Hamaika lehen eta bigarren film lehiatuko dira Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko
Hamaika lehen eta bigarren film lehiatuko dira Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko –
Hamaika lehen eta bigarren film lehiatuko dira Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko.
Sail honetako film guztiak 50.000 euroko sari bat irabazteko lehiatuko dira.
Hemeretzi herrialdetako hamaika ekoizpenek hartuko dute parte irailaren 22tik 30era 71. edizioa izango duen Donostia Zinemaldiko Kutxabank-New Directors sailean. Aukeratutako lan guztietatik, egileen zazpi lehen lan daude, eta gainerakoak, berriz, egileen bigarren filmak dira, Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek eta Marta Madinabeitia Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Euren bigarren filmarekin lehiatuko direnen artean Liang Ming (Yichun, China. 1984) aktore, zuzendari eta gidoigilea dugu; Mingen lehen lanak –Wisdom Tooth (2020) izenekoak– aintzatespena lortu zuen nazioarteko hainbat zinema-jaialditan. Zuzendariak New Directors saila inauguratuko du Xiao Yao You / Carefree Days filmarekin; Ban Yu idazlearen eleberriaren moldaerak gaixorik dagoen eta munduan bere tokia aurkitu nahi duen emakume gazte bat du protagonista.
Zenbait film labur eta Roll (2020) film luzea zuzendu ondoren, Daichi Murase (Shigaraki, Japonia. 1997) japoniarrak bere bigarren filma aurkeztuko digu, Kiri no Fuchi / Beyond The Fog, New Directors saila itxiko duena. Belaunaldiz belaunaldi mendiko herri urrun batean ostatu bat zuzendu duen familia baten deskribapen intimoa egiten digu zuzendariak.
Bere lehen lanarekin –À l’ouest de Pluton / West of Pluto (2008) izenekoarekin–, Henry Bernadet (Quebec, Kanada. 1977) zuzendariak nazioarteko zenbait jaialditan –hala nola Rotterdamekoan eta Zürichekoan– hartu zuen parte. Oraingoan, Les Rayons Gamma / Gamma Rays lanaren bidez, Montréalen bizi diren gazte batzuen belaunaldi-deskribapena egiten digu zinemagileak.
Hautaketan sartutako gainerako zinemagileek beren lehen lanarekin lehiatuko dira. Horrela, Farhad Delaram zinemagileak (Teheran, Iran. 1988) New Directors sailean parte hartuko du Ashil / Achilles izeneko bere filmarekin. Egilearen lehen film luzean, ospitale batean lan egiten duen zinemagile gazte bati bizitza aldatuko zaio neska gazte misteriotsu bat ezagutu ondoren.
Askhat Kuchinhirekoven (Almaty, Kazajistán. 1982) lehen lanak Bauryna salu du izena; antzinako tradizio nomada batetik hartzen du izena filmak, eta tradizio horretan, lehen seme edo alaba aitona-amonei ematen zaie, haiek zaindu dezaten haurraren gurasoen ordez. Zuzendaritzan hasi aurretik, Kuchinhirekovek aktore eta zuzendari laguntzaile gisa egin izan du lan, hala nola Sergei Dvortsevoyen Tulpan (2008) eta Aika (2019) filmetan (Cannesen Un Certain Regard saria irabazi zuen lehenak eta emakumezko aktore onenaren saria bigarrenak).
Taylor Russell, Ewan McGregor eta Ellen Burstyn dira Mother, Couch! pelikularen protagonistak. Niclas Larssonen (Malmö, Suedia. 1990) lehen lan honen hasieran, elkarrengandik urrun dauden hiru anai-arreba elkartu egiten dira, jakin nahi baitute amak zergatik ez duen nahi mugitu altzari-denda bateko sofatik.
Orain arte gidoilari eta muntatzaile gisa lan egin duen Ilia Malakhova (San Petersburgo, Errusia. 1973) Hi, mom film luzearekin estreinatuko da Zinemaldian. Filmean, protagonistak –Kira izeneko 36 urteko emakume batek– ezin du amaren desagerpena gainditu, eta ahizpa txikiaren eta iloben etxe berean bizi da.
Juan Sebastián Quebrada (Medellin, Kolonbia. 1987) zuzendariak Días extraños gradu-lana Bacifin estreinatu eta La casa del árbol (2017) film laburra Torontoko zinema-jaialdian aurkeztu zuen. Aurten bere lehen film luze El otro hijo / The Other Son aurkeztuko digu, 2020an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen obra, hain justu. Zinemagile kolonbiarrak nerabe baten historia kontatzen digu; anaia ustekabean hil ondoren, bizitzen jarraitzeko beharrezko indarra bilatzen saiatuko da protagonista.
Diwa Shah (Nainital, India. 1995) indiarrak, zuzendari laguntzaile eta eleberrigile gisa lan egin izan duenak, Bahadur the Brave filmarekin egin du debuta zuzendari gisa; gaixorik dagoen semea sendatzeko dirua irabazten saiatzen den etorkin nepaldar baten istorioa kontatuko digu Shahk pandemiaren lehen garaietan Nepaleko mugatik gertuko herrixka indiar batean kokatutako film berri honetan.
Hautaketan egongo da, halaber, Last Shadow at First Light, Nicole Midori Woodford (Singapur, 1986) zuzendariaren lehen film luzea, agerraldi errepikakorrez atsekabetuta egonik Japoniara desagertutako amaren bila joango den emakume gazte baten istorioa kontatzen diguna. Singapurtarrak zuzendutako film laburrek hainbat jaialditan hartu izan dute parte, hala nola Busangoan, Clermont-Ferrandekoan eta Tokiokoan.
Hamaika film horiek Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai dira. 50.000 euroko saria da, erdibanatzeko zuzendariaren eta filmak Espainian duen banatzailearen artean. Kutxabank-New Directors saria Kutxabankek babesten du, Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak. Kutxabank-New Directors sariaren epaimahaiak baloratu eta saritzen ditu film hauek. New Directors saileko filmak Gazteriaren TCM saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen du.
Donostia Zinemaldiak talentu berrien alde egindako apustuaren adibidea da New Directors, baina ez bakarra; izan ere, zinemagileen lehen eta bigarren lanak Zinemaldiko ia sail guztietan programatu ohi dira, eta Nesten ere lehen lanak erakutsi ohi dira, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen film laburren lehiaketa gisako sailean. Gainera, Tabakalerarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera, ikus-entzunezko proiektu berritzaileak babesten dituen eta arte-egonaldien plan bat barne hartzen duen Ikusmira Berriak programaren buru ere bada Zinemaldia.
Kutxabanken bezeroentzako deskontuak
Kutxabanken Gazte Txartela duten bezeroek %50eko deskontua izango dute sarrerak erostean (Sail Ofizialeko Galak eta abonuak izan ezik). Kutxabanken euskararen aldeko apustuaren baitan, bezero gazteek euro baten truke erosi ahal izango dituzte euskarazko edo euskarazko azpitituluak dituzten emanaldietarako sarrerak (Kursaal 1-eko saioetan izan ezik). Gainera, Kutxabankek 1.000 sarrera inguru banatuko ditu bezero eta bezeroen artean.
________
“Xiao Yao You (Carefree Days)” Liang Ming (Txina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Txina
Antzezleak: Lu Xing Chen, Li Xue Qin, Li Cong Xi, Ai Li Ya
INAUGURAZIOA
Txinako ipar-ekialdean, Shenyang gainbeheran dagoen hiri bat da. Xu Lingling-ek, bizitza gainbeheratu egin zaion 25 urteko neska batek, uremia du, eta gaixotasunaren unerik gorenean, aita libertinoa Tan Na lagunik onenarekin eta Zhao Dongyang ikaskide ohiarekin itzuliko zaio zaintzera. Sufritzen ari bada ere, familiaren eta lagunen maitasunari esker, bizitzea merezi duela sentituko du protagonistak. Egun batean, Tan Na eta Zhao Dongyangekin bidaiatzea erabakiko du Xu Linglingek.
.
“Kiri no fuchi (Beyond the Fog)” Daichi Murase (Japonia)
Antzezleak: Shuri Miyake, Masaki Miura, Shinzo Hotta, Asami MizukawaKLAUSURAKO FILMA
Ihika herrixka lasai eta helezin batean bizi da Japoniako mendietan, bere garaian txangozalez eta dendaz beteta egon ohi zen leku batean. 12 urteko neskatoa belaunaldiz belaunaldi ostatu bat izan duen familia batean koskortu da. Duela urte batzuez gerotik, aita ez de beraiekin bizi, eta Sakik –Ihikaren amak– Shige bere aitaginarrebarekin batera zuzentzen du ostatua. Egun batean, Shige desagertu eta ostatuaren biziraupena arriskuan egongo da, Ihikaren familiara aldaketak gertatzear daudela.
.
“Ashil (Achilles)” Farhad Delaram (Iran)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Alemania – Iran – Frantzia
Antzezleak: Mirsaeed Molavian, Behdokht Valian, Roya Afshar, Neda Aghighi
Ospitale batean lan egiten duen zinemagile gazte batek bidaia labur bat hasiko du osasun mentaleko arazoak dituen paziente batekin, benetan nor den jakiteko. Erabaki bat hartu beharko du protagonistak: emakumearekin ihes egin ala emakumea ospitalera eraman.
.
“Bahadur the Brave” Diwa Shah (India)
Ekoizpeneko herrialdea(k): India
Antzezleak: Rupesh Lama, Rahul Mukhia
Koronabirus-pandemia betean, Indiak konfinamendua dekretatu du. Nepalgo langile migratzaile guztiak jaioterrira itzultzera behartuta egonik, bere seme gaixoarentzat diru gehiago irabazteko aukera ikusiko du Hansik lan-krisi horretan, bere koinatu Dil Bahadurrek biltegi batean legez kanpo lan egitea eskainiko baitio.
.
“Bauryna Salu” Askhat Kuchinhirekov (Kazakhstan)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kazakhstan
Antzezleak: Yersultan Yermanov
‘Bauryna salu’ izeneko antzinako tradizio nomada bati jarraituz, Yersultan amonari entregatua izan zen jaiotzean, hark haz zezan. Erresuminez eta gurasoengandik urrun hazi ondoren, 12 urte inguru dituenean amona hilko zaio eta ia ezagutzen ez duen familiarekin itzuli beharko du. Helduarora igarotzen ari dela eraldaketa jasanezin bat izango du Yersultan gazteak, gurasoekiko –bereziki aitarekiko– harremana konpontzen saiatzen den aldi berean.
.
“El otro hijo (The Other Son)” Juan Sebastian Quebrada (Kolonbia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kolonbia – Frantzia – Argentina
Antzezleak: Miguel González, Ilona Almansa, Jenny Navarrete
Federico eta Simón anaiek bete-betean bizi dute nerabezaroa, baina egun batean Simón hil egingo da festa batean balkoi batetik erori ondoren. Federico, familia gainbeheratzen ari den bitartean, azken eskola-asteak normaltasunez bizitzen eta etorkizuna prestatzen saiatuko da, baina dolua egin ezinik, anaiaren neska-lagun ohi Laurarengana hurbilduz joango da; agidanez, lasaitu egiten du horrek nolabait.
.
“Hi, Mom” Ilia Malakhova (Errusia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Errusia
Antzezleak: Daria Saveleva, Aglaya Tarasova, Anna Osipova
Kirak 36 urte ditu. Pulkovoko aireportuko dei-zentroan lan egiten du, eta Vera ahizpa gaztearekin eta horren alabekin bizi da. Duela pare bat urte, amak etxetik bota zituen bi ahizpak, eta desagertu egin zen gero. Kirak onartu egin beharko du ama hilda dagoela eta aurrera egin behar duela. Horretarako, heriotza-ziurtagiria lortu behar du, herentzia erreklamatu eta arreba eta ilobengandik bereiz bizitzen hasi. Bizitza berri bat izango du zain, baina Kirak ez du ezer aldatu nahi eta ama noiz itzuliko egiten du amets.
.
“La estrella azul (The Blue Star)” Javier Macipe (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia – Argentina
Antzezleak: Pepe Lorente, Cuti Carabajal, Bruna Cusí, Marc Rodriguez, Mariela Carabajal, Noelia Verenice Díaz
90eko hamarkada. Rockero espainiar ospetsu batek Latinoamerika zeharkatuko du, bere bokazioarekiko lotura berreskuratzeko asmoz. Han, gainbeheran dagoen musikari zahar bat ezagutuko du eta topaketa horretatik erabateko porrot komertziala izateko itxura duen bikote kixotesko bat jaioko da.
.
“Last Shadow at First Light” Nicole Midori Woodford (Singapur)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Singapur – Japonia – Eslovenia – Filipinak – Indonesia
Antzezleak: Masatoshi Nagase, Mihaya Shirata, Mariko Tsutsui, Peter Yu
Agerraldi errepikakorrez atsekabetuta egonik, Amik Singapurretik Japoniara bidaiatuko du, desagertutako amaren bila. Eraldatzen diren paisaien artean, ametsek, mamuek eta Amiren ama galduak euren benetako itxura azalduko dute.
.
“Les rayons gamma (Gamma Rays)” Henry Bernadet (Kanada)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kanada
Antzezleak: Chaimaa Zinedine, Chris Kanyembuga, Yassine Jabrane, Hani Laroum, Océane Garçon-Gravel
Abdelen bizitza lasaia aztoratu egingo da bere lehengusu kanporakoia uda berekin igarotzera iristen denean. Fátimak –supermerkatu batean kutxazain gisa lan berri bat hastear dagoenak– bizimodu egonkorragoa nahiko du. Arrantzan ari dela, barruan mezu bat daraman botila bat aurkituko du ertzean Toussaintek. Fikzioaren eta dokumentalaren arteko lana, Les Rayons Gamma / Gamma Rays aktore etorkin ez-profesionalekin filmatutako komedia dramatikoa da.
.
“Mother, Couch!” Niclas Larsson (Suedia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): AEB – Danimarka – Suedia
Antzezleak: Taylor Russell, Ewan McGregor, Ellen Burstyn
Taylor Russell, Ewan McGregor eta Ellen Burstyn dira istorio honetako protagonistak. Elkarrengandik urrutiratutako hiru haur elkartzen dira, amak altzari-denda batean sofa batetik alxatzeari uko egiten dionean.
Javier Bardem Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko kartelean eta Donostia Sari bat
Hamaika lehen eta bigarren film lehiatuko dira Hamaika lehen eta bigarren film lehiatuko dira