Biluzik

Biluzik –

Miren Gorrotxategik Urola Kostako hitzan.

.

Zein desberdina den zeu bakarrik zaudela biluztea edo norbaiten begiradapean. Dela medikua, maitalea, edo aurrean duzun ispilua. Berdin dio. Tira, berdin ez, baina egoten da bakarrik gaudenean izaten ez dugun presio bat. Izan ere, bakartasunean ez diegu erreparatzen publikoaren aurrean akats (soberakinak nahiz faltak) bihur daitezkeen geure bereizgarri horiei. Norbait aurrean dugunean, ordea, geure gabezia horiek neurrigabeko garrantzia hartzen dute. Eta ispilua da denetan krudelena, geure buruaren bertsiorik tiranoena.

BiluzikIzan ere, ez gaude biluztasunera ohituta. Estalkiz tapatzen ditugu gorputzak, baina baita geure sentimenduak ere, zer esanik ez harremanak. Eguneroko bizitza estresagarria aitzakiatzat hartuta, ez dugu hausnartzen geure poz eta ilusioez. Ezta kezkez eta beldurrez ere. Inork haietaz galdetuz gero, esaterako, geure beldurrez, heriotzari beldur diogula erantzungo genuke gehienok, seguru asko. Edo ez. Letek hala zioen: “Ez nau izutzen negu hurbilak uda betezko beroan…”. Datozen bezala hartzen ditugu askotan gertaerak, onak zein txarrak, Es lo que hay batez lagunduta. Kontua da, ordea, mundu modernoaren aitzakian, ez garela gai geure buruarekin benetako barne-elkarrizketa bat izateko. Noiz egon zinen zeure buruarekin bakarrik zeuk hala nahita, aurrean edo eskuartean pantailarik gabe, edo bakardade-minutuak beteko dituen zigarrotxorik gabe? Ados, jar dezagun denbora falta aitzakiatzat, bai; baina ez aitzakia bakartzat, behinik behin.

Eta ispiluaren aurrean larrugorritzea kostatzen bazaigu, zer esanik ez hezur-haragizko baten aurrean. Geure egunerokoan modako arropen eta marken atzean kamuflatu arren, haien babesa bilatu arren, biluztasunean ez dute horiek piperrik balio. Baina hura ezkutatzen tematzen gara, kosta ahala kosta. Estali nahi ditugun beldurrak eta gabeziak apaintzen. Eta, harremanei dagokienez, berdin. “Zer moduz” baten atzetik, “ondo” bat espero izaten dugu, eta gutxitan ausartzen gara konbentzio hori apurtzen. Arduraz mozorrotutako kortesiazko formula hutsala baino ez da, finean. Beldur ote gara ondokoak erakutsi diezazkiguken zauriek geure orbanak zabalduko dituzten?

Bizi garen inguruak izaera eratzen laguntzen duela esaten da, eta egia da Euskal Herri gurea larrugorritzeko ingurunerik aproposena ez dela. Euskadi libre eta tropikalak Hertzainaken abestian eta gure ametsetan baino ez duela, oraingoz, existitzen. Agian, geure klima honi bota diezaiokegula horren errua (ere). Biluztea kostatzen bazaigu, eguraldiagatik dela. Baina, aitzakiak aitzakia, gehiago praktikatu beharko genukeen ariketa da biluztearena. Bihotz nahiz hesteak agerian jarri, pil-pil. Niri hilero tokatzen zait zuon aurrean biluztea. Aitortu behar ez dela biluzte edonolakoa: lehenengo neure buruari naizen bezala agertu behar, angelu interesgarrienak aztertu eta taxuzkoenak aukeratu, gero haiek zuen bistan jartzeko. Ez, ez da biluzte naturala, baina bai benetakoa, hala ere. Eta ondo neurtutakoa izanda ere, ez da lan erraza zaurgarritasunak edonoizko edonoren agerian jartzea.

Baina, biluztasunak biluztasun, egin kontu: esaera zaharrak dio isilik dagoena dela gezurrik esaten ez duen bakarra. Eta gero daude biluzik baino jantzita hobeto daudenak. Baina hori beste baterako uztea hobe.

Biluzik Biluzik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.