Filosofiaren alderako defentsa trakets bat

Filosofiaren alderako defentsa trakets bat –

Jean Etchepare

Makur banaiz, erranen didazue, bainan, erakaskuntza katolikoak gure Herrian inportantzia galdu duenetik ez zait iduritzen filosofiarako interes handirik dagoen Euskal Herrian, adibidez, konkretuki mintzatzeko zuzeularien gan. Interes hori zer izan zitekeen piskat sentitzeko, irakurri behar da nola Jean Etchepare mediku eta idazle haundiak hitz egiten zuen XX. mendearen hasieran Larresoroko seminario tipian egindako filosofia ikasturteaz.

Gaur bestela baldinbada, ulergarria dateke. Izan ere, momentuz giza-baliabide gutiko populu bat gara eta gainera ez gara baldintza psikologiko eta ideologiko hoberenetan bizi pentsamolde libre baten tirria garatzeko. Alta gure nazioaren kinkak sortutako kezken gatik, pentsa ginezake filosofia oso lagungarri izango litzaigukeela. Filosofiak ez du ezer kentzen ez politikari ez eta beste jakintza- arloei, haien guzien praktikak argitzen baizik. Ez eiki da mirakuluzko sendagailu bat. Bainan ba ote da nehun?

Horrengatik, filosofiazale bat gu bezala berdin galduta suerta daiteke bapateko gertakari baten aurrean edo arazo latz baten aurrean.

Zertako da bada filosofia?

Maila pertsonalean, ongi konprenitzea bizitzak sortzen dizkigun arazo existentzialak, eta, beraiei ahal bezain ongi aurre egitea, horra zer izan litekeen guretako filosofiaren lehen arrazoia. Gizartearen mailan, bizi garen abagunea ongi ulertzea eta guziz portaera sozial justu bat asmatzea. Iraganeko filosofoen ezagutzaren garrantzia gutietsi gabe, gauza seguru bat dago: filosofia gehiago da portaera praktikoa jakintza hutsa baino.

Denbora berean, eta ez da guti, filosofiak gara dezake norbanakoaren ezpiritu kritikoa batez ere edozein partidu politikoren edo estaturen demagogiei buruz. Horrengatik, beharbada, azken hauek ez diote toki oso eskas bat baizik ematen beren ikasetxetako programetan.

Lehenik, errealitateari eta egiari buruzko portaera

Egiari, alegia errealitateari, arreta haundienarekin so egin, hauek onartu eta erran, hau da filosofiazale batentzat portaera justu baten ezinbesteko oinarria. Bestenaz oinarri komun hura gabe ezin da, ez hausnartu, ez besteekin serioski eztabaidatu, ez eta ikuspuntu komun bat eraiki, ez eta ondoren portaera praktiko arrazoigarri batera iritsi.

Etapa guzietan inteligentzia eta elgarrenganako konfiantza behar ditugu eta, dudarik gabe, egiaren amodioa da inteligentziaren eta konfiantza ezinbesteko erregailua. Aitortu beharra dago da errealitatea eta egia, biak, perfektuki ikustea eta onartzea, garen bezalako pertsonoi, helburu ezin ardietsizkoa zaigula absolutuan, hain garen gure pasioek eta gure ametsek itsutuak. Beti erratuko gara bainan hau aurretik dakigularik eta jarraitzen badugu egiaren gure bilaketan gure erruaz jabetuko gara eta zuzentzen entseiatu ahalko gara bederen.

Beraz kontu horretan absolutua izan beharko litzatekeena da, ezin ekidinezko erru guzietan barna, gure engaiatu gogo filosofiko jarraia eta zinezkoa.

Portaera praktiko justu batera iristeko gogoa

Jakintza huts bat izango balitz filosofiak ez luke horrenbesteko inportantziarik izango gu bezalakoontzat.. Deusetarako ez duela balio pentsatzen dutenek utz dezatela alde batera. Egia erraiteko, nahitaere, ezin da erabat utzi. Mundu nahasi, mediokre eta arriskutsu batean bizi garela pentsatzen duten asko horietarik bagara, gure ardura dateke portaera justuena ahal bezain kontzientuki asmatu eta hartzea. Nola aurreratzen da, bada, filosofian?

Hezkuntzaren garrantzia

Hasieran, kuriositate estonagarri bat nabarmentzen bada ere umeengan, gero egiaren bilaketarako gostua ez du berez garatzen jarraitzen gizakiarengan. Hezkuntza apropos bati esker sortzen da eta bizitza modu egoki bati esker jorra eta manten liteke. Bere lehen urteei dagokienez, umeak ezin du, edo parte oso tipi batean baizik, hautatu jasotzen duen hezkuntza, ez eta lekuko izanen den etsenpluak eta gertakariak.

Bizitzan sartzen da bere aurrekoek eta umetan ikusitakoek parte jakin batean baldintzatua. Gero, nahi izanez geroz, zailtasuna ikusiko du balintzapen horretatik behar duen libertate maila konkistatzeko. Baldintzapen horren zati bat transmitituko du seme alabetara, eta, horrela belaunaldien belaunaldietan barna. Hemen interesatzen zaigun portaera filosofikoari dagokionez, hezkuntza eta honen bitartez egiten den transmisioa biziki inportantea da. Familiaren kontua da lehenik etsenpluaren bitartez, bainan ez eiki familiarena bakarrik, ingurumenarena ere bada, eta, araiz, erakaskuntza moduarena ere bai.

Daramagun bizitza konkretuaren garrantzia

Gero guk helduok daramagun bizitzak berak gaitzeko garrantzia dauka gure kontzientzia filosofikoa garatzeko ala hiltzeko. Ulertarazteagatik gauzak exageratuz, Herri, ingurumen, edo, lan ustel batean tamalez bizi behar badugu, ezinezkoa da, gu lehenik, eta, tamalez gure haurrak ere damaiegun etsenpluaren ondorioz, nunbait ziliportatuak izan gabe kaka horretatik onik ateratzea.

Erabat segur bagara, bizi baldintza eskas horiek ezin direla irauli, indar piskat oraindik gelditzen zaiguno horietatik eskapu egin behar dugu, onik ateratzeko, esentziala salbatzeko.

Konklusio izan behar ez lukeen konklusio bat

Erran gabe doa, lerro hauek ez direla aprendiz batek egindako filosofiaren defentsa oso trakets eta partzial bat baizik, eta mila aldiz hoberik ere aurki daitekeela. Bainan honako hau, Herriaren alderako zinezko kezka nabarmentzen duten zuzeulari ainitzi pentsaturik euskaraz egina dago.

Filosofiaren alderako defentsa trakets bat

21 pentsamendu “Filosofiaren alderako defentsa trakets bat”-ri buruz

  • Erresistentzia 2019-05-27 14:45

    Filosofiaren garrantziari buruz ez dut ezer aipatuko, bistan da arlo garrantzitsurik bada, hau dela. Are gutxiago filosofia berari buruz, idatzi zitekeen guztia idatzi du ta gizakiak, eta egia gainbaloratua dago.

    Ezer esatekotan, euskaldun arruntoi iristen zaigunari buruz esango nuke, nahiko kaxkarra dela. Familiatik ganorazko kulturarik edan ezin ahal izan dutenek, edo unibertsitatean arloko ikasketarik ez dutenek, jai dute. Zeren eskolak, komunikabideek eta inguru sozialak ez dute ezer duinik eskaintzen, nire esperientzian behintzat ez da egizalea, indartsua edo alaia den ezertxo ere eskaintzen. Ados ez dagoenak beha dezala euskarazko informazio iturri eta eskoletan zer ematen den, ez dago arrazionalismoaren zantzurik, arima indartzen duen poesiarik, guztion adibide izan daitekeen biografia askorik.

    Gehiena identitate politika, kirola eta ostrukarena egiteko metodo pedagogikoak dira. Eta izen potoloren agertzen denean ezertxo ere ez dioen posmoren baten azken liburua promozionatzeko da. Esklabu zintzoak eraikitzeko faktoria perfektua dirudi. Berariaz beste norbaitek eman digun kultura da hau? Edo euskaldunok, guk geuk, ekoitzi dugun kultura bat da? Espero dut ni oker egotea, benetan. Zeren lehen kasuan, kanpoko manipulazio bat badago, jai dugu honi buelta emateko, indar korrelazioa ikusita. Eta bigarren kasuan, ba beno, ez dago erremediorik.

    Edozein modutara, zuzen zaude, kaka horretatik onik ateratzea edo bertan bizirautea errealitate bat da. Ez da egia handiagorik eta hau ez da liburuetan ikas daiteken zerbait. Honek zizelkatuko ditu gure arima eta pentsamendua.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-05-27 19:28

    Diozu “Berariaz beste norbaitek eman digun kultura da hau? Edo euskaldunok, guk geuk, ekoitzi dugun kultura bat da”
    Seguraz ere biak batera. Guk egin dugu parte haundi batean, bainan estatu zapaltzaileek, hertsituta edo bederen ideologia dominanteak eraginduta.
    Problema da ezdakigula sekula noiz eta noraino garen eraginduak..
    Hala ta guziz iduritzen zait askatu diren nazioek egin zutela iratzartze kultural eta filosofiko bat lehenagotik. Gurean kulturala bai ikusten dugu, Francoren heriotzaren inguruan bainan iratzartze filosofikorik ez. ( beharbada ezjakin bat naiz…)
    Bainan kulturala bakarrik ez da nahikoa, laster errekuperatua da ez baldinbada korrente politiko eta filosofiko serio eta deliberatu batek sustengatua.
    Garai hartan, gure zorigaitzerako, kalitate oso txarreko sasi marxismo batean leporaino sartuak ginen eta saltsa ideologiko horrek ez zigun nehundik ere arma ideologiko seriorik eskaintzen ahal.

  • Erresistentzia 2019-05-27 23:06

    Euskal marxismoak mila gabezia izango zituen arren, bere etxekolanak bete zituen. Unerik ilunenean herri honen apurrak bildu zituen zapaltzailearen aurka ausardia handiz. Orain, apur bat berandu seguraski, guri dagokigu gabezia horiek betetzea.

    Eta korronte filosofiko bat bada gure irtenbidea, ezin aurresan honek nolakoa izan behar duen, zer aurrebaldintza izan behar dituen. Hemendik has gaitezke.

  • Nik esango nuke filosofía bi era ezberdinetatik garatzen dela.
    1. Arazoei erantzuna eman nahi zaie, paradigma orokor batetik abiatuta.
    2. Eta era partikularrean, non tokiko eta eguneroko arazoei erantzun zehatzak bilatzen zaizkie.

    Geure eredu tradizionala bigarrena izan da eta ez digu emaitza txarrik eman. Nahiz eta herri txiki bat izan, urte luzeetan zehar irauteko gaitasuna erakutsi dugu. Adibide bezala hor daude gure hizkuntza berezia eta behetik gora eraikitako lege zaharrak.

    Baina denborak ez du etenik, den dena aldatzen doa eta gu ere zurrunbilo horretan sartuta gaude. Herri bezala, gure etorkizuna bi aukeraren aurrean dagoela esango nuke: Transizioa ala haustura kulturala.

    Lehena lortzeko, egokipena ezinbestekoa da eta herri bezala jarraitzeko aukera emango liguke. Bigarrenak gure asimilazio dakar.

    Gaurko bi paradigma orokorrak azpimarratzen dutena zera da. Batek indibidualismoa du ardatz nagusia eta besteak kolektibismoa. Alderantziz, geureari erreparatzen ba diogu ikusiko dugu oso bestelakoa izan dela garatu dugun ardatz sendoa: Pertsona eta komunitatea, biak izan dira era egokian uztartuak, biak izan dira balore preziatuak.

    Eutsi diezaiogun geureari herri nortasuna galdu nahi ez badugu.

  • Beñat Castorene 2019-05-28 19:00

    Gutariko askok (teorikoki behintzat)nahiagoko du eredu tradizionala. Kontua da ez dela kasik gehiago existitzen. Gurean parte Estatu frantziarrak suntsitua, parte guhaurk abandonatua gure indibidualismoarengatik. Zuenean beharbada arrasto gehiago egonen da.
    Adibidez, 1789 eko iraultzalariek igualdadearen izenean ezeztatu zuten primantza ohitura, bainan nork onar lezake gaur lehengo primantza?
    Beraz imaginatu beharko ginuke eredu tradizional arraberritu bat.

  • “primantza ohitura” zer zen? Zein zen ohitura horren helburua? Mendeetan zehar erakutsi al du bere eraginkortasuna? Zer nolako logika edo “filosofia” inguruan garatu da? Berreskuratu daiteke? Galdera interesgarriak eta gure kulturaren arrastoan jarri gaitezkeenak.
    Modu ireki eta apalean. Saiatuko naiz nire iritzitik zerbait aportatzen.

    Zer zen? Hurrengo belaunaldirako arduraduna izendatzeko ohitura. Etxeko jaunak eta etxeko andreak aukeratutakoa. Baserriaren arduradun berriaren izendapena. (ZU ETXERAKO!) esamoldea ezaguna da oraindik gure artean.

    Helburua? Baserria, jaso zen bezala, bere osotasunean eta familiaren eskuetan jarraitzea.

    Eraginkortasuna? Mendeetan zehar baliagarria izan da. Iraunkortasuna bermatu duelako.

    Zein da bere filosofía? Nik esango nuke logika ekozentrikoa dela. Lurrak eta ondasunak baserrikoak, familikoak dira, eta etxeko jaun bakoitzak bere belaunaldiko kudeatzailea baino ez da. Baserriak familia baten historia gordetzen du. Atzera begira, baserriak bere nortasuna eta sustraiak ditu eta etorkizunari buruz bere betebeharrak eskatzen ditu, batez ere, bere osotasunean eta hartutako baino modu hobeagoan hurrengo belaunaldiari uztea.
    Ondorioz, esan genezake baserriaren dinamika ekozentrikoa izan dela. Baserria eta familiaren iraupena, denboran zehar bermatu nahi izan duelako.

    Eta azken galdera. Logika ekozentrikoa ba dauka zentzurik gaurko gizarte globalizatu honetan? Nire ustez inoiz baino gehiago.

    Beñat, zuk diozun bezala: “Beraz imaginatu beharko ginuke eredu tradizional arraberritu bat”.

  • Beñat Castorene 2019-05-29 18:38

    Definizio baten baten bila, hau aurkitu dut:
    ” une éthique où le critère d’appréciation(d’un acte)est sa conséquence sur l’écosystème, la communauté, l’espèce”.
    Hau ote izango litzateke ekozentrismoaren definizioa zuretzat?
    Iraultzalariek esplikatzen zuten primantza “liberté egalité, fraternité” kontra zegoela eta horrengatik etxeko jaunak soilik hitz egiten zuten eta erabakitzen parropia asanbladeetan.
    Iparraldean gehiengoak ( abertzaleak araiz barne) horrela pentsatzen du
    Errealitatean hiriko burgesiak nahi zuen primantza ezeztatu lurren salerospena eta merkatua askatzeko bere probetxurako.
    Emaiten duzun pista ekozentrikoa enetako interesgarria da. Objekzioak jinen dira libertatearen eta egalitatearen izenean.
    Bi galdera;
    Globalizazioaren uholdea ikusita, ez ote da berandu transizioa eta egogipena egiteko?
    Zer oinarrizko estruktura sozio ekonomiko ikus zinezake desagetzear diren baserriak ordezteko?

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-05-29 19:01

    Erresistentzia marxismoa ez dut gutiesten, harenganik ere ikasi dut, batez ere diskurtso politikoak demistifikatzeko, abertzaleenak barru.
    Oraingoan ere lagun gaitezke, beste pentsa molde batzuen pare.
    Bainan, Erresistentzia, zinez ezdakit nola Marxek baloratuko lukeen gu bezalako burges tipien bizi nahi tematsu eta desesperatu hau?
    Inportanteena eta erraldoia da zure bukaerako esaldia edo galdera:
    “Eta korronte filosofiko bat bada gure irtenbidea, ezin aurresan honek nolakoa izan behar duen, zer aurrebaldintza izan behar dituen. Hemendik has gaitezke”.

  • Gehiengo etikak, logika antropozentrikoaren inguruan (dena gizakiarena eta gizakiarentzat) garatu dira.
    Alderantziz gurean, logika ekozentriko ikuspen batetik, gizakiak eta ondasunak modu egokian uztartuz, baserriaren garapena modu iraunkorrean ulertzen da. Aurretik jasotakoari eta datorren belaunaldiari begira.

    Arrazoia duzu garaiko progresistak, gure hiriko burgesia barne, herriko ohituren aurkako jarrera erakutsi zutela esaten duzunean.
    Beraiek “Liberté” konzeptua erabateko moduan ulertzen dutelako. Gurean, ordez, askatasunaren erabilera bere ondorioekin lotzen da. Hau da, zer nolako eraginak sortzen ditu besteengan. Banaezinak direlako, erabilera zuzen horri BURUJABETZA deitzen diogu.

    Estruktura sozio-ekonomikoari buruz galdetzen duzu. Baina erantzuna eman aurretik, niri iruditzen zait gogoeta sakon bat beharrezkoa dugula estruktura horren oinarriari buruz.

    Nire ustez, garatzeko behar den oinarria, pertsonengan eta bere izaeran dago.
    Begira dezagun atzera. Baserria nola eta zergatik sortzen da? Zeintzuk dira bere ezaugarriak? Zer eragina izan du bertako biztanleen izaeran? Eta alderantziz, Zer eragina izan du biztanleen izaera baserriaren iraunkortasunean?

    Baserria gizakiak dituen beharrak asetzeko, naturari egokipen prozesuaren emaitza izan da.
    Bere ezaugarri nagusia bere autosufizientzia da.
    Eta Autosufizientzi helburu horrek, belaunaldiz belaunaldi, izaera autonomoa duten pertsonak sor arazi ditu.
    Baina baserria ekosistema irekia bat da. Besteekin, auzokoekin, harremanetan dagoena. Eta elkarlanean eta elkar onurako harremanak sustatu ditu.

    Ondorioz, ekosistemaren oinarria, sujeto autonomoak (bere burua zaintzeko gai direnak) eta elkarlanerako prest daudenak (denoren onurako) dira.

    Eta azken galdera. Ba al dugu behar den oinarri sendoa bere gainean estruktura parte hartzaile bat eraikitzeko?

  • Ekozentrismoaz ari zaretela, hona Paul Kingsnorth pentsalariaren hausnarketa distiratsua:

    https://twitter.com/AnglianChurl/status/1133425640621924353

    Hemen bideo osoa:
    https://www.youtube.com/watch?v=Q_s8Vo00Xug

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-05-30 21:35

    Arandi jauna, emaiten duzun burujabetza hitzaren esan-nahia, pertsonaren mailan, ez zitzaidan egundaino ohikoa, bainan, konplexuagoa bada ere, zentzuduna dirudi, barnean integratzen baitu gure komunitatearen alderako arreta eta errespontsabilitate eginbidea.
    Egia da alde haundia dagoela nik, gehienetan kolektibitate baten mailan, emaiten diotan zentzu arruntarekin, alegia, besteen ganikako independentzia edo autodeterminazio ahala.
    Beharbada ene errua da eta besteek zuk bezala ulertzen dute. Inkesta bat eginen dut ingurukoen artean.
    Artetik erraiteko, baserriarekiko analogia eraginkorra izanen da oraindik guretzat. Gero ta hobeki ulertzen dut asko gustukoa dutan filosofo frantses bat, erraiten zuelarik analogiaren erabilera izan zitekeela arrazoiketa diskurtsiboa bezain eraginkorra errealitatea konprenitzeko.
    Beharrak derrigortuta gure arbaso batzu suertez burujabeak zirenek sortu zuten bizimodu autozufizientea, ekozentrikoa eta iraunkorra. Familia giro horretan jaio eta hazi ziren haurrek ondarea garatu eta belaunaldiz belaunaldi transmititu.
    Ados, bainan, galdera bat gelditzen da: Zergatik ez du segitu irauten? edo behintzat modu endogenoan barnetik eraldatu baldintza berrietan bizirauteko ? Nun zetzan bizi modu eta zibilizazio horren ahulezia ?
    Ene galderari beste galdera honekin erreferatzen duzu :
    « Ba al dugu behar den oinarri sendoa bere gainean estruktura parte hartzaile bat eraikitzeko? »
    Ekosistemaren oinarria baldin bada, diozun bezala, sujeto autonomoak « (bere burua zaintzeko gai direnak) eta elkarlanerako (denoren onurako) » prest daudenak, orduan aitortu beharra dago giza-oinarri hura, nunbait existitzen bada, ez dugula ikusten, oso ahula dela, edo segurago sortzekoa dela oraindik
    Hain segur, hau bera egin zukeen Arizmendiarrietak bere garaian, hemen guk egin ez duguna. Hamar bat urte luzez lehen kooperatiba sortu aintzin, gazte burujabe ( eta ez ote piskabat burugabe ere?) tropa bat formatu eta eratu zuen buruan zaukan ekonomia sozial hura garatzeko xedean.
    Imaginagarria da, gaur, Arizmendiarretaren karisma eta bisio filosofikoa lituzkeen gizaki bat edo segurago kolektibo bat?
    Imaginagarria da, gaur, gizaki edo kolektibo horiek entzungo lituzkeen gazte burujabe ( eta piskabat burugabe) talde hura?

  • Zergatik ez diogu eutsi geureari? Hasteko esango nuke barruko eta kanpoko faktoreak daudela.
    Zeintzuk izan dira aldaketaren mugarri erabakigarrienak? Ez naiz historialaria baina aipamen batzuk nabarmenduko nituzke:

    Hirien sorrerak (XIII-XV) garren mendeetan. Eremu politikoan lege zaharrei eusten diote baina eremu zibilean, “carta-puebla” bidez fuero indibidualista (arrotza) sartuko da gure artean.
    Hirietatik, gero eta jende eta ideología berri gehiego sartuko da. Batez ere hirietan, zaharra ala modernitatearen aurrean gizarte banaketa sakon bat sortuko du.
    Frantziako Iraultza ere erabakigarria izan da. Gure hiriko burgesiaren laguntzarekin, erantzunkizun gabeko indibidualismoa nagusituko da.

    Ondorioa: Geurea zen persona eta taldearen arteko oreka galbidean jartzen da.

    Industrializazioarekin, etorkin andana eta beraiekin logika kolektibista berri bat iritsiko zaigu. Pertsonaren norbanako alderdia gutxiesten duena.

    Egun, gizakiaren ikuspegi aldebakarreko eta antagonikoak diren bi paradigma arrotz artean itolarrian gaude. Itzal handikoak dira eta lanbro artean, izkutuan uzten duten gure izaera eta bere berreskurapena.

    Eta gehien interesatzen zaidana: Egoera zail honetan gure logika komunitarioa ba al du etorkizunik? Zerbait aporta al dezake?
    Bi paradigma nagusientzat, indibidualismoa eta kolektibismoa izaera antagonikoa dute . Alderantziz, euskal ikuspegitik biak osagarriak dira eta bien arteko oreka bitartez antagonismoa murriztu eta elkarlana erraztu lezake.

    Badakit nire iritzia partziala dela bihotzez geurearen alde egiten dudalako. Baina ez dut uzte planteamentu folklorista bat denik, alderdi aberasgarri asko dituelako, gaur egun ere baliogarriak direlako: Ekozentrismoa, lanaren garrantzia, pertsonaren izaera kontrajarria modu osagarrian ulertzea.

    Adibide bat. Hain estima handian dugun Auzolanaren ezaugarriak ez al dira gaurko “subsidiaridadearen printzipio” modernoaren antzekoak?

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-05-31 23:17

    « Egoera zail honetan gure logika komunitarioa ba al du etorkizunik? Zerbait aporta al dezake? » galdatzen duzu.
    Iduritzen zait oraiko indibidualismo errabiatua ez dela gure arazoen soluzioa, alderantziz gero ta gehiago arazo sortuko duela, deseuskalduntzea, korrupzioaren alderako gure ahulezia, giza harreman eskasak, lanean batez ere, injustizia, desmasia ekologikoak eta abar.
    Konbentzitua nago gure logika komunitarioak asko ekar lezakeela
    Iduritzen zait ere etorkizuna baduela. Behintzat izan behar luke eta maite nuke euki dezan.
    Hasiera batean bide elitista segituko du seguraz ere
    Ene inpresioa da esperimentatu beharko dela neurri tipiko estruktura sozio ekonomiko batzutan.
    Auzolanak antza badu araiz subsidiaridadeko printzipioarekin, Estatu zapaltzaileei diru-laguntza galdegiten ez dieguno.

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-06-01 08:51

    Barkatu erantzuteko denbora ez emaitea gatik, baian zure azken iruzkin interegarria piskabat hobeto irakurriz gero, konturatzen naiz, gure ikusmolde komunitarioaren ez eutsi izanaren arrazoia esplikatzeko ez duzula asko garatzen “barruko faktore”a.
    Alta desiratzen duzun “egokipen”a martxan eman nahi badugu, gure arreta justu horretan kontzentratu beharko ginuke eta adibidez aztertu zertan zetzan baserri eta auzoaren antolaketa sozio ekonomikoaren barruko ahulezia burgesiaren eta frantses iraultzalarien diskurtso seduzigarriaren aurrean.

  • Barruko aldaketa ulertzeko, kontuan hartu behar duguna zera
    da. Pertsonaren izaera kontrajarria eta aldakorra dela. eta gizaki bakoitzarena gizartean orokortzen dela.
    Pertsona guztietan alderdi indibiduala eta soziala uztarturik daude eta banaezinak dira. Bat ezin da ulertu bestea gabe. Biak pertsona guztien izaeraren osagaiak dira.
    Erlazio hori dinamikoa denez aldakorra da eta uztarketa horretan nagusitzen den alderdiak definituko du pertsonaren izaera. Beraz, orokorrean, hiru motako izaera izango genituzuke:

    Indibidualista. Norbanakoa gailentzen denean.
    Kolektibista. Taldea gizabanakoaren gainean ipintzen duena.
    Orekatsua. Biak modu osagarrian uztartzen direnean. Mendeetan zehar hau izan da euskaldunen izaeraren ezaugarria nagusia.

    Ohikoa zen oreka, indibidualtasunaren aldera joango da erortzen. Burgesiaren modernismoaren izenean eta nola ez, irabazi ekonomiko partikularraren mesedetarako.
    Banaketa eta barruko borrokak emango dira, burgesiak eskeintzen duen modernismoaren alde batetik eta tradizioaren defendatzaileak bestetik. Adibide bezala, batzuk aduanak kendu nahi dituzte, progresismoaren izenean eta bere negozioen mesedetarako eta besteak alderantziz, ez kentzearen alde, orokorrean kaltetuak suertatuko direlakoan.

    Logika komunitarioak balore sendoak ditu eta beharrezko diren egokipenekin berreskuragarriak dira gaurko egoera soziopolitikorako. Aporta ditzake, bai arlo politikoan zein ekonomikoan.

    Baino hori datorren asterako utziko dugu, Beñat.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-06-02 10:53

    Ados. Landako lehen ildoa bakarrik hasia dukegu doidoia.

  • Orain ere, lehen bezala, ondasunak eta bere erabileraren artekoa, antagonismoaren iturburu nagusia dela esango nuke .
    Gure kultura tradizionalean, pertsona eta ondasunen arteko lotura lanaren bidez egin da. Eta praktikan nola zehaztu da filosofía hori? Ba ondasunak, familiari (baserriaren bidez) eta auzoari (komunalen erabileraren bidez) atxikituz, beti lan zuzenaren bitartez.

    Egungo ekonomia globalaren paradigman eta etengabeko aldaketaren zurrunbiloan gaudelarik, ba al dauka zentzurik, gure lurraldean ditugun lantegiak ondasun komunal logika batetik berrikusteko saioa?
    Gogoan hartu beharko genuke komunalak gizartearen zerbitzura zeuden ondasunak zirela. Arizmendiarrietak, ikuspuntu hori, industria modernoaren garapenean praktikan jartzea lortu du.

    Garapen komunitario batean, helburu nagusia ez da lantegiko kapitalaren langileen parte hartzea orokortzea, baizik eta enpresaren kapitala eta lan gaitasuna modu egokian uztartuz, bere etorkizunaren zerbitzura ipintzea, IRAUNKORTASUNA BERMATZEKO asmoarekin, datorren belaunaldiari begira.

    Logika komunitarioak aporta ditzakeena zera da:
    – Erantzunkizun kultura
    – Lan faktorearen sustapena
    Iraunkortasunerako behar diren ezaugarriak sendotzeko.
    – Lehiakortasuna
    – Partehartzea, demokratizazioa.

    Hori ezin da planteatu eta garatu modu orokorrean, behetik gora baizik, lantokitan, borondatez lortzen diren akordioen bidez.

    Eta ondasun komunalak direnez:
    – babes eta laguntza publikoa mereziko lukete
    – baita berme sendoak ere, komunalen onuren aurkakoak diren asmo espekulatiboei aurre egiteko.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-06-03 22:22

    Ez naiz segur dena untsa konprenitzea, adibidez, « komunal »terminoa zeinek hemen zentzu zehatz daukan alegia zerbait udalerriarena dena. Zure komunal izango da hain segur « collectif » erdaraz, edo, kolektibitate batena, bainan « kolektibo » itzultzen badut « kolektibismo » adituko duzu erruz.
    Suposatzen dut zuretzat « komunal »ak erran nahi duela komunitate batena ( ez indibiduoarena, eta, ez eta ere estatuarena)
    Zentzu horretan kooperatiba sozioen komunitatearen ontasuna da. Beraz erran daiteke kooperatiba bat komunala dela. Ez ote ?
    Logika komunitarioa planteatzen dela « behetik gora », beren arauak beraiek idazten dituzten komunitateetan , horrekin ados naiz. Zentzu horretan estatuak « goitik behera » inposaturiko kolektibismoaren logikatik bereizten da.
    « …ba al dauka zentzurik, gure lurraldean ditugun lantegiak ondasun komunal logika batetik berrikusteko saioa? » galdatzen duzu.
    Lantegiek ez badute sekulan ezagutu logika hura edo bidenabar galdua badute, indarrean jartzea beti posible izan liteke bainan oso zaila. Plegu txarra hartua denean…
    Errazagoa dirudi, sorkuntza berri batean, araudia definitzea sozioen taldea osatzerakoan eta horrengainean irmo garenean, hasi ekiten. Horrelakoan hausnartzea ezinbestekoa da , hausnartzea bera ekitea da. Berpiztea elitista izanen da hasiera batean, erreferentzia batzu sortu bitartean.

  • Komunalaren ezaugarriak betetzen dituen adibide garbiena eredu kooperatiboa da: langileen parte hartzea, erantzunkizun demokratikoa, kapitala lanaren zerbitzura, tokiko lurraldearekin lotura … denak ekozentrismoaren filosofian sartzen direnak. Eta elkarte laboralak ere hor daude; langileek kapitalaren % 50 baino gehiago dutelarik.

    Eta gainontzeko enpresetan komunalaren ezaugarriak ezin al dira garatu? Zergatik ez? Parte hartzea eta erantzunkizuna, lehiakortasuna eta iraunkortasuna, adostu daitezke enpresa eta langileen onurako.

    Indibidualismoak ez du sinisten elkar lanean. Kolektibismoak estatuaren esku uzten du arazoen konponbidea.
    Alderantziz, “Inork emotekoari edo egindakoari begira dagona iñoren mende dago” zion Arizmendiarrietak. Merkatuarengan edo estatuarengan utzi beharrean konponbidea, gure arbasoek, Elinor Ostromek, Arizmendiarrietak eta berak sortutako eredu kooperatiboak erakusten digute etorkizuna, hein handi batean beintzat, gure esku dagoela.

    Ahaztu gabe “behetik gora” eta “oinarri sendo” baten gainean eraiki daitekela soilik, lantegi batzuetan behar den “kapital sozial” hori egon daiteke, baina kontua da azken erabakia beraiena dela.
    Berdin enpresa berriak sortzeko ideia berriak dituztenentzat. Laguntza publikoak eman diezazkieke komunalean parte hartzeko asmoa erakusten dutenei.

    Eta berriro diot, administrazioak gehiago egin dezake. Gogoan daukat Eusko Jaurlaritzaren leloa: Euskadi, auzolan, bien común.
    Laguntza bai baina baldintza zehatzekin, komunalaren bidetik aterako ez diren bermeekin, espekulazioari aurre egiteko.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-06-04 22:35

    Milesker « komunala » hitza ondo esplikaturik , azkenean imaginatzen nuena da guti gora behera.
    Hegoaldeko koopertiben fenomenoa hautemangarria da. Gu kopiatzen entseiatu gara hogoita bost urte berantago arrakasta askoz gutiagorekin. Diferentzia esplikatzeko hiru arrazoi eman behar banitu desordenean hauk izango lirateke : beste Arizmendiarrieta bat falta, euskal gizarte bat derrotatua eta BABko hirigunearen garapenak ezkaintzen zizkigun lanpostu « dena prest » oparituak.
    Bainan orai, iduri du ez ez dela lehen bezain erraza koperatiba bat sortzeko.
    Izan ere, merkatu globalizatua a askoz konpetitiboagoa da , hasierako ezinbesteko inbertsioa askoz haundiagoa da, eta, belaunaldi berriek proportzioz aurrezki gutiago dute (eta horretan baratzen naiz bestenaz aztuna aurkituko naute…)
    Beharbada horrengatik, ezbaniz oker, gaur egun ume bezain kooperatiba berri sortze guti dago.
    Alta, ados gara pentsatzeko biak batera behar ditugula gure herriak existitu nahi badu.
    Zer behar dugu Arizmendiarrietaren berrinkarnazio bat ? gure baserrien eta koopertibeen haritik estruktura sozio ekonomiko komunala berri bat ?
    Arandi, nahi baduzu landa hau utz ginezake alfer pausuan boltabatez, ni bederen gauza berak errepikatzen hasia naizela iduritzen zait eta

  • Gustura aritu naiz zurekin filosofatzen
    Gure kulturaren defentsa trakets bat bitartez

    Izan untsa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude