Jardunaldia: dantza, festa eta kultur ondarea

Jardunaldia: dantza, festa eta kultur ondarea-

Dantzan ataritik jasoa.

Gure herriko dantza ondare izendatu daiteke? Zer da ondare izendatzea? Zer egin beharko genuke izendapen hori jasotzeko? Ondare izendapen batek nola lagundu dezake tradizioa iraun arazten? Ze onura eta ze kalte etorri daitezke ondare izendapen baten ondorioz? Ondare materiala (elizak, dorretxeak, zubiak, arte-lanak,…) babesteko diru-laguntzak dauden moduan, ba al dago materiarik gabeko ondarea (dantzak, festak, errituak, ahozko tradizioak,…) babesteko laguntzarik?

Galdera horiek eta dantza, festa eta kultur ondarearen inguruan sortzen diren beste hainbat aztertuko dira datorren urriaren 12an Beasainen egingo den jardunaldian. Ondare kulturala, jaiak eta bereziki dantza izango dira aztergai Zatak, Dantzan eta Soinuenea elkarteek, Beasaingo Udalaren eta Igartza monumentu multzoaren laguntzarekin antolatu dituzten jardunaldietan. Ondarearen Europako jardunaldien hilabetean sartuta gaudela, euskal kultur ondarearen inguruko izendapen, aitortza eta babesteko egin diren ahaleginak jarriko ditu mahai gainean.

Jardunaldia: dantza, festa eta kultur ondarea
San Roke ezpata-dantzan Deban, 1967. urtean.

.

Legedi berria

Eusko Legebiltzarrak aurtengo maiatzaren 9an onartu (6/2019 LEGEA, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena) eta 20an argitaratu zuen (EHAA 2019/2359) Euskal Kultura Ondarearen inguruko dekretua. “Zentzurik zabalenean, kultura-ondarea da iraganetik gizarteak jaso dituen ondasunen multzoa, zeinean gizarte horrek kontserbatzea eta transmititzea merezi duten balioak aitortzen” dituela dio dekretuak atarikoan. Ondare hori zabala  izanda, dantza da besteak beste bereziki “kontserbatzea eta transmititzea” merezi duten elementuetako bat lege berrian. Euskal Herriko hainbat lekutan dantzako ondarea zaindu eta transmititzeko ikerketa zein bestelako lanak, ardurak eta ahaleginak kontuan hartuta, lege berria ezagutarazi eta eztabaidatuko da besteak beste.

.

Adituak

Arku-dantza Añorgan, 2010-07-16 (Argazkia: Oier Araolaza).

Bi mahai-ingurutan antolatu da jardunaldia. Lehen mahaian materiarik gabeko ondarearen kudeaketan adituak diren sei hizlari izango dira. Eusko Jaurlaritzaren Ondare Saileko Imanol Agotek Legebiltzarrak onartutako dekretuaren nondik norakoak azalduko ditu eta horrek ondare immateriala babesteko eskaini ditzakeen aukerak eta mugak ezagutzera emango ditu. Isabel Hernandok, EHUko irakasleak materiarik gabeko ondarea babesteko legediaren inguruko ikuspegi kritikoa agertuko du, han eta hemen izaten ari diren esperientzien ezagutzan eta legediaren ezagutzan oinarrituta.

Ondare immateriala eta dantzari dagokionez Nafarroan, Iparraldean eta EAEn aurrera ematen ari diren jardueren berri emango dute Karlos Irujok, Thierry Truffaut-ek, Terexa Lekunberrik eta Emilio Xabier Dueñasek. Nafarroako ondare immaterialean aditua da Karlos Irujo antropologoa, Ortzadar elkarteko kide eta Nafarroako Dantza Atlasaren zuzendari baita besteak beste. Terexa Lekunberri antropologoa Euskal Kultur Erakundeko ondare zerbitzuaren arduraduna da eta berarekin izango da Thierry Truffaut antropologoa, Iparraldean egiten ari diren ondare immaterial fitxen egileetakoa dena. Zatak elkarteko Emilio Xabier Dueñas etnologoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako tradiziozko dantzen katalogoa egiteko proiektuaren zuzendaria da.

.

Arituak

Bigarren mahai-inguruan dantzariak eta dantza tradizioen antolatzaile eta bultzatzaileak izango dira. Festak, dantzak eta ondare immaterialak barrutik bizi dituztenak, horiek urtero bizi-berritzen aritzen direnak eta ondare izendapenek ekar ditzaketen onura eta mugen esperoan, egungo egoerak eta errealitateak bizi dituztenak. Interes Kulturaleko Ondare izendapena duten Luzaideko bolanten ordezkari izango dira Jon Arrikaberri eta Gabriel Urtasun luzaidarrak; Oñatiko Korpus festa eta dantzen antolaketaren berri ekarriko du Oñatz dantza taldeko Maite Irizarrek; Andoaingo axeri-dantza elkartearen ordezkaria izango da Izaskun Beraza; Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko Mikel Sarriegik Goierriko eta Gipuzkoako zenbait dantza-tradizioaren inguruko begirada ekarriko du. Dantzan elkarteko Oier Araolazak egingo ditu aurkezle lanak.

Jardunaldia: dantza, festa eta kultur ondarea
Inauteri dantzak Lizartzan, 2004 (Argazkia: Oier Araolaza).

.

Dantza, festa eta kultur ondarea

Bera, San Esteban, 2014-08-03 (Argazkia: Oier Araolaza).

Urriaren 12an, larunbata, Beasaingo Igartza jauregian, goizeko 10:00etan hasita eta eguerdira bitartean burutuko da jardunaldia. Sarrera irekia izango da, eta herritar guztientzat interesgarria gertatzeaz gainera, bereziki gomendagarria izango da dantzari, udaletako eta erakundeetako kultura, festa eta ondare teknikari eta zinegotzientzat, eta festa, tradizio, dantza eta erritoen antolatzaile, laguntzaile eta folklore zale guztientzat.

.

Jardunaldia: Dantza, festa eta kultur ondarea

.

Lehen mahai-ingurua: aDituak

    • Karlos Irujo, antropologoa, Nafarroako ondare immaterialean aditua, Nafarroako Dantza Atlasaren zuzendaria eta Ortzadar elkarteko kidea.
    • Thierry Truffaut, antropologoa, Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari ohia, Lauburu eta Etniker Iparralde elkarteetako kidea
    • Terexa Lekunberri, antropologoa, Euskal Kultur Erakundeko ondare zerbitzuaren eta etnopoloaren arduraduna
    • Emilio Xabier Dueñas, etnologoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako tradizizko dantzen Katalogoa egiteko proiektuaren zuzendaria.
    • Imanol Agote, Eusko Jaurlaritzako Ondare Sailekoa.
    • Isabel Hernando, EHUko irakaslea eta zuzenbide zibilean aditua, Revista sobre Patrimonio Culturalen zuzendaria.

.

Bigarren mahai-ingurua: aRituak

    • Jon Arrikaberri eta Gabriel Urtasun, Luzaideko bolantak.
    • Mikel Sarriegi, Beasaingo Aurtzaka dantza taldea.
    • Maite Irizar, Oñatiko Oñatz dantza taldea
    • Izaskun Beraza, Andoaingo Axeri-dantza elkartea

Dinamizatzailea: Oier Araolaza, Dantzan elkartea.

.

Eguna: Urriak 12, larunbata
Ordua: 10:00etatik 13:30etara.
Tokia: Beasain, Igartza jauregia
Sarrera irekia

Jardunaldia: dantza, festa eta kultur ondarea

Jardunaldia: dantza, festa eta kultur ondarea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.