Hamaika soka eta hamar azkazal
Hamaika soka eta hamar azkazal erabilita, gitarra jotzeko modu berri bat dagoela ikusi dut sarean duela gutxi (berria niretzat, diñot). Bideo demonioak 22 milioi bisita dauzka, eta ondorioz, pentsatzen dut berandu xamar egin dudala aurkikuntza. Pentsa, pantaila 4:3-koa da. Hala eta guztiz ere, badaukat itxaropena zuetakoren bati sorpresa gozo bat emateko.
John Butler 1975ean jaio zen Estatu Batuetan, baina gaztetatik bizi da Australian. John Butler Trio izeneko talde bat dauka, eta sona handia lortu zuen irla ozeaniarrean 2000. urtetik aurrera.
Gitarra hamaika sokakoa da, erratzen ez banaiz; binaka daude behetik hasita hirugarrena ezik. Ez du pua erabiltzen. Zertarako baina? Bere ezaugarri nagusienetako bat dauzkan azkazalak dira, ondo luzeak. Izan ere, horrelakoak ez balitu, ezingo luke lortzen duen soinu berezi hori eskuratu.
Abesti honetan ez du kantatzen, aski da gitarrarekin.
Gorroto dut gitarra horrela jotzeko gai den pertsona bat orain arte ezagutu ez izana; urte zaharretako parrandan tambor tambor 40 aldiz entzungo nuen. Musika kontuetan sedentario xamarra ez ote naizen ere pentsatzen hasia naiz. Ni eta ingurukoak urteak daramatzagu antzeko bagajearekin, oso gutxitan sartuz zerbait motxilara, eta oso gutxitan zerbait botaz.
Ez dakit zer iradokitzen dizuen abestiak: izaren arteko jolasa, bizitzaren martxa, edo azkazalak moztu behar dituzuela oroitu zareten (bereziki gomendagarria izaren artean jolastera bazoazte). Nik behintzat onartu behar dut hunkitu egin naizela. Aldi berean hiru gitarra daudela dirudi momenturen batean.
Oraingoz sei soka eta hamar azkazalekin jarraituko dut nire bidea; hamaika sokei doinu hori ateratzeko dauzkadan hogei azkazalak beharko nituzke eta.