Ihiztari beltzaren itzulera
Ihiztari beltzaren itzulera –
Udazkeneko haizeak indarrez ufatzen zuen abenduaren lehen egunetako horietako batean, Azkaingo ostatu batean nintzela, hainbat saratarrekin topatu nintzen. Horietako bat ezaguna nuen eta agurtu ondoren elkarrekin hizketan hasi ginen. Laborariak ziren, ahoan euskara ederra zutenak. Udazkeneko eguraldiaz mintzatzen ari zirela, hirurogeita bost urte inguru zituen horietako batek aspaldian ahantzia nuen gaia plazaratu zuen.
Bai lehengoan, etxean ginela apezaren zakurrak aditu genituen, kanpora atera eta urruntzen ari zen itzal bat ikusi ahal izan nuen. Ihiztari Beltza zen. Nehork ez zuen fitsik erran. Nik, hasieran, nahasi samar gelditu banintzen, entzun berria nuena nire oroitzapenetan ongi ezin kokatuz, gero zertaz ari zen ulertu nuenean, ausardia aterata, galde egin nion. Ainitzetan ikusi duzia? —eta berak naturaltasun osoz ihardetsi— Ainitzetan ikusi ez, baina aditu bai, ainitzetan!
Nik istorio hau nire burutik arras ezabatua nuen. Urteak ziren horretaz deus entzun edota irakurri gabe nintzela. Horregatik laborari saratarrak kontatutakoa ezuste galanta izan zen niretzat. Etxera itzulita, Ihiztari Beltzaz ezagutzen nituen datuak eta kontakizunak biltze eta antolatzaileari ekin nion. Hori izan zen Ihiztari Beltzaren itzulera ene gogora.
1.- Mitoa Euskal Herrian.
Badirudi mito hau biziki zaharra dela Euskal Herrian, Pirinioaren bi aldeetan, eta baita Europako beste zenbait eskualdetan ere. Baina noiz eta non sortu zen? Ihardespenik ez dago. Zaharra dela bai, garai zahar-zaharretatik datorkigula bai, baina deus gehiagorik ez. Idazle ausart baten lumatik Paleolito Arotik etor zekigukeela irakurria dut. Idazle horrek Paleolitoko ihiztari zaharrekin lotzen zuen mito honen sorrera. Agian, nork daki. Gauza da zabalkunde handiko mito zaharra dela eta horren zaharra izaki, aldaera ugari dituela.
Mito honek ihiztari baten irudia dakarkigu gogora, beti ihizean, bere zakurrekin batera, dabilen ihiztari amorratua. Euskal Herriko hainbat tokitan kontakizun zaharra eraldatua izan da, eta jentil izatetik giristino izatera iragan da. Horrela ihiztari beltz hori apeza dela diote. Behin, ihiztari handia zen apez hori meza egiten ari zela, erbi bat pasatu zen hurbiletik. Apezaren zakurrak zaunka eta erbiari segika hasi ziren. Apezak meza bertan behera utzi eta zakurrekin batera erbiaren gibeletik abiatu zen ziztu bizian. Orduz geroztik horrela omen dabil, nehoiz harrapatzen ez duen erbiaren atzetik. Kontakizunak dioenez, horrela, erbia ezin harrapatuz, ibiliko omen da eternitate guzian.
Beste bertsio batean erraiten zaigu Ihiztari Beltza ez zela apeza, Salomon erregea baizik. Ipuin bera da gure luze-zabalean errepikatzen dena baina izenak dira aldatzen direnak. Gipuzkoako Ataunen Mateo edo Martin Txistu deitzen zaio, Zuberoan Salomon erregea edo Errege Salomon deitzen diote, izen bera aipatzen dute Oiartzunen, Soraluzen Juanito edo Joaniko txistularixa, Salomon apaiza edo Priski-Joan Usurbilen, Martin abade Gesalibarren,… Horretaz gain, Ehiztari edo Ihiztari Beltza eta Apez edo Apaiz Ehiztaria bezalako izenak gure geografia osoan erabiltzen dira.
2.- Mitoa Europa zabalean.
Pirinioaren bi aldeetako herrietan mito hau arras zabaldurik dago.
Gaskoinian Artus Erregea izen zeltaz deitzen dute. Katalunian Comte Arnau (Arnau kondea) da zabalduen duten izena, baina horretaz gain honako hauek erabiltzen dituzte: Caçador Negre (Ehiztari Beltza) eta Mal Caçador. Aragoin Cazataire maldito (Ehiztari madarikatua) eta Roberto El Diablo (Roberto Deabrua) erraiten zaio.
Baina bitxia bada ere, erran behar dugu mito hau Pirinioetatik kanpo, Europako eskualde zabaletan hedaturik dagoela. Europan Ehiza Basatia da gehien erabiltzen den izena. Izen ezberdinak baina mito bera leku guztietan, ehiztari mamu bat –edota ehiztari mamuen talde bat- zeruetan zehar edo zelai eta oihanetatik barna etengabeko ehizan dabilena. Ekaitz bortitzetan edo haizeak indarrez ufatzen duenean azaltzen omen da gehien-gehienetan. Ehiztari multzo horren buruzagi pertsonaia historiko edo mitologiko ospetsu bat jartzen dute: Teodoriko Handia, Xarloman, Artur erregea, Valdemar Atterdag errege daniarra, Wuodan jainko germaniarra, Wuotis Heer jainko suitzarra, Arawn Galesko jainkoa… edo beste horrelakoren bat. Gogora dezagun euskaldunok ere Salomon errege izena erabiltzen dugula.
3.- Euskal Herriko hainbat kontakizun.
Mito honen inguruko kontakizunak ugariak dira euskal herrietan. Hona hemen Gipuzkoako Tolosan kontatzen dutena:
Aspaldi, apaiz bat bizi omen zen, parrokia bat bere kontu zuena. Eguna joan eguna etorri, ez zuen zeregin handirik izaten bere elizan; hortaz, nahiko astia izaten zuen gogoko zaletasunerako: ehizarako, alegia.
Auzotar eta parrokiarrek “Mateo Txistu” deitzen zioten, haren txakurrak harrapakin baten bila atera zitezen egiten zizkien txistuak zirela eta. Herritarrek irribarre eta txutxu-mutxu artean aipatzen zuten apaizaren zaletasun hori.
Halako egun batean, giza-arimaren ahuleziaren bila ibiltzen den deabrua azaldu zitzaion Mateo Txisturi, zaldun adeitsu baten itxuran azaldu ere. Baina apaiza, berehala jabetu zen hain gizon dotorearen benetako nortasunaz.
– Zer nahi duzu, gaizkile? -Galdetu zion bat-batean, eta deabruak harriturik erantzun:
-Nik?, ezer ez!
-Orduan, zergatik zaude hemen?
Apaizak txistu egin zien txakurrei, eskopeta hartu eta basoan barrena deabruaren begi bistatik desagertu zen. Deabrua barregarri geratu izanaren ustean, mendekua nola hartu pentsatzen eman zituen egun batzuk, eta azkenean aurkitu zuen mendekurako era egokia.
Igande batean, Mateo Txistu meza erdian zegoenean, erbi zuri batek muturra sartu zuen sakristiako atetik. Apaizaren zakurrak sakristian zeuden, eta erbia ikusi zuten bezain laster belarriak altxa eta zaunka bizian hasi ziren. Apaizak meza eten, eta begirada bat bota zuen sakristiarantz, iskanbilaren arrazoia jakin nahian. Ezusteko galanta hartu zuen, atean erbia ikusi zuenean, tente, bere bila joateko deika ari bailitzan.
Apaizak ez zuen luzaroan pentsatu. Meza bertan behera utzi, eliztarrak txundituta ahozabalik, eskopeta eta txakurrak hartu, eta erbiaren atzetik abiatu zen.
Geroztik ez zen haren berririk izan. Ez zen inoiz itzuli. Hala ere, harez gero ugari dira bere txakurrei txistuka. sumatu dutenak, besteek zaunka tristeak entzun izan dituzte eta zenbait gau garbitan apaiza, txakurrak eta erbiaren irudiak antzeman daitezke ilargiaren argitara, beren amaierarik gabeko joan-etorrian. (www. armaroa.com)
Oso antzekoak dira Euskal Herri osoan zehar entzun ditzakegun kontakizunak. R. Mª Azkuek kontatu zuenez, Olaetan Ihiztari Beltza Joaniko Txistu izenaz ezagutzen zuten, eta bertan kontatzen zenez, Mari Urrikaren kusia omen zen. Soraluzen erraiten dutenez erbia ez da egiazko erbia, deabrua baizik. Kortezubin kontatzen dutenez, apezak ezin izango du nehoiz gelditu, ezta ogi puska bat eskatzeko ere.
Biziki berezia da Aezkoan kontatzen dena. Bertako istorioek diotenez, ekaitz bortitzeko gauetan, haizeak Iratiko zuhaitzak astintzen dituenean, izpiritu gaiztoek Albreteko Joana III.-aren hilotza arrastaka eramaten omen dute. Oroit dezagun Joana III.a protestanteen erregina babeslea izan zela, eta katolikoen erranetan, lamiek eta sorginek eramaten omen dute haren gorpua Nafarroako erresumaren lurretan barna. Hori omen da haren bekatuagatik etorri zaion zigor eternala.
4.- Ondorio gisa.
Modu batean edo bestean, Ihiztari Beltzaren mitoaren gibelean bada arras zabalduta dagoen kontakizun eta sinesmen zaharra, hedadura handikoa, gainera. Euskaldunok ere gurea egin dugu, eta nortasun berezia eman diogula erran daiteke. Eliza katolikoaren eskua ere atzeman dezakegu herrietan aditzen diren kontakizunetan: apez beltza, Salomon erregea, Joana III.aren zigorra… Badirudi mito zahar horretan, aroz aro eta urtez urte moldapen eta aldaera franko egin direla. Giristinoek eman diote, antza, gure artean duen azken itxura. Joana III. gaixoak ez zuen horrelako istorio itsusirik merezi, jakina.
Istorio hauek ez dira gure artetik nehoiz desagertu, bizi-bizirik iraun dute baserrietan eta laborarien artean, batez ere. Hirietan aspaldian dago gure iruditeria kolektibotik desagertuta. Nik ere, arrunt ahantzia nuen, ezabatuta nuen nire gogoeta magikoetatik. Ustekabean, laborari saratarrak apezaren zakurrak aditu dituela kontatu didalarik, nire gogoak gibelera jauzi egin du eta garai bateko oihartzuna ekarri. Niretzat iraganerako itzulera izan da, nire haur denboretara egin dudan itzulera, Ihiztari Beltzaren itzulera, azken finean.
Nire uste apalean, Ehiztari Beltzaren mitoa normandoek zabaldu zuten gure artean, Sanmartintxiki, Axerihargaitz eta Patxi Errementariaren legendekin batera. Normandoak 200 urtez egon ziren gure artean jaun eta jabe, eta dokumentu idatziak utzi ez zituztenez, egon ez balira bezala begiratzen diogu gure iraganari, baina egon, egon ziren eta eragin, eragin zuten, ez gutxi gainera. Mitologian, toponimian, hiztegian, industrian, arrantzan eta baita foruetan ere, bada haien arrasto ugari.