Maisu lanbidez, maisu harremanetan eta lagun artean

Patxi Agirrezabala MaisuPatxi Agirrezabalak, beste hainbat zarauztarrek bezala, La Salleko eskolan egin zituen lehen ikasketak. Gero Donostian irakasletzarako ikasi eta Historian ere lizentziatura atera zuen. Bere sorterriko Salbatore Mitxelena ikastolan hasi zen lanean; han, ELAko ordezkaria zela, irakaskuntza zeraman Xanti Ugarteren proposamena iritsi zitzaion: «Zarauzko ikastolako atarian elkarrizketa luze bat izan genuen. Proiektua bagenuen eta ekipoa osatzen ari ginen. Patxirekin dena erraza izan zen eta izan da. Proposatutako denari baiezko borobila eman zion. Ekipo sendoa osatu genuen eta urratsak ematen hasi ginen ikastoletako langileen lan harremanak sendotzen».

Bazekien lana gogor egiten: «goizeko zazpiak arte negoziatu eta batzuk prentsa-oharra idazten ari ziren bitartean besteek asanbladak prestatzen genituen, baina berari ez zitzaion asko antzematen», dio irakaskuntzan kide izan zuen Jesus Mari Larramendik. Joseba Iturbe lankide eta lagun minak dioen bezala, «lankide benetan ona, lagun ezin hobea. Eredugarria zen eta da Patxi. Ahalmen handiko militantea. Lanak inoiz ikaratzen ez zion horietakoa. Lanari heldu eta aurrera egiten ziona; detaile guztiak aurrez ondo jorratuak izaten zituena beti». Baita xehetasun txikietan ere: sekula ez zuen inguruko inoren urtebetetzean huts egiten, zorionak emateko. Joseba Iturbek nabarmentzen duenez, «arduradun bezala izan dugunok beti oso babestuak sentitu gara. Egoera larrietan ere sekula ez zintuen salduta uzten. Beti laguntzeko prest. Oso gertuko pertsona izan da Patxi».

Baina, Xanti Ugartek dioen moduan, «dena ez zen lana. Patxi, Jesus Mari Larramendi, Joxeanjel Ulazia, Joxe Mari Eizagirre eta neu bilerak, paperak, eztabaidak eta abarretik aparte afari batzuk ere egin genituen Mutrikuko soziedadean. Han ere Patxik maila ematen zuen. Hitz egindakoa paperean ongi jaso etxera joandakoan ordenatu eta hurrengo egunerako dena prestatuta edukitzeko, baina joan aurretik hain maiteak zituen abestiei errepaso goxo bat eman gabe ez zuen bukatzen».
Irakaskuntzan lankide izan zuen Larramendik dioen moduan, zehatza eta puntuala zen; «negoziatzen gogorra, baina gero solaskidearekin harreman ona izan zuena; ez zen bere onetik ateratzen». Sindikatuko beste lagun batek, Iñigo Zubeldiak dioenez, «desadostasunean ere, ahotsa altxatzen ez zuena, hitz onez bideratzen zekiena».
Joseba Iturbek nabarmendu du: «Bai lan arloan bai harreman pertsonalean ez da egongo pertsona bakar bat ere Patxiz hitz txar bat esango duenik. Nik 27 urteotan ez dut ezagutu, eta ez dut ezagutuko ere». Larramendik gogoratzen duen bezala, «aurpegia ematen zuen: zerbait esan behar zenean, gustukoa ez izan arren, sekula ez zen ezkutatzen; arazoak izanez gero ez zituen saihesten. Berezko liderra zen». Iturberen laburpena: «Maisu lanbidez, maisu organizazioan, maisu harremanetan, maisu lagunartean».

Patxi-AgirrezabalaGero, Zerbitzu Publikoen federazioaren ardura zeukan Joxe Mari Larrañaga Metalera pasatu zenean, Agirrezabalari eman zion lekukoa: «Esan didate Metalera pasatu behar naizela; orduan hiri tokatzen zaik Zerbitzu Publikoen Idazkari Nagusia izatea. ‘Horretarako gaude’, esan zidan. Halaxe zen gure Patxi, beti prest. Keinu txar bat ere ez. Beti prest. Edozer gauzatarako, bai gauza txikia izan: ‘Patxi, bilera batera joan behar da’; ‘Patxi, idatzi hau egin behar dugu’; Patxi beti prest. Baita ere gauzak handiak izaten zirenean: ‘Patxi, Kongresuko lehendakari izan behar zera’, prest; ‘Patxi, ahaldun nagusiarekin bildu egin behar da’, prest. Edo kasu honetan bezala, Zerbitzu Publikoko idazkari nagusia izateko, prest. ‘Horretarako gaude’ zen bere erantzuna».

Prestutasun bera agertu zuen 2007. urtean Batzorde Eragileko zein komunikazio arduradun lanetan German Kortabarriaren lekukoa hartzea egokitu zitzaionean. Egin ohi zuen bezala gogotsu ekin zien erantzukizun berriei. Berak ere aitortzen zuenez erronka handia zen berarentzat, ordura arte egin gabeko funtzio berriak gainean hartzea egokitu zitzaiolako. Azkenaldian, ondorioz, bera izan dugu sindikatuko komunikazio arduraduna. Komunikazioari dagokionez arduradun nagusia izan arren betiere besteei ahotsa ematen saiatzen zen. Ez zuen gogoko inolako protagonismo berezirik, sindikatuaren komunikazioa talde-lana zela sinetsita baitzegoen. Ardura berrietan ere politika eta gizarteko arlo ezberdinetako hainbat jendek egiaztatu ahal izan du Agirrezabalaren gizatasuna, gauzak argi baina modu onean esateko gaitasuna. Ikastoletako liberatu ohi batek idatzi duen bezala, «Patxiren bizitza eta argia itzali bada ere, indarra izan dezagula berak erakutsitako bidea jarraitzeko».

Joseba Villarreal
ELAko Nazio Batzordearen izenean

Maisu lanbidez, maisu harremanetan eta lagun artean

Oinezkoa