Gaztetxoentzat egindako komiki heldu bat
Gaztetxoentzat egindako komiki heldu bat –
Xabiroi aldizkaria izan zen egitasmo honen bultzatzailea, eta bere ibilbidean lehen aldiz hari narratibo berari segi eta bi ale atera zituzten istorio beraren bueltan: “Haur Besoetakoa, Litxarrerien Jauna (I)” 2015. urtean, eta “Haur Besoetakoa: Paristik datorren artista bat naiz ni (II)” 2018an. Unai Iturriaga arduratu zen gidoiaz, eta Alex Sanvi marrazkiez.
Anartz Bilbao adiskidea bigarren komikiaren aurkezpenean izan zen iaz, eta Iturriagak esandakoak bildu zituen. Bertsoak oholtzan marrazten bezain abila da durangarra Garan marrazkiak inprobisatzen, Tasiori erreleboa eman eta gero erakusten ari den bezala; eta proiektu honetan gidoigile zebilela jakinda, bada amua kainaberan jarri bezain pronto irentsi nuen. Atzean Ikastolen Elkartea dago, eta beraz, pentsatzekoa da liburuen hartzaileak gaztetxoa behar duela izan; baina hein berean komikia Iturriagaren munduko hamaika erreferentziz josita dago, eta joku jostagarria da horiek ehizatzen saiatzea. Gaztetxoentzat egindako komiki heldu bat dela esango nuke.
Haur Besoetakoa protagonista mafioso bat da: bere manupean dago litxarrerien, jostailuen eta esne hautsen merkatu klandestinoa. Gora egin ahal izateko printzipioek behera jo behar dute, eta ez, bistan dena, umeen kasuan soilik; HB doilorra da, oso. Beraz, pentsa dezakezu, sekulako kotxean mugitzen da alde batetik bestera. Baina haurrak nagusi eta “aimak” (aitak eta amak) menpeko diren mundu horretan autoek bizikletan doazen helduek bultzatuta funtzionatzen dute. Hori ikusi eta berehala nire inguruan oso estimatua zen pelikula bat etorri zait gogora: “Monty Python and The Holy Grail“. Pelikula honen testuingurua Erdi Aroa dela esan genezake, eta beraz, zaldunak zaldiz joango direla alde batetik bestera (zertarako bestela izendapen hori). Baina…
The Godfather, Tarantino eta Nietzsche topatuko dituzu bigarren orrialdea zabaltzerako, ahaztu gabe izenburua bera (Haur Besoetakoa) Jon Mirandek 1954an idatzi eta 1970ean argitaratuko liburua dela, idazlearen eleberri bakarra. Liburu hau Vladimir Nabokoven “Lolita“rekin konparatu izan dute batzuk, baina Mirandek ez omen zuen liburu horren berri berea idazten hasi zenean. Komikira itzulita, bada Lolita bat hortik zehar, bidenabar.
Bi “alde” daude komikiko munduan ere. Eta “beste aldeko” umeen bizitza ez da batere erraza: 7 ordu pasa behar dituzte eskolan, gero musika instrumenturen bat jotzen ikasi behar dute, kirolen bat egin, hizkuntzaren bat mintzatzen ikasi, eta ondoren, gainera, nahikoa ez balitz bezala, etxeko lanak. Umeen estresa bada arazo sozial bat, eta asperdura irudimenaren pizgarri nagusi. Horretaz gain, beste aldeko “amiak” lan egitera eta ugaltzera soilik dedikatzen dira, eta bizitza oso zaila denez, geroz eta gehiago saiatzen dira muga gurutzatu eta etorkizun hobe bat lortzen.
Duela aste pare bat ZuZeun hitanoa hizpide izan genuenez, nabarmentzekoa da presente dagoela komikian, bai noka eta bai toka.