Jaione Camborda, Isabel Herguera eta Isabel Coixet Zinemaldiaren 71. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko lehian

Jaione Camborda, Isabel Coixet eta Isabel Herguera –

Jaione Cambordak, Isabel Coixetek eta Isabel Herguerak Urrezko Maskorra irabazteko lehian parte hartuko dute Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean

Javier Ambrossi eta Javier Calvoren «La Mesías» telesaila Sail Ofizialaren parte izango da, lehiaketaz kanpo; Fernando Trueba eta Javier Mariscalen «They Shot the Piano Player» filmak emanaldi berezi bat izango du Sail Ofizialaren barruan. Javier Maciperen bigarren filma «La estrella azul» New Directors sailerako aukeratua izan da.

Jaione Camborda, Isabel Coixet eta Isabel Herguera Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean Urrezko Maskorra irabazteko lehianDatorren irailaren 22tik 30era bitartean Donostia Zinemaldiaren 71. Edizioko Sail Ofizialean, hala nola New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera sailetan eta Belodromoan ikusi ahal izango diren Espainian ekoitzitako 14 lanen (bederatzi film luze, film ertain bat, film labur bat eta hiru telesail) izenburuen iragarpena hartu du gaur Madrilen Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak.

Jaione Camborda (Donostia, 1983) Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da bere bigarren film luzearekin, O Corno / The Rye Horn izenekoarekin –lehenengoa, Arima (2020), Made in Spain sailerako hautatua izan zen, Sevillan eta Gijónen saritua izan ondoren–. Filmak –galizieraz filmatua eta proiektu fasean zegoenean Ikusmira Berriak egonaldi programan parte hartutakoa– erditzeetan laguntzen aritzen den Maríaren (Janet Novás) istorioa kontatzen du. Gertaera ikaragarri baten ondoren, bizi den uhartetik ihes egin beharko du.

Isabel Herguera (Donostia, 1961) artista bisuala, ekoizlea eta animaziozko zuzendaria da. Bere lanen artean, sari asko jasotako zenbait film labur nabarmentzen dira, esaterako: Kutxa beltza (2016), Amore d’inverno (2015), Bajo la almohada (2012), Ámár (2010) eta La gallina ciega (2006). Azken horrekin Goya sarietako animaziozko film labur onenaren sarirako hautagaia izan zen. Bere lehenengo film luzean, El sueño de la sultana / Sultana’s Dream izenekoan, Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin batean oinarritutako kontakizun bat aurkezten digu Herguerak. Kontakizun horretan, bere bizipenaz gain, emakumeek gobernatutako Ladyland mundu utopikoaren istorioa azaltzen digu.

Bestetik, Isabel Coixet (Sant Adrià de Besòs, 1960) lehen aldiz izango da Urrezko Maskorra irabazteko hautagaia, Un amor filmarekin. Sara Mesaren eleberri homonimoan oinarrituta dago eta Laia Costa du protagonista. Aktore taldeko gainerako kideen artean, Hovik Keuchkerian, Hugo Silva, Luis Bermejo, Ingrid García-Jonsson eta Francesco Carril daude. Coixetek Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehenengo filma, Demasiado viejo para morir joven (New Directors, 1988). Geroztik, Cannesen, Berlinen eta Venezian lehiatu da eta, beste sari askoren artean, sei Goya sari irabazi ditu. Donostia Zinemaldiaren aurreko edizioan, lehenengo aldiz hartu zuen parte Sail Ofizialean, El sostre groc / The Yellow Ceiling lanaren lehiaketaz kanpoko emanaldi bereziarekin. Film horrek RTVE-Beste Begirada saria jaso zuen eta Dunia Ayaso sarian aipamen berezi bat.

Javier Ambrossik (Madril, 1984) eta Javier Calvok (Murtzia, 1991), «Los Javis» izeneko bikote artistiko ezaguneko kideek, La Mesías izeneko zazpi ataleko telesail batekin hartuko dute parte, lehen aldiz, Sail Ofizialean. Telesaila, thriller familiar gisa definitua, lehiaketaz kanpo emango da. Aktoreen artean, besteak beste, Roger Casamajor, Macarena García, Lola Dueñas, Carmen Machi, Ana Rujas, Albert Pla, Amaia, Biel Rossell eta Cecilia Roth daude. Ambrossik eta Calvok beste telesail arrakastatsu batzuk ere zuzendu eta/edo ekoitzi dituzte, adibidez: Paquita Salas (2016), La Veneno (2020) eta Cardo (2021). 2017an beren lehen film luzea estreinatu zuten Zinemaldian, La llamada, RTVE Galan.

Sail Ofizialean, gainera, Espainian ekoitzitako honako lan honen emanaldi berezi bat egingo da: They Shot the Piano Player, Fernando Truebak eta Javier Mariscalek zuzendua. Berriz ere elkarrekin lan egin dute, Chico & Rita filmarekin (2011) animaziozko film onenaren Oscar sarirako hautagaiak izan eta gero. Elkarlanean egindako animazio berri honetan Tenorio Jr. musikari brasildarraren figura aldarrikatzen dute, bossa nova deituriko musika-mugimenduaren hastapenen erretratua eginez. Filmeko narratzailea Jeff Goldblum da, eta artista askoren musika entzuten da, hala nola Caetano Veloso, Antonio Carlos Jobim, Joao Donato, Toquinho, Bill Evans eta Vinicius de Moraesena.

.

Javier Macipe, New Directors sailean

New Directors sailean, lehenengo eta bigarren filmei zuzendua, Javier Maciperen (Zaragoza, 1987) La estrella azul The Blue Star bigarren film luzea estreinatuko da, Mauricio Aznar musikari zaragozarrarenganako fikziozko hurbilketa bat –Más Birras eta Almagato taldeen sortzailea izan zen, besteak beste–. Lehenengo film luzearekin, Los inconvenientes de no ser Dios izenekoarekin (2014), Zaragozako zinema-jaialdiko lehenengo film onenaren saria irabazi zuen. Horrez gain, zenbait film labur zuzendu ditu; Goya sarietan finalista izandako Gastos incluidos (2019) eta Os meninos do rio (2014), besteren artean.

Martín Benchimol eta Dolores Fonzi, Horizontes Latinos sailean

Horizontes Latinosen, Latinoamerikako zinemari eskainitako sailean, Martín Benchimolek (Buenos Aires, 1985) egindako bakarkako lehenengo dokumentalak parte hartuko du, El castillo The Castle izenekoak. Horizontes saria irabazteko lehiatuko da, Donostia Zinemaldiaren aurreko edizioan WIP Latam eta WIP Latam onenarentzako EGEDA Platino Industria sariak irabazi eta Berlinaleko Panorama sailerako hautatua izan ondoren. El espanto (2017) lanarekin film onenaren saria lortu zuen IDFAn (Amsterdamgo zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdia).

Dolores Fonzik (Buenos Aires, 1978) behin baino gehiagotan bisitatu du Donostia Zinemaldia aktore gisa, honako lan hauekin: El aura (Sail Ofiziala, 2005), Truman (Sail Ofiziala, 2015), Paulina (Horizontes Latinos, 2015), La cordillera / The Summit (Donostia Sariko Emanaldi Berezia, 2017) eta Distancia de rescate / Fever Dream (Sail Ofiziala, 2021). Baina aurten zuzendari berri gisa itzuliko da Donostiara. Horizontes Latinos sailean Blondi aurkeztuko du, ama batek semearekin duen harreman bereziari buruzko istorioa. Fonzi bera da protagonista eta, berarekin batera, Carla Peterson, Rita Cortese, Toto Rovito eta Leonardo Sbaraglia aktoreak agertzen dira.

Alberto Martín Menacho, An Pham Thien, Irati Gorostidi eta Ion de Sosa, Zabaltegi-Tabakalera sailean

Zabaltegi-Tabakaleran, Zinemaldiko lehiaketazko sail irekienean, Alberto Martín Menachoren (Madril, 1986) Antier noche / Nights Gone By lehenengo filmak parte hartuko du. Ikusmira Berriak egonaldi eta proiektuen garapen programan garatu zuen eta Visions du Reel jaialdian estreinatu zen. Filmean desagertzen ari den mundu baten eta aurrera jarraitzen duen mundu moderno baten artean bizi den Europako hegoaldeko landa-eremuko gaztedia baten erretratua egiten da.

Urrezko Kamera eskuratu ondoren –Cannesko zinema-jaialdiko lehenengo film onenaren saria–, An Pham Thien (Vietnam, 1989) ere lehiatuko da Zabaltegi-Tabakalera sarietan, Bén Trong Vo Ken Vang / Inside the Yellow Cocoon Shell lanarekin. Nazioarteko koprodukzio bat da eta Thien izeneko gizon baten istorioa kontatzen du. Familian zorigaitz bat gertatu ondoren, ilobaren gaineko ardura hartu beharko du eta urte batzuk lehenago desagertu zitzaion anaiaren bila hasiko da.

Ion de Sosa (Urnieta, 1981), True Love (2011) eta Sueñan los androides (2014) lanen egilea, zenbait proiektutako argazki-zuzendaria izan da, baita Leyenda dorada / The Golden Legend (2019) film laburraren zuzendarikidea ere –film horrek Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuen, Berlinalen lehiatu ondoren–. Oraingoan, bakarka egindako Mamántula film ertainarekin itzuliko da De Sosa sail honetara. Gizakiz trabestitutako armiarma erraldoi baten izena da Mamántula.

Irati Gorostidiren (Eguesibar, 1988) Contadores film laburrak ere parte hartuko du sailean –Canneseko Semaine de la Critique astean parte hartu zuen eta iaz Kimuak katalogoan egon zen–. Gaur egun, Gorostidi Anekumen izeneko lehen film luzea garatzen ari da. 2022ko Ikusmira Berriak sailean aukeratua izan zen, baita beste mentoretza- eta merkatu-programa batzuetan ere.

.

Bi telesail Belodromoan

Belodromoa, ia 3.000 ikuslerentzat egokitua, Zinemaldiko edukiera handieneko aretoa da eta edizio honetan bi telesail estreinatuko dira bertan. Santos Bacanak (Madril, 1991), Cristina Trenasek (Madril, 1987) eta Rogelio Gonzálezek (Madril, 1991) zuzendua, Esta ambición desmedida / This Excessive Ambition lanak hiru zati ditu eta Sin Cantar ni Afinar musika-biraren abiarazteaz baliatzen da C. Tangana artistaren sorkuntza-prozesua esploratzeko.

El otro lado / The Other Side ere aurkeztuko da Belodromoan, Movistar Plus+ kateko telesail berria, sei atalez osatua, Javier Ruiz Calderak (Viladecans, 1976) eta Alberto de Torok (Bartzelona, 1972) zuzendua, eta Berto Romerok (Cardona, 1974) sortua, batera idatzia eta Romero bera protagonista duela. Telebistako komiko ezagunak –hainbat telesail egin ditu, besteak beste, Mira lo que has hecho–, lehenengo aldiz beldurraren generoa landuz, Nacho izeneko kazetari baten istorioa kontatzen du. Nacho, fenomeno paranormaletan espezializatua, bolada txar bat izaten ari da lan arloan eta bizitza pribatuan.

SAIL OFIZIALA – Lehiaketarako

El sueño de la sultana / Sultana’s Dream (Sultanaren ametsa)
Isabel Herguera (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia – Alemania

1905ean Bengalan idatzitako zientzia-fikziozko ipuin feminista batek inspiratuta, Inések iniziazio-bidaia bati ekingo dio Indian barrena, Ladyland emakumeen lurralde utopikoaren bila.

O corno / The Rye Horn
Jaione Camborda (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia – Portugal – Belgika
Antzezleak: Janet Novás, Siobhan Fernándes, Carla Rivas, Daniela Hernán Marchán, María Lado, Julia Gómez, José Navarro, Nuria Lestegás, Diego Anido

Illa de Arousa, 1971. Maria itsaskitan bizimodua ateratzen duen emakumea da. Beste emakume batzuei bere erditzeetan arreta eta ardura bereziz laguntzeagatik ere ezaguna da uhartean. Ustekabeko gertaera baten ondoren, ihes egin behar izan du eta bere biziraupenaren alde borrokaraziko duen zeharkaldi arriskutsu bat hasiko du. Bere askatasunaren bila, Mariak Galizia eta Portugal arteko kontrabandoko bideetako batetik muga zeharkatzea erabakitzen du.

Un amor
Isabel Coixet (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Laia Costa, Hovik Keuchkerian, Hugo Silva, Luis Bermejo, Ingrid García-Jonsson, Francesco Carril

Hiriko bizimodu itogarritik ihes eginda, hogeita hamar urteko Nat-ek Espainiako landa-eremu bete-betean aurkituko du babesa, La Escapa izeneko herri txikian. Erortzear dagoen landetxe batean, zakur basati zakar batek lagunduta, bere bizitza berreraikitzen saiatuko da neska gazte hau. Bere etxejabearen etsaitasunari eta herriko biztanleen mesfidantzari aurre egin ondoren, Andreas bizilagunaren proposamen sexual kezkagarri bat onartuko du, halakorik egingo zuela pentsatuko ez bazuen ere. Topaketa arraro eta ilun horretatik pasio obsesibo aseezin bat sortuko da. Nat erabat suntsituko du eta zer motatako emakumea den zalantza egitera bultzatuko du.

SAIL OFIZIALA – Lehiaketatik kanpo

La Mesías
Javier Calvo (Espainia), Javier Ambrossi (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Roger Casamajor, Macarena García, Lola Dueñas, Carmen Machi, Ana Rujas, Albert Pla, Amaia , Biel Rossell, Cecilia Roth

Ahizpa batzuek osatutako pop musika kristauko talde baten bideo biralak Enricen bizitzarekin talka egingo du. Enric oinazetuta bizi da, fanatismo erlijiosoak eta eldarnio mesianikoak zituen amaren uztarriak markatutako haurtzaroaren eraginez.

SAIL OFIZIALA – Emanaldi Bereziak

They Shot the Piano Player
Fernando Trueba (Espainia), Javier Mariscal (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Musikan aditua den New Yorkeko kazetari batek ikerketa bizi bati ekingo dio, Vinicius de Moraes eta beste musikari ospetsu batzuekin jo zuen Tenorio Jr. pianista brasildarraren desagertze misteriotsua argitu nahian. Jazz eta bossa nova erritmoko animaziozko thriller honek inflexio-puntu bat ezartzen du Latinoamerikako kontinentean erregimen totalitarioak nagusitu aurreko garaian.

NEW DIRECTORS

La estrella azul / The Blue Star
Javier Macipe (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia – Argentina
Antzezleak: Pepe Lorente, Cuti Carabajal, Bruna Cusí, Marc Rodriguez, Mariela Carabajal, Noelia Verenice Díaz

90eko hamarkada. Rockero espainiar ospetsu batek Latinoamerika zeharkatuko du, bere bokazioarekiko lotura berreskuratzeko asmoz. Han, gainbeheran dagoen musikari zahar bat ezagutuko du eta topaketa horretatik erabateko porrot komertziala izateko itxura duen bikote kixotesko bat jaioko da.

HORIZONTES LATINOS

Blondi
Dolores Fonzi (Argentina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina – Espainia – AEB
Antzezleak: Dolores Fonzi, Carla Peterson, Rita Cortese, Toto Rovito, Leonardo Sbaraglia

Blondi eta Mirko lagun minak dira. Oso gustura bizi dira elkarrekin, musika bera entzuten dute, film berak ikusten dituzte, marihuana erretzea gustatzen zaie, errezitaldietara joatea, lagun berberak dituzte, dena perfektua da euren artean… Baina, ia adin berekoak diruditen arren, Blondi Mirkoren ama da.

El castillo / The Castle
Martín Benchimol (Argentina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina – Frantzia – Espainia
Antzezleak: Justina Olivo, Alexia Caminos Olivo

Bizitza osoan etxeko langile izan ondoren, Justinari Argentinako panparen erdian dagoen luxuzko etxe handi bat utziko dio oinordetzan bere nagusi izandakoak. Inoiz ez saltzea da baldintza bakarra.

ZABALTEGI-TABAKALERA

Antier noche / Nights Gone By
Alberto Martín Menacho (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Suitza – Espainia
Antzezleak: Juan Francisco Cambero Domínguez, Pepa Gracia, Antonio Acosta Narciso, Alba Domingo Martínez

Juan Franciscok hamabi urte ditu eta Extremadurako hegoaldeko herri batean bizi da, milaka urteko artez eta eguzki-plakaz inguratutako toki batean. Galgoekin ehizatuz, haurrak gizakien eta animalien arteko harreman estua ezagutuko du. Santi eta Antonio gazteak dira eta modernitatearen parte; ohitura zaharrenekin uztartzen den modernitate baten parte, hain zuzen. Pepa hiltegian sasoikako langile gisa jarduten duen ama gazte bat da. Gazte horien guztien erretratuaren bidez, erbiak eta astoak, maitasun istorioak, suteak eta rave-ak biltzen dituen lurralde bat azaleratuko da.

Bén Trong Vo Ken Vang / Inside the Yellow Cocoon Shell
An PHAM THIEN (Vietnam)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Singapur – Vietnam – Frantzia – Espainia
Antzezleak: Le Phong Vu, Nguyen Thi Truc Quynh, Nguyen Thinh, Vu Ngoc Manh

Thien uzkurrak Saigonen moto-istripu arraro batean hildako koinataren gorpua eta mirakuluz bizirik atera den haren seme Dao, bost urtekoa, bere jaioterrira eraman behar ditu, landa-eremura. Thien urte batzuk lehenago desagertu zitzaion anaia nagusia bilatzen hasiko da, Dao haren eskuetan uzteko. Bidean, Thienek amets iradokitzaileak eta topaketa liluragarriak izango ditu, eta horiek oroitzapen erreprimituak eta desira debekatuak piztuko dizkiote. Bilaketa fantasmal horien labirintoan, bizitzeko arrazoiari buruzko krisi existentzial bati aurre egin beharko dio Thienek.

Contadores (Film laburra)
Irati Gorostidi (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Santiago Fernández de Mosteyrín, Jaume Ferrete, Claugia Pagès, Iskandar Rementeria, Natalia Suárez, Marina Suárez, Mugerza Ronse

1978an, metal-arloko hitzarmen berri baterako negoziazioetan, militante libertario multzo batek, fabrikako lankideen aurrean bere jarrera erradikala defendatzen duen bitartean, etsipen handia sentituko du langile mugimenduaren atomizazioa ikustean.

Mamántula
Ion de Sosa (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Alemania – Espainia
Antzezleak: Lorena Iglesias Lista , Moisés Richart, Marta Bassols

Mamántula denek desio duten mutila da, baina baita gizakiz trabestitutako armiarma erraldoi bat ere. Berlingo Tiergarten-en, sauna brutalisten, metroko korridore amaigabeen eta gabardinaz eta kapelaz jantzitako detektibeen iragan alternatibo batean, izandako topaketa baten emaitza da.

BELODROMOA

El otro lado / The Other Side
Javier Ruiz Caldera (Espainia), Alberto de Toro (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Berto Romero, Andreu Buenafuente, Eva Ugarte, María Botto, Nacho Vigalondo

Nacho Nieto, fenomeno paranormaletan espezializatutako kazetaria, bere bizitzako une profesional eta pertsonal txarrenean dago. Bere buruaz beste egiteko ahaleginak huts egin ondoren, bere mentore izandako Estrada doktorearen mamuak lagunduta biziko da. Estrada, misterioei buruzko komunikatzaile mitikoa, duela 20 urte baino gehiago hil zen.

Esta ambición desmedida / This Excessive Ambition
Santos Bacana (Espainia), Cristina Trenas (Espainia), Rogelio Gonzalez (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

El Madrileño diskoaren arrakastaren ondoren, C. Tanganak bere ibilbideko birarik handinahiena sortzeko eta zuzenekoaren kontzeptua iraultzeko erronkari aurre egin beharko dio. Artistaren atzetik egindako lau urtetik gorako bidaia da. Kuban diskoa sortu zuen garaitik abiatuz, beste hainbat alderdi biltzen ditu: show-a kontzeptualizazioa, negoziazioen gogortasuna, entseguak, elkarrizketa deserosoak, ospakizun intimoenak eta Espainia eta Latinoamerika osoan emandako kontzertuen zurrunbiloa.

SSIFF

Urrezko Maskorra irabazteko lehia Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan

Javier Bardem Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko kartelean eta Donostia Sari bat

Jaione Camborda, Isabel Coixet eta Isabel Herguera Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Sail Ofizialean Urrezko Maskorra irabazteko lehian

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude