Euskaraz idaztea, euskaraz irakurtzea
Euskaraz idaztea, euskaraz irakurtzea
Euskararen erabileraren aldeko Ika-Mizka kanpainako bideo bat ikusten ari nintzela iritzi batek atentzioa eman zidan. Hainbat kazetari ari ziren hizketan “Eta hik, nola bizi dunk euskara?” galderaren bueltan. Horietako batek zioen testu bera espainieraz idazteko euskaraz baino denbora bikotza beharko zukeela baina, haatik, bere burua derrigortu behar zuela euskaraz irakurtzera. Nahiko sentipen zabaldua dela iruditu zitzaidan -eta horren azkenburuko adibide da euskarazko itzulpenek duten estigma- eta berehala konprobatu ahal izan nuen hala zela Twitterren gaiaren inguruko eztabaida luze bat abiatu zenean, non hainbatek bideoko iritzi horrekin bat egiten zuten. Euskaraz idazteko erraztasuna baina, ostera, euskaraz irakurtzearen nekea.
Zenbatetan ez ote zaizkigu iruditu ahozko hizkuntzarako abilezia apartekoa dituztenen testuak ahulak, gatzgabeak, eskasak?
Badakit laineza iruditzen ahal dela zalantza egitea kanpotik besteren sentimenduen inguruan baina iruditzen zait iritzi horrek gehiago duela topikotik benetako errealitatetik baino. Oinarrian duen ideiak ukitu naturalista modukoa du, hizkuntza eta idazkera halako sen edo jatorri subjektibo batekin lotzen duelako. Idazkera, funtsean, norberaren berezko abileziak edo indar inkonszienteek eratuko balute bezala. Euskalgintzan ideia hori oso erakargarria da aspalditik, naturalismo horrekin fantasian aritzeak antzinako gure euskara hain berezi horrekin enegarrenez amets egiteko aukera ematen baitigu. Eta horrekin batera, ahozkotasunaren fetitxearekin, zeinak dudarik gabe, indar handia baitu inguruotan halaber. Hor ditugu Jorge Oteizaren teoriak horren erakusle ezinhobe gisa. Jacques Derridak erakutsi zigun, ordea, ahozko hizkuntza eta idazkera erradikalki ezberdinak direla, eta mendebaldean ahozkotasunaren eredua gailendu izan dela, baita idazkeran bertan ere; hots, idazkeraren inguruan ditugun ideia hegemonikoak fonozentristak direla. Mintzagai dudana horren guztiaren adibide bikaina iruditzen zait, kultura fonozentristarik baldin bada munduan euskal kultura baitugu.
Zenbat euskara landu eta ederradun idazle iruditu zaizkigu zabarrak hitz egiten hasi direlarik?
Filosofo astunetara joan gabe badira egunero ikusten ditugun adibideak arestian aipatutakoaren eredugarri. Zenbatetan ez ote zaizkigu iruditu ahozko hizkuntzarako abilezia apartekoa dituztenen testuak ahulak, gatzgabeak, eskasak? Zenbat euskara landu eta ederradun idazle iruditu zaizkigu zabarrak hitz egiten hasi direlarik? Kontua da euskararen zein ahozkotasun originalaren mitoak, jakina, asko erakartzen gaituela, aski erakargarria da nolabaiteko elebakartasun ezinezko batekin amestea. Zenbat aldiz ez ote dugu gozatu esanez “izan ere, espainieraz gehiago kostatzen zait” “barkatu, ez zait hitza ateratzen… nola esaten da espainieraz…”. Barkatuko didazue baina ehuneko handi batean plantak egiten ditugula iruditzen zait.
Euskal literaturara begiratzea besterik ez dugu ohartzeko euskaldunberriz josita dagoela
Zalantzan ipintzen dudana zera da: euskaraz gutxi irakurrita, edo euskaraz irakurtzea arrotz sentituta euskaraz ondo idazteko aukera. Esan gabe doa normala iruditzen zaidala euskaraz baino erdaretan gehiago irakurtzea. Sarritan, ezinbestean, ez da izaten beste erremediorik. Neronek ere beti irakurri izan dut gehiago espainieraz euskaraz baino. Gaur egun ere gehiago irakurtzen dut erdaretan euskaraz baino nahiz eta euskaraz ere dezente irakurtzen dudan. Eta hain zuzen horrexegatik, erdaren eguneroko bonbardeo honetan, non euskaraz bizitzeko esfortzua egin behar den, zer eta euskaraz (ondo) idaztea berez natural-naturalki irteten den zerbait izatea sinesgaitza egiten zait (baita Euskal Herriko herririk hipereuskaldunean jaio, bizi eta hilda ere). Uste dut gaur eta hemen euskaraz ondo idazteak lanketa handia eskatzen duela, eta lanketa hori ezin dut imajinatu euskaraz irakurri gabe. Euskal Herrian askoz ere errazagoa da, salbuespenak-salbuespen, berez espainieraz idazten erosoago sentitzea euskaraz idazten baino. Ikastolako seme-alabak barne. Maltzurren batek esango du probableena bietan gaizki aritzea dela, baina hori beste sagardotegi bat da.
Funtsean uste baitut idazkuntza askoz gehiago dela lan kontua sen mirakuluzko bati atxikitutako gauza baino. Euskal literaturara begiratzea besterik ez dugu ohartzeko euskaldunberriz josita dagoela. Gaur egun hor dugu Angel Erro, bizi diren idazleen artean nabarmenetako bat nire ustez, euskara jada nagusitxoa zela ikasi zuena. Ez aipatzearren euskal idazleen idazkera aldaketak. Hartu Edorta Jimenezen hasierako testu bat eta oraingo bat eta laster jabetuko zara ezberdintasunaz. Gauza bera Anjel Lertxundi, Itxaro Borda eta beste hainbatekin. Horrekin ez dut esan nahi derrigorrez haien testu zaharrak kaskarragoak direnik, baizik eta euskaraz ondo idaztea ez dela gauza finko, natural-ideala.
Jatorrizkoa Separata blogean. cc by sa