Hernani euskarazko komikigintzaren topagune bihurtuko du HernaniKomik-ek

Hernani euskarazko komikigintzaren topagune bihurtuko du HernaniKomik-ek –

Hernaniko Udaleko webgunetik jasoa.

Azaroaren 17 eta 18an izango da, Atsegindegi plazan

Hernani euskarazko komikigintzaren topagune bihurtuko du HernaniKomik-ekHernaniKomik azoka eta jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko da datorren asteburuan, azaroaren 17 eta 18an. Euskarazko komikigintza erdigunean jartzeko intentzioarekin sortu zuen iaz HernaniKomik Hernaniko Udalak, udal liburutegiaren bultzadarekin. Euskara hutsezko komikigintzari eskainitako azoka bakarra da Euskal Herri mailan.

“Iaz hasi genuen azoka honekin, ikusgaitasuna eman nahi diogu komikiaren diziplinari”, azaldu du Aitor Huizi Kultura zinegotziak. “HernaniKomik egonkortzea nahi genuke, urteroko zita bihurtzea literatura eta arte grafikoak uztartzen dituen azoka hau”.

Gaurko aurkezpenean, Aitor Huizi Kultura zinegotziak eta Ainara Aiestaran liburutegiko arduradunak HernaniKomiken parte hartuko duten zenbait sortzaile izan dituzte laguntzaile: Ainara Azpiazu Axpi; Mikel Begoña; Dani Fano; Gregorio Muro; Koro Muro; Jon Zabaleta eta Alai Zubimendi.

Mikel Begoña komikigileak azaldu duenez, “komikiaren eragile ezberdinak auzolanean ibili gara hau guztia antolatzen. Jaialdi honek daukan balio inportante bat da euskal komiki munduak daukan aniztasuna kontuan hartuz zubiak eraikitzen dituela eragile ezberdinen artean”.

Bederatzi komiki aurkezpen

Aurtengoan ere, azoka eta komiki aurkezpenak izango dira HernaniKomiken muina. Euskal komikigintzaren nobedadeen erakusleihoa izango da Atsegindegi plaza hilaren 17an eta 18an. Egun osoko azoka izango da bi egunetan eta 10 postu egongo dira bertan: Ataramiñe; Denonartean; Dobera; Elkar; Harriet; Hernani Errotzen; Herrima; Gaueko; Sare antifaxista; Xabiroi-Ikastolen Elkartea; Udalbiltza eta UNRWA Euskadi.

Bederatzi komiki-aurkezpen izango dira, egileen presentziarekin. Tartean, sortzaile hernaniarrek ere parte hartuko dute.

Ikasleentzako komiki-tailerra ere zuzenduko du Ainara Azpiaxu Axpi-k,  Hernaniko Institutuko DBH 2. mailako ikasleekin. Zuzenean marrazteko saioak ere izango dira.

Aurtengo kartela Jon Zabaleta hernaniarrak egin du.

Juan Luis Landarentzako, Joseph Camino saria

Komikigintzan egindako ibilbidea aitortzeko Joseph Camino saria aurtengoan Juan Luis Landa komikigile errenteriarrak jasoko du. 40 urteko ibilbidea egin du komikigintzan. Ipurbeltz, Gabai  edota Irati gisako komiki ezagunen atzean dago Landa. Komikigintzatik aparte, ilustrazio eta marrazki bizidunen munduan ere aritutakoa da. Nazioartean errekonozitutako egilea da.

Gainera, aurten nobedade gisa, hilaren 17tik 30era bere lanen erakusketa ikusgai izango da Biteri Kultur Etxean. Era berean, Landaren Orreagako kronikak abiapuntu hartuta, udal liburutegian komiki-erakusketa bat atonduko da, Wasconicam perfidiam, Orreagako guduaren inguruan marraztu diren lanak biltzeko.

Hernani euskarazko komikigintzaren topagune bihurtuko du HernaniKomik-ekEGITARAUA:
Azaroak 17, ostirala:
11:00-14:30/17:00-20:00: Komiki azoka.
11:30: Komiki tailerra ikasleentzat.
17:00: IV. Komiki lehiaketaren sari banaketa (Dobera elkartea).
17:30: Komiki aurkezpena: Surflaria (Uxue Alberdi eta Susanna Martin).
18:00: Komiki aurkezpena: Hiru etxe Santa Monikan (Mikel Begoña eta Iñaket).
18:30: Komiki aurkezpena: Manga euskaraz (Iñaki Otamendi, Aritz Amillategi eta Koro Muro).
19:00: Komiki aurkezpena: Ño! (Maitane Gartziandia eta Eli Pagola).
Azaroak 18, larunbata:
11:00-14:30/17:00-20:00: Komiki azoka.
12:00: Joseph Camino saria: Juan Luis Landa.
13:00: Dzirt-dzart saioa: zuzenean marraztuz. Unai Gaztelumendi eta Irati FG.
17:00: Komiki aurkezpena: Iker eta Ixone (Gregorio Muro).
17:30: Komiki aurkezpena: Elur gorrituaren egunak (Amaia Telleria eta Laida Ruiz).
18:00: Komiki aurkezpena: Artxipelagoa (Martin eta Xabier Etxeberria, eta Sanvi).
18:30: Komiki aurkezpena: Gora Euskal Herrientsak! (Asisko Urmeneta).
19:00: Komiki aurkezpena: Memoriaren ibaia (Juan Luis Zabala eta Mattin).
Azaroak 17-30:
Erakusketa: Juan Luis Landaren lanak (Biteri Kultur Etxean).
Hernani euskarazko komikigintzaren topagune bihurtuko du HernaniKomik-ek

Hernani euskarazko komikigintzaren topagune bihurtuko du HernaniKomik-ek

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude