Iparraldeko inaute bideak
Iparraldeko inaute bideak –
Inautea edo inotea besta edo errito zaharra da Euskal Herrian, eta baita Europa osoan ere. Ziur aski Neolitoan (K.a.5000) sortua, Europa populatzen zuen herri zaharra ehiztari eta fruitu-biltzaile izatetik laborari eta artzain izatera pasatu zenean. Neolitoan, eta beti laborantzaren beharrei begira, lehen herrixka finkoak sortu ziren, eta zibilizazioa ibiltaria izatetik finkoa izatera pasatu zen. Orduz geroztik, den-dena bizi-iturria zuten laborantzari begira antolatu zuten, baita egutegi bera ere. Horrela, urteari edo eurien zikloari begira (ur + te) gizarte laborariaren ezaugarriak eta beharrak islatu zituzten (uztaila, garagarrila, garila, agorra, iraila, hazila, lotazila… eta abar). Iduriz, lehen egutegiak ilargiarrak izan ziren eta emeki-emeki eguzkiarrak izatera pasatu ziren.
Urtea bi zati handitan banatu zuten: uda eta negua, eta solstizioak eta ekinokzioak kontuan harturik, gerora, lau sasoi edo urtaro eratu zituzten. Urtearen bukaeran, eguzki zaharra hiltzen zela sinesten zuten, eta Eguberri (Eguzki berri) egunean eguzki berria jaiotzen zela pentsatzen zuten, hortik datorkio aipatu egunari gaur egun oraindik erabiltzen dugun izen zaharra. Hortik aitzina negua zen, aro hotz, hits eta iluna, uztarik gabea. Ama-lurra lotan zen, leize-zuloetan ezagutu genuen hartz miresgarria bezala, hau ere neguloan edo hibernazioan sartzen baita aro honetan. Negua pasatu beharra zegoen, eta ahal bazen udaberriari edo bedatseari deitu, lehenbailehen piztu zedin. Horixe da negua edo hartzaroa.
Horretarako bazituzten erritualak: soinu eta burrunba egitea ama-lurraren golkoan lotan zen eguzkia iratzar eta itzul zedin, joareak, adarrak, makilez lurra kolpatzea zenbait erritmori jarraituz, kantuak, dantzak, hitz-jokoak… Gure aztiek edo xamanek erritual horiek zuzentzen zituzten eta gainerako herritarrek parte hartzen zuten aipatutako erritoak eginez. Azkenean, hartza iratzartzen zen, eta berarekin batera ama-lurra, eguzkia eta gizarte laborari antolatua. Hori zen udaberriaren etorrera, eguzkiaren garaipena. Ikusi dugun bezala, negua erritoz betetako aroa zen, aro magikoa nolabait, eta erritualdi luze horri gure arbasoek inote edo inaute deitu zioten. Izen honek baditu aldaera gehiago: inote, inaute, ihote, ihaute, iyote, iyaute… eta baita gerora, giristinoen garaietan, sortu zuten inauteri edo ihauteri ospetsu hori ere.
Julio Caro Baroja etnografo eta ikertzaile handiaren aburuz, inote/inaute hitzean badira bi osagai: ina edo inau alde batetik eta denbora adierazteko euskaldunok erabiltzen dugun -te atzizkia bestaldetik. Eta zer da ina edo inau? Hortxe dago koska! Caro Barojaren ustez hitz zaharra izan liteke, gurera iritsi ez dena, eta besta errituala edo horrelako zerbait erran nahik zuena. Beraz, haren ustez, inote edo inaute jai erritualaren denbora izanen litzateke. Nork daki!
Modu batean edo bestean, gauza da inautea neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan aroko erritualdi luzea dela, eta euskaldunok gure geografia osoan barna urtez urte errepikatzen eta ospatzen dugula.
Errito hauetan bi mundu ikus ditzakegu aurrez aurre: gizarte laborari antolatua alde batetik eta gizartetik kanpo bizi diren giza-talde ziztrin eta ilunak bestetik. Eta hori garbi ikus dezakegu Euskal Herriko bazter guzti-guztietan. Iparraldera etorriz, hiru inaute mota ezberdin aurki ditzakegu: lehena Lapurdiko ihautea, bigarrena Nafarroa Behereko libertimenduak eta hirugarrena, Xiberoko maskaradak. Hiru inaute mota hauek ez daude lurraldearekin lotuak, euskalkiak markatzen duen populazioarekin baizik.
Lapurtar ihautean edo ihauterian, bertan erraiten duten bezala, badira pertsonaia koloretsu eta eder ainitz (kaskarotak, zirtzilak, kotilunak, hartza, ponpierrak, andere zuriak…), baina den-denak bi talde handitan sar daitezke: kaskarotak (gizarte antolatua) eta zirtzilak (bazterreko talde ilunak). Beraien arteko borrokan oinarrituriko erritualetatik sortzen da aipatu ihauteria. Lehen egun batez kaskarotak eta zirtzilak ateratzen dira etxez etxe eta karrikaz karrika. Neguaren nagusitasuna antzezten dute. Eta bigarren egun batez, astebete edo bi aste berantago, berriz ateratzen dira herriko karrikak eta plazak hartuz, eta bertan neguko gaitz guztiak islatzen dituen Zanpantzar izeneko pertsonaiari su emanez. Gizarte antolatuaren garaipena da, neguaren agurra eta udaberriaren etorrera hurbila.
Baxenafarroan ere, bertako pertsonaiak (bolantak, zirtzilak, ziganteak, zapurrak, zaldizkoak, andere xuriak, banderariak…) bi egunetan ateratzen dira karrikaz karrika. Pertsonaia horiek guztiak bi talde zabaletan sar daitezke: bolantak eta mundu antolatua alde batetik, eta zirtzilak edo bazterreko talde ilunak bestetik. Lehenak udaberriari deika aritzen dira, bigarrenak, berriz, neguaren irautea bilatzen dute. Lehenik, Santibate izeneko egunetan ateratzen dira, eta egun horietan neguko indarrak dira garaile. Eta bigarrenez, bi aste berantago-edo, ateratzen dira. Honi libertimendua (libertimendüa, ahoskatzen da) deitzen diote, eta zenbait erritoren ondoren, dantzak, kantuak, antzezpenak, gizarte kritikak, eta neguko eta udaberriko indarren arteko talka, udaberriko indarrak nagusitzen dira. Neguaren gibelatzea da, udaberriaren etorrera hurbila eta gizarte antolatuaren garaipena.
Xiberoan ere, antzeko zerbait egiten dute. Herri batek hartzen du urtero maskaraden antolamendua eta asteburuz asteburu, negu osoan barna, udaberria iritsi arte, Xiberoko herri zenbaitetan errituala gauzatzen dute. Aurten Pagola da erritualaren antolamendua bere gain hartu duen herria.
Xiberoko maskaran badira pertsonaia franko, arras ederrak denak: zamalzaina, entseinaria, gatüzaina, kantiniersa, marexalak, kaütherak, bühameak, herriko jauna, herriko anderea, xorrotxak…; baina den-denak bi talde handitan sartzen dira: alde batetik aitzindariak (gizarte antolatuaren ordezkariak) eta bestaldetik beltzeria (kanpoko eta bazterreko jende basa eta zikinen ordezkariak). Laborantzarekin, artzaintzarekin, nekazaritzarekin…, hau da, Xiberoko bizimodu tradizionalarekin loturiko erritual ainitz ikus daitezke.
Maskarada erritual aberatsa eta konplexua da.
Goizez barrikada-hausteak izaten dira, neguak ezartzen dizkien oztopoak gainditu nahian, eta arratsaldeko saioan, berriz, bedatsearen (belar + hatsa) edo udaberriaren (uda etorri berria) garaipena erabatekoa da.
Hauxe da, inkontzienteki bada ere, euskaldunok gure zazpi lurraldeetan urtero errepikatzen eta egiten duguna. Negua uxatu eta udaberriari deitu. Neolitoan sortu ziren lehen gizarte finko, laborari eta antolatuen oihartzuna da gure inautean urte oroz gogoratzen duguna. Jarrai dezagun luzaz horrela egiten, gure erroen mezua belaunaldi berriei helarazten, eta hemen Herri bat dagoela oroitarazten. Erritual horiek zentzua izanen dute euskaldunak garen bitartean, hau da, euskaraz bizi den Herri baten partaideak garen anartean. Euskara galtzen badugu galduko dugu dena, baita gure nortasuna ere, eta aitzinetik datozkigun errito zahar horiek guztiak folklore hutsa izanen dira. Eutsi diezaiogun gure mintzairari, gure egiazko ama ederra den euskara zoragarriari! Eutsi, iraun eta irabazi!