Euskarazko zinemaren sorkuntza eta kontsumoa aztergai Durangoko Azokan
Euskarazko zinemaren sorkuntza eta kontsumoa aztergai Durangoko Azokan
Ostiralean, abenduak 2, abiatuko dute Durangoko Azokaren 51. edizioa, eta urteroko zita garrantzitsuan parte hartzeko eta euskal zinearen alorrean beren hondar alea jartzeko, Euskarazko zinemaren sorkuntza eta kontsumoa mahai-ingurua antolatuko du Zinea.eus atariak. Zita larunbatean izango da, abenduak 3, 15:00etatik 16:30era, Irudienea gunean.
…
Iaz, aurrenekoz, Euskal zine industriaren belaunaldi berria izeneko solasaldiarekin estreinatu ziren Zinea.eus albistariko lagunak Durangoko Azokan. Irune Gurtubai ekoizlea, Lara Izagirre zuzendaria, Joseba Usabiaga aktorea eta Miren Manias ikerlaria gonbidatu zituzten saiora, eta euskal zinemaren belaunaldi berria izan zuten aztergai, euskarazko sorkuntzatik abiatuta. Oso hausnarketa interesgarriak jarri zituzten mahai-gainean, baita industria terminoaren inguruan zituzten pertzepzio ezberdinak ere.
Bada, aurtengoan, euskarazko sorkuntzan eta kontsumoan sakondu nahi dute. Edonor al da sortzaile? Zein testuingurutan? Zergatik sortzen dugu? Eta nola? Aldiz, euskarazko zinema kontsumitzen dugu? Militantziagatik ala era naturalean? Euskal kontsumitzaileak hezi behar al ditugu?
Erantzunak bilatu aldera, lau lagun gonbidatu dituzte larunbateko saiora:
- Maria Elorza zinegilea da. Las Chicas de Pasaik kolektiboan eta bere kontutik aritzen da, eta Tabakalerako Kultur proiektuko kidea ere bada. 2016ko Kimuak Katalogoan hautatu duten Gure Hormek filma osatu du Maider Fernandezekin batera, berriki Zinebi jaialdiko Euskal Zinearen saria eskuratu duena, eta Donostia 2016ko Kalebegiak proiekturako La chica de la luz laburra ere aurkeztu du kolektiboak.
- Eneko Sagardoy, ordea, aktorea da. Durangoko Karrika antzerki taldean hasi zen antzezpena lantzen, eta ostean, Goenkale telesailean egindako lanagatik egin zen ezagun. Ordutik, antzerkian aritu da, urtero pare bat obra aurkezten, eta zineman ere dozena bat lan egindakoa da, bereziki film laburretan. Udaberrian Aundiya (Jon Garaño eta Aitor Arregi) filma errodatu zuen, eta antzerkian buru-belarri jarraitzen du Treblinkara Azken Trena lanarekin.
- Amaia Garcia kultur kazetari eta blogaria da. El círculo fotograma izeneko bloga kudeatu eta elikatzen du, eta Zinea.eus atarian, Arrosa irrati sarean, Segura irratian eta Hernaniko Kronikan, besteak beste, kolaboratzen du. Zinemaldiko Zurriolako Butaka saioan ere parte hartu izan du azken urteetan.
- Aitor Abaroa, azkenik, kultur kazetari eta zine aditua da. Gaztezulo aldizkariko zuzendari izandakoak, dozenaka irrati eta telebista saiotan hartu du parte azken urteetan, hala nola, ETB1eko Mihiluze, Azpimarra eta Ahoz aho saioetan, Euskadi Irratiko Amarauna saioan, eta Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan. Zinearekin lotutako dozenaka ekitalditan ere hartu du parte, besteak beste, bere sorterriko Zine Bileran.
Honenbestez, apuntatu zita: Abenduaren 3an, larunbata, 15:00etan Durangoko Azokako Irudienea gunean.