Euskara Zinemaldiko pantailetan

Euskara Zinemaldiko pantailetan

Donostiako Zinemaldia ate joka dugu.

Gaur, aurkezpen nagusia egingo dute, eta joan den astean, zinemaldiak proiektatuko dituen “euskal” filmak aurkeztu zituzten. Euskal horretan EAEn ekoiztutako lanak baino ez dira agertzen, euskarazkoak zein erdarazkoak, eta horrexegatik idatzi dugu kakotx artean “euskal”. Ekoizpenak ekoizpen, osorik edo zati batean euskaraz mintzo diren filmen zerrenda ere egin digu jaialdiak berak, azpira dakarguna.

.

Atalez atal, eta hizkuntzari erreparatuta, hauexek dira erabat edo zati batean euskarazkoak diren filmak aurtengo Zinemaldian:

.

Zabaltegi-Tabakalera

Urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei zabaldutako lehiazko saila. Atal honetan ez dago arau formalik, ezta gai-mugarik ere; bene-benetako “gune irekia” ei da.

.

  • “Sipo Phantasma (untzi fantasma)” Koldo Almandoz

Ordubeteko itsas-bidaia bat, zinemagile banpiro baten saiakera metafilmikoa, film fantasma bat. Aurkitu eta berriz bilatzera daramaten bilaketen istorio bat. F.W. Murnau eta haren Nosferatu filma; Bram Stoker-en, Florence Balcombe-ren eta haren mutil-lagun Oscar Wilderen arteko maitasun-hirukotea. Naufragio ezagunak, itsasontzi batean emandako oporrak. Hilobi batetik lapurtutako bustoa, historiari eta zinemari buruzko gogoetak. Fikzio gotikoa, errealismo dokumentala eta bideo-saiakera ezkutatzen duten errusiar panpinen historia. Kontakizun baten collagea: liburu-zatiak, eskutitzak, txostenak, iragarkiak, telegramak, prentsako artikuluak, film-zatiak, txotxongiloak. Ispilu-jolas bat, benetako eta fikziozko banpiroak biltzen dituena: bakardadea, gizagabetzea eta gizarte-kontrola. Eta erdigunean, “Drakula” nobela; haren protagonista, haren egitura, haren funtsa. Rotterdamgo Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatua.

Euskara Zinemaldiko pantailetan
Sipo Phantasma (Untzi fantasma)

.

Zinemira

“Euskal” zinemari eskainitako sailean zortzi film lehiatuko dira 20.000 euroko Euskal Zinemaren Irizar Saria nork eskuratuko. Bat baino gehiagotan entzungo da euskara.

.

  • “Beti bezperako koplak”, Ageda Kopla Taldea (Zinemira Kimuak)

Santa Agata bezperako ospakizunaz baliatuta, Maialen Lujanbio bertsolariak genero-indarkeriaren aurkako salaketa gogorra egiten du. Bertsoz bertso, indarkeria matxistaren askotariko agerpenak salatzen ditu, baita indarkeria hori gainditzeko gure ezintasuna ere. Kopla horiek aitzakia hartuta, hogei euskal artista gaztek sorkuntza-lan kolektibo bat zuzendu dute, animazio-teknikak erabilita.

.

  • “Chillida: Esku huts”, Juan Barrero

Hemeretzi urte zituenean, Eduardo Chillida (1924-2002) talentu aparteko atleta bat zen, futboleko mito bihurtzeko bidean. Baina partida batean izandako lesio izugarri batek betiko aldendu zuen kirol profesionaletik. Une horietan inork ez zuen susmo, Pilar Belzunce bikotekideak izan ezik, Hernaniko atezain gazte hura bere patua berridaztekotan zegoela, eta hamarkada batzuk beranduago XX. mendeko eskultore garrantzitsuenen artean hilko zela. Chillida: Esku Huts ez da biografia konbentziala, baizik eta artista paregabe bat -bere obraren,  zortzi seme-alaben eta gertueneko lankideen bitartez bizirik jarraitzen duen pertsona bat- gogora ekartzeko lan poetiko eta intimista.

.

  • “Gaur irekiko ditu ateak”, Eriz Zapirain -lehiaketatik kanpo-

2003an Audientzia Nazionalak euskaraz idatzitako egunkari bakarra ixteko agindu zuen: Euskaldunon Egunkaria. Egunkaria itxi eta bere zuzendaritzako partaideei ETAko kideak izatea leporatu zieten. Zazpi urte beranduago, epaiketan, salaketa horien zentzugabetasuna frogatu zen: akusatu guztiak absolbituak izan ziren. Dokumental hau ez da ordea bidegabekeria tamalgarri horien bilduma; lehenengo euskarazko egunkariaren sorrera pozgarri eta itxaropentsua dauka hizpide.

.

  • “Gure hormek”, Maria Elorza eta Maider Fernandez (Zinemira Kimuak)

Etxeko Andreen auzoa. Lo Ezinak Jotakoen distritua. Ama Ezezagunaren kioskoa. Emakume Bakartien lurpeko bidea. Gure hormek gure maiteak omentzen dituzte. Film laburra da eta mundu mailako estreinaldia du Zinemaldian.

.

  • “Gutik zura”, Mari Jose Barriola Baraibar

Euskal Herriaren idiosinkrasiak basoan eta zuran ditu bere zimenduak. Dokumental honetan antzinarotik etorkizunerako bidaia bat egingo dugu, eta pertsonaren eta zuraren arteko harremana erakutsiko. Horretarako, aukeratutako pertsonen bizi-esperientzia erabiliko dugu, eta mundu osoan prestigoa duten espezialista batzuen iritziak ekarriko, historiaren eta istorioen konbinazio poliedriko baten bitartez basoaren eta zuraren gako nagusiak erakusteko: lehengoak, oraingoak nahiz gerokoak.

.

  • “Hileta”, Kepa Sojo (Zinemira Kimuak)

Euskal herri txiki batean, 1925ean, Mikel Martikorenaren emaztearen hilbeila egiten ari dira, Inge gaztearena, ustekabean hil baita. Herriko indar bizien bisita jaso dutelarik, Martin, familiako patriarka, kezkaturik dago Joanes seme ertaina falta dela-eta. Joanes, Teologia ikasi zuenetik, eroturik dabil, eta hara eta hona dabil mendian, hilen piztuerari buruz predikatzen.

.

  • “Igelak”, Patxo Telleria de la Fuente (Euskal Zinemaren Gala / ETB Gala)

Pello, banku-sukurtsal bateko zuzendaria, delitu ekonomikoengatik atxilotu dute. Bere nagusia ere inplikatuta dago, eta Pellok, bakarrik utzi duela konturatzean, kartzela ekiditeko ihes egingo du. Patuaren kapritxo bategatik, desahuziatuen elkarte batek okupaturiko etxe batean aurkituko du babesa. Pellok bere kide berrien konfiantza bereganatuko du. Bere asmoa: dokumentazio faltsua lortzeko eta atzerrian bizitza berri bat hasteko behar duen dirua lapurtu nahi die.

.

  • “Iragan gunea Berlin”, Maider Oleaga (ETB Emanaldiak)

Filmak Berlineko kaleetan dabiltzan bost pertsona anonimoren erretratua egiten du. Jatorri desberdinekoak guztiak, bakoitzak beste bizitza bat dauka beste nonbait, eta nora joan aurkitzeko ahaleginetan dabil.

.

  • “Irrintziaren Oihartzunak”, Iratxe Fresneda -lehiaketatik kanpo-

Mirentxu Loyarteren (Iruñea, 1938) sorkuntza-erbestearen erretratua da filma. Loyarte anonimotasunean dirauten Europako zinemako emakumezko aitzindari ausartetariko bat da; burutugabeko proiektuak gorabehera, Loyartek ez dio inoiz zinemagilea izateari utzi.

.

  • “Mara Mara”, David Aguilar Iñigo -lehiaketatik kanpo-

Gizadiak hainbat modutara ikusi eta bizi izan du heriotza. Pentsa genezake gure modua beste bat dela, baina pentsa genezake ere hain dela berezia eta desberdina, iraganeko koherentzia erlatiboa ere hautsi egiten duela. Mara-mara, euskaraz, elurrak lurraren aurka egiten duen soinua da. Argiak eta iluntasunak zeharkatzen dute film hau, zeina Piriniotan filmatu baitzen, elur-denborale batean.

.

  • “Nola?”, Fermin Muguruza -lehiaketatik kanpo-

Fermin Muguruza The Big Easy-ra (New Orleans) joango da, hiriak liluratuta, disko bat grabatzera: “Irun Meets New Orleans”, non bere lan-ibilbideko zortzi abesti moldatzen baititu, New Orleanseko doinuetara egokitzeko, eta hiriko bi klasiko interpretatzeko. Dokumental bat ere filmatuko du, “Nola?”, Katrinatik hamar urtera aurkitu duen egoerari buruz. Hori guztiori, hango eszenatokietako onenaz inguratuta: hasi Preservation Hall Jazz Band talde historikotik eta Katey Red bounce-kantarira arte, baita Galactic, Dr. John eta Trombone Shorty-ren lankidetzekin ere.

.

  • “Oihalak adarretan”, Juanmi Gutierrez Marquez -lehiaketatik kanpo-

Mundu osoan 10 milioi armeniar daude. Horietatik 3 milioi gaur egungo Armeniako errepublika independentearen mugen barruan bizi dira; gainerako 7 milioiak, berriz, hainbat herrialdetan sakabanatuta daude. Armeniar diaspora delakoa osatzen dute. Haiek guztiek, hala barrukoek nola kanpokoek, sentimendu bera daramate beren baitan, ia sakratua, Armenia aldi berean bikain eta atsekabetuarekiko.

.

  • “Pedaló”, Juan Palacios

Zinemagile hasiberri bat hiru laguni segika dabil bidaia nautiko surrealista batean. Bigarren eskuko pedalontzi batean igota, Euskal Herriko kostatik 150 kilometro egiteko asmoa dute. Pedalontzia, tamalez, ez da Kantauri itsasoko uretan ibiltzeko sortua, eta hasi bezain pronto, zoramen bihurtuko da bidaia: ezbeharra, parranda, biharamuna, xamana, hileta eta abar. Hiru “marinel” hauen espedizioa dokumentatzen doan heinean, zuzendaria bidaia paralelo batean murgilduko da.

.

  • “Pelota II”, Olatz Gonzalez Abrisketa, Jorgen Leth -lehiaketatik kanpo-

Euskal pilotari buruzko film dokumentala, pilotariaren eta pilotaren arteko harreman fatidikoaren inguruan ardaztua. Protagonistek beren partidarako pilota egokienak bilatzeko duten obsesioari jarraituz, modernitatea iritsita ere bere pasio existentziala alboratu ez duen herrialde batean barneratuko da filma.

.

  • “Quinta planta”, Mikel Rueda (ETB Emanaldiak)

Zerk bultzatzen du jendea egiten duena egitera? Zer arrazoi bitxi dela-eta dago oraindik, mundu hain indibidualista batean, bere denbora guztia besteei laguntzera ematea erabakitzen duen jendea? Hainbat pertsonaren lekukotzaren bitartez, rara avis horietako bat ezagutuko dugu. Bere bizitzaren zati bat besteei laguntzera eman zuen norbait, berak jakin gabe gure garaiko aldaketa handienetako bat eragin zuena.

.

ETB Emanaldiak

Euskal telebista publikoak babestutako proiekzioek osatzen duten sorta; Zinemira sailaren baitakoak batzuk.

.

  • “Agirre Lehendakaria”, Francesc Escribano Royo

Agirre lehendakariaren papera jokatzeko proposamena jaso, eta pertsonaiaren inguruko bilaketa egiteari ekin zion Daniel Grao aktoreak. Dokumental hau Daniel Graoren bidaidea izango da, aktoreak lehendakariaren geografia pertsonal eta sentimentalean barrena egindako bidaian. Helburua: euskal agintariaren giza erretratu bat eratzea, antzezpenerako lagungarri.

.

  • “Markak”, Hannot Mintegia Beaskoa

Gernika. Dokumental honetan, mina lehen pertsonan pairatu duen gizarte bat azaleratzen zaigu. Orain, bizikidetzan eta bakean bizitzeko egitekoari aurre egin behar dio gizarte horrek.

.

  • “Voces de papel – Un ensayo sobre el movimiento”, Estibaliz Urresola

Paris da Jose Antonio Agirrek pairatutako erbestea ondoen adierazten duen hiria. Hiri horrexetan kokatzen da dokumental hau: gerra kulturaren bitartez egitea erabaki zuen lekuan.

.

The Act Of Killing – Zinema eta indarkeria globala

Zinemak egungo munduaren isla izan nahi badu, ezin ditu bazterrean utzi mundu zabalean gertatzen diren indarkeria-egoerak, haietako asko iturri politikokoak. Ziklo honen helburua ez da gai horiek, indarkeria bizi duten herrialdeak edo erakusten duten filmak sakonean eta banan-banan aztertzea, baizik eta egoera horien analisia egitea, zinemaren bitartez. Zikloa Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin batera dago antolatuta.

.

  • “Asier ETA biok”, Aitor eta Amaia Merino

    Egun batean, Asier, Aitor Merino aktore eta zuzendariaren txikitako lagun mina, desagertu egin zen. ETAko kide egitea erabaki zuen. Nola azaldu zerk eraman zuen ulertzen hain zaila zen erabaki bat hartzera? Donostia Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar Saria 2013an.

.

  • “Mugaminak”, Xuban Intxausti

    Donostia 2016ren Europa Transit enbaxada Pafosen izan zen pasa den uztailean. Zipre bi eremutan banatzen duen lerro berdearen hegoaldean dago Pafos eta bertara egindako bisitan Amets Arzallus bertsolaria izan zuen bidailagun Europako Kultur Hiriburuak, Zipren ere badagoelako bat-bateko kantuaren tradizioa. Bidaia horretan zipretar musikagile eta ahozko poetekin elkartu zen Arzallus, bai halaber exodoaren biktimekin eta desagertutako pertsonen senideekin. Haren begirada eta poesia baliatuta, Zipreko oraina eta iragana ezagutzera emango ditu Xuban Intxaustik zuzendutako dokumentalak.

    .

  • “Itsasoaren alaba”, Josu Martinez

Haizek bi urte bete baino lehen, GAL taldeak haren aita hil zuen, Mikel Goikoetxea “Txapela” errefuxiatua. Aitaren oroitzapenik txikiena ez badu ere, 25 urte geroago neska galdezka hasiko da. Goikoetxea ezagutu zutenen testigantzak josiz, Haizek aita eta garai hartako egoera nolakoak ziren ezagutuko du pixkanaka.

.

  • “La pelota vasca, la piel contra la piedra”, Julio Medem

Euskal Herriaren iraganari, orainari eta geroari buruz hausnar egiten eta hausnar eragiten duen dokumentala, hainbat euskal herritarri egindako elkarrizketen ordu kopuru handi bat eta artxiboko materiala baliatuz.

.

  • “Lasa eta Zabala”, Pablo Malo

Lasa eta Zabala euskal errefuxiatuak bahituak, torturatuak eta erailak izan ziren 1983. urtean. Hamabi urte geroago, Iñigo eta Fede abokatuak hiltzaileak identifikatzeko borrokatuko dira, euren usteak, baita bizitza ere, jokoan jarriz.

Belodromoa

Hiru mila laguntzetako egokitutako aretoan emanaldi jendetsuak egiten dira, 400 m²-ko pantaila erraldoiaz baliatuta.

.
  • .“Kalebegiak”, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Borja Cobeaga, Maria Elorza, Telmo Esnal, Maider Fernandez Iriarte, Isabel Herguera, Ekain Irigoien, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta, Imanol Uribe

Hamabi film labur, Donostia hiriaren hamabi irudikapen. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak sustatutako film honetan, elkarrekin dihardute Gipuzkoako zinemagintzaren izen historikoek eta esperantza gazteek.

Kalebegiak
Kalebegiak

.

Savage Cinema

Savage Cinema, abenturako eta akzio-kirolei buruzko atala da, 2013an sortua; akzioko kirolen inguruko zinemak ikusleak erakartzeko potentzial handia baitu: pasioen transmisioa, askatasuna, hobekuntza eta aitortza nahia, bizitzaren eta arriskuaren balioa heriotzaren mugaraino eramana…

.

  • “Surfers´ Blood” Patrick Trefz

Filmak itsasoan erro sakonak dituen sendi bereko zenbait pertsonaren istorioa kontatzen du. Hasi euskal kostaldeko antzinako arrantzaren mundu zaharretik, arraun eta surf-taulen egile Patxi Olidenen bitartez, eta San Franciscoko metropoli modernoraino, Apple-ko diseinatzaile Thomas Meyerhoffer ezagunaren ordenagailuen forma bitxiekin. Hasi Sonoma Valleyko arte-museo batetik, non surf-taula hidrodinamikoak erakusten baitira Richard Kenvin komisario abangoardistaren eskutik, eta hirutan Mavericks-eko olatu handien txapeldun izandako Darryl “Flea” Virostkok bere metanfetamina-mendekotasun ia hilgarria gainditzeko egindako ahalegineraino, horrek berekin ekarritako galera ezti-mingotsa barne.

Surfers´Blood
Surfers´Blood

.

.

.

Bikoiztutako filmak (Haurrentzako Zinema)

.

Zineuskadiren laguntzarekin, haurrentzat pentsatutako film aukeraketa bat eskainiko da nagusiki, euskaraz bikoiztua eta urtean zehar jada zinema aretoetan izan dena. Horretaz gain, Belodromoan goizero emango da Karsten Kiilerich-en “Albert” filma, euskaraz -zein gazteleraz-bikoiztua:

  • “Marko Makako”, Jan Rahbek
  • “Pan”, Joe Wriht
  • “Phantom Boy”, Jean-Loup Felicioli, Alain Gagnol
  • “Pourquoi J´ai Pas Mangé Mom Pére (Tximinoen Erresuma)”, Jamel Debbouzze
  • “Snezhnaya Koroleva”, Maksim Sveshnikov
  • “Zipi y Zape eta kapitainaren irla”, Oskar Santos

.

.

Euskarazko azpitituluak dituzten filmak

.

Zabaltegi-Tabakalera

  • “A cidade onde enveheço”, Marilia Rocha
  • “Louise en hiver”, Jean-François Laguionie
  • “O ornitólogo”, Joao Pedro Rodrigues
  • “Zoologiya”, Ivan I. Tverdovsky

.

Perlak

  • “Ma vie de courgette”, Claude Barras
  • “Na mlijecnom putu”, Emir Kusturica

.

Culinary Cinema

  • “Bugs”, Andreas Johnsen
  • “Mama, gohan mada?”, Mitsuhito Shiraha
  • “Theater of life”, Peter Svatek
  • “Tsukiji Wonderland”, Naotaro Endo

.

Savage Cinema

  • “Orange Sunshine”, William A. Kirkley & Andrew Fuller
  • “The Fourth Phase”, Jon Klaczkiewicz

.

Jacques Becker

  • “Casque D´or”
  • “Touchez pas au Grisbi”
  • “Ali Baba et les 40 voleurs”
  • “Les aventures D´Arséne Lupin”
  • “Les Amants de Montparnasee”
  • “Le trou”

 .

The Act of Killing – Zinema eta indarkeria globala

  • “Armadillo”, Janus Metz Petersen
  • “Bloody Sunday”, Paul Greengrass
  • “Cirkus Columbia”, Danis Tanovic
  • “Hunger”, Steve McQueen
  • “Johnny Mad Dog”, Jean-Stéphane Sauvaire
  • “Turtles Can Fly”, Bahman Ghobadi

.

Euskara Zinemaldiko pantailetan Euskara Zinemaldiko pantailetan Euskara Zinemaldiko pantailetan

ZUZEUko erredakzio kide