[Kafe Aleak] Gorka Bereziartuak At The Drive In

[Kafe Aleak] Gorka Bereziartuak At The Drive In –

[Kafe Aleak] Gorka Bereziartuak At The Drive In.

At The Drive-In

Relationship Of Command
(Grand Royal Records – Fearless Records, 2000
)

.

Ezinegon antolatua

Eztabaida eternitatea bezainbeste luza zitekeen, horretara jarriz gero: noiz hasi zen milenioa, 2000. urtean ala 2001.ean? Marketin arduradunak “bi mila!” eta matematikariak “bi mila eta bat!”. Ez ziren konturatu, ahari-talkan ari ziren bitartean milenioa bazihoala aurrera, eta inor gutxiren intereseko gaia zela ordurako, bizi egin behar baitzen batez ere, bizi, historiaren amaiera omen zen garaia. Kazetariok, berandu baina seguru, eduki genuen gure erantzuna. Zehatza, azkena erabatekoa izanen zena: 2001eko irailaren 11n hasi zen milenioa, pelikula baten gisan hasi ere; Iraken, Afganistanen oraindik krediturik erakutsi ez duen pelikula, berriki Libian egin duten remake negargarria ahaztu gabe, noski. Baina urrun samarretik abiatu gara eta, berez, musikaz idatzi behar genuen, ezta? Ba, jakitun izanik oraintxe hartuko dugun errebuelta autoarekin eginez gero punturik gabe geratuko ginatekeela, esango dugu hegazkina dorrean nola, halaxe sartu zela At the Drive-In taldearen Relationship of Command diskoa askoren belarrietan 2001. urtean –2000.eko irailean eman zen argitara ofizialki–.

[Kafe Aleak] Gorka Bereziartuak At The Drive InHardcore, post-hardcore… etiketak besterik ez dira, merezi duten diskoek soberan dituzte. Kultuzko lan bihurtu da argitaratu zenetik hamabi urte joan diren honetan, taldearen emaitzarik onena izateaz gain, azkena ere izan zelako.

Gero: istripu bat, bandako partaideak traumatizatu zituena; Australiako Big Day Out jaialdian hiru kantu jo eta ospa egitea, entzuleen pogoari bortitzegia iritzita –egun berean Jessica Michalik nerabea asfixiaz hil zen Limp Bizkiten kontzertuan–; eta azkenik, Europako bira bertan behera uztea, “erabateko akidura mental eta fisikoa” zela medio. 2001eko martxoan esan zuten agur. Ez zirudien berriz bueltatzeko plazera eman behar zigutenik, guri, Gorlizko Xurruten jo zutenean batek daki zertan aritzeagatik, inoiz zuzenean ikusi ez ditugunoi. Baina halako batean Twitterreko mezu batek “ATTENTION !” dio. @AtTheDriveIn idazten ari da. “To whom it may concern:”. Horiek gu gara. “AT THE DRIVE-IN will be breaking their 11 year silence. THIS STATION IS …. NOW ….OPERATIONAL”.

Berriz errepidean direla, alegia. Disko berririk ateratzeko asmorik ez omen dute, baina tira, beti geratuko da Relationship of Command, aurreneko segundotik zalditeria amorratua legez gainetik pasako zaizun diskoa. Arritmiak, espasmoak hamaika kantutan –hamahirutan, Japoniarako prestatu zuten edizio berezia deskargatzen  baduzu–, dena intentsitate, disonantzia, eztarri larrutu. Lau ertzeko borobil bat, beherantz igotzen eta gorantz jaisten den eskailera bat, hara zer den disko hau. Cedric Bixler-Zavalaren prosa kanibalismora hurbiltzen da batzuetan –“Have you ever yasted skin?” galdetzen dizu Arcarsenal-en, “dastatu al duzu inoiz larruazalik?”–, existentzialismora bestetan; hitzak fragmentatuak dira, esangura lausokoak;  apokalipsiaren biharamunean idatziak dirudite hainbatek –One Armed Scissor bikainak, kasu–; kantatu baino errezitatu egiten dituzte beste zenbait, Invalid Litter Dept. edo diskoa ixten duen Non-Zero Possibility, berbarako; eta osorik entzunda, anekdotaren mailan geratzen da Rolodex Propaganda-n Iggy Pop-ek egindako kolaborazioa –nork daki urte batzuen buruan ez ote den Iguana izango Relationship of Command-en abestu zuela kontatzen ibiliko dena?–.

Besteak beste Fugaziren eta Rage Against the Machinen iturrietatik edaten, hamarkada osorako balio izan duen soinu banda da disko honetakoa. At the Drive-In taldeak jakin zuen Mendebaldeko asepsiak sortzen duen ezinegona antolatzen, eta aurreikusi zuen hondamendia etorri, bazetorrela, ikusi nahi izan ez arren –ez esan “I’m just tired of counting bodies” esaldiak, gaur egungo betaurrekoekin leituta, kutsu profetikoa ez daukanik–. Zer egin dugun azken urteotan, zer ongi, zer gaizki, gehiago egin genezakeen, eztabaida eternitatea bezainbeste luza liteke. Bitartean marketin adituak “bi mila!” eta matematikariak “bi mila eta bat!” jarraitzen dute, orain  langabezian. Ez dira konturatu, ahari-talkan ari diren bitartean milenioa badoala aurrera, eta inor gutxiren intereseko gaia dela honezkero, bizi egin behar baita batez ere, bizi, historia berriz hasi den garaia.

.

Gorka Bereziartua (Hernani, 1984)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
[Kafe Aleak] Gorka Bereziartuak At The Drive In [Kafe Aleak] Gorka Bereziartuak At The Drive In