Lotsariak agerian

Lotsariak agerian –

Iragan astean, oporretatik bueltan, Juan Ibarrondok Radio Vitorian irekitako eztabaida ildoarekin egin nuen topo. Gauzak zer diren, udaldian bizitako hainbat egoerek neu ere antzeko pentsamenduak eragin dizkidate eta ekarri nahi nituzke harek abiatutako debatera.

Lotsariak agerian

Bere gogoetan Ibarrondok Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuetan nudistentzako guneak egokitzeko aukera planteatzen zuen. Argudiatzen zuen bere proposamena Isaac Puenteren tradizio higienista oroituz. Maeztuko mediku anarkista biluztasunaren defendatzaile sutsua izan zen. Haren ustetan, larrugorritan bainatzea zein eguzkitan jartzea jarduera osasungarria zen, eta ez bakarrik ikuspuntu fisiko eta higieniko batetik, baita osasun moralarentzat ere. Osagile libertarioaren aburuz, biluzik agertzeak erlijioak urtetan zehar giza gorputzari eman dion pekatu-kutsua uxatzeko balio zuen, irakatsitako lotsa faltsuak indargabetzeko, eta geure gorpuzkera naturaltasunez onartzeko. Orduan, iragan mendeko hogeita hamargarren hamarkadan, bertsoak aterako zizkioten Puente jaunari bere abangoardiako teoria eta praktikengatik, baina izango zen jarraituko zituenik ere. Areago, 1934an, Ursulinas monjen eskolaren aurrean, pik-nik nudista bat antolatzeko ideia gauzatu zuenean.

Lotsariak agerianNeuk ere behin baino gehiagotan izan ditut presente uda honetan maeztuarraren balentriak. Batean, Gironako kostaldean. Garai batean, Ampurda eskualdeko lagun anarkista zahar batek Rosasetik iparralderako kostaldeko txokorik kuttunenak erakutsi zizkidan. Orduan, horietan guztietan lotsariak agerian etzan zintezkeen eguzkitan, normaltasun osoz. Handik urte batzuetara, baina, behinola nudistentzakoa zen kala lasai horietako batera bueltatu eta oihalez estalitako bainulariz beteta zegoen; eta lehen ez bezala, bertan akanpatzea debekatuta. Beste batean, Kantabrian, La Arena hondartzan, Ajo ibaia itsasoratzen den tokian. Bazter miresgarri horretan ere duela pare bat urtera arte, munduratu zintuzten bezala egon zintezkeen, patxada ederrean. Aurten, berriz, geu ginen popa bistan jartzera ausartu ziren bakarrak. Hainbesterainokoa zen gizarte oihal-zalearen presioa, bestelako hondartzetan bainujantzirik gabe ibili ohi den gure hiru urteko alabak ere erregutu zidan, auzo lotsaren auzo lotsaz, hankartea estaltzeko. Garai bateko eremu aske horretan ikasi du gajoak zer den milaka urtetako moral kristauaren jazarpena.

Guztiz bat nator Ibarrondok iradokitako promosamenarekin; areago; gonbidatuko nuke, aspaldi komunismo libertarioaren teorikoak egingo zukeen bezala, hitzetatik ekintzetara pasatzeko, teorietatik pik-niketara. Baina nago beste askatasun askotan bezala, moral askatasunean ere atzera egin dugula azken urteotan, Isaac Puente bera lotsagorritzeko adina.

Lotsariak agerian

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

Zer duzu buruan “Lotsariak agerian”-ri buruz

  • Uste dut azken mende honetan eguzkiaren onuren inguruko eztabaida pitin bat aurrera egin eta aldatu duela, baina zer jakingo dut nik, Ibarrondo irakurle eta hizlari teoriko batek holako hausnarketa egiten badu, ondo informatuta daogelako izango da, ezta?