Hator, mutil, etxera

Hator, mutil, etxera –

Gure bilantziko nazionala Tourra bezala jaio zen, etapaka. Antonio eta Juan Kruz De la Fuente anaia famatuek jarri zuten abiapuntua, Gaboneko kantak sortu zituztenean, XVIII. mendearen hondarretan. Zilargin durangar hauek artista bikainak ziren, dantzari eta bertsolariak biak, Juan Kruz txistularia ere bai.

Hator, mutil, etxera
Arg: Kronika

Herriaren gogoan gorde eta, ehun urte geroago, Bartolome Ertzilla musikari durangarrak partituran jarri eta argitara eman zituen. Hala ere, XX. mendearen hasieran ez ziren oso ezagunak. Resurreccion Maria Azkuek Otxandioko bi laguni bertsio bat jaso eta, ohi zuenez, hizkuntza aldetik zuzenketa batzuk jarri zizkion. Jesus Guridi, haren lagun onak 1920aren inguruan, ahots eta pianorako bertsioan argitara eman zuen, eta geroago abesbatzarako harmonizatu. Azken egokitzapen honen bitartez zabaldu eta itsatsi da Euskal Herri osoko memoria musikalean. Bide konplexua egungo bilantzikora iristeko, mundua eta bizitza bezalakoa.

Batzuentzat konplexutasun hau gehiegizkoa da. Bilantzikoari begira, esango lukete: ez da aproposa gure haurrentzat, soilik mutila aipatzen baitu, neskarik gabe eta familia tradizionalaren eredua besterik ez. Edo: bizkaieraz dago eta batuaz behar luke, euskaldun guztientzat egoki izateko. Euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzeko ahalegintzen direnen himno modukoa dela esango du Voxeko legebiltzarkide euskaldun misteriotsuak, euskaraz dakiela esan baina inoiz entzun ez zaion horrek. Edo beste batek funtsean turroi marka baten iragarki famatuaren oso antzekoa dela, kontsumismoa bultzatzen duela alegia. Agian jainkojaleak, ez dela itxurazkoa festa kristau batentzat, ez baitu Jesusen jaiotza aipatzen, beste batzuk Gabon gaua horretan kristautasun zipriztin gehiegizkoa ikusiko duten arren.

Ikastetxe batzuetan, irakasle eta gurasoen artean, kezka dago: eskola publiko eta laikoan zilegi al da aipamen erlijiosoak dituzten kantak irakastea? Nonbait WhatsAppa erabili dute erreferendum modukoa egiteko: erlijio kutsua duten abestiei hitzak aldatuko al dizkiete? Inor kontent ez geratzeko aukera segurua. Kataluniako erreferendumerako bide hori baliatu izan balute, orain baino handiagoko liskarra genuke. WhatsAppa neurriz, manipulazio eta ezkutuko asmorik gabe erabiltzeak gutxienez goi mailako pare bat master eskatzen baitio edonori.

Gabon paganoak errealitate dira gure artean, ez dute bultzada handirik behar: erosketa sukarra, oturuntza pantagruelikoak, alkateen arteko lehia pinu argitsu handienak kokatzeko beste miserien estalgarri… milaka pertsona elkartzen direlarik. Aldiz, erritu liturgikoen parte hartzea ez da handia. Kristau usteko gehienok ere hala ospatzen ditugu Eguberriak… maiz ezinbestez. Ongi dago horri lotzen zaizkion neguburuko abestiak sortzea eta kantatzea. Orain ez asko, udako abestia famatzen zen,  eta tankera horretakoak ere badira tradizioz. Hortxe da Ertzilla beraren “Gaboneko afari on bat”, bromoso eta txantxalaria. Baina gure historiari aurrez aurre begiratu nahi ez izatea eta horretarako balio handiko testu eta doinuak baztertzea ez dakit bide ona den. Hobe kantak ikastean haurrei adieraztea zergatik esaten den mutil, danbolin hori zer den ulertaraztea, gaztainak jatea zein aukera jatorra den, ostiraletako edozein litxarreria zelofandun horietakoa baino hobe, zer arraio diren Jesus eta Jainko kontu arraro horiek… Azken batean, tradizioa galdera eraginkorrak egiteko eta erantzunak bilatzen ahalegintzeko usatzea. Mundua ez baitzen bart arratsaldean sortu, etzira iritsiko den ez badakigu ere.

Antzinako jakindurian hobe eskua ez arinegi sartzea, ez da ona. Jasan dugu nola aldatu diren Olentzero eta Mari Domingi, disneyzatu eta mindulin huts bihurtu. Eguberrietako kristau mezuak badu zerbait ederrik eta osasungarririk, denontzat baliagarri: artzainak, basoko ikazkinak, ijitoak, erreka ertzeko emakume garbitzaileak, eskaleak, ahaztutakoak… horiexek dira elkarren maitasunaren aldarria egiten dutenak. Handi-mandiei ez zaie berri hori iristen, noski.

Bada kontu garrantzitsuagorik Gabon abesti eta bestelakoen inguruan. Irakatsiko al diegu gure haurrei kantatzen? Mingarria da oso ikastetxeetako haur saldoak ikustea euren eztarriak eta ibiltarien belarriak lehertu beharrez, bilantzikorik ederrena ere trimin-trimin egiten. Garrasika nekez ospatuko dugu Eguberria edo Neguburu paganoa.

Nik, neure ahots eskasez baina ez garrasika, atsegin handiz abestuko ditut Gabon gaueko afarian eta Eguberri eguneko mezan “Adeste fideles” eta “Belengo Portalian”. Horiek, bai, Gabon kantak.

Hator, mutil, etxera Hator, mutil, etxera Hator, mutil, etxera

Piter. Edo Mirri. Txistularia.

Zer duzu buruan “Hator, mutil, etxera”-ri buruz

  • Herri baten tradizio guztiak ez dira harro egoteko modukoak beti, baina bere tradizioez lotsatzen den herriak etorkizun eskasa du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude