HBren itzulera

HBren itzulera –

Komikiez ari gara berbetan, lasai, atzo aurkeztu baitzuen Ikastolen Elkarteak urteko albuma, “Haur Besoetakoa; Paristik datorren artista”.

Xabiroi aldizkariaren hamaikagarren albuma da, eta pertsonaia berdinek ardaztutako album batek jarraipena duen lehen aldia, Unai Iturriagak (gidoia) eta Alex Sanvik (marrazkiak) 2015ean plazaratu baitzuten “Haur besoetakoa; litxarrerien jauna”.

«Xabiroin gure irakurle gazteak ergeltzat ez hartzen saiatzen gara, zerbait benetakoa eskaintzen», azaldu zuen Dani Fano aldizkariko zuzendariak, sarrera gisara. «Eta Haur Besoetakoa, umeen mundutik helduen munduaren kritika dena, horren funtsa bihurtu da. Inguratzen gaituzten arazo sozial eta politiko guztiek badute hemen beren isla, umorearen aldetik jorratua. Horregatik, egun HB dugu gure ikur, ikono eta aldarri».

HBren itzulera
Alex Sanvi marrazten, eta Unai Iturriaga begira.

“Haur Besoetakoa; Paristik datorren artista”, «HB-ren itzuleraren istorioa da», aurkeztu zuen Unai Iturriagak, ondoan Alex Sanvi marrazten zuela. «Aurrekoan kinka larrian utzi genuen, ez ginelako ausartu akabatzera».  Orduan 2007tik 20015era bitarteko istorioen aukeraketa bat argitaratu zuten, “Haur Besoetakoa; litxarrerien jauna” lehen albumean, eta honakoan 2015etik aurrerako istorioak

Orduko hartan, Bogart eta Bergmanen solas sonatuari keinu bat eginez itxi zen komikia, eta beraz, Parisen abiatzen da honako honetan. Eta bukatu? «Berriz ere utzi dugu hor nonbait, baina ez dugu akabatzeko gogorik izan kasu honetan. Gure helduen mundu honek beti eman du bidea kritikarako eta parodiarako; emango du gerora ere».

“Litxarrerien jauna” albumean agerikoa zen tonu parodikoa, “The Godfather” filmari keinua egiten dion mantxetatik hasita; eta “Paristik datorren artista” honetan, ez da hain nabaria; «HB-k bizitza propioa hartu du».

«Aurrekoan iradokitzen zen umeen mundu bat zeina helduen munduaz inguratuta dagoen; batzuk hara egin nahi zuten ihes. Orain alderantziz da, helduak datoz haurren mundura, bizi baldintza eskasetatik eta tiraniatik ihesi», dio durangarrak. Pertsonaia nagusiak berdinak dira -Lo-li-tak jokatzen du HBren rol antagonikoa, helduaren edo arrazoiaren ahotsa izan dadin erabilia- «eta beharbada kasu honetan, parodiatik aldendu eta gehiago agertzen dira 2015etik hona gure inguruan presente egon diren gaiak. Gero, birziklapen asko dago hemen, nire eragin guztiak, zinea, beste komiki batzuk…» beste geruza edo irakurketa bat emateko bide legez; erreferentziak, akziozko istorioari trabarik ez egiteko asmoarekin, beti ere.

Istorioa biltzen dituen geruzen kontuarekin jarraituz, Iturriaga Asterixen gidoilariaren pare jarri zuen Dani Fanok. «Asterix txikitan irakurtzen duzu eta, oso ondo dago, baina hogei urtera hartu eta konturatzen zara politikaz eta bestez, gure eguneroko munduaz ari dela. Eta hauek [Unaik eta Sanvik] maila igo dute -barkatu Goscinny!-, Asterix baino helduagoa baita HB».

Aurkezpenean esandakoei adi zegoen Antton Olariagak ere kontu bera hartu zuen ahotan. Zakilixuten sortzaileak, haur mundua barne hartuta -ez beraie zuzenduta-, geruza joko hori, atzeko bigarren irakurketa hori ikusteko, ariketa intelektual hori nola gestionatzen zuen galdetu zion Iturriagari, eta honek «seguru asko konplikatuena da hori, eta ez da beti lortzen» ihardetsi, berak helduentzako idazten zuela onartuta. «Gidoiari estetikak berak ematen dio kode bat, Alex Sanviren lanak arintzen du, ematen dio testuingurua. Eta gustatzen zait estetika eta edukiaren artean sortzen den kontraste hori».

.

Xabiroi aldizkaria

Puntu honetara heltzerako, Xabiroiren lana goraipatua zuten mahaira bildutako guztiek; «askatasun osoz kolaboratzen dugu -jakinarazi zuen Iturriagak-, proposatzen dugun guztia beti doa aurrera, eta horregatik daude adin horretara bideratutako beste argitalpen batzuetan onartuko ez liratekeen gaiak».

«Xabiroin saiatzen gara guk gustura irakurtzeko moduko istorioak egiten -arrazoitu zuen aldizkariko arduradun nagusia den Dani Fanok-, eta ez gaztetxoentzako produktu had doc bat. Gu gazteak ginenean berehala identifikatzen genituen horrelakoak, eta alergia genien». Aldizkaria galbidera eramateko moduko erabakia ematen duen horixe da, paradoxikoki, Xabiroiren meritu azpimarragarrienetako bat, gure mugetatik kanpo ere goraipatua izan dena.

«Zoritxarrez ez dugu gure jarduna non konparatu. Zoritxarrez diot, ez dagoelako apustu hori berdintzen duen hedabiderik, gaztetxoentzako are gutxiago».

Ikastolen Elkartearen eskutik orain hamahiru urte sortua, Xabiroi 13.000 etxetara heltzen da egun, 50. alea argitaratuko du abenduan, eta hamaika album plazaratu ditu dagoeneko. Atzoko agerpenean, Ikastolen Elkartearen izenean, pozik mintzatu zen Nekane Artola: «Harro gaude lortutakoarekin, goi mailako komikigintza euskal munduari eskaintzea».

HBren itzulera HBren itzulera HBren itzulera

ZUZEUko erredakzio kide