Herri txiki batean ez aspertzeko gida

Herri txiki

2010-11 urtean, ez dakit oso ongi non, irakurri nuen Euskal Herriko biztanleriaren %70a hirietan bizi dela. Ez dakit hiri eta herri arteko muga non ezartzen den, beraz wikipediaz baliatu naiz neurria hartzeko: “Pragako Europar Estatistika Konferentziaren arabera hiria 2.000 biztanle baino gehiago dituen eta biztanleriaren %25a baino gutxiago abeltzaintzan aritzen den hirigune oro da. 10.000 biztanle baino gehiago baditu, bizigune guztiak hiritzat hartzen dira, biztanleak bata bestearengandik hurbil bizi diren bitartean (solairu bat baino gehiagotako eraikinetan) eta populazioaren gehiengoak industrian, merkataritzan eta zerbitzu sektoreetan lan egiten badu“.

Herri txiki
AHT, Ezkio-Itsason

Ni beste %30ekoa naiz. Ormaiztegik 1300 biztanle dauzka, eta baditu herri isolatu bat ez izateko makina bat gauza: industria (Irizar), autobusak (lineakoak), trena (zubi famatua eta zubi funtzionala), igande goizetan ere zabalik egoten den estankoa (herri-hiri batzuetan ikusi ez dudana), Zumalakarregi museoa karlismoaren baloreetan sakontzeko, Izagirre anaien bizitaxi ibilbidea (entrenatu eta aldi berean zerbitzu bat eskaintzeko)… Gauza asko, pila-pila, demasa. Hau diot zeren askori Goierri aipatzean “maite ditut maite gure bazterrak” soinu banda pizten zaie garunean, eta euskara garbia entzuten dute, eta Txikia ikusi Txindokiko (Ñañarri edo Larrunarri bezala ere ezagutua) gailurrean bailarari begira, eta Ataungo jentilak, eta Aizkorriko artzainak, eta Ordiziko azoka. Baina Goierri ez da aspaldidanik isolatuta egon, N-1 errepidea igaro aurretik Lizarrateko pasabide zaharra zegoen (kolonizatuek San Adrian bezala ezagutzen duzuen hori), eta Zegaman XIX. mendean 150 aterpetxe omen zeuden; eta baditu industria astuna, eta AHT, eta kuartelak, eta plaza eta tabernetan oihuka erdigunea hartzen duten erdaldun elebakarrak, eta zabortegi kimikoak, eta autopista elektriko baten itzala, eta etxe hutsak, eta baserri hutsak, eta zerri hutsak, eta noizbehinka errekan tripaz gora agertzen diren arrainak…Goierri, Gipuzkoa profunda“. Bukolikotik gutxi.

Baina hala eta guztiz ere, herri txikia da gurea, eta beharbada aipatu berri dudanarekin, eta agian aipatzera noanarekin, bat baino gehiago sentituko da identifikatuta, nire herri txikiaren adibide zehatzak infernu handi asko islatu baititzake. Beno, infernu esatea gehiegi da, baina hitz jokoa egin nahi nuen, kopon.

Herri txikiDuela zenbait urte mugitzen ginen gazteok herriko jendeak pentsatzen zuena zehatzago jakiteko nahia geneukan, ez baigenekien gure praktikaren bitartez kabestruak jarrita bezala ari ote ginen. 14 eta 30 urte bitarteko koadrila guztietan bat mobilizatu, eta galdetegi bat pasa genuen. Erantzunetatik atera genuen ondorio nagusia, gordin esanda, jendea aspertu egiten dela da. Astean zehar aukera gutxi dago herri txiki batean, eta gurea ez denez bereziki mugitua, askoren alternartiba arratsaldeak tabernan igarotzea izaten da, leku askotan bezala.

Zer egin? Zein da herri txiki batean ez aspertzeko gida? Barra eta kontzertuekin baino, astean zehar beste aukeraren bat egotea zen gure helburua, eta gainera, aukera horrek, nola edo ahala, bueltan herriari onura ematea. Orduan ekin genion tailer autogestionatuei. Nire herrian, eta zuenean ere, badira ezagutza ezberdinak dauzkaten gazteak, eta ezagutza horiek konpartitzeko bitartekoak jartzea hautu onena zela pentsatu genuen. Horrela sortu ziren, bi urtetik hona, bertso, musika eta txalaparta eskola.

Herri txikiBertso eskolaz mintzatu izan naiz behin edo behin. Niri behintzat astearte arratsaldeak pozten dizkit, ezaguna eta aldi berean urruna zen eremu batean sartu nau, jende berria ezagutu eta ezagutzen nituenekin harremanak sakontzeko balio izan dit, eta dena nire herrian, gazteengandik gazteentzako, libre eta autoeratua. Duela bi urte herrian bertan egin genuen jendaurreko lehen bertso saioa, herriaren inguruko hainbat txantxa eginez; baina, niretzat esanguratsuena da bazirela Ormaiztegin jada 20 urte gutxienez ez zela bertso saio bat egin herriko bertsolariekin, eta guk kronometroa berriz ere abiapuntuan jarri genuen. Ekarpen xumea, baina aldi berean handia, nire ustez.

Txalapartarekin ere berdin. Kanpotik norbait ekarri beharrean, herriko bi lagunek hartu genuen parte, esaterako,  herri titulua duela 400 urte lortu zela eta antolatu zen herri antzerkian; beste ekarpen txiki bat herri txiki batean. Zergatik Nafarroako ikurra? Ba ulertu genuenaren arabera, herri titulua espainiar monarkiari dirutza emateagatik lortu zen, aurretik baginen herri, aurretik baginen estatu-erreinu baten parte; ondo dago 400. urteurrena ospatzea, baina testuinguruan jarriz. Hori ere txalaparta eskolatik atera zen.

Herri txiki (edo hiri) batean aisialdiaren bueltako autoeraketa lana ez da hain konplikatua. Jakintza partekatzeko norbait bilatuz gero, borondatea izanda, gauza txikiak martxan jartzen dira, harremanak ehundu, eta oinarriak eraiki. Lana eta bestelakoekin alderatuta, autoeraketari denbora gutxi eskaini eta izugarri eman digu bueltan, gure kasuan behintzat.

Zer tokatuko ote da aurten? Software librea primeran kontrolatzen duen lagun bat daukagu, edo mintzalagun koadrila osatu genezake, edo behin amesten hasita, aisialdia antolatzetik egunen batean gure ogibidea eratzera igaro gintezke.

Herri txiki
400 urte, aisialdia, antolakuntza, autoeraketa, bertsogintza, Goierri, Herri txiki, herria, jakintza, Ormaiztegi, txalaparta
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

2 pentsamendu “Herri txiki batean ez aspertzeko gida”-ri buruz

  • Barkatu, baina, Ormaiztegi herri txikia bada, 1.300 biztanlerekin, Goierrin bertan, zer dira Arama edota Altzaga? Horiek bai direla herri txikian, 200 biztanle ingururekin edo azpititk. Hor bizitzea da herri txiki baten bizitzea.

    • Beñat Hach Embarek Irizar
      Beñat Hach Embarek 2016-09-01 16:01

      Hiria eta herria banatzeko muga subjektibo samarra iruditzen zitzaidanez definizio objektiboenera jotzen saiatu naiz.
      Hala eta guztiz ere, norberaren jakintzak eta abilitateak herritarren zerbitzura jarri eta bueltan jaso berdin berdin egin daiteke Ormaiztegin eta Gaintzan; objektiboak izanda, lehenengoak aukera zabalagoa dauka aisialdia autogestionatzeko, baina batak ez du bestea kentzen, nire iritziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude