Euskal hiztegiño mitologikoa
Euskal hiztegiño mitologikoa –
Euskal sinesmenak zahar-zaharrak ditugu, historiaurrean iturria dutenak, izadiarekin eta bere mundu magikoarekin arras lotuak. Hastapenetan sinesmen animista-naturistak ziren eta pittaka-pittaka, mendeetan barrena abiaturik, bestelako ekarpenak, herri-auzoen sinesmenen eraginak alegia, bere egin zituzten. Joxemiel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Jesus Satrustegi, Jean Claude Labat, Koldo Alijostes… eta gainerako ikerlariei esker, gaur euskal mitologiaren nondik norakoak aski ongi ezagutzen ditugu.
Hala eta guztiz ere, hor-han sekulako nahasteak eta okerrak entzun eta irakur daitezke. Berriki irakurri dut Mari, gure jainkosa ongilea, euskal jeinu gaiztoa zela. Halakorik! Eta euskal idazle ezagun bati “Eolok Ternuara, balearen ehizean, zihoazen euskal marinelen oihalak ufatzen zituela”. Zer egiten zuen Eolo jainko greziarrak euskal marinelen oihaletan ufatzen? Norbaitek ufatzekotan, euskaldunok haize guztien jainko izan dugun Eatek eginen zuen, ezta? Horrelako aldrebeskeriak ikusirik, euskal mitologiari buruzko hiztegiño hau egin dut, gazte jendeari lagungarri izan dakiokeelakoan. Horratx!
- Adarbakar: Zaldi zuria, muturrean adar bakarra duena. Gure mendi eta bideetan barna ibiltzen da.
- Adur: Zorte ona edo txarra ekartzen digun jeinua.
- Ahatxegorri: Jeinu ongilea, behi gorri baten itxura duena. Mendietan galdutakoei bidea erakusten die.
- Aide: Edo Eate. Haizeak mugitzen dituen jainkoa.
- Aidegaizto: Etxeetako teilatuak hondatzen dituen haize zakarra ufatzen duen jainko gaiztoa.
- Akelarre: Sorgin eta jentilen bilkura eta besta errituala.
- Akerbeltz: Akelarreetan, harrizko aldare baten gainean ezartzen zuten aker errituala.
- Alarabi: Edo Tartalo. Kopeta erdian begi bakarra duen erraldoia.
- Allerruko Amona: Lezo aldeko baserritarrek honela erraten diote Jaizkibelgo Allerru mendian bizi den Mariri. Itsasoko lanbroak Allerruko gailurra estaltzen duelarik, baserritarrek honela erraten dute: Allerruko Amonak sua piztu du.
- Amazkar: Zakil handia duen pertsonaia magikoa. Arratsetan bideetan barna ibiltzen da, berandu ibiltzen diren neskak bortxatzen eta ernaltzen.
- Amalur: Gizakiaren jainkosa babeslea. Lur ere deitua. Eki eta Ilargi bere alabak dira. Mari jainkosa lurraren pertsonifikazio animista da.
- Amilamia: Jeinu ongilea Agurainen, Entzia mendikateko Lezao leize-zuloan bizi dena.
- Anbotoko Mari: Bizkaian diotenez, Mari Anbotoko leize-zuloan bizi omen zen Hortik datorkio izena. Anbotoko Dama ere deitzen zaio.
- Andere: Mariri ematen zaion izena.
- Andere Beltza: Lapurdin eta Nafarroa Garaian heriotzaren pertsonifikazioari ematen zaion izena.
- Andere Xuria: Lapurdin Mari jainkosari ematen zaion izena.
- Andragaizto: Heriotzaren pertsonifikazioa, Andere Beltza, Herio…
- Andramari: Mariri ematen zaion izena. Gaur Ama Birjinari horrela erraten zaio.
- Anxo: Aziendak eta artaldeak zaintzen dituen jainko ongilea.
- Argi: Hildakoen argia, gauez mendietan barna ibiltzen dena.
- Argidun: Gauez, argiz inguraturik, agertzen den jeinu ongilea.
- Argizagi: Zubereraz honela deitzen zaio ilargiari. Ikusi Ilargi.
- Artizar: Edo Goizargi. Zoriona dakarkigun izar berezia. Artzainen babeslea. Euskal ikonografian oso zabalduta.
- Atarrabi: Mari eta Sugaarren seme ongilea. Mikelats bere anaia da.
- Axular: Edo Atxular. Urdazubiko erretore eta euskal idazle handia, mitologiara ere pasatu dena. Erraten dutenez, deabruak itzala kendu zion.
- Azti: Sinesmen zaharretako xamana, erritoak zuzentzen zituena.
- Balbe: Heriotzaren pertsonifikazioa. Ikusi Herio.
- Bargotako Aztia: Joanis de Bargota nafar pertsonaia historikoa, gure kontakizun magikoetara ere pasatu dena.
- Basandere: Basajaunen emazteak.
- Basajaun: Baso eta oihanetan bizi den izaki handikote iletsu miresgarria. Batzuek euskal yetia dela diote.
- Begibakar: Kopeta erdian begi bakarra duen erraldoia. Ikusi Tartalo.
- Begizko: Pertsona bati, zorte eta osasun txarra desiratuz, egiten zaion madarikazio modukoa.
- Behigorri: Jeinu ongilea, behi gorri baten itxura duena. Mendietan galdutakoei bidea erakusten die.
- Belargile: Belarren indarra ezagutzen duen emakumea. Ikusi Sorgin.
- Dama: Mariri ematen zaion izena. Adibidez: Anbotoko Dama.
- Dunbarri: Edo Habailarri. Jentilek giristinoak hiltzeko habailez jaurtitzen zituzten harri handiak. Adarra mendiaren ondoan bada Abailarri izeneko haitz zorrotza eta Hendaiako hondartzan Dunba Luzea eta Dunba Zabala izeneko harkaitzak.
- Eate: Haizeak mugitzen dituen jainkoa. Aide ere deitua.
- Egoi: Edo Hegoi. Haize hegoa sortzen duen jeinua.
- Egu: Jainko zaharra, zeruarekin lotua. Gure lexikoan maiz agertzen da: eguna, eguberri, eguzki, egubakoitz…
- Eguberri: Aintzinatean, egutegi zaharretan, neguburuari ematen zioten izena. Egun horretan, eguzki zaharra (Ekihotz) hiltzen zela eta eguzki berria sortzen zela pentsatzen zuten. Eguberri hori da: eguzki berria. Giristinoek hartu zuten gero izen hori Jesus Haurraren natibitate gisa erabiliz.
- Eguen: Zeruko jainko zaharra, Egu ere deitua.
- Eguzki: Lurraren alabetako bat, berotasun, argitasun eta biziarekin lotua. Iduzki eta Eki ere deitua.
- Eguzkilore: Kardabera mota, euskaldunok gure etxeetako ateburuetan jartzen duguna, gaitzak, ezbeharrak eta izpiritu gaiztoak etxera sar ez daitezen. Eguzki jainkosaren ikurra da.
- Ehiztari Beltza: Erbi baten atzetik, etengabean, txispa eskuan, dabilen beltzaz jantzitako ehiztaria. Batzuek apaiza dela diote.
- Ekaitz: Ekaitzak sortzen eta igortzen dituen jainkoa.
- Eki: Eguzki, Iduzki… ere deitua. Lurraren alabetako bat. Biziaren, argiaren eta berotasunaren jainkosa ederra.
- Ekihotz: Udazkenean hiltzen edo indargabetzen ari den eguzkia. Neguburuan hilen da eta beste eguzki berria sortuko da, berriz ere.
- Elur: Elurra sortzen eta bidaltzen duen jeinua.
- Erle: Erlea sakratua da euskaldunen artean. Berorika hitz egin behar zaie. Etxe batean norbait hiltzen delarik, lehen berri beraiei eman behar zaie. Beraiek gidatzen dute gure gogoa edo bizi-indarra ortzadarreko bidetik.
- Enbata: Galerna edo Galerrena ere deitua. Itsasoko haize gaiztoa.
- Erreka. Erreketako jeinua. Erreka bakoitzak berea du.
- Etsai: Jeinu gaizkilea. Ikusi Galtzagorri. Giristinoek deabruarekin lotzen dute.
- Euri: Euria dakarkigun jainkosa ongilea.
- Gaizkin: Jeinu gaizkilea, ezbehar eta gerra guztien erruduna.
- Galerna: Edo Enbata. Itsasoko haize gaiztoa.
- Galtzagorri: Jeinu gaizkilea. Euskaldun giristinoek deabruarekin lotzen dute.
- Gauargi: Gaueko jeinu ongilea, mendietan eta bideetan barna dabilena.
- Gaueko: Gauaren nagusi gaiztoa. Gauean bakarrik ibiltzen diren emakumeak edota haurrak bahitzen ditu, eta jendea desagertuen bila ateratzen delarik, honela entzuten omen da: Eguna gizonarentzat eta gaua Gauekorentzat.
- Gizotso: Izaki beldurgarria, erdi gizona eta erdi otsoa. Ilargi beteko gauetan ibiltzen da uluka.
- Gogo: Gogoa dugu bizidun guztion bizi-indarra, buruan dagoena. Hiltzen garelarik, libratzen da eta beste izaki batengan sarturik biziko da berriz ere. Horregatik oraindik: gogoan zaitugu, gogora etorri zait eta horrelakoak erraten ditugu.
- Goizargi: Ikusi Artizar. Artzainen izar babeslea. Iparraldeko kantuetan agertzen da.
- Gorritxiki: Gipuzkoako kostaldean bizi diren jeinu ttikiak, gorriz jantziak, eta bihurri samarrak izaten direnak. Jakintsu handiak omen dira.
- Habailarri: Ikusi Dunbarri.
- Harpeko Saindia: Edo Saindua. Bidarraiko leize-zulo batean dagoen harri- negar berezia. Inguruetako artzainek jeinu ongile eta babeslea dela sinesten dute.
- Hartz: Hartza dugu euskaldunen animalia totemikoa. Zuberoan diotenez, lehen gizakiak hartzak ziren. Gure inaute guztietan agertzen da, udaberriaren etorrera eta lurraren berpiztea iragarriz.
- Hegoi: Ikusi Egoi. Hego haizearen jainko sortzailea, bazterrak erotzen dituena.
- Heren: Hiru buruko suge handia edo dragoia. Ikusi Herensuge.
- Herensuge: Hiru buru dituen suge handia edo dragoia. Sugaar, Sugoi, Maddu… izenak ere baditu. Mendietako leize-zuloetan bizi da, suz inguraturik. Bere aroa udazkena da. Irunsuge ere deitzen zaio.
- Herio: Heriotzaren pertsonifikazioa. Beste izenak: Balbe, Andere Beltza, Andragaizto…
- Hodei: Edo Odei. Jainko ongilea.
- Ibai: Ibaietako jeinua. Ibai bakoitzak berea du.
- Iduzki: Lurraren alabetako bat. Bizi ekarlea. Ikusi Eki.
- Ihizi: Edo Zezen Suzko. Lizartzan, Otsabio mendiko Austokieta izeneko Leize-zuloan bizi den suzko zezen gaizkilea, oihanak eta etxeak erretzen dituena. Gure jaietan ateratzen dugun zezen suzkoa horren oroitzapena da.
- Ihurtziri: Lapurdin eta Nafarroa Beherean horrela deitzen diote Sugaarri. Suzko tximista.
- Ilargi. Lurraren alabetako bat, heriotzarekin, gerlarekin eta iluntasunekin lotua. Ilazki, Iratargi, Argizagi… ere deitzen zaio.
- Ilazki: Ikusi Ilargi.
- Inguma: Pinpilinpauxa beltz baten itxura duen izakia, loaren gidaria. Berak sortzen ditu amesgaiztoak eta haur jaio berrien negarra. Gaueko heriotzaren ekarlea.
- Intxixu: Oiartzungo oihanetan bizi diren jeinu bihurri eta itsusiak.
- Iratargi: Ikusi Ilargi. Bizkaieraz ematen zaion izena.
- Ireltsu: Urde itxura du eta argi batez inguratua. Bortuetan, hau da, Pirinioetan, Zuberoan, Erronkarin… bizi da. Gauez dabiltzan ibiltariak engainatzen ditu eta arroiletan amiltzen.
- Irunsuge: Ikusi Herensuge.
- Irrintzi: Edo Oihulari. Mendietan barna oihuka dabilen jeinua. Ekaitzak deitzen ditu.
- Itsasneska: Edo Ondina. Itsasoan bizi den izakia, erdi neska eta erdi arraina dena. Kantuz aritzen omen da.
- Itsaso: Mugarik gabeko ibaia. Amaitsaso ere deitu izan zaio.
- Iturri: Iturriak zaintzen dituen jeinu ongilea. Iturri bakoitzak berea du.
- Itzularri: Harri luze handi bat, mendietan egoten dena. Oihuka eta deika aritzen da maiz.
- Izar: Zeruko izaki miresgarriak.
- Izuargi: Hildakoen argia, gauetan agertzen dena.
- Jentil: Euskal sinesmen zaharrei loturik jarraitu duten euskaldunak. Toponimian maiz agertzen da: jentilbaratza, jentilharri, jentilzulo…
- Kixmi: Honela deitu zioten euskal jentilek Jesukristori. Tximino erran nahi omen du.
- Kukumarru: Izaki itsusi eta gaiztoa, haurrak beldurtzen dituena.Nafarroa Beherean horrela deitzen diote Mamorrori.
- Kuttun: Kuttunak pertsonak babesteko eta zortea eta osasuna izateko egiten diren objektuak dira, era eta neurri askotakoak izan daitezkeenak.
- Laino: Jainkosa gaiztoa, etxeetara gaitzak eta ezbeharrak ekartzen dituena.
- Lamia: Edo Lamina: Erreketan bizi den izakia. Neska itxura du gerritik gora, baina antzara zangoak ditu. Neska ederra da, adats luze horailak dituena. Eskuan Marik emandako urrezko orrazia izaten ditu. Euskal toponimian maiz azaltzen da: laminazulo, laminerreka…
- Lamina: Ikusi Lamia.
- Lanbro: Itsasoko jainkosa arriskutsu eta gaizkilea, lehorrera ere sartzen dena.
- Lañaide: Kolera ekarri zuen jeinu gaizkilea.
- Lauburu: Ikur zaharra eguzkiarekin eta tximistarekin lotua. Badira Eskuinbirakariak, positiboak direnak eta ezkerbirakari negatiboak. Badira ere hiruburuak, zortziburuak… eta abar. Biribilduak zein karratuak izan daitezke. Mundu zabalean esbastika deitzen zaie.
- Leize: Leize-zuloetan bizi den jainko ongilea. Leize bakoitzak berea du.
- Lur: Gizaki eta izaki guztion ama babeslea, Amalur ere deitua. Eki eta largi bere alabak dira. Mari da lurraren pertsonifikazioa.
- Maddu: Edo Maju. Mariren senarra, gaizto samarra, kazkabarraren sortzailea. Sugaar, Sugoi, Herensuge… ere deitzen zaio. Tximista itxura hartzen du maiz. Udazkenean da nagusi.
- Maia: Euskaldunen jainkosa handia, ederra, boteretsua eta ongilea, mendietako leize-zuloetan bizi dena. Ikusi Mari.
- Maide: Etxe eta baserrietako tximinietatik sartzen den jeinu gaizkilea.
- Maidi: Edo Mairu. Jeinu ongileak.
- Mairu: Edo Maidi. Jeinu ongileak. Zubi egileak omen ziren.
- Mamorro: Edo Momorro, Mamarrotxo… Izaki itsusi eta gaiztoa. Haurrek beldur handia diote.
- Mamorrotxo: Ikusi Mamorro.
- Mamur: Lesaka aldeko jeinua, gauzak lortzen laguntzen duena.
- Mari: Euskaldunen jainkosa handia, ederra, boteretsua eta ongilea, mendietako leize-zuloetan bizi dena. Horregatik mendiaren izenaz deitzen zaio: Anbotoko, Putterriko, Aketegiko, Allerruko… eta abar. Maia, Dama eta Anderea ere deitzen zaio. Zeruan barna ibiltzen da ahari bikote batek tiratzen duen suzko orga batean. Eskuan suzko igitaia eramaten du maiz. Lurraren pertsonifikazioa da.
- Marimunduko: Zerutik, suz inguraturik, datorren izaki misteriotsua. Batzuetan gizakiak eta animaliak eramaten ditu berekin.
- Martintxiki: Ataunen agertzen den pertsonaia, jentilekin zenbait katramila izan zituena. Horrela ikasi zuen garia ereiten eta zerra egiten.
- Maru: Giza itxurako jeinuak, kopetan bi adar dituztenak. Ataungo Maumendi mendian bizi dira.
- Mateo Txistu: Ehiztari Beltzari Gipuzkoan ematen zaion izena.
- Mikelats: Mari eta Sugaarren seme gaizkilea, Atarrabiren anaia.
- Mikeldi. Urde itxura duen harrizko jainkoa. Durangon dago.
- Momorro: Ikusi Mamarro.
- Muru: Itsasondon, Murumendi mendian bizi den jeinu ongilea.
- Neguburu: Neguko solstizioa. Olentzero dugu bere pertsonifikazioa. Gure arbasoek egun horretan eguzki zaharra hiltzen zela eta berria sortzen zela pentsatzen zuten. Urte zaharraren bukaera zen eta urte berriaren hasiera.
- Obantzun: Berastegiko Obantzun mendian bizi den behi gorri miresgarria.
- Oihartzun: Mendietako oihartzuna edo erantzuna bidaltzen digun jeinua.
- Oihulari: Mendietan oihuka dabilen jeinua. Ikusi Irrintzi.
- Olentzero: Edo Olentzaro, Orentzaro, Subillaro…. Nuguburuaren pertsonifikazioa da.
- Ondina: Erdi neska, erdi arraina. Ikusi Itsasneska.
- Orantzaro: Ikusi Olentzero edo Olentzaro.
- Ortots: Edo Ostots. Trumoiak egiten dituen jainkoa.
- Ortzadar: Edo Ostadar. Koloreetako bidea, lurra eta ilargia lotzen dituena. Erleek bere xendrak ongi ezagutzen dituzte.
- Ortzi: Edo Urtzi. Jainko zaharra, zeruarekin lotua. Gure lexikoan maiz agertzen da: ostegun/ortzegun, ostiral/ortziral, ostadar/ortzadar…
- Ostadar: Ikusi Ortzadar.
- Ostebi: Euri ongilea bidaltzen digun jainkosa miresgarria.
- Ostots: Ikusi Ortots.
- Putterriko Mari: Gipuzkoan erraten dutenez, Mari Aralarren bizi omen da, Putterriko leize-zuloan. Hortik datorkio izena.
- Sakre: Madarikazio edo ahozko begizkoa. Iparraldean honela deitzen zaio.
- Sorgin: Sorginak emaginak eta belargileak ziren, belarren bidez sendatzen zekitenak, eta errito eta kontakizun zaharrak oroitarazten zituztenak. Andere Serorak haien jarraitzaileak ziren, apaiz giristinoen kontraboterea, nolabait.
- Subillaro: Ikusi Olentzero.
- Sugaar: Mariren senarra. Suzko suge handi baten itxura hartzen du, hau da, tximistaren itxura. Gaizto samarra da eta berak erretzen ditu etxeak eta oihanak. Sugoi, Maddu… deitzen zaio ere bai. Bere aroa udazkena da. Bizkaiko lehen jauna, Sugaarren semea omen zen.
- Sugoi: Sugaar jainkoari ematen zaion beste izena.
- Tartalo: Kopeta erdian begi bakarra duen erraldoia.
- Tronagarru: Edo Traganarru. Itsasoan egiten den airezko zurrunbilo gaiztoa, txanelak eta beste ontzi ttikiak irensten dituena. Marinelek beldur handia diote.
- Txahalgorri: Ikusi Behigorri.
- Ttortto: Ataunen Tartalori ematen zaion izena.
- Udaburu: Udako solstizioa. Eki jainkosak zeruko gaina ukitzen duen eguna. Iduriz ekaina hitzak hori adierazten digu: eki + gaina, alegia.
- Ujanko: Begi anitz dituen jeinua. Egunero begi bat galtzen du, eta neguburuan galtzen du azkena.
- Ur: Uraren pertsonifikazioa. Jainkosa ongilea. Ibai eta erreka guztietan bizi da.
- Urrezko orrazia: Marik laminei ematen diena, beraien adats luze horailak etengabean orraztu ditzaten. Orrazi horretan dute laminek beren indar berezia.
- Urtzi: Zeruarekin loturiko jainkoa. Ikusi Ortzi.
- Zaldiko: Edo Zamalzain. Euskal zentauroa, Iruñerriko eta Zuberoako folklorean agertzen dena.
- Zaldizko Argidun: Urepelen kontatzen denez, gauez agertzen den zaldizko misteriotsua, eskuan kriseilua eramaten duena.
- Zamalzain: Zuberoako dantzetan agertzen den zentauro miresgarria.Ikusi Zaldiko.
- Zanpantzar: Euskal inautean, Lapurdin batez ere, agertzen den pertsonaia irringarria. Berari leporatzen dizkiote urtean zehar izan diren ezbehar, kalapita eta gertaera txar guztiak. Azkenean, herriko plazan, su ematen diote.
- Zezengorri: Haurrak jaten dituen zezen basa eta arriskutsua.
- Zezen Suzko: Ikusi Ihizi.
Gustora gelditu izango haiz!