“Euskararen inguruko diskurtso berria landu behar da”

Iñaki Martinez de Luna soziologoak eta Belen Uranga Soziolinguistika klusterreko teknikariak eskainitako azken saioarekin amaitu da Zumaian aurtengo “Euskara, bestela ez gara” hitzaldi zikloa. Hitzaldiaren haria Iñakik eraman du Belenek egindako elkarrizketa baliatuz; tarteka, halere, puntuak eta kontrapuntuak jarri dizkiote elkarri biek ala biek. Hitzaldia bideoan ikusteko klikatu hemen (irudiak Zumaiako Euskara Zerbitzuarenak, bideogilea Baleike).

Iñaki Martinez de Luna

Iñakik framing berri baten beharra aldarrikatzen du, framing komunikazioaren teorian erabiltzen den terminoa da, eta zerbait ulertzeko edo interpretatzeko modua adierazten du, funtsean diskurtsoa esan nahi du. Euskararen inguruko diskurtso berria  landu behar dela uste du, beraz,  Martinez de Lunak.

Izan ere, duela 30 urtetik hona gauzak asko aldatu dira. Orduan jendea euskararen alde zegoen, frankismoak debekaturiko gauza guztiek indar handia hartu zuten trantsizio garaian; eta euskarak berak ere bai, inork ez zuen zalantzan jartzen euskara bultzatu behar zenik. Gaur egun, ordea, hori asko aldatu da, eta euskararen aldeko neurriak hartzen direnean marjinazioa, diskriminazioa eta antzeko ideiak azaleratzen dira. Azkeneko azterketen arabera, Euskal Herrian %55 baino ez dira euskara sustatzearen alde daudenak, eta horietako asko gainera, orokorrean alde daude, baina beraiei eragiten dieten neurriak aipatzen direnean atzera egiten dute. Beraz, argi dago gauzak aldatu direla eta jarreretan eragin behar dela.

Diskurtso berria planteatu aurretik Iñakik gaur egun dauden diskurtsoak aztertu ditu. Horretarako, Euskal Herriko prentsa idatziari jarraipena egin dio ia urtebetez,  hedabideak baitira iritzi sortzaile. Azterketa horren arabera, bi eratako framing edo diskurtso aurkitu ditu euskararen inguruan:

Framing aldarrikatzailea: Abertzaletasunak sortua da, euskara dela bertako hizkuntza aldarrikatzen du eta gaztelania kanpokoa. Euskal Herria euskaraz bizi dadila du helburu eta horretarako hartu beharreko neurriak exijitzen ditu.

Framing uzkurra: Espainiar sentimendua dutenena, gaztelaniarekin nahikoa dute eta euskara bigarren mailako bitxikeria da horientzat, interes kulturala aitortzen diote, baina abertzaletasuna hedatzeko armatzat hartzen dute eta mesfidati ageri dira euskararekiko.

Azterketan bi mutur horiek ageri dira eta horien tartean daude gainerako matiz guztiak. Biek ala biek oinarri berbera dute;  estatu bat, hizkuntza bat, nazio bat. Alegia, biak nazionalismoetan oinarrituta daude. Eta talka egiten dute, jakina. Orduan, nola asmatu beste zerbait?

Abertzaletasunak berme sendo bat ematen dio euskarari, baina abertzaleen esku bakarrik gelditzen bada, euskarak jai du. Beraz, alde batetik abertzaleek onartu behar dute euskara ez dela hemengo hizkuntza bakarra; hau da, praktikan onartua dagoen hori, denok egiten baitugu gaztelaniaz noiz edo noiz, teorian ere onartu behar dute.

Baina bestalde, diskurtso uzkurrak ere badu moldatu beharra; izan ere, berdintasuna aldarrikatzen du, ez diskriminatzea, eta hizkuntzaren hautu askea egitea. Bada, hori bera euskararentzat ere behar dela ulertu behar dute, ez gaztelaniarentzat bakarrik.

Euskararen biziraupena euskaldunen zein erdaldunen ardura da. Euskara galtzen bada, aberastasun bat galtzen da eta denok galtzen dugu. Hortik abiatuta hizkuntza ekologiaren teoriak ematen dio heldulekua Martinez de Lunari. Ekologiaren analogiarekin jendeak oso ondo ulertzen du hizkuntzari eustearen garrantzia, aniztasuna, iraunkortasuna eta antzeko kontzeptuen bidez. Hizkuntza ekologiak dio hizkuntza hau inportantea dela beste hizkuntzak bezala, eta horrek balio du kontrako jarrerak desaktibatzeko. Ez dira eragile bihurtuko, baina kontrako jarrerarik ez erakustea asko da  Martinez de Lunaren ustez.

Kataluniara begira jarrita, ideia berriak ekarri ditu handik Iñakik. “Plataforma per la llengua” elkartetik egindako azterketaren arabera, diskurtsoa aldatu eta modu positiboan eman beharra dago:

– Hizkuntza berreskuratzetik irabaztera. Kanpotik etorriak zer berreskuratu behar du? Berea akaso, baina, beste hizkuntza bat, katalana edo euskara irabaz dezake, eta beti aberasgarri da hori

– Hizkuntzaren biziraupenetik ongizatera. Konnotazio ezkorra du bizirauteak,  horren ordez askoz positiboagoa da hizkuntza eskuratuta ongizatea lortzea, ingurukoekin hobeto komunikatzea dakar…

– Hizkuntza aldatzetik aukeratzera. Eleaniztasuna erabili eta aldatu arazi beharrean aukeratu ahal izatea eskaini.

– Integraziotik adopziora. Kanpokoei integratzeko eskatu beharrean hemen adoptatuak izateko eta bertako partaide izateko aukera eskaintzen zaie.

Hemen planteatzen diren aukerak orain artean baino askoz ere klabe positiboagoan emanak daude eta horrek zerbait aldatzen du hartzailearentzat.

Iñakiren hitzaldiari Belen Urangak hainbat ñabardura egin zizkion eta kontrapuntua jarri ere bai. Alde batetik, bere kezka da diskurtso berri horrek berdin balio ote duen Zumaian nahiz Gasteizen, nahiz Euskal Herriko beste edozein lekutan.

Eta bestalde, berdintasuna eta hizkuntza ekologiaren kontzeptua ondo ulertu direla ziurtatu aurretik horrelako aldaketa bat planteatzea ez da arriskutsua? Alegia, lehendik ere nahiko desaktibatuta dagoen gizartea are eta gehiago lausotzea ez luke ekarriko?

Errezeta guztiek leku guztietarako ez dute balio jakina. Beharbada Zumaian ez da behar horrelako planteamendurik baina Euskal Herria gehienbat erdalduna da, orduan nola egingo dugu?

Eta bukatzeko, framing berria ez da abertzaletasuna ezabatzeko, baina horrelako planteamenduekin ez gara inoiz iritsiko abertzale ez direnengana, eta euskarak jai dauka arnasguneetara mugatzen bada.

6 pentsamendu ““Euskararen inguruko diskurtso berria landu behar da””-ri buruz