20.000tik gora herritarren babesarekin, euskarazko eredu orokortua eskatu die Kontseiluak legebiltzarkideei

20.000tik gora herritarren babesarekin euskarazko eredu orokortua – 

Itun sozio-politikoa bideratzeko konpromisoa eta oldarraldiari erantzuteko ‘Protokoloa’

  • EAEko Hezkuntza Lege berriak euskarazko ikasteredua orokortzearen aldeko 20.348 sinadura jaso dituzte ikas-komunitateko eragileek.
  • Legebiltzarkideei helarazitako gutunean, hizkuntza-eredu zaharkituak gainditzea eta euskara ardatz duen eredu orokortu eta inklusiboa inplementatzea eskatu die Kontseiluak.
  • Hizkuntza-ereduak mantentzea jaso dadin egindako emendakinek kezka larria sortu dute Kontseiluan, euskararen normalizazioan oztopo direlako eta epaitegietan bukatzeko arriskuarengatik.

2023ko azaroaren 20a

Gaur, Eusko Legebiltzarraren egoitzan, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eskaera gutun bat helarazi die legebiltzarkide guztiei, 20.000tik gora herritarren babesarekin EAEko Hezkuntza Lege berriak euskarazko ikasteredua orokortu dezala eta etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko tresna izan dadila eskatzeko.

Ikas-komunitatearen babes zabala lortu duen proposamena

Iazko abenduaren 3an, hezkuntzako, kulturako eta euskararen munduko 211 aditu eta profesionalek sinatutako proposamen plazaratu zen, Hezkuntza Lege berriak jaso beharreko hiru puntu proposatuz: euskarazko ikasteredua orokortzea, euskal kultura ardatz izango duen curriculuma eta hezkuntza ez-aratua osorik euskaraz garatzea. Iragan irailaren 12an, proposamen horren gainean ikas-komunitatearen arloko sinadura bilketa zabala abiatu zuten euskalgintzaren bilgune nagusia den Kontseiluak, Euskal Herriko Ikastola, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi hezkuntza-eragileek eta STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek, hainbat guraso, langile, ikasle eta irakasleren babesarekin.

Hilabetez luzatu den kanpainak 20.348 herritarren babesa jasotzea lortu du. Legeak eragina izango duen hezkuntza komunitatean presentzialki zein online jaso dira gehien bat aipatu sinadurak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan, irakasle eta gurasoen bitartez, bai eta euskalgintzaren eta kulturgintzaren arloko eragileen artean ere. Ikas-komunitatearen barruan proposamenak duen babes zabalaren frogatzat jo du Kontseiluak.

Legebiltzar honek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen berrikuntza abiatzea erabaki zuenetik, Euskalgintzaren Kontseiluak hurbiletik eta arreta bereziz segitu du prozesua, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta etorkizuneko ikasle guztiei euskalduntzeko eskubidea bermatzeko neurriak proposatuz, beti ere hezkuntza arloko eragile, sindikatu eta adituekin batera. Proposamen hori modu desberdinetara ekarri du Legebiltzar honetara Kontseiluak: osoko ekarpen gisa erregistratuz edota lege proiektua zehaztu zenean 33 zuzenketa zehatzen bidez.

Lanketa horren emaitza da Kontseiluak mahai gainean jarritako proposamena, etorkizuneko hezkuntza-sistemaren hizkuntza eredua jasotzen duena: «euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakats hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da; are gehiago, hizkuntza-eredu orokor eta inklusiboa izango da eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza-ofizialen arteko aukeraketaren arabera». Laburbilduz, ikasleen hizkuntza segregazioa eragiten duten gaur egungo eredu zaharkituak gainditzea eta euskara ardatz duen eredu orokortu eta inklusiboa inplementatzea, euskara gutxien dutenei gehiago ematea izan dadin iparra.

Hizkuntza-ereduak, euskararen normalizazioan oztopo

20.000tik gora herritarren babesarekin, euskarazko eredu orokortua eskatu die Kontseiluak legebiltzarkideei«Ezin dugu ezkutatu azken asteetan kezka larria piztu digula egun indarrean diren hizkuntza-ereduak legearen hitzaurrean berariaz jaso eta hiru hizkuntzen izaera bideratzailea ezartzeko zuzenketek» adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak. Izan ere, milaka haur eta gazteri euskararen ezagutza nahikoa lortzea ukatzen dien ereduak «oztopo handi bat dira euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa lortzeko, euskararen normalizazioan aurrera egiteko, eta, ondorioz, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko. Kezka handia eragiten digu, halaber, zuzenketa horrek bidea eman dezakeelako hezkuntza sistemako hizkuntza-ereduen gaineko eztabaida –soziala eta politikoa beharko lukeena– epaitegietara eramateko. Eta, badakigu, egungo oldarraldi judizialaren testuinguruan aukera horrek zer esan nahi duen». Duela bi aste oldarraldiaren aurka eta hizkuntza-politiketan jauzi bat ematearen alde Bilboko kaleetan bildutako jendetza gogora ekarri du Idurre Eskisabelek.

Horregatik, «hezkuntza eragile nagusien, gehiengo sindikalaren eta gaur Eusko Legebiltzarrera ekarri ditugun milaka sinadura horien babesean, legebiltzarkideei helararazteko eskaera zehatza erregistratu dugu: aintzat har dezatela ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ezinbestekoa dela bide horretan arrakastatsuena izan den eredutik abiatzea, hau da, euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izan duen eredutik. Finean, Hezkuntza Legea ikasle guztiak euskaraz jabetzeko duten eskubidearen berme izan dadila, eta justizia sozialaren eta gizarte kohesioaren alde eginez, eman diezaiela euskara gehiago gutxien dutenei» gehitu du.

Eusko Legebiltzarkideei Gutuna.pdf

Gasteizen, 2023ko azaroaren 20an.

Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide agurgarria:

Hezkuntza sistema funtsezko elementua da gutxitutako hizkuntza baten normalizazio prozesuan: transmisioa bermatzeko bidea da, belaunaldi berriei euskara ematekoa. Euskararen normalizazio prozesua, berriz, ezinbesteko osagaia da milaka herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartu eta errespetatzen hasteaz gain, gizarte kohesioa, justizia soziala eta elkarbizitza indartzeko. Euskararen normalizazioan egiten den urrats bakoitza urrats bat da demokrazian sakontzeko. Horrenbestez, hezkuntza sistemari dagokion eginkizunetako bat da ikasleei bermatzea euskara ezagutzeko, euskaraz jabetzeko, eskubidea.

Azken hamarkadotan urratsak egin dira euskararen normalizazioan, eta hezkuntza komunitatea izan da horien zutoin nagusietako bat. Baina oraindik ere euskarak egoera gutxituan jarraitzen du, eta beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri proaktiboak behar ditu, ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude gisa. Hori guztia aintzat harturik, Legebiltzar honek berak 2021eko urriaren 14ko osoko bilkuran Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen berrikuntza abiatzea erabaki zuenetik, Euskalgintzaren Kontseiluak –euskararen normalizazioaren aldeko eragile nagusiak biltzen dituen erakundeak– hurbiletik eta arreta bereziz segitu du lege berria eratzeko prozesua. Ez bakarrik hurbiletik eta arretaz, baizik eta euskararen normalizazioan aurrera egingo bada, eta oraindik eta garrantzitsuagoa dena, hezkuntza sistemak ikasleei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatuko badie, lege horrek jaso beharko lukeena aztertuz eta proposatuz.

Azterketa eta proposamen horiek Kontseiluak ez ditu bakarrik egin, baizik eta hezkuntza arloko adituekin, hezkuntza komunitateko kideekin eta arloko gainerako eragileekin elkarlanean. Lanketa horren emaitza da Kontseiluak mahai gainean jarritako proposamena, eta proposamen horrek modu zehatz eta garbian jasotzen du zein izan behar duen etorkizuneko hezkuntza sistemaren hizkuntza eredua, baldin eta normalizazioan aurrera egingo bada: euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakats hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da; are gehiago, hizkuntza-eredu orokor eta inklusiboa izango da eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza-ofizialen arteko aukeraketaren arabera. Laburbilduz, euskara ardatz duen eredu orokortu eta inklusiboa da Kontseiluaren proposamena; baina Kontseiluarena ez ezik, baita hezkuntza komunitateko eragile nagusiena –Ikastolen Elkartea, EHIGE, HEIZE, HikHasi– eta gehiengo sindikalarena –ELA, LAB eta STEILAS–.

Baina euskarak hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua izateaz gain, euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini beharko zaie, eta hizkuntza-proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak ezarri beharko ditu legeak berak. Beti ere euskara gutxiago duenari gehiago ematea oinarri harturik, eta ikasle guztiei euskara ezagutzeko eta euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzea xede.

Eta, jakina, ez dago hizkuntza ulertzerik horri lotzen zaion kultura alboratuta. Kultura ere eskubidea da, eta kalitatezko hezkuntzaren bidean, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte-kohesiorako elementua baita.

Arestian esan bezala, proposamen eta eskari hauek ez ditu Kontseiluak bere kasara eta bakarrik egin. Aitzitik, hezkuntza komunitateko eragile nagusiekin egin du lanketa. Are, beste urrats bat ere eman du azken asteotan: irailaren 12an sinadura bilketa abiatu zuen ‘Hezkuntzak euskara gehiago behar du’ lelopean, aipatutako eragile eta sindikatuen babesarekin. Sinadura bilketa horren xedea Eusko Legebiltzarreko kideei Hezkuntza Lege berriak hiru puntu hauek berariaz jasotzeko eskatzea da:

1. Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Laburbilduz, egungo testuinguruan eta egungo premiei erantzunez euskararen normalizazioan, –eta, horrenbestez, gizarte kohesioan eta bizikidetzan– sakontzea ekarriko duen lege baterako osagaiak jasotzea.

Hogei milatik gora herritarrek sinatu dute eskaria –gehienak hezkuntza komunitateko kideak–, eta milaka lagun horien babesak ematen duen indarraz dakar gaur, 2023ko azaroaren 20an, Euskalgintzaren Kontseiluak aipatutako oinarriak Hezkuntza Lege berrian jaso daitezen eskaria, legebiltzakide guztiei zuzendua. Euskararen normalizazioan atzerapausoak saihestu, eta, aitzitik, legedi berria aurrerapauso izan dadin.

 

Idurre Eskisabel Larrañaga
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

20.000tik gora herritarren babesarekin, euskarazko eredu orokortua eskatu die Kontseiluak legebiltzarkideei  20.000tik gora herritarren babesarekin  20.000tik gora herritarren babesarekin

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude