[Zinemaldia 2019] Euskaraz mintzo diren filmak
[Zinemaldia 2019] Euskaraz mintzo diren filmak –
Donostiako Zinemaldiak, 67. edizioaren atarian gauden honetan, jaialdian izango den euskal ekoizpenaren berri eman dute; guztira hogeita bat film. Guzti horietatik hamahirutan hitz egiten da euskaraz, eta hauexetan jarriko dugu arreta.
Ohi bezala, euskarazko film gehienak Zinemira atalean proiektatuko dira, eta aurten euskararik ez da entzungo Atal Ofizialeko pantailan, azkenaldian urtero bateren bat izan dugun arren (“Loreak”, “Amama”…). Hona hemen erabat edo hein batean euskarazkoak diren filmak:
.
Euskal Zinemaren Gala
“Agur Etxebeste!” (Asier Altuna eta Telmo Esnal)
Patrizio Etxebestek alkatetza utzi beharko du osasun-arazoak direla eta. Gutxik dakite benetako zergatia, ordea: inguruko herrietan argitara atera diren ustelkeria-eskandaluek pentsarazi diote hurrena bera eror daitekeela. Eta nor hobe bera ordezkatzeko eta kontrolari eusteko, Maria Luisa emaztea baino. Baina guztia ez da lehen bezain erraza izango. Emakume loreontziak apaingarri hutsa izatea baztertuko du, eta ekinean hasiko da. Gizon kontrolatzaileak ez du kontrolatzen berak uste edo nahi beste, eta egokitu beharko du, aurrera egin. Krisi orok tirabirak eta arazoak dakartza, familiakoa, politikoa nahiz soziala izan. Baina aldaketak eta abagune handiak ere sortzen ditu. Aupa Etxebeste! (2005) filmaren sekuela.
.
Zinemira
“Elkano, lehen mundu bira” (Angel Alonso)
Lehen mundu-bira. Magallanesen agintepean hasi eta Juan Sebastian Elkanok amaitutako bidaia, ezezagunerantz. Ekaitza, gosea, tribuak… Bost itsasontzi abiatu ziren Sevillatik. Hiru urteren ondoren, batek soilik lortu zuen itzultzea. Aparteko abentura planetaren inguruan, azkenean biribila dela frogatuta.
.
“Hiru uhinak” (Loïc Legrand)
Kondaira zoragarria eta amorragarria iruditzen zitzaidan. Baina, zer zentzu eman diezaiokegu egun? Iragarki bat atera nuen argitara, istorio zahar horretan oinarritutako film bat egitea eskaintzeko. Lilik, Añak eta Ekaitzek erantzun zuten, jakin-minez eta zinema-gogoz. Elkarrekin, hiru uhinen istorioari heldu, eta bere bihurtuko dute.
.
“Muga deitzen da pausoa” (Maider Oleaga)
Bi emakume Donostiako (Euskadi) etxe zahar batean elkartuko dira. Bata bizirik dago eta zinemagilea da; besteak Elvira Zipitria Irastorza du izena, eta 1982an hil zen. Zinemagilea konturatuko da presentzia ikusezin batez beteta duela bizilekua, hainbat oihartzun ia-ia sumaezinez. Francoren diktaduraz geroztikoak dira hotsetako batzuk; garai hartan, euskara-eskola klandestino bat sortu zuen Elvirak. Etxeko aspaldiko maizterra emakume garrantzitsua izan zen XX. mendeko euskal kulturan eta politikan. Hala ere, ezkutuan geratu da. Zinemagilea, hari buruz gehiago jakin nahiak bultzatuta, ikertzen hasiko da. Bilaketa ez da bat ere erraza izango, eta laster performatibo bihurtuko da. Filma egitea Elvirarengana gerturatzeko modu azkenekoa izango da.
.
“Paseko Txoriak” (Juan Miguel Gutierrez)
2018ko uztailean hasi zen guztia. Afrikatik zetozen etorkin taldeak Irungo tren-geltokira iristen hasi ziren, Frantziako muga zeharkatu nahian. Kalean egiten zuten lo. Herrian aritzen ziren GKE-ek mugimendu okupak erreakzionatzea lortu zuten, eta hala, beren lokalak utzi zizkieten. Eskuzabaltasuneko mugimendu horrek Irun osoa hartu zuen
.
“Soinujolearen semea” (Fernando Bernues)
David Imazek Euskaditik ihes egin behar izan zuen 70eko hamarkadaren erdialdean, beretarrek baztertu eta traizioa leporatu ziotenean. Kalifornian zoriona aurkitu arren, oraindik atsekabea sortzen dio iraganak, eta erru-sentimenduak ez dio utziko bizitzaren azken egunak lasai ematen. Joseba Altuna, txikitako laguna, agur esatera joango zaio, eta, bide batez, konpondu gabekoak konpontzera. Denbora luzea eman dute elkar ikusi gabe, baina iritsi da egiari aurre egiteko unea. Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritua.
.
(Zinemira-Kimuak)
“Mateoren ama” (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga)
Denboraldi batez ama ikusi gabe egon ostean, Angel Marik indarrak hartu eta hura dagoen zahar-etxera bisitan joatea erabakitzen du. Gogorra egiten zaio ama horrela ikustea; seme-alabak ezagutzen ez dituen amona baten moduan.
.
“Medvedek” (Ainhoa Gutierrez del Pozo)
Esloveniako bi hartz emeren etorrerak Nafarroako Pirinioetako oreka irauliko du. Milioika urtez hartza Pirinioetako biztanlea izan da, eta haren desagertzeak ingurua eraldatu zuen. Bi biztanle berri hauen presentziak iraganeko gatazkak azaleratuko ditu.
.
“Artiko” (Josu Venero eta Jesus Mari Lazkano)
Mahaiaren gainean, Ipar poloko Svalbard artxipelagora egin nuen azken bidaiaren mapa dago. Mapa zimurtu eta apurtu hori adimen-kartografia da orain, margolaritza eta marrazkigintzaren eremua, asmamenaren esparru berri eta kitzikagarria.
.
Culinary zinema
“Zer jan hura izan” (Igor Arabaolaza)
Dokumental honek ekoizleen eta sukaldarien arteko harremana aztertuko du, haien lekukotzetan oinarrituta. Besteak beste, produktuak sukaldean duen garrantzia, jasangarritasuna, belaunaldi arteko erreleboa eta baserriko munduaren sustapena jorratuko ditu.
.
“Gazta” (Mikel Urretabizkaia)
Idiazabal gaztaren unibertsoan zeharreko bidaia, aparteko pertsonaia batzuen eskutik. Adibidez, Eli Arrillaga; 24 urte zituela alargun geratu zenean, senarraren lanbidean artzain jarraitzea edo Zarauzko hiri-ingurura itzultzea erabaki behar izan zuen. Elik artzaintzan jarraitu zuen, eta gazta horren ekoizle handietako bat da egun. Edo Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa, Joan Roca, Martín Berasategui, Pedro Subijana eta Andoni Luis Adúriz bikainak; ongi dakite zein garrantzitsua den kalitate handiko artisau-produktua izatea, haien sukaldari-lan zorrotzean ederki egokitu dadin. Urbia, Aralar eta Gorbeia mendikateetan eta Nafarroako goi-mendietan, artzainek kontu handiz zaintzen dituzte latxa arrazako artalde preziatuak, kalitate handieneko produktu bat lortzeko, Ordiziako hitzorduan urteko gazta bikainenaren lehia irabazteko modukoa.
.
Made in Spain
“Zubiak” (Jon Sistiaga Escudero eta Alfonso Cortes-Cavanillas)
Juan Mari Jauregi ETAren biktimaren istorioa, haren bizitzako bi pertsona garrantzitsuenek kontatua: haren alargunak eta bizia kendu zion hiltzaileak. 2000. urtean su-etena hautsi zuen ETAk, eta bakea lortzeko zubiak egitearen alde jarraitzen zutenen aurkako atentatuak egiten hasi zen. Alarguna, Maixabel Lasa, eta hiltzailea, Ibon Etxezarreta, bildu egingo dira eta elkarrekin hitz egingo dute, urte haiei buruzko egiak esanez eta elkarri begietara begiratuz. Zubiak filmak memoria eta duintasuna, elkarrizketak eta barkamenak, damuak eta bakezkoak biltzen ditu, zubiak berreraikitzen hasia den eta hitz egiteko beldurra galdu duen Euskadi batean.
.
“El cuerto reino. El reino de los plásticos” (Adan Aliaga eta Alex Lora Cercos)
El cuarto reino filmak komunitate marjinal baten eguneroko bizitza islatzen du, New Yorkeko auzo batean. Erresuma bitxi horretan, aukeren herrialdeak hitzemandakoaz guztiz bestelakoa den errealitatearekin desengainatuta daude, bai zailtasunak dituzten estatubatuarrak, bai legez kanpoko etorkinak. Hala eta guztiz ere, itxaropenari eusten diote.
.
Azpititulatutakoak
Euskal ekoizpenaz gain, euskarara bikoiztutako haurrentzako sei film izango dira Zinemaldian -datorren astean jakingo dugu zeintzuk, eta atzerriko hainbat filmek ere izango du euskararen presentzia, azpitituluen bitartez. Hauexek, atalez atal:
.
“Africa” (Oren Gerner)
“Le Milieu de L´horizon” (Delphine Lehericey)
“Le rêve de noura” (Hinde Boujeema)
“Scattered Night” (Lee Jihyoung eta Kim Sol)
“Sestra” (Svetla Tsotsorkova)
“The Giant” (David Raboy)
“Yoake no takibi” (Koichi Doi)
.
“Atlantique” (Mati Diop)
“Delphine et Carole, insoumuses” (Callisto McNulty)
“Hatsukoi” (Takashi Miike)
“Ich War Zuhause, aber” (Angela Schanelec)
“Les enfants d´Isadora” (Damien Manivel)
“Nan fang che zhan de ju hui” (Diao Yinan)
“Play” (Anthony Marciano)
“Repertoire des villes disparues” (Denis Côté)
“Zombi Child” (Bertrand Bonello)
.
“Alice et le maire” (Nicolas Pariser)
“La verité” (Hirokazu Koreeda)
“Les Misérables” (Ladj Ly)
“Portrait de la jeune fille en feu” (Céline Sciamma)
“Sorry we Missed you” (Ken Loach)
.
“Glittering Misfits” (Iban del Campo)
“Soinujolearen semea” (Fernando Bernues)
“Hiru uhinak” (Loïc Legrand)
.
Culinary Zinema sailean euskarazko azpitituluak izango dituzten hiru film egongo dira, eta datorren astelehenean jakingo da zeintzuk.