Estreinaldiak: Urriak 4

Estreinaldiak: Urriak 4 –

.

Varados

Guk hemen errefuxiatuen bizitza egiten dugu, jakin badakigu ez dugula amesten dugun hori lortuko. Finean, gure izena Errefuxiatu da”. Atenasko eraikin okupatuetan eta Lesbos zein Moriako errefuxiatu eremuetan bizirauten duten pertsonen egunerokoa jaso du Varados filmak, Helena Taberna zinemagilearen azken dokumentalak.

Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearen ekimenez heldu zen proiektua zuzendariaren eskuetara. 2016tik aitzina, Greziako lurraldean gatibu dauden migratzaileen elikadura hartu du elkarteak bere gain, bertako biztanleei gutxieneko otordu duinak sukaldatuz eta banatuz. Ondo baino hobeto ezagutzen dituzte pertsonen kartzela horietako muturreko baldintzak, eta horiek gizarteratu asmoz jo zuten zuzendariarengana. Azken honek, erronka onartu, eta hiru hilabeteko egonaldia programatu zuen bertan, lantalde txiki baten laguntzarekin, testigantza bilduma gogoangarria jasotzeko.

 .

Joker

Todd Phillipsek zuzendu, idatzi eta ekoitzitako Joker filmean bere ikuspuntu pertsonala eman dio DC Comics-eko pertsonaia zitalari, eta istorioak oso modu originalean jaso du haren mitologia tradizionala.

Zuzendariaren iritziz, gauza ororen gainetik, Gothameko hautsitako gizartean bere lekua aurkitzeko borrokan ari den gizona da Arthur Fleck, Joaquin Phoenixek maisuki hezurmamitu duen pertsonaia.

.

Amazing Grace

1972ko urtarrilean, Aretha Franklin handia bi egunez aritu zen Los Angelesko Watts auzoko New Temple Missionary Baptist Church elizan, bere diskorik salduena izango zena, Amazing Grace, grabatzeko. Sydney Pollack zinemagileak zuzendutako talde batek filmatu zituen saio horiek, baina artxiboko materiala ahaztuta egon da lau hamarkadaz.

2008an hil aurretik, filma osatu nahi zuela azaldu zuen Pollackek, eta Alan Elliott ekoizleak proiektuari emandako talde batekin ekin zion lanari. Spike Lee da koproduktoreetako bat. Berlineko zinema-jaialdian lehiaketaz kanpo estreinatu zuten.

.

Diecisiete

Hectorrek 17 urte ditu eta adingabeen zentro batean bizi da. Txakurrek lagundutako birgizarteratze-terapiara doa eta bera bezain lotsatia eta iheskorra den animalia batekin lotura estua du. Baina txakurra adopzioan ematen dutenean, haren bila joateko ihes egitea erabakiko du Hectorrek. Horrela hasiko da ustekabeko bidaia bat, Ismael anaia nagusia, Cuca amona, bi txakur, behi bat eta beste zenbait animalia lagun dituelarik.

.

El crack Cero

Sei hilabete igaro dira Narciso Benavides jostun ezagunak bere buruaz beste egin zuenetik. Egun detektibe pribatua den German Areta polizi ohiak gizonaren hilketa ikertzeko eskaria egingo dion ezkondutako emakume baten bisita jasoko du. Antza, hilketa zantzuak ikusten ditu andreak maitale izan zuen gizonaren hilketan.

1981ean errodatutako ‘El crak’ filmaren aurrekari izateko xedearekin sortutako lana.

.

Fourmi

Fourmi ezizenez ezagutuko dugun Theo protagonistak bere aita lagundu du galdutako ilusio eta itxaropenak berreskuratzen. Bada, mutur parean agertuko zaio aukera, futbol talde ingeles batek haurra fitxatzeko interesa erakutsiko duenean. Azkenean, umearen gaztetasuna dela eta, atzera botako dute operazioa, eta honek ez du aitari egia esateko modu errazik topatuko.

Euskal pantailaren gunea