Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen

Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen –

Hartzaren eguna Donibane-LohitzunenAurten ere, eta urteroko kontuari jarraituz, otsailaren 9an, larunbatarekin, hartza, mendietako leize-zuloak utzirik, Donibane Lohizuneko karriketara etorri zitzaigun. Harekin batera ibili ziren, kalez kale eta bazterrez bazter, Lapurdiko inauteria osatzen duten gainerako pertsonaia koloretsu eta miresgarriak. Osora ehun bat lagun, dena kolore, dena dantza eta dena alaitasun. Hortxe ziren, Donibaneko euskal harrotasuna zabalduz, Begiraleak elkarteko dantzari gazte eta trebeak. Begiraleak ospetsua dugu Lapurdiko itsas-hegian euskal kulturaren alde egiten duen lan handiagatik, eta inauterian ere, Hartzaren Eguna antolatuz, euskal hazia lur emankorrean ereiteko prest dugu beti.

 

Segizioa goizeko 10etan abiatu zen, eta eguraldi ederraz baliatuz, Donibaneko karrikak inaute giro ezin hobeaz bete zituzten. Aitzinean Baionatik etorritako joaldunak zihoazen eta ondoren zaindari batek soka luze batez loturik zeraman hartza. Ondoren, musikariak, hiruburuak, zirtzilak eta gainerako pertsonaiak. Donibaneko zaindariak makil handi bat eramaten ohi du eskuan, eta makilan kiribildurik soka handi luzea, hartza loturik eramaten duena. Zaindariak nahi duelarik, soka luzatzen du eta hartza jendearen gibeletik abiatzen da, haurrak izutuz, emazteen zarpak ebatsiz, dendetan sartuz eta bestelako bihurrikeriak eginez. Hartza gisakoa bada ere, sobera bihurria da eta barrabaskeriak egitea maite du.

Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen

Aipatu makilaren goiko muturrean loturik, eta koloreetako xingolen artean, ereinotz edo erramu adaxka bat izaten da. Erramu adaxka hori magikoa omen da eta izpiritu txarrak, eritasunak eta ezbeharrak uxatzen omen ditu. Hartz-eramailea, horrela deitzen baitzaio aipatu zaindariari,  atorra beltzez, galtza ilunez eta kapelu beltzaz janzten da, oinetan abarkak ditu eramaten eta ohiko euskal mukanesa gorria lepoan. Mukanesa hau euskal marrazki horiz eta beltzez apaindua da.

Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen
Hiriburuak. Argazkia: Intza Gutierrez

Hartzaren Egunean, beste pertsonaia bat aipatu beharra dago: hiruburuak. Zortzi inguru izaten dira, zakuz eta koloreetako xingolez jantziak, eta hiru buru dituztenak. Hortik datorkie izena. Aurpegia zapi fin batez estalirik eramaten dute eta buru gainean hegal zabaleko lastozko kapeluak. Binaka joaten dira eta aitzinean Zibulohi izeneko gidari moduko pertsonaia joaten ohi da. Honek erratz handi batez egin beharreko bideak garbitzen ditu. Pertsonaia hau ere, antzeko arropaz janzten da. Hiruburuek hainbat dantza egiten dute. Bada Hiruburu Dantza izenekoa, arras berezia dena, eta soka luze baten inguruan dantzatzen dutena. Sokadantza bat dela erran daiteke. Dantza honen bukaeran kantu labur bat abesten dute eta hau amaitzen delarik, soka utziz, ikusleengana abiatzen dira eskuan daramaten maskuriaz kolpatzen. Kantuak honela dio:

 

Donibane ta Ziburu

ihes egin denak seguru,

uru uru gu gira hiruburu,

kasu jende ta inguru.

 

Hartzaren segizioa, hasieran aipatu dudan bezala, goiz-goizean abiatzen da Begiraleak elkartetik eta karrikaz karrika ibiltzen dira  Karrika Handian (Ganbetta ere deitua), herriko plazan, merkatu aitzinean… dantza eginez. Hainbat ostatutan jan-edariak, xokolata beroa, eta horrelakoak  ematen dizkiete eta horietan ere hainbat dantza egiten dute. Eguerdian denek umore onez elkartean bazkaltzen dute, eta arratsaldean, 4ak irian, berriz karrikaz karrikako ibiltzeari ekiten diote. Hiruburuek, zirtzilek eta gainerako pertsonaiek makil-ttiki dantza, hainbat dantza-jauzi, fandango eta arin-arin, zortzikoa… dantzatzen dituzte. Hauxe izaten da Hartzaren Eguneko usaia.

Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen
Zirtzilak. Argazkia: Intza Gutierrez

Aurten, otsailaren 9an, urteroko errituala errepikatu zuten kale eta plazak betetzen zituzten donibandarren plazera eginez. Hortxe ibili zen hartza bazterrak nahasten eta alaitzen.

Inauteria neguko hotza eta iluntasuna gainditu nahi dituen aroa dugu, udaberriari eta eguzkiari deika aritzen zaien aro luze eta hitsa. Aurten ere, donibandarrek, urteroko erritoari jarraiki, horretan ari izan dira, eta ainitz urtetan horrela arituko direlakoan nago, Donibane Lohizunek euskaldun izaten jarraitzen duen bitartean, bederen. Luzaz horrela izan bedi!

Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen
Herriko plazara sartzen. Argazkia: Intza Gutierrez

Hori dena laburtu nahi izan dut hiru koblatan. Ahairea edo doinua: Haize hegoa kantu ospetsuarena erabili dut horretarako. Horratx:

 

 

1.- Donibane Lohizuneko

hartz eder miresgarria,

karrikaz karrika dabil

dantzan eta dantzan biran,

kaskarotak hor dabiltza

dantzan makilak joaz,

inauteria etorri zaigu

udaberriaren bila.

 

2.- Neguko gau luzeak

ta egunak laburrak,

zeru hits eta iluna,

euria eta aro hotza.

Heldu zaigu hartz handia

eguzkiari deika,

udaberriaren xerka,

heldu da inauteria.

 

3.- Soka inguruan dabiltza

hiriburu alaiak,

dantzari emanak dira

zangoak beti airean.

Zaku arropak ta xingolak

ta kapelu zabalak.

Hiriburuen garaia

Donibanera iritsi da.

Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen
Karrika Handian barrena. Argazkia: Intza Gutierrez
Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen
Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen
Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen
Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen
Hartzaren eguna Donibane-Lohitzunen

Euskaltzalea eta irakasle-ohia