Igartubeiti Baserri Museoko dolarea urriaren 8tik 14ra jarriko da martxan
Igartubeiti Baserri Museoko dolarea urriaren 8tik 14ra jarriko da martxan –
Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astea ospatuko du urriaren 8tik 14ra. Baserriko prentsaketa zuzenean ikusi ahal izango den urteko aukera bakarra da. Antzerkiak, kirikoketa erakustaldiak eta erakusketak izango dira.
Igartubeiti baserri Museoak Sagardo Astearen XXI. edizioa ospatuko du. 7 eguneko egitaraua da, antzerkiak, kirikoketa erakustaldiak eta sagarraren ziklo naturalari balioa eman nahi dion erakusketa, besteak beste.
Hitzordu honetan, bisitariak duela mendeetako jarduera honen lekuko dira, dolarea martxan eta sagarraren prentsaketa zuzenean ikusiz.
Igartubeiti baserriak urteak daramatza Sagardoaren Astean jotzen den sagarra bere ingurutik etor dadin apustu egiten. Zoritxarrez, sagarraren goraldi erritmoak eta lurraldeak jasan duen lehorte lazgarria direla eta, museoak Gipuzkoako beste toki batzuetatik ekarritako sagarra erabili behar izan du. Seinale argia da inoiz baino beharrezkoagoa dela Ezkioko museoak egiten duen jasangarritasunaren balioa nabarmentzea.
Aurtengo edizioan, Igartubeitik Sagardoaren Astea jasangarritasunaren erakusgarri izatearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, ikusgai dagoen sagar guztia Ezkiokoa, Igartubeitiko sagarrondoen zati bat eta baserritar batzuen beste zati bat izatea lortuz.
Prentsaketak erritmoarekin
Urriak 8, 9 eta 12ko sagar jotzetan kirikoketa talde bat izango da. Kirikoketa, sagarrak jotzean sortzen den erritmo soinua da. “Sagar joaleak”, Igartubeitik antolatutako eta Juan Mari Beltranek, euskal herriko musikaren ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetakoak, eskainitako lantegi batzuetan sortutako taldeko partaide dira.
Sagardo Asteak Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bitartez Igartubeiti baserria ezagutzeko aukera eskaintzen du. Asteburuan eta jaiegunean, 11:15etatik aurrera, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak eta Amaia Ruiz de Galarretak, aktore tolosarrak, Kortaberria familia, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandakoa antzeztuko du.
Sagarra jarduera honetako protagonista izango da. Sagardo Astean, Igartubeitiko sagarrondoetako sagar mota ezberdinen erakusketa ere izango da.
Sagardo astea, prozesu baten emaitza
Igartubeiti Baserri Museoak, urteak daramatza, baserria ondarearen ardatza dela kontutan izanik, bere aberastasuna lantzen, bere zaintzatik, errespetutik, ingurunearen, bere baliabideen, erabilpenen eta eskaintzen dituen zerbitzuen arteko oreka bilatuz.
Urteko jarduera puntual bat izatetik haratago, Sagardo Astea, negutik udazkenera bitartean garatzen den prozesu baten, sagarraren ziklo naturalaren emaitza da.
Sagarra dolarean jo aurretik, lan ezberdinak burutu behar izan dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, hauen izerdialdia, loraldia, sagar aleen hazkundea eta bilketa. Prentsaketa eta kupeletan gertatzen den zukuaren fermentazioaren ondoren, martxoan, Barrikote festa ospatzen dugu, sagardoaren dastaketarekin.
….
Informazioa:
Plaza mugatuak. Aurrez izen ematea 943 72 29 78 / 72 51 07; igartubeiti@gipuzkoa.eus
Igartubeitira nola iritsi
Igartubeiti baserri museoa Ezkion kokatuta dago, (Ezkio bidea, 1km) hau da, Ormaiztegi eta Zumarraga artean.
Antzezpenak, dolareko prentsaketak eta kirikoketa
Igartubeitiko dolarea martxan
Urriak 10, 11, 13, eta 14 11:30etan. Edukiera beteta.
Urriak 8, 9 eta 12 12:00etan.
Antzezpenak baserrian
Urriak 8, 9 eta 12 11:15
Kirikoketa
Urriak 8, 9 eta 12 12:00etan.
Igartubeiti Baserri Museoko dolarea urriaren 8tik 14ra jarriko da martxan