‘Nire Argazkia’ filme dokumentalaren estreinaldia

Nire Argazkia filme dokumentalaren estreinaldia

Nire Argazkia filme dokumentala aurkeztu dugu Bilboko Kafe Antzokian.

NIRE ARGAZKIA filme dokumentaleko une bat

NIRE ARGAZKIA filme dokumentaleko une bat

Benjamin Duinat eta Jokin Etcheverria sortzaile lapurtarren azken proiektua da, Euskal Herrian barrena bidaiatzeko gertu dagoena. Argazkiak aitzakia hartuta euskalki ezberdinetan berba egin arazi diegu Lekeitio, Donapaleu eta Azpeitiko ahaideei. Oroitzapenak gogora ekarritako istorio bitxienak entzuteko aukera izango dugu bertan.

Euskalki ezberdinek  bete dituzte filmaren 52 minutuak eta denbora tarte horretan belaunaldiz-belaunaldi gure hizkuntzak izan dituen aldaketak eta moldaketak igarri eta honi buruz hausnartu dugu.

‘Nire Argazkia’ filme dokumentalaren estreinaldia

Jokin Etcheverria (filmeko bi sortzaileetakoa eta zuzendaria)
“Chiloé ikusentzunezko Burp saioan buru-belarri aritu ondotik, nire sustraietara itzultzeko gogoa izan dut. Nire lagunarekin, Benjamin Duinat, euskalkiak ikertzeko asmoz familia batzuen intimitatean sartu gara. Gure ikuspuntua ez da inoiz sentsasionalista izan. Beti euskara bere osotasunean erakutsi nahi izan dugu, oroitzapenez baliatuz. Proiektu berri honi esker, gure hizkuntzak zenbat posibilitate eskaintzen dizkigun ohartu naiz, bai irudi mailan bai narrazioaren aldetik. Lan honek asko poztu nau, zerbait desberdina eta erabilgarria ekartzen baitio euskarari”.

Benjamin Duinat (filmeko bi sortzaileetakoa eta gidoilaria)

“Nire argazkia-ren zergatia, mamia, hastapena, bukaera, erran nahi baita den-dena, jendea da eta jendea baizik ez da izaten ahal. Lan ahal bezain ona gauzatzeko, ezaugarri intimistak adierazi eta azpimarratu nahi izan ditugu. Egitasmoa jendea eta gure mintzaira hertsiki eta hobeki ezagutzeko egina da: biak batean joaten baitira, ezin bereizizko bikotea osatuz. Biziki gustokoa dut harritzea eta jendeak horretarako parada eman didanez, lan honetan karraskan segitzeko izigarriko gogoa dut. Pertsona gisa, esperientzia hau biziki baliagarri eta aberasgarri izan dut. Bederen, jendeak, Nire argazkia behatuz, egunerokotasunean euskararekin duen harremanaz gogoetatzea erdiesten badugu, zinez arras kontent izanen naiz. Gehiago bada, loriatua izanen naiz”.

Germán Rubio (Edizioa)
“Nire argazkia-ren edizioa eginez, filmatutako jendearen oroitzapenak bizi izan ditut. Eta horrek pertsona horien bizitza zein iraganaren parte sentiarazi nau. Ea berriro gure argazkirik garrantzitsuenak paperean inprimatzen ditugun”

Karlos Gómez (Argazkia)
“Nire argazkia filmeko irudia era fresko eta naturalera planteatuta dago, ahal eta ondoen giroa eta momentua errespetatuz. Kamara urduri eta aske dago Benito-ren (Benjamin Duinat) kuriositatea jarraituz. Oso ondo pasatu dut egitasmo honetan eta espero dut ikustera datorrenak ere ederto pasatuko duela”.

Nire Argazkia filme dokumentalaren estreinaldia