua ez zen Anttoni zuzendua, Hegoari baizik.
Are gehiago, Borja: nik zalantzak ditut: ez ote zuen Elexpuruk Filosofia eta Letrak ikasi, eta gero Euskal Filologiako doktoretza bat egin? Tesia, bide batez, bere herriko eta herri inguruko lexikoi bat da; hots, lan etnografiko bat beste ezer baino gehiago.
Ondo! Behintzat lurperatu nahi zen gaia berriz ere mahai gainean da. Ea denon artean datazioak egitea lortzen dugun. Gezurra dirudi, 4 urteren buruan oraindik horrela egotea, bai misterioa! datazioak egin gabe. Epaileak lehenengo Guardia Zibileko arkeologoen eskuetan jarri zituen ostrakak, urte t’erdi beranduago beraiek ez zirela gai erantzun zuten arte. Gero nora eta Ertzaitzara bidali zituen. Eta hauek azkarrago erantzun zuten. 6 hilabete behar izan zituzten bakarrik beraiek ere, ez zirela gai erantzuteko. Harrigarria! Eskerrak Harris etortzeko prest agertu zaigun! Bestela Mortadelo eta Filemonen aukera ere hor izan zitekeen… 4 urte eta faltsuak diren frogarik ez! Gora gu eta gutarrak! Libra gaitzatela gure euskaldun fakultate, filologo eta aritu-aditu lagunengandik… lagun ez direnekin gu geu ere moldatuko gara eta!
http://www.youtube.com/watch?v=1Ppj-dY8Fo0
enorantzia zer den… Beste inon entzuten ote da “libra gaitzatela gure fakultate, filologo eta abarretatik” bezalakorik? Zerk itsutu du jendea? Zerk konbentzitu gure denon fakultatea elkarte nazi-masoniko-isilpeko baten antzekoa dela?
Zure bizia jarriko al zenuke medikuntza ikasi eta inoiz mediku izan ez den baten eskuetan? Ikasketak bukatu eta hogeitaka urte beranduago minbizia sendatzeko teknika berri batekin badator, aurretik aritutakoen ikerketa guztiak pikutara bidali nahian (argudio nagusia “zergatik ez?” dela), hark ebakuntza egitea onartuko al zenuke??
Eta ez, zorionez, kontu honetan ez dago bizitzarik arriskuan, gaitzerdi…
Badaude bizitza batzuk arriskuan, Borja. Lehenik, Eliseo Gil eta Idoya Filloyren bizitzak, eta bigarrenik hizkuntza baten ezaguera. Irudika ezazu une batean Lakarraren eta Gorrotxategiren txostenak oker daudela. Kasu horretan diagnostiko honi esker bi arkeologo errugabek euren lanak bidegabean galduko zituzketen eta bestalde euskarak bere iragana ezagutzeko iturri handi bat galduko zukeen. Beraz, hemen badaude ondorio larriak. Arazoa argitu behar da, dudarik gabe geratu arte.
Uste dut, uste, hemen egiari beldur haundixko diogula batzuk.
Gainerakoan, ezin da ulertu.
Normala da, Antton, batzuek egiari beldur handia izatea. Hainbeste murgildu dira ezagutzen ez zuten uretan…
Eta libra gaitzala euskara zaharraz aliritzira hitz egiten duten sasipoeta eta abeslari kaxkarrez ere bai.
Nik ere, maite haut!
Veleiako kontu honetan ni eszeptikoa naiz. Eszeptikoa hitz horren zentzu etimologikoan: “eskepsis” bat egiten dut, hau da, juizioaren etenaldi bat. Aditu ez garenok iritzi bat edukiko dugu, jakina, baina hori baino ez denez, iritzia, irudipena, hobe da batzuetan gordetzea. Ongi, hitz egin dezatela adituek. Unibertsitateko Filologia irakasleak ez dira kontu hauetan hitz egiteko eskubidea daukaten bakarrak, inondik inora, ez baitira egiaren inongo jabeak. Izan ere, zerbait irakurtzen dudanean, testuaren egilearean karguak eskuarki ez dit zirrara handirik eragiten. Baina, hala ere, komeni da aurkako muturrera ez jotzea, “cuartomileniokerian” jausiko ez bagara, behintzat. Kontu hauetaz aritu ahal izateko, Euskal Filologian litzenziatua / doktorea izatea ez da derrigorrezko baldintza, eta are gutxiago Filologia Fakultate bateko kide izatea. Bai, ordea, Mitxelenak nonbait idatzitakoa: aldi eta alde orotako euskara ondo ezagutzea. Arratsaldeak Erdi Aroko toponimo eta antroponimo zerrenda amaigabeak arakatzen xahutzea ez da eginkizun xamurra, Lazarragaren artzain-nobelatxoa edo Leizarragaren Testamentu Berria ez dira hondartzara eramateko moduko irakurgaiak, Azkarate eta Altunaren “Euskal morfologiaren historia” loezinaren aurka belar bedeinkatua baino eraginkorragoa suerta liteke, baina tira… Bide batez esanda, Mitxelena aipaturik, ez letorke gaizki haren ibilbidea gogora ekartzea. Oker ez banago, kontablea zen, ez zeukan batxilergoa ere gazterik hasi behar izan zuelako lanean, baina espetxealdiaz baliatu zen modu arras autodidaktikoan ikasteko. Umorea behar zen, gero, filologia eta latina ikasteari ekiteko Burgosko penalean eta hiltzera kondetatuta egonik. Hortaz, orainartekoan Euskal Filologiak metatutako jakinduria errekara botatzeak ez dakit zein onura ekar lezakeen kontuok argitze aldera. Laburdilduz, Erdi Aroko esalditxo famatua: “Quod natura non dat, Salamanca non praestat”, naturak eman ez dizuna, Salamancak ez dizu eskura jarriko. Baina hori bezain egia da “Salamanca”k -edo Gasteizko Campusak- ez dizula kalterik egingo.
Agian ondo legoke honako hau zehaztea: zer “frogatzen” dute ostrakek. Zer, egiazkoak balira. Zer, faltsuak balira. Haiek gabe ere, Arabaren euskaltasuna ondo dokumentatua dago X. eta XI. mendeetatik aurrera, hau da, idatzizko agiriak dauzkagunetik. Eta esan behar da XVIII. mendera arte Arabako Lautada eta beste eskualde arabar asko Bortziriak, Goierri edota Arratia bezain euskaldunak izan direla. Koldo Zuazo batek iradoki du zer nolako garrantzia izan zezakeen Araba euskaldun horrek mendebaldeko euskara -“bizkaiera” esaten diogun hori- egituratzeko. Bestalde, ez da egia ostraka horiek, egiazkoak izatera, euskararen lehen testigantzak izango direnik. “Euskal-akitaniar” inskripzioetan ere pertsona eta jainko-izen andana dugu, euskararekin aise lotuak izan direnak. Jakina denez, gehienak Euskal Herri historikotik kanpo azaldu dira, Akitaniako lurretan, baina “Hegoaldean” ere ez dira falta, baita Araban bertan ere. Idazkunok latinez daude, noski, baina horrexegatik, hain zuzen, ederki erakusten digute zer-nolako zailtasunak aurki zezakeen euskal hitzak transkribatzeko latinez idazten trebatutako batek. Bide batez esanda, inskripzio horien eta Valeiako ostraken idazketa moldeak oso ezberdinak dira. Beraz, nik ez dut uste “egia lurperatzeko” inongo konspiraziorik dagoenik. Egiazkoak izatera, Veleiako hiritxoan euskaraz egiten zela jakingo genuke, baina horrek ez luke inor harritu behar. XI. mendekoa den “Reja de San Millán” delakoak, besteak beste, garai hartan euskarak Araban zeukan zabalkundea erakusten digu, gero Lazarragaren eskuizkribuari eta beste testigantza batzuei esker Arabako euskara hori nolakoa zen dakigu, eta nik dakidala inor ez da saiatu horiek lurperatzen. Harrigarriagoa izango litzateke jakitea orain mila ta zazpiehun urte txineraz egiten zutela Veleian edo Pompaelon.
Dena dela, eskerrak egia den Borjak goian dioena. Ostraka hauek ez diote inori bizia salbatuko, ez galaraziko…
Holako “kontu txiki” baten horrenbeste zailtasun badago gauzak argitzeko, zer ez da gertatuko kontu haundietan. Behin lagun batek izkutatze lanetan “La Casa Real” egon zitekeela esan zidan. Nik Marlow detektibea nuen gustoko gaztetan, ez arkeologia, ezta euskal filologia ere. Iruña-Veleia argitutakoan lasaiago biziko naiz, mundu zintzoagoan.
Kaixo denoi,
Hainbat iritzi entzunda kontu txiki batzuk:
a) Borjari: hondakin arkeologiko baten adinari buruz ari garenez, kontu honetan, eta Henrike Knörr gogoratuz, lehendabizi arkeometrek hitz egin behar dute, eta historialari edo hizkuntzalariek gero ezinbestean. Hau ez da errespetatu eta horregatik daramagu gai honi 4 urte bueltaka eta jarraituko dugu horrela datazioak egin arte. Izan ere, arkeometrak dira, Borja, behin eta berriz aipatu dituzun unibertsitate ikasketak eta dagokien esperientzia dutenak… arkeometrian, hauxe baita gai honetan inplikatuta dagoen lehenengo zientzia. Nola onartu diegu filologo batzuei “ostrakak ez dira datatu behar hizkuntzalaritzatik faltsuak direla argi ikusten delako”? (hitzak ez daude hitzez hitz jasota baina ideia hau 4 urtez errepikatu digute).
b) Adituen Batzordeko kide guztiek, hasiera-hasieratik, zekiten (dakizue) ostraka hauek benetakoak direla. Hau jakiteko askotan entzuten dugun esaldi famatu bat aplikatu baino ez da egin behar: “Egizu apaizek egiten dutena, ez esaten dutena”. Ikerketa batzorde bat, ikerketa egiteko, zientziak eskaintzen dituen baliabide guztiez baliatu behar da, bere lana ondo egiteko. Eliseo Gil “faltsutzailea” izan balitz, eskatuko zituen berak 100 grafito polemikoenak eta kata kontrolatuak egitea? Inondik inora. Eta Batzordeari eskatu, erregutu zion horiek egitea eta Batzordeak uko egin zion. Batzordekoek faltsuak zirela uste izan bazuten berehala onartuko zioten Eliseori bere eskaera, faltsukeria frogatzeko eta gaia betiko ixteko. Horiek ukatzean, buruan zer zuten argi eta garbi geratu zen.
c) Menditarrari: Borjaren hitzak ontzat ematen dituzu: “ostraka hauek ez diote inori bizia salbatuko”. Momentuz 15 arkeologo kaleratu dituzte inolako arrazoirik gabe, horietako asko betirako ezin izango dutelarik haiek dakiten gauza bakarrean lan egin (arkeologia lanetan) zu tartean egon izan bazina bestela pentsatuko zenuke, noski. Horren aurrean Julio Nuñezek eta EHUko beste batzuek 1.500.000 euro kobratu dute haien “lanagatik”, inoiz arkeologia lan batean egon den xahuketarik handiena. Bitartean, hondeamakinez sektore oso bat suntsitu dute. Menditarra, ez al zaizu axola gure ondarea? Bitartean EHUn hor jarraitzen dute batzuek euren euskararen teoriak -grafitoengatik erabat oker daudela ikusi ondoren- ikasle gizajoei irakasten…
d) Gai hau, prenestina, Nebra, Galesko itsasontzia… eta gai guzti horiek bezala argituko dugu askoren ahaleginari esker (Epailea inor baino zuzenago ari da jokatzen gai honetan), eta leku guztietatik datozen oztopoak gaindituz.
Azaroaren 24ko Iruña-Veleiari buruzko I. Nazioarteko Biltzar honetan, zientziak eskaintzen digun leihoari begira egongo gara, gai hau argituko dugun eguna gero eta hurbilago dagoela uste dugulako. 24an indusketa baten auditoria nola egiten den, kata kontrolatuak zer diren eta zertarako balio duten, datazioak arkeometriaren bizkar hezurra direla eta nola lagundu ahal diguten gai hau argitzen… ikusi eta aztertuko ditugu zeren eta, batzuek lau urte hauetan enteratu nahi ez badute ere, gai hau arkeologiak eta arkeometriak argituko digute eta, Knörrek zioen bezala, geroko utzi behar dira bestelako eztabaida guztiak.
EuskararenJatorria: Nire hitzak gaizki ulertu dituzu. Mediku baten erroreak lagun bat hil dezake gibela baretzat joz gero, eta ingeniari batenak askoz gehiago, kalkuluak gaizki egin eta zubi bat eraisten baldin bada. Horixe baino ez nuen esan nahi, ondarearekin eta kaleratutako edozein langilerekin eduki nezakeen sentsibilitatea -edo sentsibilitate eza- gorabehera.
Barkatu Menditarra txarto ulertzeagatik
Euskararenjatorriari (bide batez, ea noiz demontre aurkitzen duzuen jatorri hori, dagoeneko 7 biltzar joan zaizkizue eta): arkeologoek lehenengo jardun behar dutela Lakarrari berari irakurri nion nik neuk (hemen: http://www.diariovasco.com/prensa/20061120/cultura/veleia-arqueologos-primero_20061120.html). Ez saiatu inor nahasten: arkeologoek egin zuten beren lana, atera zituzten piezak, garbitu zituzten piezak eta datatu zituzten piezak: III. mendetik VI. mendera bitartekoak zirela esan zuten. Hizkuntzaz, ordea, hizkuntzalaritzak hitz egiten du, eta, bide batez, hizkuntzalaritza historikoak ere datatu egiten du.
Kaixo Eneko,
Arkeologoek oraindik ez dute haien lana egin:
a) Ez dutelako kata kontrolatu bat ere egin ea zenbait gehiago agertzen den
b) Ez dutelako 100 pieza aztertu ea datatu daitezkeen. Batzuk oso garbi daude baina beste askok ez (begiratu goiko kartelean bertan): karbonato kaltzikoak letrak estalita dituztenak, ke aztarnak dituztenak, egosi aurretik idatzitako adreiluak, letren ebakiduretan sedimenduak dituztenak… Laborategi batek esango digu zeintzuk datatu daitezkeen eta zeintzuk ez, ez zuk edo guk. Baina ez dira eraman laborategi batera eraman Batzordeak ukatu zelako, hau da, Lakarra, Gorrotxategi eta Batzordeko gainerakoek, bat eginda, uko egin ziotelako Eliseo Gili eta Perringi eskatutakoa egitea
c)Ez dutelako lanaren auditoria egin.
Beraz, arkeologoek dute hitza
Ba beren lana egin gabe badago, are txarrago, aztertu gabeko kontu bati publizitatea behar baino arinago emateagatik. Bide batez: uste dut arkeologoak oro har aipatzen dituzuenean, ez dituzuela aintzat hartzen hondeatze-lanak utzi zituzten arkeologoak, antza denez metodologia, gertakizun eta agertze bitxi-harrigarriekin hain pozik ez zeudenak.
Datazioak, eta kitto!
Erabat ados zurekin! Hauxe da ene ustea. Zorionez, datazio hauek heltzear daude.
Datazioak eginda daude. NEFERTITI eta ETXE idazkunak nahiko dira testuak datatzeko.
Eneko eta konpainia, ez da egia ezjakintasuna batzuetan abantaila denik: nik, ezjakina izanda ere, ez dut batere ulertzen esan nahi duzu(e)na. Hain gurea dugun kriptikotasun horrek askotan jartzen nau ulertzen ez dudan txiste baten aurrean bezala. Zer esan nahi duzu(e) zehazki? Ezohiko ostraketan NEFERTITITI eta ETXE hitzak agertzen direlako, ez dagoela beste zer esanik? Orduan zer egin behar dugu bustin edo hezur freskotan grabatutako idazkunekin, idazkunen gainean pilatutako karbonatoekin…?
Egia da nik ez dakidala ezer, eta batzuetan iruditzen zaidala faltsuak direla eta bestetan auskalo… Baina ez dut uste zure (zuon) kriptikotasunak asko lagunzten duenik.
Zergatik ez egin arkeometriak? Zergatik ez egin indusketa berri kontrolatuak inguruetan? Edo auskalo zer, baina ez ezazu(e)la dena hain motz laburtu, nahiz eta jakin biderik motzena izaten dela inora ez iristeko orduan laburrena.
(Gora Porky askatuta!)
Lehenengo eta behin, frogatu egin beharko litzateke buztina egosi aurretik grabatu zela idazkuna bertan. Azaldu egin beharko da, bestalde, zergatik idazkunen trazek hausten duten karbonato-geruza hori gehienetan. NEFERTITI eta ETXE: oso azalpen erreza. “NEFERTITI” izena horrela XIX. mendeaz geroztik idazten da, eta euskaraz zuk zeuk esan ahal izango didazu noizdanik idazten den .
Barkatu: “eta euskaraz zuk zeuk esan ahal izango didazu noizdanik idazten den “TX” (eta ez CH)”.
Eneko: Nefertiti XIX. mendetik aurrera idazten da, egiptologoen biltzar batean, urtetan eztabaidatu ondoren, oinarri baten gainean, hori izango zela pentsatu zutelako. Hau da, ez zituzten bokalak zozketaz aukeratu, ez!
Beraz, datazioak egiten direnean egiazkoa dela frogatzen bada, esan nahi izango luke egiptologo horiek asmatu zutela. Tristeena hauxe da: hezur hori Egipton, Italian, Grezian, Espainian… hau da, edozein lekutan agertu izan balitz zera esango zutela: “Hara, asmatu zuten, Nefertiti zen izena”, baina Euskal Herrian aurkitu denez… Egia esan,zoritxarrez, jende askok uste du Euskal Herriak Europako historian izan duen zeregina hutsaren hurrengoa izan dela, alegia, liburuetan irakasten dena (Erroma gora eta gora… eta besteak ahaztu, orain bi milako mapetan agertu ere ez gara egiten nahiz eta… iraun duen herri bakarra gu izan!).
b) Eztabaida antzua: erabat ados gaude zurekin. Ez gaitezen, Italian bezala, 60 urte pasa idazkun batzuei buruz hitz egiten alferrik, nahikoa izan da 4 urte hauetan interneten egon diren ehunka eztabaida!
Datazioak, katak eta auditoria eta kitto!
Eskerrik asko, Euskararenjatorria, baina testua zuek zeuok datatu duzue “Nefertiti XIX. mendetik aurrera idazten da” esatean. Azalpenaren beste erdia falta zaizue, ordea: “Nefertiti XIX. mendetik aurrera idazten da, mende horretan ebazten delako “nfr.u itn, nfrt.y.ty” bezalakoak (antzina idatziz erabiltzen ziren formak) hala irakurri behar direla; hots, baditugu antzinateko formak (nfr.u itn, nfrt.y.ty), eta badugu XIX. mendeaz geroztik forma horiek irakurtzeko erabilitako konbentzioa (Veleian ere ageri dena: Nefertiti).
Euskal Herriaz, euskararen autentikotasunaz, Euskal Herriarren berezitasun unibertsal paregabeaz eta abarrez ez dut ezer esango. Bide batez, eztabaida hau ere dexente luzatu da (zait), eta gero eta zailagoa da niretzat mezu guztiak jarraitzea eta nori/non erantzuten diodan gogoratzea, beraz, hemen utziko dut kontua.
Eliseo Gil lasai egon daiteke Enekorenak bezelako argudioekin. Nefertiti ez da XIX. mendeko “asmakizun” bat. Irakurri bestela Ulrike Fritz egiptologoaren txostena: http://www.sos-irunaveleia.org/fritz
Eta ikusi ostraken argazkiak. Batek NIIPIIRTITI, NIIPIIRTARI, HAMSIIS ipintzen du:
http://www.sos-irunaveleia.org/ostracabase:12391
Besteak NIIFIIRTITI. http://www.sos-irunaveleia.org/ostracabase:12392
Eta ETXE ez dakit non ipintzen duen. ET XII irakurtzen dute arkeologoek. http://www.sos-irunaveleia.org/ostracabase:15923
TX agertuko balitz ere, ez litzateke ezeren froga izango. TS hainbat aldiz agertzen da garai hartako inskripzioetan: HERAUSCORRITSEHE Zuberoan, edo SELATSE eta ITSACURRINE Nafarroan, esaterako.
Egon dadila lasai, nire asmoa ez baita inor larritzea. Bide batez, a) edo ondo irakurri besteek idatzitakoa, edo b) ez saiatu besteek esandakoa nahieran irakurtzen: nik ez dut esan Nefertiti XIX. mendeko asmakizun bat denik, ezpada NEFERTITI izena, hizki horiekin guztiekin, XIX. mendeaz geroztik idazten dela (egipt.: nfr.u itn, nfrt.y.ty).
ET XII irakurtzen omen dute, bestalde, arkeologoek. Tira, irekizazu zuk zeuk emandako esteka, eta esango didazu nondik demontre atera duten/duzun/duzuen Taren eta Xaren arteko “tarte bikoitz” hori (eta, bide batez, azaldu tarte zuri hori komenentziaz asmatzen bada, zergatik ez ote den asmatzen IITXII horren gaineko AMAn, emearen eta azken aren artean.
pd.: ez dut hasi beharko TSren eta TXren ahoskeren arteko ezberdintasunak azaltzen, ezta?
Jarrai dezala orgi honek!
http://euskararenjatorria.net/?p=5789
xDDD
Euskeraren zahartzaroa Arkeologiak azal dezaken dezaken ber-berea da. Beraz Arkeologiak aitor dezake euskeraren alde.
Euskararen zahartzaroa handia da benetan eta Arkeologiak bakarrik data dezake haren zahartzaroa. Itzi arkeologoei hitz egiten.