Elhuyar Durangon DA!

Elhuyar Durangon DA!

Produktu berriak salgai
Talaia teknologiaren aurkezpena
EHUren aitortza itzultzaileei

Badator Durangoko Azoka aurten ere, eta Elhuyar Durangon izango da beste behin ere, abenduaren 2tik 6ra.

Artekaleko 62. standera inguratzen bazarete, hantxe aurkituko dituzue aurtengo gure nobedadeak, Elhuyar eskuan hartuta munduan ibiltzeko bi baliabide ezin hobe: Elhuyar Atlas geografiko eta politikoa eta Collins Elhuyar ingelesa-euskara hiztegia.

Elhuyar Durangon DA!Elhuyar Atlas geografiko eta politikoa

  • Euskal Herriko zein munduko mapa geografiko eta politikoak
  • atlasa.elhuyar.eus webgunerako sarbidea. Webgune horretan, toponimoekin jolastuz ikasteko 3 joko daude, eta inprimatu eta lanerako erabiltzeko 
    mapa mutuak

Collins Elhuyar ingelesa-euskara hiztegia

Elhuyarrek eta Collinsek bat egin dute, berme osoko produktu bat eskaintzeko.

  • 65.000 sarrera
  • 85.000 adiera
  • 22.000 adibide
  • Lexiko arrunta eta teknikoa
  • Bi hizkuntzen alderdi gramatikalak biltzen dituen eranskin bat.

Bere materiala salgai jartzeaz gain, bere teknologia erakutsiko du Elhuyarrek Durangoko Azokan. Abenduaren 4an, Talaia aurkeztuko du Kabi@ gunean, 17:30ean. Talaiak prentsa eta sare sozial digitalen zaintzarako eta iritzi-erauzketarako aukera bat eskaintzen digu. Besteak beste, Donostia 2016ren Behagunea proiektuan eta Berria egunkariak irailaren 25eko hauteskundeetarako sarean jarri zuten Termometroan baliatu dute Elhuyarren teknologia hori.

Azkenik, EHUk argitaratzen dituen itzulpenen egileei beren lana aitortu nahi die Durangon, eta Elhuyarrek atsegin handiz hartuko du parte itzultzaileentzako aitortza-ekitaldi horretan; abenduaren 5eanizango da, 16:30ean, Areto Nagusian. Dagoeneko, 10 urte baino gehiago daramatza Elhuyarrek EHUrentzat unibertsitate mailako materiala itzultzen, eta Elhuyarren itzulpen-zerbitzuan itzulitako 60 liburutik gora argitaratu ditu EHUk tarte horretan.

Elhuyar Durangon DA!

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.