Gauerdi minean
Gauerdi minean –
Javier Arzuaga Lasagabaster (Oñati, 1928 – AEB, 2017). Fraide frantziskotarra izana. 1952an Arantzazun apaiztu, eta Kuban zen laster, haraxe destinaturik. Lau urte egin zituen Santiago de las Vegaseko seminarioan irakasle, eta, ondoren, 1956an, Habanako Casablanca auzoko parroko izendatu zuten. Eta Casablancan bertan zen 1959ko Urteberri egunarekin batera Kubako Iraultza nagusitu zenean.
Bestalde, Casablancaren barruan zegoen La Cabaña gotorlekua ere, eta Batistaren erregimenaren alde jardundako hainbat lagun preso hartu eta gotorlekura eraman zituztenean, presoak bisitatzeari ekin zion Arzuagak, ohitura zuen moduan. Iraultza nagusitu eta gero, ordea, preso hartuak fusilatzen hasi zirenean, haiei hormara laguntzeko lana izan zuen Arzuagak: 55 laguni lagundu omen zien hormara, kontatzen zuenez.
Urteetara, apaizgoa utzirik eta Puerto Ricon ezkondurik bizi zela, La Cabañan igarotako hilabeteetako kronika garratz, min eta gordina idatzi zuen Arzuagak, eta gaztelaniaz argitaratu: La galera de la muerte. Habana, 1959. 2012an, edizioa osatu eta berritu zuen, A la medianoche izenburuarekin. Orain, berriz, euskarara ekarri du Jon Arano idazleak, Gauerdi minean izenburua ezarri, eta booktegi.eus-en argitarturik.
Gauerdi minean liburuan, fusilatuei heriotzara laguntzeak Arzuagari eragin zizkion oinaze eta ondoeza ageri dira. Eta Iraultzari egiten dion begirada zorrotzarekin batera, Arzuagak Che Guevararekin izandako elkarrizketak eta harremana ere kontatzen ditu.