Auzokonposta urtebetez Gipuzkoan. Hondakinak udazken koloretan ongarri bilakatzen

Urtebete igaro da hondakin organikoari irtenbiderik egokiena eman nahian Gipuzkoan lehen konposgunea martxan jarri zenetik. Lehendik izan dira herritarren ekimenez sortutako esperientzi bakan batzuk, Errenteriako Gaztaño auzokoa kasu, baina erakundeen parte hartze eta bultzadarekin jarritako lehenengoa 2011ko azaroan Usurbilen jarritakoa izan zen.

Etxeko konpostatzearekin batera, auzokonpostak aurrerapen handia dakar hondakin organikoaren kudeaketan. Usurbil bezalako 6.000 biztanleko herri batean herritarren herenak herrian bertan konpostatzen du bere hondakin organikoa, edota konposgunea martxan jartzearen zain dago. 525 familia inguruk egiten dute konposta etxean eta 170 familiak auzokonpostaren bidez. Hondakin organikoa etxeetan sortzen dugunaren ia erdia dela kontuan hartuta ez gara kopuru txikietaz ari.

Naturak milioika urtetan gordetako jakintza

Badira batzuk, gauza xinpleei irtenbidea emateko teknologia eta metodo konplikatu eta garestietara jotzen dutenak. Nonbait, bere burua inteligenteagotzat eta argiagotzat jotzen dute holako teknologia ekarri dutela erakutsiz. Baina argia dagoen lekuan ez da bonbilarik behar. Jarrera horrek jende horren gaitasun eza, iluntasun intelektuala, agerian utzi besterik ez du egiten. Arazo xinpleak konpontzeko teknologia konplexua erabiltzea kaikukeria da.

Konposta egitea naturan gertatzen den fenomenoa errepikatzea besterik ez da. Basoetan orbelarekin gertatzen den legez, materia organikoa deskonposatu egiten da ongarri natural bilakatuz. Prozesuan animalia txiki eta mikroorganismo anitzek hartzen dute parte materia liserituz eta zati txikiagotan deskonposatuz. Intsektu, zizare, onddo nahiz bestelako mikroorganismo mordoarekin tratua egitea da konpostatzea. Jana lanaren eta ongarriaren truke.

Konpostatzean ez da ustel usainik sortzen, ez baita materia usteltzen

Materia organikoa aurearekin deskonposatzean beroa eta lurrina sortzen da. Materia ez da usteltzen eta ez du ustel usainik botatzen.

Egindako konpostak basoko lurraren usain bera dauka. Egiten ari den bitartean ere, uste daitekeenaren kontra ez du ustel usainik botatzen. Are gehiago, ezin du ustel usainik bota. Zergatik?

Materia organikoa deskonposatzeko bi bide daudelako. Bide bakoitzean gertatzen diren erreakzio kimikoak eta parte hartzen duten mikroorganismoak ezberdinak dira, eta ondorioak ere bai. Materia organikoa aerobikoki ala anaerobikoki deskonposatu daiteke. Hau da aireztatuta ala airerik gabe.

Airerik gabe deskonposaten denean, oxigenorik gabe, materia usteldu egiten da eta besteak beste metano gasa isurtzen du. Usteltzen denez, materia ustelak botatzen duen kiratsa dario horrela deskonposatutako hondakinari. Ohiko zabortegietan geratzen den fenomenoa da hau, hondakin organikoa beste honndakinekin batera pilatuta airerik sartzen ez zaiolako.

Airearekin deskonposatzean ordea ez da usteltzen, eta noski, ez du ustel usainik botatzen. Hain zuzen ere konpostagailutik ustel usaina aeteratzen dela somatzen bada, behar bezala aireztatuta ez dagoen seinale da. Hori segituan konpontzen da lehorkin pixka bat botaz ala konpostagailuko edukia mugituz.

Ale bat erein uzta oparoa jasotzeko

Usurbil, udazkenak inguruak kolorez jazten hasita

Udazken koloreak Usurbil hartua dute. Porlanak, errauts toxikoak, kutsadurak eta batzuen ezkortasun mezuek ez dute herriaren gogoa goibeltzerik lortu. Orain urtebete jarri zen martxan lehen konposgunea. Orain dela urtebete erein zen lehenengo hazia. Urtea pasa orduko uzta oparoa eman du eta kolorez eta itxaropenez bete du Usurbilgo, Gipuzkoako eta Euskal Herriko herritarren etorkizuna.

Usurbilen 7 konposgune abian eta beste hainbat itxaron zerrendan

Lehen aipatu dugun bezala, Usurbilen 7 dira dagoeneko martxan dauden konposguneak. Herritarrek aukera izan dute bertatik bertara konposgunea zer den ikusteko, eta etxe ondoan holakorik edukitzea arazo ez dela jakiteko. Eskaera ugaritu da eta konposguneak abian jartzeko udalak daukan gaitasuna gainditu egin du itxaron zerrendak sortuz.

Garbi dago, zenbat eta jende gehiagok errealitate hau ezagutu orduan eta gehiago gehitzen direla esperientzia onuragarri honetara.

Usurbilen bakarrik ez, geroz eta herri gehiagotan bultzatzen ari dira etxeko konpostatzea eta auzokonposta

Orendain da aipamen berezia merezi duen herria. Herriko organiko guztia bertan konpostatzen dute Orendaindarrek etxeko konpostatzearen eta auzokonpostaren bidez. Hau da, ez dute hondakin organikorik bidaltzen ez zabortegira, ezta konpostatze plantetara. Bide beretik doazen hainbat herri daude itxaron zerrendan.

Baina Orendaingo Zero Zabor eredura egokitutako herri txikiak ezezik, herri handiagoetan auzokonposta ere zabaldu da ala zabaltzeko asmoa iragarrita dago. Hauek dira auzokonposta egiteko guneak dituzten hoietako batzuk: Zestoa, Hernani, Donostia, Legazpi, Segura, Ibarra, Lezo, Aizarnazabal, Zizurkil, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Oñati, Zumaia, Mallabia, Aduna, Lizartza eta Bergara.

Gipuzkoatik kanpo ere bai

Praktika ona eta merkea izanda erraza da zabaltzea. Badira Gipuzkoatik kanpo hondakinen kudeaketan urrats garrantzitsuak egiten ari diren eskualdeak. Sakanan Atez Ateko bilketa eraginkorrarekin batera herri txikietan hondakin organiko guztia konpostatzearen bidez kudeatzeko plangintza dago.

Bizkaiko hainbat herritatik ere jaso izan ditugu gai honi buruzko informazio eskaerak eta zabaltzen joango den zalantzarik ez daukagu.

Konposta kalitate oneneko ongarria

Jende asko dago gaiaz oraindik asko ez dakiena. Pentsa daiteke, hondakinei irtenbide egokia emateko balio duela konpostazeak, baina lortutako produktuak ezer gutxirako balio duela eta ez duela erabilpenik izango. Gauzak oso bestelakoak dira ordea.

Usurbilgo konposguneetako konposta udala ari da fintzeko bahetzen, eta gero Usurbilgo garbigunean herritarren esku uzten. Herritarrek horren berri eduki eta honez gero bukatu da orain arte lortutakoa. Egiten ari denari itxoin beharko dio kalitatezko ongarria doan lortu nahi duenak.

Kalitatezkoa bai. Ez diogu guri hala iruditzen zaigulako. Konposguneetan ateratzen ari den konposta Fraisoro ingurumen eta nekazal laborategira eramaten da aztertzera eta ondorioa garbia da. Kalitate onenekoa da. A kalitateko ongarria lortzen ari da. Nekazaritzan, lorategietan, basoetan eta ongarria behar den edozein lekutan erabiltzeko modukoa. Esteka honetan Usurbilgo Puntapax konposgunean lortutako konpostaren azterketak emandako emaitza ikus dezakezue.

10 urte gezurrak irensten.

Gipuzkoako hondakinen plana onartu zenetik 10 urte igaro dira. Denbora horretan behin eta berriz entzun behar izan dugu ez zegoela beste aukeraraik. Inork ez zuela gustoko baina zabortegi kutsakorrak ala errausketa zirela aukera bakarrrak. Ezkortasunaren etsipen grixean murgildu nahi izan gaituzte aitortu ezinezko interesek bultzaturik.

Guk ez diogu inoiz uko egin itxaropenari. Bagenekien gauzak ondo egitea zegoela, baikortasunetik, herritarrak enpresa handien interesen aurretik jarriz. Ez diogu inoiz uko egin ezta uko egingo ere etorkizuna kolorez ikusteari. Bide onetik goaz.

www.zerozabor.org

hondakin, ingurumena, konpost, zabor, zero

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude