Juan Calvo Azabal Arkauten eraila

Juan Calvo Azabal Arkauten eraila –

30 urte beteko dira Ertzaintzaren eskutan heriotzeraino torturatua izan zenetik. 1993ko abuztuaren 19an taxi bat lapurtu zuen bere hirian, Bilbon. Ertzaintza atzetik izan zuen helikoptero bat eta guzti mobilizatu zuten, Araban atxilotua izan zenarte. Arkautera eramana, biharamunean egoera arraro baino arraroagoan hil zen. Juan Calvo Azabalek 42 urte zituen. Bertsio ofizialak bere buruari kalte egin eta “laguntzen saiatzen ari ziren ertzainei eraso egin eta gero” nerbio-hauste baten ondorioz zorabio bat aipatzen zuen, baina Herri Batasunak, Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta Torturaren aurkako taldeek, istorio hori zalantzan jarri zuten hasieratik.

Juan Calvo Azabal Arkauten eraila
ARGIA

Bilbotarraren gorpuari egindako autopsiak agerian utzi zituen gorputzean 22 ubeldura, makilkadek eragindako 35 marka, barrabiletan ubeldurak, buruko bi zauri, hainbat urradura eta gorputz osoan zehar banatutako beste arrasto batzuk. Horrekin batera, ertzainek erabili zituzten gasen ondorioz heriotza itotzearen ondorioz gertatu zela nabarmendu zuten mediku forenseek. Santiago Ospitaletik igorritako informazioa publikatu zuen Egin egunkariak. Calvo ziega txiki batean sartu eta behin eta berriz kolpatu zutela frogatu zuten.

Elkarri, Eusko Alkartasuna eta Euskadiko Ezkerra ere batu ziren azalpen eske. Hilabete adierazpenik egin gabe egon ondoren, Juan Mari Atutxa orduko Lakuako Herrizaingo sailburua, azalpenak ematera behartua izan zen. Ertzaintzako agenteek indarra erabiltzea justifikatzeko agerraldia egin zuen Parlamentuan, eta, bere ustez, “atxilotuak konortea galdu zuen nerbio-krisi bortitz bat izan eta lagundu nahi zioten ertzainei eraso egin ostean”. AgenteeN beren lan «zuzena» aipatu zuen. Oraindik ere hotzikarak sortzen dituzten gezurrak.

Atxiloketa hark ez zuen inolako kutsu politikorik eta gerora jakin zenez, ertzainak gupidagabe aritu ziren atxilotuarekin. Bertsio ofizialaren arabera, bilbotarra itota hil zen Arkauteko polizia basean, baina Ertzaintzaren gutxienez zortzi agente inputatuta egon arren, gehienak absolbitu egin zituzten eta ertzainen komandanteek ez zuten ezarritako kartzela zigorra bete beharrik izan. Sei urteko kartzela zigorra ezarri zieten, «arduragabekeria profesionalaren delitua» egotzita. 1996ko urtarrilaren 30ean Espainiako Auzitegi Gorenak urtebeteko kartzelara murriztu zuen Gasteizko Auzitegiak ezarritako zigorra, eta, beraz, ez zuten poliziarik kartzelara bidali.

Ertzaintzako bederatzi agente eta komandanteen artean Juan Calvo atxilotu, torturatu eta erail zuten eta agenteetako batek epaiketan “terrorismoaren susmagarri batekin nahastu genuen” esateko ausardia izan zuen hilketa zitalki justifikatu nahian.

Bilboko gizona hil ostean sortu zen zalaparta politikoaren ondorioz, Espainiako Gobernuak Ministerio Publikoaren eta Espainiako Justiziaren hainbat dokumenturen kopiak bidali zituen nazioarteko hainbat erakunderi, tartean NBEko Torturaren aurkako errelatoreari Calvoren aurkako indarkeria erabiltzea justifikatuz.

2007ko Aste Nagusian, Abuztuaren 20an, Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) antolaturiko omenanaldia burutu zen. Calvo hil zuten pertsona berberek haren omenaldia eragotzi nahi izan zuten baina 1993an Arkauteko basean hil zen Juan Calvo Azabal bilbotarra gogoratu zuten ehunka lagunek. Azken hamarkadetan torturatutako milaka euskal herritar biltzen zituen taldeak bere konpromisoa bikoiztu zuen «egia osoa ezagutzea» lortzeko.

Juan Calvo Azabal Arkauten eraila

Aurtengo uztailaren 4ean ARGIA aldizkarian Zigor Olabarria Oleaga kazetariak, kasuaren inguruko informazio eta testigantza berriak argitaratu zituen eta ondoren Calvoren heriotzagatik kondenatutako ertzainen inguruko informazioa eskatu zion Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariak Jaurlaritzari. Erkorekaren Sailetik entzungor jarraitzen dute.

Egia osoa azaleratu, aitortza publikoa, erantzunkizuna eta ez-errepikatzeko bermeak, edozein Gobernu demokratikoren betekizuna izan beharko lirateke. Horretarako, zoru etikoarekin ahoa betetzen dutenen propagandaren aurrean, errepresioaren memoria egiten jarraituko dugu, kale, elkarte eta gizarteko edozein esparrutan, etorkizunak oroimena behar duelako.

Juan Calvo Azabal Arkauten eraila Juan Calvo Azabal Arkauten eraila Juan Calvo Azabal Arkauten eraila

Etxebarrieta Memoria Elkartea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude