[Euskal Gaizkileak] Patakon, dekonari kendu eta ez dekonari emon

Patakon –

Euskal Gaizkileak seriea

Manuel Antonio Madariaga Ustara, Patakon, Galdakaon jaio zen 1796an, baina txikitatik Larrabetzun bizi izan zen. Julio Etxebarria ikerlaria Derioko eliz-barrutiko artxiboan dauden Galdakao eta Larrabetzuko eliz-liburuetan oinarritu zen ondorengo zuhaitz genealogikoa egiteko:

Patakon

BIZITZA

Patakon
Adimen artifizialarekin egindako irudia

Manuel Antonio Madariaga errementaria (Patakon ezizena zuena) eta Dominika Ustara etxekoandrea Galdakaon ezkondu ziren 1795eko ekainaren 17an, eta handik gutxira jaio zen gure protagonista. Juan Antonio Madariaga osaba, 1799an espetxean aurkitzen zena, apaizaren etxean lapurreta egitea egotzita. Esan liteke, beraz, bai ezizena eta bai ofizioa herentzian jaso zituela. Lapurretetan aritzen zen osaba mikelete batek hil zuen Patakonek 18 urte zeuzkanean (dirudienez istripu bat izan zen, punteria fintzeko ariketak egiten ari ziren bitartean gertatua).

Aipatu beharrekoa da Patakonen gaztaroko testuingurua. Batetik hazkunde demografikoa eman zen, eta bestetik ekoizpen moldeetan aldaketak jazo ziren. Klase arteko ezberdintasunak ere latzak ziren, beti bezala; aipatzen da garaiko jauntxoek tarte laburragoz alokatzen zituztela soro eta etxeak, errentagarritasun handiagoa lortzeko. Bestalde, bost gerra bizi izan ziren, intentsitate baxuago edo altuagorekin: Inglaterraren aurkakoa, konbentzioaren gerra, Napoleonen aurkakoa, 1822-1823 errealista zeritzona eta 1833-1839koa, karlista.

Patakon eskolatua zen, bazekien irakurtzen eta idazten, eta sinadura elegantea omen zuen gainera. Bere osaba bat abadea zen, eta ziurrenik bere bitartekaritzari esker ikasiko zuen. Ogibidez errementaria zela dago erregistratuta. 1815ean Luzia Iruretagoienak salaketa bat jarri zion (“actos carnales“). 1819an Agustina Merikabeitiarekin ezkondu zen, eta alaba bat izan zuten. Urte berean etxe bat alokatu zuen, konponketa ugariren beharra zuena, urtero ordaindu beharrekoaz gain (37 dukat, edo 409 erreal). Handik gutxira hasi zen lapurretan.

1823an gartzelaratua izan zen Zornotzan lapurretan aritu zela egotzita, eta 1824an erregearen indultua jaso zuen. 1825ean Kexaan zerbait ebatsi eta harrapatu egin zuten, eta hiru urte igaro zituen Bilboko espetxean, ihes egitea lortzen duen arte. 1829eko urtarrilean Bizkaiko Poliziaren bulegoak (Diputazioaren manupean zena) bere deskribapena zabaldu zuen: ez handi ez txikia, baina gorputz sendokoa, panazko jantzia, txalekoa gorrixka, zilarrezko edo antzeko botoiez, narrazko botak eta manta bat lepo gainetik. Hurrengo urteetan ez dago bere inguruko berri zehatzik, nahiz eta lapurreta ugari leporatzen zaizkion. 1832an Larrabetzuko jabedunen zerrenda batean agertzen da. Antonio Truebaren arabera urte horietan 10 urteko espetxealdira kondenatu zuten, eta Valladoliden eta Velez de la Gomerako kartzeletan izan zen, lehen karlistaden amaieran indultua eman zioten arte (1839).

Truebak dioenez 1847-48 urtean berriz atxilotu zuten, eta espetxe ezberdinetan izan zuten: Cartagena, Ceuta eta Melilla. Ihes egitea lortu zuen, baina mairu batzuk harrapatu eta esklabu gisa saldu zuten. Sosik ez zuenez Melillan bizi zen militar euskaldun batengana jo zuen diru eske, bere askatasuna erosi zezan, baina herrikideak bizkarra eman zion. Bere bizitza artzain lanetan igaro eta Marokon hil zela da Truebak babesten duen hipotesia.

KEXAAKO LAPURRETA

Patakon
Kexaa herriko (Aiara, Araba, Euskal Herria) ikuspegi orokorra. Arg: Aiaraldea Komunikazio Leihoa

1823an auzipetua izan Patakon, beste hainbat lagunekin batera: Jose eta Juan Zugaza, Franzizko Arrillaga eta Manuel Antonio (anaia). Hilabete batzuen buruan 8 urteko kondena jasoko zuten, honako salaketarekin: “1824.eko otsailean, 8 urteko kondena hartu zuen, salaketa honetan finkatuz: “Exigiendo a fuerza de armas dinero y otros efectos, maltratando y llevándose las gentes al monte y cometiendo en ellos otras extorsiones”. Bere emazteak, Agustinak, indultua eskatu zuen, Patakon errealisten alde borrokatu zela gogoraraziz, eta azkenean bi anaiak soltatu zituzten.

1825eko San Juan egunean Patakon eta bere anaia Kexaako (Araba) azokara joan ziren, aizkorak eta aitzurrak saltzera, aidanez. Hamar egun beranduago, uztailaren 5ean, Lukas Gorbeak zeukan ostatura hurbildu zen boskote bat: Artetxe eta Estartetxe (Larrabetzun bizi ziren bi gazte), E.Ustara (Patakonen lehengusua), Juan Manuel (anaia) eta Patakon. Bapo afaldu ondoren herrian goardiarik ez zela baieztatu zuten, eta jarraian ostatuan lapurreta egin zuten, trabukoak aterata. 300 erreal, jantziak, oinetakoak, oihalak… ostu zituzten, bertakoak lotuta utzi eta ospa egin zuten. Baina ostatu jabearen semea askatu egin zen, eta gertatu zenaren berri eman zuen; horretaz gain, ostatu beste andre batzuk lapurretako bi egun batzuk lehenago bertan izan zirela esan zuten, eta Larrabetzuko errementariak zirela gaineratu. Goardiak berehala abiatu ziren euren bila.

Luiandon, bidesaria ordaintzen zen tokian, Patakon bi mandazaini lapurreta egiten saiatu zen, baina haietako batek alde egitea lortu zuen eta larrabatzuarrak tiro egin zion, asmatu gabe. Zalaparta entzunda Naturales Realistas Armados taldeko kideak lapurren atzetik abiatu ziren. Batzuk zuzenean Larrabetzura joan ziren, eta etxean harrapatu zuten Patakon (anaiak alde egitea lortu zuen).


1826-1830 bitartean honako delituak agertzen dira Bizkaia inguruan, eta Patakon ez zen urrun ibiliko horietako kasu batzuetan:

  1. 1826.an: Berreagan, 8-9 gizonezko gaizkileen kuadrilla bat.
  2. 1827.an: 6 gizon, lapurretak Ariazun (Ermua).
  3. 1827.eko ekaina: Lapurketak Saldropon. Lapurrak hiriko txiroak eta tarteko F. Artetxe, Patakonen alde deklatu zuena.
  4. 1828.eko ekaina: Morgako mendietan abere lapurretak.
  5. 1828.eko Urrian: Muxikan, baserritar bati lapurretan kalean doala.
  6. 1828.eko Urrian: Lezamako apaizari, erlojua, kapa eta 60 erreal kendu zioten.
  7. 1828.eko abenduaren 16.an: Zamudioko errementariari karabinen kainoiak moztea agindu zioten. Mikeleteak lapurrak jarraitu eta Lezama-Zamudion, Patakonen laguntzaileak presondegian sartu zituzten.
  8. 1828.eko abenduan: Lapurretak Artebakarran. Derioko apaiza tiro batez zauriturik uzten dute, lapurretan egin ondoren.
  9. 1828.eko abenduan: Bermeo-Mungia.ko errepidean bidaiariei lapurretan. Mungiako errota baten lapurketa.
  10. 1828.eko abenduan: Unben Bilbotik edo Bilborantz abiatzen ziren bidaiariei gaineko guztia kendu behin baino sarriago.
  11. 1828.eko abenduan: Gumuzion, Zornotza-Bilboko errepidean, lapurretan bidalariei.
  12. 1828.an: Diputazioko arduradunak kezkati, elizak sarritan salteiatzen direlako. (“profanación de vasos sagrados”.)
  13. 1929.eko urtarrila: Fikako sakristauari zuriz zituen Cartas de Seguridad delakoak ohostu. Patakonen itxuraren deskripzioa zabaldu zen.
  14. 1829.eko urtarrila: Lapurketak Zornotza aldean.
  15. 1829.eko otsaila: Igorreko anaia bik, Baionatik jantziak ekartzen zituen mandazainari gehiena lapurtu. Ordizian arrapatu egin zituzten.
  16. 1829.eko ekaina: Galdakaon zilarrezko tresnen lapurketa.
  17. 1830.eko Apirila: Mikelete baten heriotza.
  18. 1830.eko abuztua: Gorozikan lapurketak.

Joseba Agirreazkuenaga Zigorragak bere lanean bildutako hainbat ahozko testigantza:

“Axilietan bisi sen, angoa san. Bierrlekue: Lapurretan, deukenari kendu, estekonari emon. Orregaitik kastigu andirik be es eutzien iminten, se eitten bales miserikordie andie… Esateben gure sarrak, Sorrotzara yoan bear errentea pagetan. Iru lau, Olano, Arrginsonis, Beltrron, siren etze geien jabe. Artes bidea Sorrontzara, ta onek, Patakonek bidean urten eta:
—Nora soasie
—Errentea pagetan

—Esaitzezue errentea gura badeu, datorrela es yoan berrtara.

Bat bota uen usabagana, esaten, gana txarres an dausela errendatoreak errentakas baie etorteko moduen estausela batzuk, ta usaba etorri daiela bertora.
Pageu eutzien ta aurreratxuen besteak (Patakonek) kendu. An bota euen diru barik eta atzera dirue besteengana. Olango geusek asko eitten sittusen. Alarrgun bet ixen san, errentea pageu esiñik
—Su nora soaz
—Gabon sarre egune da taa, errentea pageu bear, ornidu esiñik nabil
—Egon seite trankil, dirue neuk emongotzut. Emontzon dirue.
Gero usaba bueltan etorri, sotz batzuk ipini eta txapelak, ta diño:
—Suek geldi or, neuk esan arte, usaba ikeratute.
—Benga, goisean emontzuen errentea neuk bidot.
Ta alargunari eroan ostabe.
Lapurre san baie, errukitzue. Usabari kendu ta alarrguneri emon.
Bidian urten errentea pagetan doasela.

– Nora soasie ba?
—Sorrontzara
—Estekosue bildurrik iñonik
—Bildurre Patakonena etorten bayaku
—Inois entzue eser ba
—Es
—Patakonek ser eitten deu ba
—Dekonari kendu ta estekonari emon
—Nor dosue usaba
—Fulano
—Es eser etzera entregeu. Yoan daiela bera edo bere orrdeskoa gero kentzeko.”

 

“Len ferijje eitten san Basurton, arboladijjen. Patakon ori, egon san ferijjen kaballo batzuk saltzen ta orrek kaballoak ixen soasen ostute ta goarrdi zibille ibiltten zen Patakon topetan ta lagun batek esantzon:
—Patakon, goardi sibilek dabixek topetan iri ta, orrek kaballoak ostute dauselako.
Orrduen ser ein suen, kaballoak itxi etorri sen onantza (Zornotzara) San Joanera, San Joan egune ixen suan. San Joan egunion eitten suan mesa nagusijjen ostien espatadantzia ta orrek Patakonek ein eban espatadantzia ta gure aman amamak ein eban jantzan Patakonegaz.
Ta gero juisijjoa urten yuan ta gure aman amamak yoan soan jusijiora esaten selan berak jantzan ein jjuala ain tokitan. Ta goardi sibilak esa ban: Orrdu beran esin leikela oiñez yoan batetik bestera.”

 

“Gero eitten eiban beste geuse bat: Kendu dirue. Ferijjetan norrk saltzen euen beijjek eta ikusi ta gero geubian etzerantza datorrenian dirue kendu.
Bein gixon bateri:
—Suk estosu erosten ala
—Es. Falta eitten dost idi busterrijjek baia
—Senbat balijjo deu
—Onensenbeste
—Suk pageu
Eseune, pobrie zan baserrittarra, idijjek falta sittusenak baia es euen dirurik.
—Eskatzentzuna pageu.
—Badea ta, senbat eskatzen dosu…
—Ba neuretzat idijiek.
—Bai Suretzat… suk non dekosu ba pagetako.
—Aiba.
Aberatza idijjek saldu situseunak, ondo dauena. Bestie idijjekas etzera. Geubian Patakonek atzera berak areri pagetako emon tzen dirue idijiek saldu zittuzenari bidian kendu.
Andra gixonak bei bategas Basurtoko ferire saltzen… a saldute busterrie erosiko… au saldute gero… baie Patakonek urrtetan baosku… Berak entzun, Patakon neu nas Ser gurosue? Busterrie?
Yoan ferire, berak beie saldu, busterrie zein gurosue? auxe? arrtu dirue berak pageu, eroan etzera.
Dekonean olantxe eta estekonean ostu. Beti ostu, moduen dagoen jenteari, pobreari sekule es.”

 

“Morrgatik goixaldean oiñez Bilbora dirue eroaten errentea pagetako.
—Nora sues andratxue ba.
—Errentea pagetan noa, dirue falta yat, Patakonen billurre dekot, Patakonek urrteten badeust.
—Patakonek urrteten badotzu eser es destou egingo.
—Senbat diru falta dosu ba.
—Onenbeste diru.
—Eutzi ta emon Patakonek, ta usaba non dekon preguntau.
—Usaba Begoñen.
Geubean lapurretan ein, erlojuek, dirue eta Begoñen ta Larrabetzure arin, Elizako erlojue atzeratu ta aspigarrizko metari su emon, kanpaiek yo ta orduan pijamarik ta es seules, jentia arin su amantetan. Su amanteu, se ordu da ba, goisetik da, bam’ro oera. Urrengo egunean Patakonen atzetik, foralak. Baia lapurreta se orrdutan izan da ba, ain orrdutan.

—Ba ni emen su amantetan egon nintzen, ta egia sen, testiguak pillo bat.”

 


Iturria – XIX. mendeko bandolerismoaz: Manuel Antonio Madariaga “Patakon” gaizkile onaren adierazpena.

Joseba Agirrezkuenaga Zigorraga. Euskal Herriko Unibertsitatea

euskal gaizkileak seriea

Patakon  Patakon  Patakon  Patakon  Patakon  Patakon  Patakon 

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude