Sevillan goxo-goxo eta bero

Sevillan goxo-goxo eta bero –

Ekainak 1. Lehen aldia Sevillan. Noiz eta Día de las fuerzas armadas bertan ospatzen zenean. Arazoak hegaldi edo trenak hartzeko. Arazoak aterpea aurkitzeko. Eskerrak Andaluziako Coop57ko Danik bere etxean hartu gintuen… Ez ginen La Giraldan izan, baina bai Las Tres Mil Viviendasen, estatuko errenta txikiena duen auzoa. Sevillako auzo desegituratuena. Pobrezia, drogak eta bortxa. Bada, bertan eman ziguten bazkaltzen Asociación Gitana Vencedores-eko lagunek, Sevillan hoberen zainduta dagoen belar artifizialeko futbol zelaian, Pedro elkarteko presidenteak harrotasunez esan zuen moduan. Eta ez ginen lau katu, 80 lagun inguru baizik, Coop57ko estatuko lurralde sail desberdinetatik etorriak denak. Bertan egin genuen ere Coop57ren batzar nagusia.

Sevillan goxo-goxo eta beroEsku zabalekin hartu gintuen Pedrok. “Auzoa aldatzen ari gara, gu geu, auzokideak, antolatuta. Gazteei kirola eta heziketa eskaintzen dizkiegu drogak eta bortxaren ordez. Droga fumaderoa zegoen tokian orain gimnasio bat dago. Ezinezkoa litzateke hori Coop57ren finantziazio eta auzokideen lankidertzarik gabe.” Vencedores Coop57ko bazkidea da.

Ekainaren 2an, Cadizera bidean, Puerto Realeko igerilekuan gelditu ginen, baina ez bainua hartzeko. Arturok erakutsi zizkigun instalazioak, Cooperactiva udal igerilekuen istorioa kontatzen zigun bitartean. Zerbitzu publiko azpikontratatua, azpikontrata aldaketa, kudeaketa penagarria, grebak eta, bat-batean, kiroldegia itxita. “Coop57gatik eta Autonomía Sur kooperatibagatik ez balitz igerileku hau behin betiko itxita legoke. Baina ikusten duzue: beraien bultzada eta laguntzari esker, hainbat urteetako borroka eta lan ikaragarriaren ondoren, langileok hartu dugu proiektua eta aurrera daramagu, gure gainetik dagoen beste inoren beharrik gabe. Gu gara hau kudeatzen hoberen dakigunak.”

“Sindikalki ongi antolatuta zeuden hauek” esan zigun Oscar García Jurado Andaluziako Coop57ko kideak. “Talde kohesio horrek asko lagundu du prozesua arrakastara ekartzen.” Ahalduntze prozesua izan da. Ahalduntze prozesua izaten ari da ere Las Tres Mileko Vencedores elkartearena, auzoarena. Eta ahalduntze prozesu horretan bidelagun: Coop57, finantza zerbitzu etiko eta solidarioen kooperatiba.

SUTEKen adibidea

Euskal Herrian ere ematen dira halako prozesuak. Sevillatik iritsi eta berehala SUTEK kooperatiba sortu berriko hiru langileekin bildu ginen ELAren Donostiako egoitzan. Enpresako jabearen kudeaketa txarrarengatik itxi zen enpresa batetik datoz hiruak. Bat ELAko ordezkaria zen. “Orain arte guk atera badugu lana aurrera, zergatik ez dugu guk sortzen enpresa ?” Eta hala egin dute. Ikustekoa zen haien begiek, hitzek eta keinuek transmititzen zuten bizia, gogoa, ilusioa… Guk, Olatukoopeko kideekin batera, Koop57 aurkeztu genien, besteak beste: 30 elkarte eta kooperatiba bazkide inguruk osatzen dute –Manu Robles-Arangiz fundazioa tartean– eta norbanakoek ere bat egin dezakete proiektuarekin. Egun 130 pertsona inguru gara bazkide Euskal Herriko Koop57n. Urte amaierarako 200 izatera iritsi nahi dugu. Lotura honetan duzu sarbidea: https://labur.eus/J5PCE

Askotan esaten dugu bizitza erdigunean jarriko duen ekonomia nahi dugula. Gutxitan ikusten ditugu, alta, berau praktikan jartzen duten adibideak. Sevillan nengoenean, eta hona etorri naizenean, galdera berbera egiten zidan hemengo jendeak: beroa? Ikaragarria, Andaluziako Coop57ko kideek egin diguten harrera eta eman diguten tratua. Praktikan erakutsi digute zer den ekonomia sozial eraldatzailea.

Sevillan goxo-goxo eta bero