Gure haur eta gazte jolasak
Gure haur eta gazte jolasak –
Denok bezala, haur eta gazte izan naiz, gaur 67 urteko gazte izandakoa banauzue ere. Gaurko gazteak jostaketan ikusten ditudanean garai bateko jolasak eta jokoak datozkit burura. Jadanik ez dira jolas eta joko berberak, gure bizimodua arrunt aldatu delako, eta baita, normala den bezala, haur eta gazteen joko eta jolasak ere. Nire haurtzaro eta gaztaroa, batez ere Donostian, pasatu nituenez gero, bertan egiten genuena kontatzen ahaleginduko natzaizue.
Ttikitan, haur garaian, muttikook kanikekin aritzen ginen, lasterketak egiten eta zenbait zulotan horiek sartzen. Baziren zenbait joko, horietako bat “Bertan txulo” deitzen genuena. Kanikak hasieran buztinezkoak ziren, eta gero kristalezko koloredunak azaldu ziren. Bazen bat, kubana deitzen genuena eta izugarri preziatzen genuena, biziki ona zelako. Besteak baino pixka bat ttikiagoa zen, eta kolorerik gabea zen, garden ilunaren antzekoa, ene gogoan, bederen.
Beste jolasa zen txapekin aritzea, eta kanikekin gertatzen zen bezala, bagenuen zenbait joko, jadanik, burutik ezabatu zaizkidanak. Ainitzetan forratzen genituen, barneko kortxoaren gainean paper marrazkidun edota koloredunak jartzen. Txiba edo ziba dantzatzea ere gure jolas maitatuenetako bat zen. Trebezia handia erakutsi behar genuen, txiba gure esku ahurrera sar eta bertan dantzan ari zedin.
Neskak, bitartean, kromoekin aritzen ziren, eta zenbait joko zituztela uste dut. Diaboloa edo deabrua izeneko tramankulu ttiki batekin ere, aritzen ziren, baita panpinekin ere. Gerora goma baten gainetik jauziak egitera pasatu ziren. Soka saltoan aritzea asko maite zuten, eta askotan, mutilak ere aritzen ziren, neskekin batera, dantzaren alde batera eta bestera jauziak eginez.
Poxpolo kaxatxoak oso preziatuak ziren gure artean, mozten genituen, eta gero horiekin zenbait jolasetan aritzen ginen. Laukoak deitzen genien. Kurkuluxekin denok aritzen ginen jolasean, bai neskak eta bai mutilak, bazen Zurriago izeneko joko bortitz bat, zeinetan zapitxo korapilodun batekin galtzailearen eskuan zartakoak ematen genituen, eta gupidarik gabe, gainera! Aingerutxoak!
Batzuetan, lur busti bigunera, makil puntadun bat jaurtitzen genuen, lurrean puntaz josirik eta zutunik gera zedin. Aurretik lurrean zenbait karratu marrazten genuen, eta balio ezberdinekoak ziren, zailtasunaren araberakoak. Itsu-mitsuka edo oilo itsuan, hau da, begiak zapi batez estalirik, lagunak harrapatzea zen beste jolas bat, ainitzetan egiten genuena. Ezkutaketan ere aritzen ginen, Donostian buletan aritzea deitzen bagenion ere. Gerora jakin dut, hitz gaskoia dela, ezkutatzea erran nahi omen duena. Zapi txuria izeneko jolasa ere gustukoa genuen, eta hortxe aritzen ginen, bi talderen artean jarrita zen lagunaren eskuan zegoen zapi zuria harrapatu nahian.
Muttikook gerrak egiten genituen gure artean, hau da, era guztietako borrokak, batzuetan beste lagunen bizkar gainean igota, zaldiko moduan. Zaldun etsaiak lurrera bota beharra zegoen. Bazen oso joko berezi bat, Txorro-morro deitzen genuena, eta horretara ere, bai muttikook eta bai neskak aritzen ginen, hori bai, neskak neskekin eta muttikoak muttikoekin. Ez naiz arauez ongi oroitzen. Guretako bat, pareta edo murru baten kontra, zutik, jartzen zen, bizkarra paretari emanez, eta beste bat makurtuta, hau da, bizkarra jaitsita eta burua makur-makur babestuta, eta gainerakook horrela zegoenaren bizkarrera jauzi egiten genuen eta bertan eseri. Behin eta berriz, azkenean, giza kate hori erortzen zen arte. Bizkar gainean esertzean, lehenak txorro esaten zuen, hurrengoak morro, eta gainerakoek: piko, taio eta ke. Azkenak txorro morro piko taio ke! esaten zuen.
Amarako parkean, bazen pista biribil bat, haurrak txirrinduz ibil zitezen. Garai hartan, gure etxeetan ez zegoen diru askorik eta horregatik haur guttik zuten beren txirrindua izateko aukera. Hori horrela izanda, txirrinduak alokatzen zituzten, ordu erdi baterako, ordu baterako…, eta abar. Garestia zen guretzat, eta oso guttitan alokatzen ahal genuen. Bekaitza edo inbiria pasatzen genuen hango txirrindulariak ikusten genituen aldiro.
Udan, hondartzara joaten ginen, eta hantxe aritzen ginen jostaketan, bai uretan eta bai hondarretan. Hondarrezko gazteluak egiten genituen maiz eta uretan ginelarik baloia elkarri pasatzen aritzen ginen, olatu gainetik saltatzen edota azpitik pasatzen, flotagailuetan, zanbuian, plantxan, aguadinak egiten…, eta abar. Maiz gabarroietaraino joaten ginen igerika, eta hantxe ibiltzen ginen jauzika edo txirristaz uretara kolpez sartzen. Tarteka, gurasoek ikusten ez gintuztenean, Santa Klara uharteraino ere joaten ginen. Franco bere yatearekin badiara etortzen zelarik, uhartera joatea debekatu egiten ziguten.
Kai aldeko neska-muttikoak uretan, bertan ainguraturik ziren arrantzontzi eta txalupen artean, aritzen ziren igerika eta jostaketan. Hurbiltzen zirenei “txakur ttikiak airera” (balore guttiko txanponak) bota ziezazkietela eskatzen zieten. Ahoarekin txanpona hartzen zuenak beretzat zuen altxor ttikia. Hurbiltzen zirenak erdaldunak zirelarik, “una perrita al aire” eskatzen zieten.
Neska eta mutil koadrilak egitean, Igeldoko, Anoetako edo Uliako baserrietara joaten ginen, merendaleku deitzen genien orduan, eta bertan sagardoa edanez ogitartekoak jaten genituen umore onean. Gero karta partidak etortzen ziren, eta askotan tokan ere aritzen ginen, bertara joaten ziren beste gazte koadriletakoekin nahasiz, edota sokatiran.
Eskola garaian, atsedenaren zain egoten ginen, eta hamaiketakoa jateaz gain pilotan edota futbolean aritzen ginen. Nik Mundaiz ikastetxean ikasi nuen, eta bertan frontoia izateaz gain, baziren bertako arkupe modukoetan, kantxa ainitz pilotaz aritu ahal izateko. Joko nagusia barrene zen, eta partidak ere egiten genituen. Fraideak ere, sotana beltz luzeaz jantzirik, askotan gurekin aritzen ziren pilotan. Ezkerreko eskuaz sotana altxatzen korri egin ahal izateko. Bazuten merezimendua, alajaina!
Garai hartan Donostiako frontoiak jendez gainezka egoten ziren, eskuz edo palaz jolasten eta jokatzen, ez baita gauza bera. Oso ohikoa zen auzoetako frontoietan edo Alde Zaharreko Trinitate Plazakoan gazteak pilotan aritzen ikustea. Barrene, barrene! zen dei moduko deia, hori entzun eta denok barrura.
Euskal festak edo ikuskizunak hurbiltzen ziren aldiro, oleska ibiltzen ginen, etxez etxe eta auzoz auzo, kantatzen, dantzatzen eta dirua eskatzen. Horretarako maindire zuri bat eramaten genuen, eta jendeak bertara botatzen zituen sosak. Horrela ibiltzen ginen, Olentzero gauean, Dios te Salven, Santa Agedan… eta abar. Festa haiek guretzat iniziatikoak zirela, aipatuko nuke nik, hortxe muturra berotzen baikenuen gazte guztiok lehen aldiz.
Gaur denborak arrunt aldatu dira, haurrendako arrisku handiak ere badira, eta horrek kaleetako edozein izkinatan egiten ziren jolasak galarazi ditu. Parkeak haurrez beteak jarraitzen badute ere, beti gurasoen zaintzapean. Haurrak ezin dira bakarrik kalean jostatzen utzi, garai batean egiten zen bezala. Pena da, aurrerapenaren prezioa dela diote batzuek, giza kondizioaren galera esango nuke nik.