Frantzisko Gaintza Iturrissa zaharraren bila
Frantzisko Gaintza Iturrissa –
Askotan ongi ezagutzen dugu kanpoko historia, mundu zabalekoa, edota Europan gertatutakoak, gurea, xumeagoa delakoan, ahantziz. Eta gurea diodanean, Euskal Herrikoa esan nahi dut, prefosta. Gaur egun, Euskal Herriko historia eskoletan eta unibertsitatean jorratzen dela gauza jakina da, baina ez naiz horretaz ari, gure herrietan izan diren pertsonaiez eta gertakizunez baizik, horiek oraindik ahanzturaren kaxan sarturik gelditzen baitira aunitzetan. Horietako bat Frantzisko Gaintza dugu, Lezoko Endara (gaur Gaintza dena) baserrian 1.658. urtean sortua eta urteen poderioz Irungo eskribau eta erretore izatera iritsi zena. Ez dezagun ahantzi Lezo garai hartan Irungo auzoa zela.
1.- Frantzisko Gaintza, pertsonaia eztabaidagarria.
Antzinatean, euskal lurraldeak ongi mugaturik ez zeuden garaietan, bere baitan Hondarribia, Hendaia, Irun, Errenteria, Oiartzun, Lezo, Altza eta Pasaia herriak hartzen zituen eskualde zabala zegoen, Oiarso edo Oarso deitu izan zutena. XII. mendean, 1150 eta 1154. urteen artean, Oiarso eskualdea Nafarroako erresumaren zati zen. Antso Jakituna erregeak, Donostiako forua onartu zuenean, Pasaiarainoko lur eremu zabalak kendu zizkion Oiarsori Donostiaren menpe ezartzeko. 1.203. urtean, Gaztelako Alfontso VIII.ak Hondarribia Oiarsotik bereizi zuen eta hiriaren barruan gelditu ziren gaurko Irun, Lezo eta Pasai Donibane herriak. Irunek, Hondarribiaren barruan bazen ere, bazuen bere lur eremua, eta errejidore batek gobernatzen zuen. Lehen aipatu dudan bezala. Hondarribiak 1.203. urtean lortu zuen udalerri izatea, baina mugak ongi zehaztu gabe gelditu zirenez gero, hurrengo mendeetan istilu eta kalapita handiak eduki zituen Oiartzungo udalarekin. Mugarriak ongi finkatu nahian, 1.470.eko abenduaren 21ean, Andrearriaga deitutako tokian bildu ziren Hondarribiko eta Oiartzungo udaletako ordezkariak, irundarrak hondarribiarren artean ordezkaturik zeudela.
Hala ere, badirudi aipaturiko bileran ez zela gauza handirik konpondu, 1556. otsailaren 27an, bigarren bilera bat antolatu behar izan baitzuten bi udalerrien arteko muga auzia konpontzeko. Hala eta guztiz ere, bi udalerrien arteko tira-birek jarraitu zuten, eta hori dela eta, 1.562an, Hondarribiko udalak mugarri berriak jartzeari ekin behar izan zion. 1.776. urtean Irun Hondarribitik bereizi zen eta bere udala antolatu zuen.
Frantzisko Gaintza 1658ko azaroaren 7an jaio zen Gaintxurizketako Endara baserrian. Gaur baserri honek izen gisa bertan sortu den seme garrantzitsuenaren deitura darama. Aurreko paragrafoetan eman ditugun datuak kontuan harturik, Frantzisko Gaintza, izatekotan, hondarribiarra zela esan beharko genuke, Irungo unibertsitateko (barrutiko) Lezo aldekoa, garaiko agiri ofizialetan ongi frogatzen den bezala. Apaiz sarturik, Irungo Parrokiako erretore izendatu zuten, eta hortik aurrera bertan aritu zen eskribau eta idazle. 1738an Historia de Irun-Uranzu izeneko liburu mamitsua plazaratu zuen.
Haren bizitzaren inguruko hainbat kontu eta dokumentu guregana iritsi dira, testamentua beraien artean dagoelarik. Herentzia bat zela, bere arrebak moja sartu zituen Andreone izeneko etxean. Ekintza hau guztiz eztabaidagarria izan bazen ere, zalantzarik gabe eztabaidagarriena Gaintzaren bizitzan, lehen aipaturiko liburuan plazaratu zituen teoriak izan ziren. Antzinatean Ptolomeo eta Mela geografo klasikoek Iturissa izeneko hirixka bati buruz idatzi omen zuten, eta Gaintzak bere liburuan zehar defendatu zuenez, Iturissa eta Irun hiri bera omen ziren.
2.- Gaintzaren liburua eta Iturissa zaharra.
1738an eta Iruñeko Martin Frantzisko Pikarten inprimategian Gaintzak bere liburua kaleratu zuen. Hauxe da liburuari jarri zion izenburu osoa: Historia de la Universidad de Irun-Uranzu, probando con el Rmo. Euriditísimo Enao, ser el pueblo que corresponde en Cantabria al antiguo lugar de ITURISSA señalado para marca por los geógrafos Ptolomeo y Mela a la posterioridad”
Ez da liburu makala, berrehun eta berrogeita hamabost orrialdez osaturik baitago. Liburuaren hasiera aldean Gipuzkoako Diputazioari eskainitako sarrera eta baimena ematen zuten eliz kargu-gizonen oharkizunak irakur daitezke, eta ondoren, hogeita sei kapitulutan banaturik dagoen idazlana.
Bi lehenengo kapituluetan antzinateko geografoek egindako deskribapen eta mapa okerrez luzatzen da, eta oker horien arrazoi nagusitzat mapetan erabilitako markatze sistema seinalatzen du. Bi hurrengoetan etimologiez eta gehienbat euskal etimologiez mintzatzen da, euskal izenetan azaltzen diren toponimia ezaugarriak ongi azpimarratuz. Geroxeago, garaiko teoria iberistetan oinarriturik, Kantabria – Baskonia binomioaz aritzen da jator eta luze. Zazpigarren kapituluan Iturissa Irun zela defendatzeko zituen arrazoiak plazaratu zituen.
Bere teorietan jakituria handia azaldu arren, garaian indarrean ziren teoria iberistetan murgiltzen da, horretarako era guztietako elementuak erabiliz: tubalismoa, Oiarso-Olearso toponimoei buruzko etimologia ilun eta ezinezkoak, eta abar. Gaintzarentzat oso garbi zegoen erromatar eta greko historialariek aipatzen zuten Oarso (edo Oiasso) hura Irun zela eta hori garbi uzteko, asmazio eta gogoeta zail eta korapilatsuak eraiki zituen. Azken bi hamarkada hauetan egin diren indusketa arkeologikoek ongi frogatu dute Gaintzak arrazoia zuela Oarso Irunekin identifikatzen zuenean.
Historialari klasikoek aipatutako Iturissa toponimoaz honako teoria eraiki zuen: Iturisa ITURRI HOTZA litzateke, eta izen horretatik sortu zen ITURIANZU, Iturianzutik URANZU sortu zen eta Uranzu toponimotik IRUN. Gaurko historialariek pentsatzen dutenez Uranzu eta Irun bi gune ezberdin izan ziren, lehena egon zen gaur Pinudi kalea dagoen tokian, gutxi- gorabehera, eta bigarrena Santiago auzoan. Bigarrenak, handitzean, lehena jan zuen. Gainera, gaurko filologoek Iturissaren jatorri etimologikoa Iturrizar izan daitekeela diote. Beraz, ez du ematen Gaintzak egindako teoria oso zuzena denik.
Bestalde, jakin badakigu gaur, eta ziurtasun osoz, erromatarren Oiasso hiria Irunen egon zela. Hirian daukaten Museo Erromatarrean bertan topatutako aztarnak erakusgai daude. Beraz, Irun Oiasso zen eta ez Iturissa. Gainera, berriki, 2012ko urriaren hastapenetan, Aranzadikoek prentsa aurrean emandako datuei esker, garbi gelditu da Iturissa gaurko Aurizperritik gertu zegoela. Horretarako Aranzadikoek garrantzi handiko indusketak burutu dituzte Nafarroako Aurizperri aldean. Beraien ustez Iturissaren jatorrizko etimologia ITURRI + ZAHAR litzateke. Honetaz gehiago jakin nahi duenak irakur dezala Joxerra Senar-ek, 2012ko urriaren 6an, Berria egunkarian, plazaratu zuen artikulu mamitsua.