Ateak

Ateak –

Karmele Jaiok Deia egunkarian.

Igandea da. Idoia egunkaria irakurtzera eseri da kafetegiko mahaian. Presa barik gosaltzearen plazerra dastatzen ari da, bihar jada lanean hasten baita oporraldiaren ondoren. Idoiak zenbait albiste irakurri ditu: Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak parlamentua ixteko eskatu dio Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginari, eta honek eskaera onartu du;Italiako Barne ministerioak ateak itxi dizkie errefuxiatuak erreskatatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeen ontziei;G7koen goi bileraren kontra protestatzeko Baionan egindako manifestazioari bidea itxi zion poliziak, negarra eragiteko gasa eta ur kanoikadak jaurtita… Ateak, eskuak, begiak eta bideak ixteko garai batean bizi dela pentsatu du eta egunkaria itxi du berak ere, kafetegiaren aurrean ireki berri duten 7/11 tankerako supermerkatuko ateari begira geratuz.

Mugak itxi egiten diren garai honetan saltokietako ateak inoiz baino zabalagoak ematen dutela pentsatu du. Aurrean duen saltokiko kristalezko ate irristatzailea ez da ireki eta ixten, irekita utzi dute. Orain horrela egiten dute, nahiz eta udan barruko aire egokitua indartu behar, eta neguan berogailua topean jarri, ateak irekita uztea erosleari egindako gonbidapen moduko bat da. Zatoz, zure zain gaude. Zer gehiago dago inoiz baino irekiago mugak eta bideak ixten ari diren garai honetan? Turismoaren kontsumoa ere, pentsatu du. Aurrekoan Donostiara eguna pasatzera joan eta damutu egin zen turista uholdearekin topo egitean. Hiriko ateak zabal-zabalik irudikatu zituen, seveneleven saltoki bat balitz bezala.

Kontsumoarekin zerikusia duen guztia zabaldu egin da azken hamarkadetan; eskubideekin eta pertsonen duintasunarekin zerikusia duen guztia estutu den bitartean.

Ateak

Igandea da

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude