Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua

Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua –

Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsuaKasualitatearen bitartez erori zen nire eskuetan Jesus Imirizalduk 1.578. urtean idatzitako Monjas y beatas embucadoras (Serora eta emazte sainduzale iruzurtiak) izeneko liburu bitxia. Bitxia eta xelebrea, bukatu arte esku artetik kentzen ez den horietakoa. Egilearen abizena ikusita badirudi euskalduna edo euskaldunen semea zela. Abizenak eta liburuak eman dizkidaten datuetatik kanpo ez dut egileari buruz zehazkizun gehiago atzeman. Baina garrantzitsuena liburua denez eta ez egilea, utz dezagun Imirizaldu jauna anekdotaren munduan ezkutaturik eta ekin diezaiogun liburuak aurkezten digun gaiari, merezi du-eta.

 

1.- Mistizismoaren gerizpean.

Denon gogoan daude Erdi Aroko mistizismoa eta mirari sinestezinak, katolizismoaren dogma hertsiak, beldurrean eta arrazonamendu ezan oinarrituriko sinestapen itsuak. Hura mundu beltz, ilun eta barrokoa zen, hitz bitxien eta mezu ezkutuen aro hitsa, sarrakioaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren garaipen ziztrina, zikinkeriaren, iluntasunaren eta narraskeriaren garai zoroa. Oroit dezagun su garbitzailean, superstizio erlijiosoetan eta muturreko mistizismoan erroturiko aro ilun hartan egiak ez zuela piperrik balio, egia ez zela justiziaren sinonimo, gizarteko agintean zeudenek eskuratu nahi zituzten interesen gibelean itotzen zen hitz hutsala baizik.  Eta horrela, iluntasunezko lanbro guzien atzean gezurra zen nagusi. Mistizismoaren kontu aunitzen atzean botere nahia ikus zitekeen eta sainduz eta ekintza miresgarriz zabaldutako agerpen zerutiarren gibelean fartsa eta iruzurra, besterik ez zen.

Hauxe da Jesus Imirizalduk bere liburu bitxian aditzera ematen diguna. Imirizalduren liburua erdi arotasunez gainezkaturik badatorkigu ere, gaia jorratzeko modua aski modernista dela esan genezake, agerpen miresgarri eta faltsu horiek guztiak pikareskaz jantzirik aurkezten baitizkigu. Ez du dogma erakusten, kezka eta zalantza baizik.

Garai ilun eta pobre haietan guraso askok gaztetxo sartzen zituzten euren seme-alabak komentu eta monasterioetan, gehienetan miseriatik aldentzeko bide bakarra zelakoan. Pertsona mistikoek mugagabeko miresmena sortzen zuten euren garaikideen artean, eta begirune handiaz ikusiak ziren. Santa Teresak eta horrelakoek jarraitzaile eta imitatzaile franko eduki zituzten. Pertsona mistikoek ospe handia eskuratzen zuten, eta ospeaz gain, erregeek, printzeek, nobleek eta gainerako boteretsuek, Jaungoikoaren faborea eta egindako bekatuen barkazioa lortu nahirik, ematen zizkieten sos eta ondasunak. Egoera honek mistizismoa bultzatzen zuen eta erlijioso askorentzat bide tentagarria zen, bide horretatik barrena arrakastaz sartuz gero, pobrezia gorrienetik bizimodu erosoenera igaro baitzitezkeen. Horregatik komentu edo monasterio batean agerpenak zituen edota Jaungoikoarekin zuzen-zuzenean hitz egiten zuen horietako bat azaltzen zen aldiro, beraien kideek babestu egiten zuten, mirari eta igarkizunen bitartez aisa alda baitzezaketen komentuaren edo ordena oso baten egoera ekonomikoa. Ikus ditzagun orain Imirizalduk bere liburuan aurkezten dizkigun gertakizun mistikoak.

 

2.- Madalena Gurutzekoaren inguruko kontakizuna.

Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsuaLehen kapituluetan, garaiko zenbait eskutitzen bitartez kontatzen zaigunez, Madalena Gurutzekoa izeneko moja oso ospetsua izan zen bere garaikideen artean, eta urte luzetan santutzat harturik eduki zuten. Zazpi urte zituela haren gurasoek moja sartu zuten Kordobako Santa Isabel Francisca izeneko komentuan, eta ordutik haren santutasunaren frogak erakutsi omen zituen. Egun luzetan jan eta edan gabe egoten zen, lurrean etzanda egiten zuen lo, eta horrela egonik, batzuetan airera altxatzen omen zen lebitazioa eginez. Behin, ametsetan, Paviako gatazka ikusi omen zuen eta baita Joanes Urbieta soldadu gipuzkoarra bere ezpataz Frantziako Frantzisko I.a erregea preso hartzen ere. Ikuskizun miresgarri  hauen atzetik gehiago etorri ziren eta Madalena Gurutzekoaren sona bazter guztietara zabaldu zen.  Behin Espainiako Felipe printze berak mojaren abitua eskatu zuen gaixorik zuen premu jaioberriaren gainean ipintzeko, horrela osasunez hobera eginen zuelakoan.

Berrogei urte luzetan mezulari jainkotiartzat hartu zuten eta bederatzi urtez bere komentuko abadesa izan zen. Gainera, kronikek diotenez, beraren eraginez asko eta asko izan ziren komentu eta monasterioetan sartu ziren gazteak. Baina bat-batean, egia agirian azaldu zen. Komentuko beste moja batek salatu zuen, Jaungoikoarekin hitz egin beharrean deabruarekin hitz egiten zuela esanez.  Matazatik tiraka hasi eta Madalena deabruturik zegoela jakin ahal izan zuten. Gaztetxo zenean Balban izeneko deabrua azaldu omen zitzaion eta orduz geroztik azpitratu bat egina omen zeukan harekin. Gauero larrua jotzen omen zuen deabru horrekin eta ohe azpian aker beltz bat omen zeukan. Akerrak gaztetan egindako tratua oroitarazten omen zion gauero eta horretaz gain, gainerako gizon-emakume guztiak engainatzeko abilezia ematen omen zion.

Inkisizioaren aurrera eraman eta ongi torturatu ondoren, haren bekatu guztien aitortza lortu zuten. Ofizio Santuak, moja deabrutuaren arima salbatu nahian,  horma artean itxiz hiltzera kondenatu zuen. Horrela, 1546. urtean, hil zuten Madalena Gurutzekoa Andaluziako monasterio batean.

Kontakizun xelebre honekin amaitzeko zer Jesus Imirizalduk euskal odolekoa zen Pedro Malon Etxaidekoaren ahoan jartzen dituen kobla hauek baino. Euskarazko itzulpena nirea da.

 

Oi nire zain dagoen pazientzia mugagabea!

Oi bihotz gogorra zu ez maitatzean!

Zutaz futitzen naiz, behin eta berriro,

eta Zuk, berriz, behin eta berriro, barkatzen nauzu.

 

Zenbat aldiz begiratu nauzu zure begi jainkotiarrez

 eta zenbat aldiz mindu zara ni horrela ikustean?

Samin handia hartzen zenuen nire jarrera ikustean,

hala eta guztiz  ere, Jainko nirea, beti maitatu nauzu.

 

 Oi gizakion zaindari! Oi gizon-emakumeon begirale!

Begira nazazu beti, lurrezkoa bainaiz,

Begira eta altxa ezazu zurea dena.

 

 Ez da gozamena engainatzen nauena,

gerlan irabazten nauen ohitura baizik;

bekatu egiten dut, aunitzetan alferrik.

 

 3.- Lukrezia Leongoa, Manuela Maria Jesusena eta Joana Gezurtiari buruzko kontakizunak.

Madalena Gurutzekoaren fartsa handia eta sonatua izan bazen erre, ez omen ziren gutxirako izan orain motz eta labur kontatuko ditugunak. Lukrezia Leongoa madrildarra zen eta gazte-gaztetik komentuan sartua. Laster, egiten zituen igarkizunak zirela eta, arrunt famatua egin zen. Apostoluak eta santuak ikusten omen zituen, baita batzuetan Jaungoiko bera ere. Apostoluek askotan beraiekin batera, hegaka, eramaten zuten munduan zehar, hainbat erresuma erakutsiz eta herrien arteko gerla eta bakeak, plazerak eta beldurrak ezagutaraziz. Errege kristau batek Jerusalemeko Etxe Santua eta Turkia osoa konkistatuko zituela iragarri zuen, baita laster aita santu espainiar bat egonen zela ere. Tamalez, Lukreziaren igarkizunak ez ziren bete, eta kontu eta igarkizun horiek guztiak ez ote ziren deabruaren gauza susmatzen hasi ziren. Hori dela eta, Ofizio Santuaren aitzinera eraman zuten. Ohiko torturak egin ondoren, mojaren mingainetik mintzo zena Satan bera zela deliberatu zuten eta ondorioz, heriotza arteko atxilotze-aldia agindu. Presondegira eraman aurretik Madrileko Plaza Nagusian, eta jendaurrean,  ehun zartako eman zizkioten zartailuz.

Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua

Maria Manuela Jesusena moja sevillarrarekin antzeko zerbait gertatu zen. Haren igarkizunak biziki ospetsuak egin zirenez gero, garaikideek Santa Teresaren antzera gurtu zuten. Baina gero, haurdun geratu zenean, konturatu ziren haren ahotik mintzo zena ez zela Jaungoikoa, deabrua baizik. Inkisizioaren aurrera eraman zuten egindako bekatuak aitor zitzan. Tortura saio bat egin ondoren, den-dena aitortu omen zuen. Gizonez janztea omen zuen atsegin eta haren ohetik makina bat gizon, gazte eta heldu, laiko eta fraide, pasatuak omen ziren. Horixe aitortu zuen, bederen, Ofizio Santuaren borreroen aitzinean. Zigorra ez zen luzamendutan ibili. Inkisizioaren ziegatik sekretupeko leku batera eraman zuten atxilo, eta bertan egon zen azken hatsa eman zuen arte.

Joana Gezurti izenekoari ere, antzeko zerbait gertatu zitzaion. Moja zen, eta hark zioenez, Jaungoikoarekin eta santuekin hitz egiten zuen. Aktoresa eta petrikilo ona izaki, laster Madrilgo inguruetako jendeak engainatu zituen, eta luzaz gainera. Azkenean, Inkisiziora eraman zuten, eta tortura ikaragarriak jasan ondoren, esandako guztiak gezurrak zirela aitortu behar izan zuen. Sorgin eta apostatatzat harturik, heriotza bitarteko presondegira kondenatu zuten.

 

4.- Luis Granadako fraidearen kontakizunak eta beste zenbait istorio.

Garai hartako beste moja famatua Sor Maria de la Visitación izan zen, Lisboako Moja ezizenaz ezagunagoa izan zena. Haren baitan mistizismoa eta Portugalen aldeko independentzia nahia elkartzen ziren. Garaikideek kontatzen zutenez, igarkizunak, mirariak eta bestelako ekintza harrigarriak egiten zituen. Haren beso eta zangoetan Jesukristori, gurutzean, iltzeak sartzean, egindako zauri berberak omen zituen, eta haren ahotik Jesukristo berberak hitz egiten omen zuen. Sufrikario horiek guztiak espainiarren aurka eta Portugalen independentziaren alde ezarri zituen.

Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua

Mendebaldeko herriak eta lagunak haren esanetara zeuden, Gregorio XIII.a aita santua, Espainiako errege zen Felipe II.a, Fray Luis Granadakoa… beraien artean zirelarik. Mojak zioenez, bera omen zen Portugal okupatu eta zanpatuaren irudi bizidun eta odoleztatua. Felipe II.ak, Ingalaterrara bidali behar zuen Itsas Armada Handia (ingelesek, suntsitu ondoren,   Itsas armada garaiezina  izen iraingarriaz deitu zuten berbera) bedeinkatzeko deitu zuen.  Espainiarren itsas armadak izan zuen hondamendiak pozturik, Felipe II.aren kontrako igarkizun larriak jaurti eta zabaldu zituen. Horixe izan zen haren amaieraren hastapena. Errege espainiarrak “politika egiten duen mojak ezin du santu izan” aldarria zabaldu zuen lau haizetara, atxilotze agindua eman zuen gero, eta azkenean, Inkisizioaren aurrera eraman zuen ohiko torturez itaun zezaten. Gero gerokoa, moja presondegi sekretu batera eraman zuten eta bertan eduki zuten azken hatsa eman zuen arte. Mojaren jarraitzaile sutsua zen Fray Luis Granadakoak, etsipenez, eta gogoaren kontra izan bazen ere, mojari uko egin behar izan zion.

Amaitzeko, Jesus Imirizalduk azken gertakizun bat dakarkigu gogora. Badirudi Sevillako komentu batean Teresa de la Concepción moja gaztea haurdun gelditu zela. Beti mojen artean bizi zenez, inork ez zuen ulertzen nola izan zitekeen haurdunaldi hura. Gertatutakoa argitu nahirik, Inkisizioko Zaldun Santuak komentura hurbildu ziren, eta moja baten ahots zakarraz mesfidatuz, sexua ikertu zioten eta gizonezkoa zela jakin. Moja zaharrak, edo hobeto esanda, mojaz janzten zen gizonak, Katalina Gurutzekoa zuen izena. Baina Inkisizioak zigortu aurretik, ihesari ekin zion, eta ez zuten inoiz gehiago haren berririk izan.

Guztiz barregarria egiten zaigu Imirizalduk Sor Teresa gaixoaren ahoan jartzen duen aitorpena. Ikus dezagun:   

         “Teresa de la Concepción seroraren aitorpen-idatzietan irakurtzen ahal denez, haurdunaldia honela sortu zitzaion: Serora Nagusiarekin hitz egin ondoren zer eta nola gertatu zitzaion jakin zuen. Katalina Gurutzekoa seroragaiarekin batera lo-kuluxka egiten zuen askotan, eta mugimendu bortitzak eta plazer handia sumatzen bazituen ere, ez zen inoiz konturatu bere sexuan gertatzen ari zenaz, loak sakon harturik eta hotz handiaz egoten baitzen beti.”

 Egia ote? Sinetsi beharko!

Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua  Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua  Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua  Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua  Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua  Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua

Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua  Imirizaldu eta XVI. mendeko mistizismo faltsua

Euskaltzalea eta irakasle-ohia