Euskal musikariak Jazzaldian

Euskal musikariak Jazzaldian –

Oholtza nagusiak nekez zapaltzen dituzten arren, euskal musikariak uste baino presentzia handiagoa izan ohi dute Donostiako Jazzaldian, azken urteotan bederen.

Euskal musikariak JazzaldianAurten, urte hasieran hasita burutu den hautatze prozesutik datozen hamar taldeez gain, iaz diskoa argitaratu duten bost taldek, Katapulta Tour Gipuzkoa egitasmotik datorren talde sorta batek eta Musikenek proposatutako batzuk joko dute jaialdian, Jazzaldiak zuzenean programatu dituenez gain; hauei disko jartzaileak gehitu behar zaizkie, Nauticool terrazan jardungo dutenak. Den-denak kontutan hartuta, 30etik gora dira jaialdian oholtza gainean izango diren euskal talde eta dj-ak.

Guzti horien artean badira, Euskal Herriko musikariak izan ez arren, Musikenen ikasle direnak, esaterako, edo kanpoan jaio arren jada Euskal Herrian urte dezente daramatzanen bat, zerrenda honetan ageri ez den Andrzej Olejniczak Quartet, kasurako.

.

Ez soilik jazza

Antolakuntzak zuzenean sei euskal talde deitu ditu Jazzaldian jotzeko: Iñaki Salvador, Michel Portal, Victor de Diego, Mikel Erentxun, Izaro eta Amateur. Azken hirurek hondartzako oholtzan joko dute, ez baitira berez jazz musikariak.

Beste hiruren kasuan, Iñaki Salvador gipuzkoarrak Mikel Laboa omendu du gaur seikotean, urte luzez maisuaren piano jotzaile izana baita; Victor de Diego bizkaitarrak saxoa joko du bere boskotearekin, Dick Oatts gonbidatu berezi dutela; eta Michel Portal lapurtar klarinete joleak, europear jazz abanguardiaren erakusle den 82 urteko gizonak, Donostia Saria jasoko du hirian emango dituen bi emanaldietako batean.

Katapulta Tour “musikaren alorrean nabarmentzen ari diren Gipuzkoako talentu berriak sustatzeko xedea” duen plataforma eta zirkuitu bat da, eta honen babespean joko dute Jazzaldian Giorgio Bassmattiren Oso Fan egitasmoak, biolontxelo eta guzti hirukotean; Nerabe indie taldea,  rock kaliputsua jorratzen duen Voltaia eta aurten Kutxa Kultur Residentzia lortu duen Sara Mansillak.

2017an diskoa argitaratzeagatik jaialdiak gonbidatu dituen taldeak bost dira: Kike Mora kontrabaxu jotzailea “Evolución Natural”; Beñat eta Julen Achiary & Joseba Irazoki, “Bas(h)oan”; Julen Izarra, Jon Piris eta Hasier Oleagak osatutako Trizak -lan homonimoa, Gaztelupeko Hotsak-; Musikenen ikasitako musikariz osatutako The Machetazo, 1290 Prospect Place; eta Ipar Euskal Herriko Old School Funky Family, “Ping Pong”.

Musikene, Euskal Herriko goi mailako musika eskolak, bere aldetik, bertako ikaslez osatutako taldeak proposatu ditu jaialdian jotzeko, Traffic Quintet, Furia Txistulari eta Noname Band, hirurak ere  boskoteak.

Urtarriletik apirilera bitartean, hiriko eszenatoki ezberdinetan gauzatzen den programa baten bitartez, Jazzaldiak hautatze froga bat egiten du, eta bikainenak iruditu zaizkion taldeak deitzen ditu jaialdian jotzera. Aurten, hamar talde dira: Double Drums Quartet, Didier Datcharry Trioa gehi bigarren bateria bat; Ana Bejerano Concept jazz laukotea -bai, Mocedadesen kantatu zuen bera-, Reunion Big Band, azken urteetan urtero jo izan dutenak, askotan jaialdia ixten;  nafar musikariek osatutako Ulrich Calvo Jazz Quartet; Ledian Mola kubatar kontrabaxujolearen Albericola egitasmoa; David Cid Trio, euskal herri-kantak jazzera moldatu dituena; jazz dantzagarri eta latinoa egiten duen ZigJazzUnit; northern soul eta beboop doinuak jorratzen dituen The Disappointments laukotea; duela gutxi elkartu diren Miguel Salvador (gitarra), Marcelo Escrich (kontrabaxua) eta Ander Hurtado de Saratxo (bateria) musikarien K3 taldea; eta Big Band Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola, Alfonso Masach eta Mikel Romero Laibarraren gidaritzapean.

Bukatzeko, eta Nauticoolen disko jartzen izango direnen artean, euskal herritarrak dira Dj Julie March & Dj Paul Abbey, Ibon Errazkin Dj, Mambo Fango Djs, Dj On & On, David Navascues Dj eta Ishma Sustraivibez Dj.

Euskal musikariak  Jazzaldian Euskal musikariak Jazzaldian Euskal musikariak  Jazzaldian