Ez eman bazkarik usoei

Ez eman bazkarik usoeiEz ditut animaliak maite. Ez ditut gorroto ere. Errate baterako, zezenketen kontra nago, baina, halere, horren kontra egoteko arrazoien zerrenda bat prestatu beharko banu, aspergarriak direla izanen litzateke nire jarreraren lehenbiziko motiboa, eta horren ondoren paratuko nuke akaso zezenen sufrimendua. Ez naiz munstro bat (bueno, igual ez dagokit niri hori erratea, baina, tira): lau hankako izaki guziak desagerraraziko lituzkeen holokausto bat antolatzearen kontrakoa naiz, eta, oro har, animaliak errespetatzearen aldekoa naiz. Baina errespetua ez da amodioa. Bertze ugaztunen irudi moñoñoak –adibidez, sare sozialen bidez hedatzen diren argazkiak– ez zaizkit hunkigarriak iduritzen, eta are gutiago irudi horietako animaliak narrastiak edo txoriak baldin badira. Txori ustez maitagarri baten begirada baino gauza hotzagorik ez da mundu honetan, eta, adibide bat emate aldera, usoak zikinak eta astunak dira; haien egiazko izaera ezin hobeki laburbiltzen zuen Londresen ikusi nuen kartel batek: ez eman bazkarik usoei, gogaikarriak dira eta arriskutsuak osasunerako (Don’t feed the pigeons. They are a nuisance and a health hazard). Nik zera gaineratuko nukeen kartel hartan: eta arrunt kaltegarriak dira literaturarako (and obnoxious to literature), bi mila urtetako topiko poetiko kaskarrak baitaramatzate sorbalden gainean –beharbada sorbalden aipua ez da zientifikoki sobera zuzena–. Maiz, obretan langileei edo makinei edo auskalo zeri begira egoten diren agureei irri egiten diegu, amultsuki bada ere, baina badira hura baino subespezie arriskutsuagokoak direnak: usoei ogi-apurrak botatzen dizkienak. Baina utz ditzagun usoak alde batera, bertzenaz akaso berridatzi beharko baitut hasmentako adierazpena, animalien holokausto baten kontrakoa naizela dioen hori.

Ez ditut animaliak maite, eta ez dut sobera ongi ulertzen anitzek etxeko animaliei dieten maitasuna. “Animaliak arras fidelak dira” diote zenbaitek; baina, ongi ulertu badut, dena nahiko mekanikoa baita: etxeko animalia –zakurra, batez ere– egoki tratatuz gero, hark bere “amodioa” emanen dizu, eta, gainera, ez dizu problemarik sortuko: ez da telebistako urrutiko agintea hartzen saiatuko, katea aldatzeko; ez ditu zure gustu musikalak zalantzan jarriko; eta, oro har, ez die zure erabakiei kritikarik eginen. Zakur bat maitatzea gizaki bat maitatzea bezala da, baina bigarren honek eragin litzakeen arazo guziak kenduta. Beraz, etxeko animalia ordezko bat da, ordezko triste bat. Fidela eta, batez ere, arriskurik gabea. “Zakur batek, ongi tratatuz gero, ez dizu inoiz traiziorik eginen”, diote batzuek. Eta egia da, baina ez dakit meritu handia den traizioa zer den ere ez dakien animalia batek traiziorik ez egitea. Bertze gizaki batekin bizitzeak bi norabideko negoziazioa eskatzen du, negoziazio zaila batzuetan (ia-ia nazioarteko egiaztatzaileak beharko lituzkeena, zenbaitetan); animalia batekin bizitzeak norabide bakarreko dinamika eskatzen du, galde-erantzun mekanikoen dinamika: zuk eman eta hark erantzun. Animaliei diegun amodioa, edo, hobeki erranda, animaliei zenbaitek dieten amodioa maitasun erraza iduritzen zait, erosoa, kasik koldarra erranen nuke. Animaliak gizakien ordezko dirutan garesti baina sentimendutan merkeak izaten dira maiz. Uztekotan, utziko dizkiguten zauriak –zauri sentimentalez ari naiz– ez dira inoiz izanen bikotekide batek edo adiskide batek utziko dizkigunen tamainakoak.

Horregatik, ordezko bat bilatzez gerotan, nik gauzak nahiago ditut. Animaliak bezala, gauzak ere fidelak izaten dira, eta –ordenagailuak izan ezik– ez dizute inoiz traiziorik eginen. Nik, adibidez, nire arkatzak maite nituen txikitan, eta orain nire liburuak: ez bakarrik edukia, baita objektua bera ere. Berriki, aspaldian erosia nuen liburu aurkitu ezinik (susmoa dut sabaian dagoela, baina auskalo non), berriz erosi dut eta horrek drama txiki bat eragin du nire baitan, inoiz traiziorik eginen ez didan horri traizio egin izan banio. Bai: objektuei diegun maitasuna ere, batzuek animalia dietena bezala, erosoa da, eta erraza, eta barregarri samarra, eta, nahi bada, koldarra. Baina izenondo horiek guziak egia izanda ere, gauzekiko amodioa zintzoa da: azken batean, badakigu gauzei buruz ari garela, eta, beraz, gauza horiei antropomorfizatzeko tentazioa ttikiagoa izanen da beti: inork ez du erranen “zer adimentsuak den nire ordenagailua”; bai, ordea, “zer azkarrak diren zakurrak”. Inork ez du erranen “zer amultsua den nire zorrozkailua”; bai, ordea, “zer kariñosoa den nire katua”. Badakigu gauzen gainean paratzen dugun maitasuna norabide bakarrekoa dela: geronek jartzen dugu, eta zenbait gauzak guregan pizten dituzten oroitzapenak geronek ekarriak dira. Duela egun batzuk, Idurre Eskisabelek idatzi zuen amodioa fikzio bat dela. Ados nago, baina gaineratuko nuke, nobelekin egin dugun bezala, fikzio onak, erdipurdikoak eta kaskarrak bereizten ahal ditugula. Badakigu gauzekin dugun harremana gezur hutsa dela, eta, alde horretatik, fikzio zintzoa da; animaliekin duguna, berriz, maiz egiatzat jotzeko joera izaten dugu.

Jendea zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago maite ditut animaliak: hala diote zenbaitek, esaldia probokatzailea delakoan. Nik horrelako esaldiak zenbat eta gehiago entzun eta orduan eta gusturago egoten naiz ordenagailuaren aitzinean. Gauzak maite ditudan bezala, maite baititut adiskidetasun birtualak ere, eta Interneten fikzioa izaten da nagusi, batez ere sare sozialetan. Batzuetan, halere, Twitterren edo Facebooken bidez aurkitutako jendea aurrez aurre ezagutu bertze erremediorik ez da. Momentu arriskutsua izaten da: ni ezagututa, gogoko izanen nau Twitterren nirekin hain ongi moldatzen den horrek? Edo dezepzioa hartuko du? Lagun minak bihurtuko gara? Maitaleak? Traizio eginen dit inoiz? Baina jendearekin ditugun harremanak, animaliekin ditugunak ez bezala, horregatik dira interesgarriak: konplexuak eta arriskutsuak direlako.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.