Artur Mas busti egin da: “Katalunia Europar Batasuneko estatu berria izatea nahi duzu?”

Itun fiskalaren enbidoa hordago bihurtu du Artur Masek. Atzera bueltarik ez duen prozesua abiatu du Kataluniako Generalitateak. Zalantzak uxatu ditu Masek, eta hautsak harrotu. Kataluniaren independentzia da apustua. Katalunian, Euskal Herrian eta Espainian sinesgaitz zeudenei duda-mudatan ibiltzeko tarte txikia utzi die Artur Masek. Xabier Usabiagaren EAEko hauteskunde kronika bizia ikusten genuen bitartean, La Sexta telebista kateko Salvados programak audimetroen markak hautsi zituen: 2.894.000 ikus-entzule eta Katalunian %23,7ko sharea. Artur Mas: ¿un viaje sin retorno? saioak (Artur Mas: itzulerarik gabeko bidaia?) ez zuen inor hotz utzi; #elviajedeMas lekuko.

evole mas

¿Quiere usted que Cataluña sea un nuevo estado de la Unión Europea? (Katalunia Europar Batasuneko estatu berria izatea nahi duzu?). Hori da, hitzez hitz, Artur Mas presidenteak datorren legegintzaldian printzerrian bizi diren kataluniarrei egin nahi dien itauna (La Vanguardia, urriaren 12ko elkarrizketa). SNPko Alex Salmondek 2014 urtean galdetu asmo duen galdera bezain argia da Masena. Bigarren irakurketak eta asmo ezkutuak soberan daude. Azaroaren 25ean egingo diren hauteskundeetako programan CiUk idatzita ekarriko du galdeketa proposamena. Nahi hori gauzatu dadin, garatze bidean den Kataluniako galdeketa legea onartu behar du lehenbiziko parlamentuan. “Egingo dut”, hitz eman du Artur Masek; inkesta guztien arabera gehiengo absolutik hurbil izango da. Hala ez balitz, ERC, SI edo CUPen babesa izango du legebiltzarrean, eta, hortik kanpo, Diada independentista erraldoia antolatu zuen Assemblea Nacional Catalana.

Generalitateko presidenteak Mariano Raxoi Espainiako lehen ministroari eskakizuna luzatu zion Salvados saioan, “Erresuma Batuak bezala joka dezala”. Argudiatu du Espainiak ez diela independentzia galdeketa beste biderik utzi, 30 urtean ez dela harreman egokirik sortzeko aukerarik izan. Ordua dela. Jordi Evolek Masi independentzia hitza saihesteko duen joerari buruz galdetuta bi arrazoi eman zizkion. Batetik, independentziak “haustura” konnotazioa duela, eta, bestetik, independentzia zaharkituta gelditu dela Europako Batasunaren eszenatokian.

Deja vu sentsazioa duzu? Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ere galdeketa bat egitea proposatu zuen 2008 urtean. Begi bistakoa da, galdera iluna eta korapilotsua zen Masek proposatu duenaren aldean. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen, eta 2008ko urriaren 25ean, Ibarretxeren hitzak hitz, ez zen boto kutxarik izan Araban, Bizkain edo Gipuzkoan. Horren ordez, Hitza hitz lelopean aldarrikatu zuten Eusko Jaurlaritzako alderdi politikoek inoiz egin ez zen galdeketa hura. Kataluniak Euskal Herrira begiratu zuen 2008an, orain, paperak alderantzizkotu egin dira. Lehengaiak berdinak ote? Emaitza berbera ote? Horra hor gakoa.

 

 

artur mas, independentzia, Katalunia, salvados
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Artur Mas busti egin da: “Katalunia Europar Batasuneko estatu berria izatea nahi duzu?””-ri buruz

  • Amonamantangorri 2012-10-26 04:30

    “Retallada” latzak egin, ospitalak itxi, eta alderdiko makina bat lagun ustelkeria kasuetan kakaztuta edukita, CIU gehiengo absolutua eskuratzekotan dago.

  • Ez dut uste CiU Katalunia Europar Batasuneko estatu berri aldarrikatzera iritsiko denik. Nire ustez kontzertu ekonomiko edo antzeko itunak lortzea dute helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude