Gorputzetik pasa gabe ezin da ikasi
Gorputzetik pasa gabe ezin da ikasi –
Emakumeak bertsogintzan bidetxoa egiten hasi arte, apenas aipatu den “gorputza” bertsolaritzan. Bazirudien lepotik gorakoa bakarrik zela bertsolaria. Baina bazen kontraesan handi bat: “plazan egiten da bat bertsolari” esaten baitzen. Eta zer da plaza, jendaurrean kantari ari den gorputz bat ez bada?
“Gorputza traba gisa” aipatu genuen emakume bertsolariok hasieran, eta “gorputza bidelagun” geroago. Garen hori —norbanakoa zein kolektiboa— gure gorputzetan dagoela esan nahi genuen, eta hortik aldenduta ez dagoela bertsotan egiterik, ez behintzat behin gorputzaren kontzientzia hartu ondoren. Areago, norbere gorputzetik igarotako esperientzia bat bezalakorik ez dago, zentzumen guztiekin osatutako bertso ezinbestean esanguratsuak publikoari kantatzeko.
Bertsolarien entrenamendu eta koadernoak maiz aipatu izan ditugu, baina “plazan egiten da bat bertsolari” horren atzean dagoenari erreparatu nahi nioke gaur. Egia borobila baita. Eta zer ikasten da plazan? Gauza asko: zertarako gai den norbera, zein gai motak motibatzen zaituen gehien, nondik tiratzen duten gainontzeko bertsolariek, publikoarengan zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, kantagairik ez dagoela dirudienean ere zein kantagai egon daitezkeen, doinu bakoitzak zertan laguntzen duen, albokoari entzun ondoren ere badela astia bertso on bat sortzeko, jarrera baikorrak beste edozerk baino eragin handiagoa izan dezakeela… Kalkulu asko egiten ikasten da plazan.
Baina nagusiki, bizitzan bezalaxe, gaizki egindakoetatik ikasten da oholtzan ere. Bertsoaldi baten ondoren disgustura dagoen bertsolariak, etxera bidean hausnartuko du saioko une jakin horretan gorputzean sentitu duen deserosotasun, ezinegon, ezin asmatu… horren inguruan. Eta hori bezalako ikasgairik ez dago hurrengoan zer ez duen egin nahi, zeren bila jo nahi duen, zerekin hautsi nahi lukeen eta bertsoa norantz bideratzea desio lukeen jabetzeko.
Feminismoan azken urteetan egin den bereizketa ez baita alferrikakoa. Ez dira gauza bera “jakitea”, “jabetzea”, “ahalduntzea” eta “boteretzea”. Plazara iritsi gabe ere “jakin” dezakegu zer kantatu nahi dugun honetaz edo hartaz, baina kantatu ondoren “jabetuko” gara gaia-norbera-publikoa hirukian bertso bidez lortu dugunaz eta lortu gabe geratu zaigunaz. Gorputzetik igarotako bizipenak lagunduko digu hurrengo antzeko bertsoaldi baterako “ahalduntzeko” estrategia teoriko-praktikoak bilatzen. Eta azkenik, hurrengo plaza batean, antzeko egoera batean gaudenean, “boteretu” eta aurreko aldian baino bertso hobeak botako ditugu.
Berdin dio ezinegonaren sorburua zein izan den: ideologikoa, linguistikoa, tonuari dagokiona, umorearekin zerikusia duena, “nori kantatu” zehazten asmatu ez izanaren ondorio… Koaderno bidez bakarrik ezin da ikasi, koadernoetan ez baitago gorputzik.
Eta emakumeok, gorputzaren aldarria egiteaz gain, kolektiboaren garrantziaren aldarria ere ekarri dugu bertsotara. Egiari zor, gizon bertsolari gehienen artean ez dago ohiturarik “bertsoaldi honekin ezin deserosoago sentitu naiz” bezalako esaldiak konpartitzeko. Bai, ordea, emakumeon arteko saioetan. Emakume batek beste bati —izango dira salbuespenak, baina gehienon kasuaz ari naiz— lasai asko aitor diezaioke halakorik, eta bi bertsolarien, hiruren edo lauren artean saiatuko dira sabeleko korapilo hori zerk sortua izan daitekeen identifikatzen eta hurrengorako helduleku eta estrategia berriak proposatzen.
Bakarrik baino hobeto ikasten baita taldean.
…