[Zine kritika] In Fabric

In Fabric –

Zuzendaria: Peter Strickland

Urtea: 2018

Herrialdea: Erresuma Batua

In Fabric

Pantaila pizten da, bertan iragarki koloretsu eta histrionikoa ikusten dugu, zaharkitua, kalitate eskasekoa, zarataz betea. Koloreak nahasten dira, saturatuegiak daude, hertzioak marratu egiten dute monitorea, frekuentzia zoroan balego bezala. Guzti honen atzean sorgindutako akelarrea antzeman dezakegu, aztikerietan, gu sorgindu nahian, merkataritza industria zoroaren infernuzko zurrunbiloan, eta halako batean beldurgarria den zerbaiten susmoa hartuko diogu, zalantza, errezeloa.

Guztiz surrealista den zinta dugu esku artean, horretaz aski ondo arduratuko da zuzendaria, etengabean, filma serioski hartzen hasiko garen unean zaplazteko batez esnatzeko prest. Estetika retro nabarmena dauka Stricklanden zinema motak, beldurrezko generoaren mugetan beti, mugatik haratago esango nuke, zehatzagoa izateko. Zinema Giallo italiarra gogora dakarren estiloa darabil zuzendariak, kolore oinarrizko bortitz eta itogarriak izango ditugu aldiro pantailan, plano itxi eta latzak ere, nahasgarriak direnak askotan, arnasari ezin eutsiko diogularik.

Baina esan bezala zuzendariaren asmoa ez da ohiko beldurrezko generoa lantzea, ez gaitu beldurtu nahi, liluratu baizik, hipnosia erabiliz, aztikeriak, birprogramapen neurologikoa, tarota, numerologia. Filmak jolas eta esperimentazioaren bidea jarraitzen du, hibrido bat da, eta honek nolabaiteko ezin egona sorraraziko dio ikusle ez trebatuari, lanak izango dituelako zer ikusten ari den ulertzeko.

In Fabric artefaktu pop, bortitz eta naïfa da, gordina, lotsagabe eta ustekabekoa. Bertan, gizarte garaikidean bizi dugun moda, kontsumoa eta estetikaren tiraniaren parodia irudikatuko zaigu. Hasiera batean beldurrezko generoa hartzen badu ere abiapuntu bezala, generoaren auto-parodia etengabea jorratuko du, bere buruari aldiro iseka egingo balio bezala. Kiribil eroen bitartez surrealismo egoeretara eramango gaitu, etengabean, sorgindu nahi bagintu bezala, nahastu, gure borondateaz jabetu.

Argi dago Peter Stricklanden zinema ez dela ikusle guztien gustukoa izango, ez baitagoelako publiko guztietarako diseinatua. Nabarmena da zuzendariak zinema egiterakoan gozatzen duela, dibertitu, ondo pasa, eta hau da zintaren gakoa, filma bera ez sobera serioski hartzea. Honekin ez dut esan nahi edukirik ez duenik, edo hutsik dagoela, zinta lisergiko honen helburua ondo pasatzea dela baizik, eta nola gainera, egoera harrigarrienak, muturrekoenak eta zoroenak ikusaraziko dizkigulako. Egoeren aurrean algarari eustea zaila egingo zaigulako, batzuetan auzo-lotsa dela, besteetan ulergaitza izango zaigulako ikusitakoa, egoera batzuk irri urdurira ere, sor dezaketela esatera ausartuko nintzateke.

Benetan bitxia beraz In Fabric maxina hau. Josteko makina eroaren emaitza ikustera ausartzen zaretenoi azken aholku bat: Kontuz beherapenetan erosten duzuenarekin, batzuetan merkea garesti atera daiteke eta.

.

In Fabric
66SSIFF, 66Zinemaldia, In Fabric, kritika, Peter Strickland, sail ofiziala, Zinemaldia2018

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude